Izotzezko lurra

 

Inork ez zidan aitortu negu polarra zenik,

ez eta zuria izan zitekeenik urratu daitekeen kolorea;

berokia hiri hau baino handiagoa dela

argiak ez badu zure ibilera nahasten.

Eta abiatu zara eta harrapatu nauzu.

Zure ahoa izotzekoa da eta nirea kateatu egin da

azala urratzen duen elur-jausi baten gisan.

Eta airea zurgatzen duzu, hotza barreiatuz;

eta samurtasuna duzu amets, puskaka eskaintzen duzuna

inor ez dagoenean begira eta posible denean maitatzea.

 

Inork ez zidan aitortu ausazko izpi batek

hiri honetako zuhaitzak aldatuko zituenik.

Eta haizeak nire maitatzeko modua bizkortuko balu,

izotz-mendiak urtzea nire garaipena litzateke.

Eta abiatu naiz eta harrapatu zaitut.

Zure ahotsa, amildegi-emakume hori, grinazkoa da

irakurtzen ez dakidan esaldiekin kantatzen baduzu.

Eta poliki zabaltzen zaizkizun urrakadei begira nago,

eta gehiegizko orduak lurrintzen direnean,

tarteka eskaintzen duzun zentzuarekin egiten dut amets.

 

Inork ez zidan aitortu bidaia nezakeela

izotzeko lurretik eguzki-sistemara.

 

Clara Peya
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Amalia Suárez

Post navigation

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer