Zarautz herriaz pentsatzen dugunean, surfa, eskubaloia eta futbola datozkigu burura. Kirol hauez gain, badaude hain ospetsuak ez diren beste kirol minorizatu eta txiki batzuk ere. Kirol horiek ez dute arreta handirik jasotzen, baina kirolariek lorpen handiak lortzen dituzte.
Gaurkoan, kirol horietako batean aritzen den eta buru-belarri dabilen zarauztar baten istorioan murgiltzeko aukera izan dugu. Malen Monasterio du izena eta halterofilia praktikatzen du 16 urte zituenetik, 2022ko irailean batxilergoko lehen mailan zegoenean zehazki.
IAGO LERTXUNDI – KEPA UYARRA – MARA MONASTERIO – EIDER GURRUTXAGA
Zarauzko kirolariak 2026 – 10 – 20

Halterofiliari ateak zabaltzea
Kirola egiten hastea ez da kontu erraza: zein kirol aukeratu eta norberaren gaitasunak onartzea bezalako aukerek oztopatu egin dezakete bakoitzaren bidea. Batzuetan, kirol konkretu bat familian pasioz bizi izaten da, Malenen kasurako adibidez: “Nire osabak betidanik praktikatu du kirol hau, eta nik gimnasia erritmika utzi nuenez, probatzeko esan zidan” gogoratzen du Malenek.
Garai hartan, inork gutxik pentsatzen zuen nora eramango zion bide horrek. Izan ere, hasiera batean ez zuen txapelketan parte hartzeko asmorik eta hori izan zen, bere, lehen pauso garrantzitsua. Hala ere, kirola egiteagatik soilik hasi zena, pasio bilakatu da denbora laburrean.
Urrats hark ate handiak ireki zizkion. Pausoz pauso, bere emaitzak hobetuz eta gogor lan eginez, mundu mailan hazten joan zen, bere kirol bizitzako unerik politena iritsi arte: aurreko urtean Norbegian ospatu zen munduko txapelketa nagusira sailkatu izana, eta bertan zazpigarren postua irabazi izana.
Halaber, argi dago pasio horrek dakarrena: ordaina eta konpromisoa “Sei entrenamendu izaten ditut normalean, egunero, igandean izan ezik” garbi utzi digu Monasteriok. Lan fisikoa ez ezik, burua lantzea ere ezinbestekoa da.
«Egia esan, ez da gauza erraza, erizaintza ez baita karrera errazena. Horregatik, nahitaezkoa da gauzak egunera eramatea eta ondo antolatzea»
Kirol maila handi batean lehiatzeaz gain, ikasketa exijenteak aurrera atera nahi izatea erronka erraldoia da edonorentzat. Malen, Erizaintza ikasketak aurrera eraman nahian dabil, baina argi utzi du bi mundu hauek uztartzea ez dela batere erraza.
Izugarrizko esfortzua eta antolakuntza eskatzen du horrelako bizimodu bat eramateak. Egunero klasera joan eta ondoren entrenatu behar izateak, neke fisiko zein mental izugarria sor dezake.

Zerk du garrantzi handiagoa, teknikak ala indarrak?
Kanpotik ikusita, halterofilia pisu handiak altxatzearekin lotzen da maiz. Baina ez da indarra bakarrik, teknika eta zehaztasuna ere oso garrantzitsuak dira Malenen hitzetan: “Oso garrantzitsua da teknika, indarra baino garrantzitsuagoa esango nuke”. Mugimenduak gaizki egiteak lesioak eragin ditzake.
Kirol honetan 2 modalitate daude: Abiada eta jasotze-altsatzea. Eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Bere kasuan, abiada nahiago duela dio, baina azken aldian emaitza hobeak lortu dituela jasotze-altsazean ere onartu du.
Beste erronka bat gorputzaren pisua kontrolatzea da. Lehiaketetan, kirolariek pisu-kategoria jakin batean egon behar dute, eta horretarako elikadura zaintzea eta pisua kontrolatzea beharrezkoa da. Malenek ere zailtasunak izan ditu horretan: “Txapelketa eguna baino aste batzuk lehenago 2kg gainetik pisatzeraino iritsi naiz” baina zorionez txapelketa egunerako lortu izan ohi du pisua jaistea dieta bat eramanda.
Oztopoen aurrean babesa
Bide hau ez da erraza izaten. Zorionez ez du lesio handirik izan, baina gorputzak ere baditu bere mugak: lesio larri bat izan ez arren, arazo txikiak izan ditu entrenatzen jarraitzeko, esate baterako, entrenamenduen erritmoa jaitsi beharra.
Presio hori nola eramaten du? Erantzuna argia da: “Ingurukoen laguntzak asko laguntzen dit, familiakoak eta lagunak nirekin daude. Entzun egiten didate, edozer gauza behar dudala ere laguntzeko prest daude, eta nire egoera ulertzen dute.”
Amaitzeko, etorkizunaz galdetzean, oinak lurrean eta begirada lanean mantentzen ditu. Azaldu digunez, ez dut amets zehatzik, hobetzen jarraitzea da Malenentzat garrantzitsuena, eta horrela txapelketetara sailkatzen jarraitzea denbora luzeenean.
Istorio honek erakusten digunez, Zarauzko kirol txikiek ez dute oihartzun handirik behar handiak izateko; lan isila, pasioa, eta batez ere, barruko indarra dira mugarik ez dutela erakusten dutenak.
