39 ZARAUTZ: HERRI TXIKIA, IZEN HANDIAK

Gaur egun, sare sozialek arrakasta handia dute, eta baita telebistak ere, beraz, herriaren kultura eta jendea herritik kanpo ezagutarazteko balio izan dute azken urteotan. Zarautz, izen handiak dituen horietako herri bizi bat da.

Mayling Pichardo, Catalina Pilello, Nikole Urkia, Iker Gil eta Ane de la Canal

ZARAUZKO JENDE FAMATUA – 2026-10-20

Ian Ruiz, eduki sortzailea; Mayling Pichardo, Catalina Pilello eta Ane de la Canal Oteitza Lizeoko ikasleak
CATALINA PILELLO, 2026-10-13

Surfa, gastronomia, herrikotasuna, nortasuna, kirola… Horiek guztiak betidanik egin izan dute gure udalerria erakargarria eta arrakastatsua Euskal Herri mailan. Bestalde, baditugu hainbat pertsona ospetsu ere, hala nola, Karlos Argiñano, Aitor Francesena, Nadia Erostarbe… Haiek Zarauzko kultura zabaldu dute herritik haratago eta erakutsi dute herri txiki batek ere pertsona garrantzitsuak eta eraginkorrak gorde ditzakela. Haien lana eta pasioa beste askoren inspirazio-iturri bihurtu dira.

Sare sozialen erabilerak ere herriaren kultura eta jendea herritik kanpo ezagutarazteko balio izan dute azken urteotan. Hala, hainbat zarauztar ospetsu egin dira herri inguruetan. Adibide nabarmena da Ian Ruiz-ena. Ian, zarauztar eta eduki sortzailea da, batez ere TikTok eta Instagram plataformen bidez.

ERREFERENTEEN BOTEREA

Txikitatik amets bat edukitzea ez da gauza erraza, baina badaude hainbat pertsona beraien bokazioa erraz aurkitzen dutenak. Hala nola, jende aurrean hitz egitea, kamera aurrean agertzea eta kale inkestak egitea, etab. batzuek hori dute helburu gisa. Zarautzek kirol eta kultura erreferente ugari dituenez, askok gaztetatik dakite zer nahi duten egin etorkizunean. Ianek dioenez, “DBH zer ikasi nahi nuen galdetzen zidatenean oso argi nuen kazetaritza ikasi nahi nuela”. 

Txikitan erreferente argiak izan zituen. Iban Garcia hartzen du erreferente gisa, herri txiki batean hasi eta gaur egun arrakasta handia lortu baitu. Kazetaritza munduan, ordea, Ilaski Serrano eta Julian Iantzi dira nabarmenenak, eta haien lana asko gustatzen zaio. Baita Gazteako esatari guztiena ere. “Txikitan Gaztea entzuten nuenean, nik ere hor egon nahi nuela esaten nuen”, adierazi du eduki sortzaileak.

LEHEN URRATSA

Sare sozialetan lehen urratsa ematea ez da beti erraza izaten. Hasieran lotsa eta zalantza izaten dira ohiko sentimenduak. Pauso hori emateko lagunen eta gertuko pertsonen animoak funtsezkoak izan daitezke.

Sare sozialetan hastea ez zen batere erraza izan Ianentzat. “Hasieran lotsa ematen zidan eta Instagrameko kontu pribatu batekin hasi nintzen, bertan nire erosketak erakusten”, dio eduki sortzaileak. Gero, lagunek kontu publiko bat egitera animatu zuten, eta TikTok-en arrakasta zela eta, probatzea erabaki zuen. 

Ospetsua izateak hainbat onura ditu, esate baterako, lan eskaintzak, mezuak zabaltzea, jendea kontzientziatzea, etab. Alabaina, baditu alde txarrak edo kalteak ere, esaterako, kritikak, pribatutasuna galtzea, etab.

EDUKIAK SORTZEAZ HARATAGO

«Zure mugak inork ez ditzala jarri, eta beti izan zaitezela zeure buruaren jabe»

IAN RUIZ, EDUKI SORTZAILEA

Edukiak sortzeaz gain, Ian beste hainbat gauzatan ere aritzen da. “Orain Gazte Zuloan egiten dut lan, eta euskal dantzak ere egiten ditut, betidanik gustatu izan baitzait dantza egitea”, azaldu du. Hala ere, egiten dituen beste ekintza batzuek erronka dira eduki sortzailearentzat, adibidez, jendearen aurrean kirola egiteak lotsa ematen dio. Pixkanaka beldur horiek gainditzen saiatzen ari da. Horregatik, jendea animatzen du gustuko duena egitera, lotsak eragotzi gabe.

Ianek, etorkizunean, pertsona zoriontsu gisa gogoratua izatea nahiko luke, haren familiarekin, lagunekin eta herriarekin gozatu duen norbait bezala. Gainera, askatasunez bizi izan dela eta bidean aurkitutako oztopoei aurre egin diela erakutsi nahi du.

Ianen mezua argia da: “zure mugak inork ez ditzala jarri, eta beti izan zaitezela zeure buruaren jabe”.