Bikote baten deseraikitzea

Batzuetan norbait benetan ezagutzen duzula sentitzen duzu.

Haren erraiak zureak bezalakoak balira bezala,

eurizkoak eta antzuak;

udaberria gorroto duzuela,

ziklo-hasiera guztiak gorroto dituzuen bezala.

Inoiz elkar ikusi ez duzuen arren,

besarkada bat ematera ausartuko zarela badakizu,

heriotza saihesteko edo biziari mendekatzeko,

berdin gisan.

Zure hizkuntza ez dakitenekin

hori da egin dezakezun gauza bakarra,

zure besoez inguratu,

eta hegazkinen zarata entzun.

Adierazlea da azala tatuatzeko prestatu duzula,

minetik edo atsekabetik ez hitz egitea erabaki duzula.

Zertarako, ordea, azalean marraztu zure baitan dagoena.

Hobeki lorez betetako soineko bat.

Adierazia da itxura egiten ari zarela toki bat aurkitu nahi duzula,

finis terrae bat, 

hark zu aurkitu aurretik;

baina beldurra ematen dizute

hegazkinetan kantuz aritzen diren umeek.

Ertzak zedarritu dizkiozue elkarri.

Ezpainak eta azazkalak margotu.

Ez duzue trukean ezer jasoko,

ez bada zuenak ez diren amets batzuk

zuena ez den azken lur batean.

Castillo Suárez
Irudia: Elurre Iriarte