Amets egin nahia

Fran Balda in memoriam

Hemen eta ez beste inon

jarraitu nahi dugu maitatzen

eta maite dugunarengatik borrokatzen.

Herri honetan eta ez beste batean

ikusi nahi ditugu hostoak berritzen

eta lurrera biraka erortzen.

Gauden tokian eta inora joan beharrik gabe

ikasi nahi dugu gauzak aldatzeko daudela sinesten,

kausa berriei oratzen.

Biharko eguna zabaldu nahi dugu

absentziarik eta dolurik gabe,

debekatutako tokirik eta ordurik gabe.

Aro berri bat mustu nahi dugu

gure artean ez dagoen jendearekin,

bazterrean daudenekin,

galtzaile izan direnekin,

hosto erorien hotsarekin.

Loak galarazten digunak ametsak eragiten dizkigu.

Bakarrik ezer gutxi gara:

haizearen peskizan ibiltzen gara,

dantzan dauden hostoei begira.

Baina ametsek beti garamatzate norbaitengana:

bakarrik dagoenarengana,

zauritua izan denarengana,

zigortua,

zelatatua,

alboratua.

Elkar maitatzera bulkatzen gaituzte ametsek,

ondoan ditugunak benetan ondoan ditugula egiaztatzera,

bata bestearen arnasari eustera.

Gurekin ez daudenekin lotzen gaituena zer den jakin nahi dugu,

eta gauza singlea da:

ez dugu inor erbestean sentitzea nahi,

ez dugu inor  arrotz sentitzea nahi.

Gure begien hondoa betetzen dute errenditzen ez ziren horiek

ahulago gaudenean,

kimatzearen mina dugunean,

hostaila galdu dugunean.

Inausketak lorarazteko dira,

maitasuna bizirauteko den bezala.

Ametsek beti garamatzate

baden herri batera,

baden hizkuntza batera,

baden laguntasun batera.

Baina ez da ametsaren nolakotasunak axola duena orain,

amets egin nahi dugula baizik.

Bulkada eder batek esango digu nola.

Laharraren minak jarraitzen uzten ez digunean ere.

Errime maite duen jendea gara,

etsirik gabe.

Castillo Suárez
Irudia: Andoni Irazustabarrena

Post navigation

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer