Abrikotak

Abrikotak

Radebenhof abrikotengatik da ezaguna, baserriko produktu izarra da. Betidanik espezializatu dira fruta honetan eta dagoeneko urte askotako ezagutza dute garatuta. Fruta baten ekoizpenak sinplea eman dezake hasiera batean, baina jabetu naiz ezetz. Asko gozatu dut uztak iraun duen bi aste ingurutan eta hona ekarri dut ikasi dudanaren muina.

Uzta bilketa

Baserriko lursailetan dituzten 400 abrikotondo inguruetatik uztaren hasiera iragartzen duten lehen abrikotak uztailaren azken egunetan erori ohi ziren bost urte atzera joanda. Pasa diren azken bi urteetan uztailak 20 zituenean hasi zen denboraldia, eta aurten berriz, 10ean. Ia hiru aste aurreratu da urte gutxian klima aldaketaren ondorioz.

Inguruko baserri batzuetan abrikotak zuhaitzetatik erori aurretik biltzen badituzte ere, hemen lurrean daudenak soilik eramaten ditugu zakura. Kasu honetan ez da makinen laguntzarik, guztia eskuz egin behar da. Gustura egin dudan lana izan bada ere, gerriko arazoekin dabilenari ez diot gomendatzen.

Frutaren heltze prozesua guztiz bete denaren seinale da adarretik lurrera jaustea, orduantxe da abrikota kalitate gorengoa eta zapore gehien duen unea. Bestalde, heltze prozesuaren azken fasean biltzeak badu arazo bat: lehenago usteltzea. Horregatik, itsura ona duten abrikotak bildutako egunean bertan saltzen dituzte. Gainontzeko abrikotekin zer egin ordea? Marmelada, edari destilatua eta lehortu.

Aurten 1.500kg inguru bildu ditugun arren, urte onenetan 5.000kg biltzera ere iritsi dira. Uzta kaxkarraren arrazoi nagusia zuhaitzen artean oso azkar zabaltzen ari den “European Stonefruit Yellowing” (ESFY) gaixotasuna da. Bakterio batek eragiten duen gaitza hain zuzen ere. Horrez gain, udaberriko izotzaldiek abrikotondoen loreetan eragin kaltegarriak izan zituzten, horietako asko hil edo kaltetuz.

Marmelada

Marmelada egitea oso erreza da: abrikotari hezurra kendu, txikitu, azukrea, limoi zukua eta pektina gehitu, guztia egosi eta botilatan sartu. Ehundik gora botila bete dituzte. Guztia saldu eta ziur naiz bat baino gehiago gabe geratuko dela. Arrakasta handia duen produktua da eta ez naiz harritzen. Gosaltzeko ia egunero jaten dut, eta hau probatu ondoren, ez dakit supermerkatuetako marmeladarik berriz jango dudan… gaizki ohitu dut ahosabaia!

Edari destilatua

Destilazio prozesua konplexuagoa da eta denbora gehiago eskaini behar zaio. Lehenik, abrikotak txikitu egiten dira eta onddo batekin nahastu. Nahasketa honek hiru aste behar izaten ditu hartzidura prozesua amaitutzat emateko. Ondoren, bi bider destilatzen dute nahi den produktua eskuratzeko. Edariaren kontzentrazio maila murrizteko uretan diluitzen dute destilaziotik ateratakoa, eta azkenik, botiletan bildu.

Lehortutako abrikotak

Berrikuntzak gustatzen zaizkie Radebenhof-en eta abrikotak lehortzen saiatu gara. Lehen aldiz egiten duten zerbait da, beraz, ez dute ezagutza gehiegirik. Frutari hezurrak kendu eta ukuiluko aterpean utzi ditugu lehortzen, besterik gabe. Azukre asko duen fruitua da abrikota, beraz, teorian, ondo lehortuz gero azukre propio hori nahikoa litzateke denbora luzez kontserbatzeko.

Lehen egunean ondo aterako zela ematen bazuen ere, ez da hala izan. Dirudienez ukuiluko giroa ez da behar bezainbeste lehorra fruituaren likidoa guztiz lurruntzeko. Datorren urtera begira haize korronte bat sortzeko asmoa du haizagailu baten bidez lehorketa prozesua optimizatzeko. Ea ondo joaten zaien bigarren saiakeran!

ESFY gaixotasuna

Baserrian duten arazo handiena da gaitz hau. Urtero dozenaka zuhaitz hiltzen ditu eta guzti hauek ordezkatzeak lan handia eta galera ekonomikoa dakar. Espezialisten aholkuak eta iradokizunak zorrotz betetzen badituzte ere, ez dute gaixotasunaren hedapena gelditzea lortzen. 

Adituen arabera bi modu daude kutsatzeko: intsektuen bidez edo sustraien bidez. Hauen aholkuei jarraituz intsektuen kanala minimizatzen dute produktu ezberdinen bidez. Hala ere, esperientzia oinarri, baserritarrak argi dauka sustraien bidez zabaltzen ari dela gaitza eta ez dago zer eginik. Egin daitekeen gauza bakarra gaixo dagoen zuhaitz bat identifikatu ondoren, ahalik eta azkarren, errotik ateratzea da, besterik ez. Izan ere, oraindik ez da sendagairik ezagutzen gaitzari aurre egiteko.

Gaitza identifikatzeko modu asko daude, baina fruitua bera izaten da lehen sintomen erakusle. (1) Abrikoten beheko partea berde badago zuhaitzaren fruitu guztietan, seinale txarra; (2) zuhaitzetik erori aurretik fruitua zimurtuta eta deshidratatuta badago, seinale txarra; (3) fruituaren barnealdea erdi ustela badago eta zaporez mingotsa, seinale txarra. (4) Gaixo dauden zuhaitzen hostoek berdetasuna galtzen dute ondoren eta tolestu egiten dira. Urtebeteren baitan behar izaten du gaitzak abrikotondoa hiltzeko. 

Gaitza paraitzen ez duten abrikot guztiak ez dira perfektuak izaten, gehienek akatsak izaten dituzte. Hala ere, kasu hauetan, fruituaren kalitatea ez da okertzen zaporeari eta elikagaiei dagokionez. Hau dira akats ohikoenak: (1) Eguzkiak eragindako erredurak; (2) udaberriko harrek eragindako orbainak; (3) Onddo batek eragindako puntu gorriak; (4) Zuhaitzaren adarraren kontra hazteak sortzen duen ubeldu eta desitxuratzea. Fruitua usteltzen duen onddo bat ere aurkitzen da (5), kasu honetan abrikota kaltetua dago eta ez da komeni jatea.

Egoera mikatz honek etorkizunaren ziurgabetasuna ekarri du baserrira. Egoerak hobera egin ezean, fruitu berri bat ekoizten hasi beharko dira. Hala ere, tradizionalki baserriari “fama” ematen dion abrikota mendi honen magalean mantentzeko ahalegin guztia egingo dute. Zorterik onena opa diet.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer