350-352 egunak: Hotza Gran San Bernardo mendatean

350-352 egunak: Hotza Gran San Bernardo mendatean

350. eguna: Courmayeur – Aosta (36km, +60m)

Amaitu dira oporrak, lagun eta senideen konpainia, eta batez ere, ohean lo gozo-gozo egitearen konforta. Radebenhof baserrian egindako egonaldi luzearen ostean bezala, mendate mitiko bat gainditu behar dut etapa berri honi hasiera emateko, kasu honetan, Gran San Bernardo. Gogoan dut Stelvioren ondorengo egunetan zeinen ahul sentitu nintzen, eta ez dut akats berdina egin nahi oraingoan. Biharko egunerako beroketa saioa izan da gaurkoa, ea lagungarri zaidan!

Camillo lagunak gomendatu didan eskalatzeko gune batera gerturatu naiz euritsua izango den gaua igarotzera. Aterpe naturala eskaintzen duen pareta honen babesari esker lehor igaroko dut gaua.

351. eguna: Aosta – Etroubles (31km, +890m)

Indartsu eta gogotsu esnatu naiz, zezena adarretatik heltzeko prest. Banoa San Bernardo! Gosaltzen ari naizela mendateko eguraldi iragarpena begiratu dut, badaezpada, eta eskerrak. Hiruzpalau web orri ezberdinetan begiratu behar izan dut han goran dagoen eguraldia baieztatzeko: 70 km/h haize ufadak, elurra eta lau gradu zeropetik. San Bernardotik 45km-ra dagoen Aosta hirian haizerik ez, tenperatura epela eta giro eguzkitsua dugu… ez sinistekoa!

Mendatearen lehen herena igotzea erabaki dut, biharko eguna arintze aldera. Atzean gelditu dira bailarako epelak. Hotza, iragarpenean soilik ez, nire azalean sentitzen dut orain. Uda benetan sargoria izan da aurtengoa eta ahaztuta nituen hotz kontuak. Badirudi datozen orduetan apur bat sufritzea tokatuko zaidala.

Ia lau hilabete igaro ditut Italian eta gaurkoa izango da azken eguna. Agur berezia merezi du egonaldi honek, eta hala izan da. Pizza eta Calzone bana afaltzeko. Ez dut uste bihar txakalaldirik izango dudanik!

352. eguna: Etroubles – Saint Maurice (95km, +1289m)

Gaur ere tenperatura zeropean mantenduko da San Bernardon, baina eguzkitsu eta haizea lasaiago. Goizean inoiz baina gehiago kostatu zait lozakuko epeltasunetik atera, gosaldu, dena jaso eta etapari ekitea. Bi aldiz pentsatu gabe egin beharreko gauza horietako bat izaten da hotz egiten duen goizetan martxan jartzea.

Astiro-astiro baina geldialdi luzerik egin gabe (mokaduren bat jateko eta pixa egiteko soilik) igo dut mendatea, ez hozteko. Mendate ederra benetan, batez ere azkeneko kilometroetan. Gainera, atzoko elur apurrak errepide bazter eta belardietan diraute.

Gailurrera iritsi, eta mendate kartelaren alboan protokolozko argazkia atera ostean, zakutoetan dudan arropa guztia jantzi dut. Igoeraren beroaldia hoztu aurretik jarri naiz maldan behera. Espero bezala, lehen kilometroak gogorrak izan dira, esku eta oinetatik sufritu dut gehien. Altitudea galtzearekin batera hasi naiz berotzen berriz ere, baita Suitzako gailur eta berdetasunaz gozatzen ere. Ea hamabosgarrena izango den herrialde honek zer eskaintzen didan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer