Zeremonia

 

Ez dakit zergatik bukatu behar duten bikoteek

hain solemneki.

Hitz egin egin behar izaten omen da,

dena argi uztearren.

Psikodrama ederrak sortzen dira horrela.

Hilkutxei prezintoa jartzea edo antzeko zerbait

gorpuak bere terrariotik

korrika ihes egin ez dezan.

Telefonoa.

Non? Ondodaubostetan.

 

Bilbon izan zela uste dut. Seietan.

Peta bat egin genuen.

Eguzki izpiek betiko trapezio horixka

marrazten zuten barran.

Berak soberan zekien zergatik zen krisi hura azkena:

ez zitzaizkion gustatzen

ileak komunean

edo musikaz hitz egitea ideiarik gabe.

Nik ere antzeko sentipen

usteldu bat neukan.

Nik ere gorroto nuen maite ez nuenean.

Ez zitzaidan gustatzen bere omnipotentzia

bere autosufizientzia eta afirmatibitatea

eta batez ere

nire lagunik onena ligatzeko zuen obsesio hori.

Baina isiltasuna deserosoa da.

Bere burua defendatu ezin zuen bakarrari

bota genion errua:

maitasuna zein konplikatua den komentatzen hasi ginen.

 

Igor Estankona
Irudia: Liliia Beda