Eskaera hitzei

 

Ez utzi, hitzak, lurretik urrundu nadin,
ganaduaren hatsetik, txibiaren odoletik.

Zuen orin margotuak limurtu baninduen,
xaloak zuek, nire lehen sostenaren loretxoa bezain.

Ez onetsi, hitzak, historiaz ahaztu nadin,
ideiaren logalduaz, fedearen giltzatxoaz.

Zuen hatz ugariek zirri egin bazidaten luzaro,
nire bendak egosiz zuen eltze espresean.

Ez onartu, hitzak, nire gorputza aipa ez dezadan,
haren lege aldakorrak, haren gainbehera zuhurra.

Bidarteak asko izan arren garraiatu banauzue,
kakalardoak pasteltxo ofizialaren zamaren azpian.

Ez zilegitu, hitzak, ofizio hau albora dezadan,
nahiz eta gordinak jo, nahiz eta onurak jan.

Azken obuluaren egunetik beste bat ari naiz bilakatzen.
Hitzok, ez nazazue bahitu Renoir zaharraren ezein eszenatan.

 

Miren Agur Meabe
Irudia: Izaskun Bengoetxea

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer