Aita

 

Umetan gorroto nuen etxera etortzen zen gizon hura:

bizarra egin gabe, Old Spice usainaz.

 

Harrian husten zuen fardela,

bidean uzten odol eta kresal tantak,

eta nire aurrean arrainak

begiak zabal, bata bestearen gainean hilda.

 

Dutxa hartu eta amarekin oheratzen zen.

Kiratsik gabe ere gorroto nuen

umetan etxera etortzen zen gizon hura.

 

Bere musuek ziztatu egiten zidaten azala.

Eskerrak etorri ahala joaten zen,

eskerrak Gabonetan ere ikusten ez nuen.

 

Arrainei begiak kendu eta

kaniketan jolasten nintzen pasilloan.

 

Umetan gorroto nuen gizonak

etxean aingura bota zuen egunean

balantzaka hasi ziren habeak.

Olatuekin bazkaldu genuen,

negar egin zuen ahizpa gazteak.

 

Itsasoa utzi zuen gizonari

ez zitzaion itsaso usaina joaten.

 

Orain, arrain-hezurrezko bizarra

laztantzen diodanean

inoiz gorroto izan nuela akordatzen naiz.

 

Leire Bilbao
Irudia: Amalia Suárez

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer