Iluntasunaren kolorea

 

Deserri guztiak dira berdinak.

Nor, zer, non eta nola galdu genuen galdetzen badigute, isilik geratzen gara irentsi egin dizkigulako hitzak urdailak. Malkoak dira agerian uzten ditugun gauza bakarrak, etxeko pasabideko ispiluan islatzen direnak, saihetsetik bada ere. Nahiago genuke ispilua paretatik erauzi, eta soineko bat egin galdera guztiak bueltan iristeko egiten dituztenei, eta, horrela, gure barrena berriro erakutsi ez. Badakigu leihoetako gortinak ez ditugula inoiz ez gehiago zabalduko. Pertsianak jaitsita biziko garela aurrerantzean. Armairu batean utziko dugula falta direnen zerrenda, eta kalera aterako garela, kristal zatiekin ahoan.

 

Ez diren gauza guztiak gure egiten dira deserrian.

Kontatu ezin duguna kontatu nahi duguna baino gehiago da. Argazkiak banatzen dizkiegu gure arranguran arakatu nahi dutenei. Gugandik gero eta urrutiago bizi gara. Nonahi aurkitzen ditugu gure oinetakoetarako gordelekuak. Bizitza paralelo bat da gurea. Beste norbaiten zapatekin ibiltzera ohitu gara.

 

Galdu egiten da haurtzaroa deserrian.

Gure jaiotetxea orube abandonatua da orain. Guretako ez ziren ipuinak besterik ez dira geratzen bertan. Horiek eta besteak bezalakoa izateko gogo ankerra. Irribarrerik egin ez duen neskatiko bat besterik ez dago eremuan, denari erreparatzen diona, eta, begiak itxita, bere buruari galdetzen diona iluna kolore bat ote den.

 

Deserri guztiak dira betiko.

Etxera itzultzean, iluna da berdin gisan jarraitzen duen gauza bakarra.

 

Castillo Suárez
Irudia: Elijah Henderson

Post navigation

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer