Bada 78 urte bete ondoren ere, kirol zapatilak soinean, zahartzaroaren zimurrak leuntzen dabilenik.
Amane Grijalba – Nagore Goikoetxea – Miren Iraola – Alaine San Sebastian.
ZARAUZKO ADINDUEN KIROLAK – 2026ko urriaren 20a.

Agerikoa da gaur egungo kirolarekiko harremana guztiz aldatu dela lehendik. Zientziak aurrera egin ahala, geroz eta gehiago dira kirolaren garrantzi zein onuren jakitun direnak, eta horrekin batera, gure bizitzetan ageriago daude. Haatik, aurrerapenak ez dira soilik bere garrantziari buruz hitz egitera mugatu, kirolaren barruan dauden esparru ezberdinak ere aztertu dira eta gaurko honetan adinekoen ariketa fisikoari buruz hitz egingo dugu; izan ere, deskantsuan egotera gomendatuak izatetik, armairu atzean utziriko kirol zapatilak jantzi eta kirola egiteari ekin dietenak asko dira. Adibide gisa, kirol zapatilei erabilpena emateari ekin dieten haien ahotsa izango dena, Salome dugu.
Lehen eta gaur egungo adinekoen kirolaren arteko aldea handia da. Lehen, jubilatuek ez zuten kirola beharrezkotzat hartzen eta orain ordea, badakigu adina ez dela kirola egiteko oztopoa.
« Zaharrenak geldirik geratzen bagara gogortu egiten gara »
Salome, 78 urteko emakume kirolaria.
Sanitas osasun elkartearen arabera, zahartzen goazen heinean, masa muskularra eta hezur-dentsitatea galtzen dugu. Aldaketa horiek zuzenean eragiten diote gorputzaren orekari, erresistentziari eta errekuperazio-gaitasunari. Ondorioz, “min muskularra, zurruntasuna eta mugimenduarekiko sentikortasuna maizago agertzen dira adineko pertsonengan”. Aipu horrekin, Salomek argi utzi digu ariketa egitea beharrezkoa dela halako egoerak saihesteko.
« Aldaketa handiak nabaritu ditut, beti esperientzia hobea eta erraztasun gehiago ditut »
Salome, 78 urteko emakume kirolaria.
Haren arabera, jarduera fisikoak oso eragin positiboa du bere osasunean. Esaten digu egunero ibiltzeak eta hainbat dantzatan jarduteak, aktibo mantentzen duela, eta mugikortasuna biziki hobetzen diola. « Ni mugitzen naizen bezala mugituko ez banintz, ez nintzateke berdin egongo » aipatu du.
Osasun sailaren arabera erresistentzia handiagoa izatea, atseden gutxiago behar izatea edo jarduerak denbora luzeagoan egin ahal izatea adineko pertsonen autonomia eta independentzia bultzatzen dute, eta, horrekin batera, sistema kardiobaskularra aktibatu eta muskulatura indartzen ditu.
« Apuntatu zaitez, etorri nirekin »
Salome, 78 urteko emakume kirolaria.
« Apuntatu zaitez, etorri nirekin » adierazi du, duen grinaren erakusle, “inoiz ez baita berandu mugimenduaz gozatzen hasteko eta motibatuko dituen jarduera bat bilatzeko”.
Salomeren mezu argia izan da, kirola ez dela fisikoki osasuntsu mantentzera bakarrik mugatzen, mentalki ere indartzen zaitu, zoriona, poza eta jarraitzeko motibazioa sortarazten baitu, eta hori ere funtsezkoa da.
Bestalde, dantza-ikastaroak aurrera eramateko baliabideei dagokienez, Salomek dio hileroko kuota oso merkea dela pentsiodunentzat; eta, honetaz gain, azpimarratu du denbora batetik hona hobetu egin direla instalazioak, irakasleak eta erabilitako baliabideak. Hau da, gizarteak geroz eta baliabide gehiago eskaintzen dizkio kirol esparru honi.
Aurreko guztia kontuan izanda, ondoriozta dezakegu adinekoen kirol-praktika ez dagoela soilik norbanakoaren egoera fisikoaren menpe, baizik eta baliabideak eta irakasten duten profesionaltasuna ere beharrezkoak direla adinduei orientazio egokia emateko, eta beraien motibazioa lortzeko. Izan ere, faktore horiek guztiek laguntzen dute adinekoek ariketaz gozatzen eta bizitza aktibo eta osasungarria izaten.
Hau dena borobilduz, Salomeren hitzek eta hainbat adituk garbi utzi duten bezala, ezinbestekoa da adineko pertsonek kirola egin eta beraien gorputzari mugimendu konstante bat ematea euren bizi kalitatea hobetzeko. Honekin konturatu gara kirola egitea funtsezkoa dela adin guztientzat, bai fisikoki eta bai mentalki onura bikainak ekar ditzakeelako.
