Gauari kendutakoa itzuli

 

Har ezazu nire poesia
bigarren eskuko amets.

(Berri txarrak)

 

Zertarako kantak idatzi

hitzek zauriak irekitzen badizkigute,

memoria behin eta berriro ezabatzen badigute,

gezurrez inguratuta bagaude,

maite ditugun gauzek zentzua galdu badute.

 

Zertarako amestu

lurrera jausi bagara,

zauriek orbainak ekarri badizkigute,

txoriek izena galdu badute,

lapurtutakoa ez badute sekula itzuliko.

 

Grabitatea baino ez dago hor kanpoan.

 

Zure oroitzapenen kutxa beltza bilatzen jarraitzen duzu:

geroa eta iragana ezabatuak izan dira,

biharra ez da existitzen,

gaurkoa ez da amesten genuenaren antzekoa.

Denborak ez du beti bakoitza merezi duen lekuan uzten.

Garaiak ez dira batek nahi bezain azkar aldatzen.

Zenbatu al dituzu porrotak eta garaipenak?

 

Loreak beltzak dira hemen.

 

Etorkizuna oroitzapenez mozorrotzen da maiz,

baina nik zerotik hasi nahi dut orain,

eta aurrera egiteko egin dezakedan hoberena

kanta bat da, melodia urdin batean.

Nire bihotza jarriko dut horretara,

arima hustuko dut,

erantzunei galderak egingo dizkiet,

hegalak ernatuko zaizkit besaburu anputatuetan,

neurria hartuko diet galerei.

 

Min hau betiko ahaztu nahi dut,

nire kontraesanak agertu,

zalantzen bilduma osatu,

ikasitakoa desikasi,

irakurriz idatzi.

 

Hitz asko ikusi ditut zentzua galtzen,

eta jakin nahi nuke maitasuna zer den zuretzat.

 

Niretzat hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago.

Eta hizkuntza ezberdin batean mintzatzen bazinen ere,

poliki elkar biluzten genituen gauak etortzen zaizkit akordura.

 

Mundua ikusi nahi dut,

baina zure ohetik atera beharra daukat oraingoan.

Gauari kendutakoa itzuli.

 

Castillo Suárez
Irudia: Ibai Arrieta

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer