Ez zara argazkietako neska

 

Kantak gero eta motzagoak direla iruditzen zait zugatik galdetzen didatenez geroztik. Nik denei esaten diet ez dakidala non zauden, igerilekuan ikusi zintudala azkeneko aldiz bikini berdea jantzita. Ez zara argazkietako neska, baina zu izan zintezkeen.

 

Berandu da eta ez dago inor igerilekuan. Jendeak pentsatu gabe erantzuten ditu galderak. Zure izena gordetzen dut, lehenago ager zaitezen. Beti harritu nau guretako inportanteak diren pertsonak oharkabean pasatzea beste batzuei. Benetan gogoratu nahi ditugunak ezin ditugula inolaz ere ahaztu. Hobe dela ez jakitea zer galdu dugun.

 

Opari hobea egin niezazukeen zure urtebetetzerako.

 

Bare dago ura. Hotel batean irudikatzen zaitut, desagertua txartela bueltatutakoan. Hegazkinak joaten diren tokietara joango naiz zure atzetik. Oroimena hotzikararen modukoa da: behin sumatuta ez zaizu inoiz desagertzen.

 

Ez dakigu oraindik zeintzuk diren elkartuko gaituzten gauzak. Zure irribarre murritza, apika. Edo ez garela zinera bakarrik joatera ausartzen.

 

Castillo Suárez
Irudia: Ainara Lasa

Utzi erantzuna