Gaizka San Miguel, Shelter Surf Eskolako irakasleak, Oteitza Lizeo Politeknikoko ikasle batzuei Zarauzko surf egoera azaldu die. Bide pertsonala eta ikaskuntza, Zarauzko bizikidetza eta erreferenteak eta ingurumena eta masifikazioaren mugak izan dira hautatutako aztergaiak.
INGE LOINAZ – ANE CORNEJO – UNAX ARNAL – HODEI DÍAZ – MIKEL CANILLAS
SURFA ZARAUTZEN – 2026-10-20

Oteitza Lizeo Politeknikoko ikasleak Gaizka San Miguelerekin
Surfa Hawaii uharteetan sortutako kirola da. Hortik Estatu Batuetara zabaldu zen eta, XX. mendearen erdialdean, mundu osora iritsi zen. Euskal Herrian, Biarritzeko kostaldean hasi zen surfaren historia 1950eko hamarkadan, Peter Viertel zinemagile estatubatuarrari esker. Hortik aurrera, gure kostalde osora hedatu zen kirola, eta hainbat aldaera sortu dira urteetan zehar, hala nola windsurfa edo arraun-surfa.
Gaur egun, Zarautz Euskal Herriko surfaren leku nagusietako bat da, bai harrobi gisa, bai turismorako. Baina nola bizi da surfa bertan egunerokoan? Horren berri izateko, Shelter Surf Eskolara gerturatu gara eta bertako monitore den Gaizka San Miguel Silvanerekin hitz egin dugu.
«Surfa liberazioa ematen didan kirol bat da»
GAIZKA SAN MIGUEL, SHELTER SURF ESKOLAKO IRAKASLEA
Gaizka San Miguelek txikitatik izan du itsasoarekin harremana. Aitak txikitatik eramaten zuen surf egitera, baina, duela 5-6 urte hasi zen lagunekin surf egiten modu jarraituan. Gaizka San Miguelek adierazten du “surfa niretzat liberazio bat da eta lasaitasuna eta gozamena ematen didan kirola da”. Gaizkak esaten du Aritz Aranburu duela mundu maila erreferente gisa.
Shelter Surf Eskola orain dela 10-12 urte sortu zen. Eskola honek surf ikastaro asko eskaintzen ditu, eta mota guztietako ikastaroak eskaintzen dituzte: klase solteak (38€), hilabeteko ikastaroak (80€-tik 171€-ra bitartean, saio kopuruaren eta iraupenaren arabera), hobekuntza saio indibidualak (165€) edo 3 saioko bonua (390€) eta udako eta Pazko Asteko udalekuak (150€-tik 205€-ra bitartean, adinaren eta hizkuntzaren arabera).
Kirolari berriek segurtasun-neurriak eta lehen oinarriak barneratzea ezinbestekoa da. Gaizkak azpimarratu du ikasi berri dutenentzat olatu tamainarik aproposena 0,5 eta 1 metro artekoa dela. Esperientzia dutenek, aldiz, 1 eta 2 metro arteko olatuak bilatzen dituzte. Surfean hasten direnen akatsik ohikoena taulan gaizki kokatzea da; gehienak atzegiegi kokatzen dira, aurrerago jarri beharrean. Hala ere, akatsik arriskutsuena segurtasun-arauak eta ingurunea ez ezagutzea da. Hori dela eta, Shelter Surf Eskolan erakusten duten lehenengo gauza uretako arauak izaten dira (adibidez, beste surfista bat olatuan datorrenean zer egin), istripuak saihesteko.
«Molestatu egiten dugu»
GAIZKA SAN MIGUEL, SHELTER SURF ESKOLAKO IRAKASLEA
Eskolara jende asko joaten da egunero. Neguan, 70 pertsona inguru ibiltzen dira (55 ume eta 15 heldu); udan, berriz, 200 eta 250 pertsona artean igarotzen dira. Jende asko denez, batzuetan arazoak sortzen dira. Udaltzaingoa eta bertako surflariak kexatu egiten dira, Zarautzen ez baitago leku nahikorik hainbeste ikaslerentzat. “Batez ere zarauztarren aldetik jasotzen ditugu kexak, eta egia da: azkenean molestatu egiten dugu”, onartu du Gaizkak.
Hala ere, Zarautzen surflari oso onak eta ezagunak daude; adibidez, Aritz Aranburu, Gallo, Nadia Erostarbe, Axi Muniain edo Ibon Amatriain. Surflari handi horiei esker, gazte askok egin nahi dute surfa. Batez ere Nadia Erostarberi esker animatu dira, azken urteetan neska asko joan baitira surf eskolara eta surf egitera.
«Urtetan hiru edo lau aldiz garbiketak egiten dira»
GAIZKA SAN MIGUEL, SHELTER SURF ESKOLAKO IRAKASLEA
Surflariak itsasoaren babesletzat hartzen badira ere, kutsadurak gora egin du urtez urte. Gaizka San Miguelek dioen moduan, «urtean hiruzpalau aldiz hondartza-garbiketak antolatzen ditugu». Beren eskolako materialaren % 90 birziklatua da, eta saltzen dituzten arropa nahiz materialak ere birziklatuz eginda daude.
Dena den, arazo nagusiak Zarautzen bizi den turistifikazioa eta masifikazioa dira. Gaur egun, surfa motor ekonomiko eta turistiko nagusi bihurtu da. Hori dela eta, egoera bideraezina izaten ari da udako hilabeteetan.
«Jada limite bat pasa dugu Zarautzen»
GAIZKA SAN MIGUEL, SHELTER SURF ESKOLAKO IRAKASLEA
Gaizkak honako gogoetarekin amaitu du: “Jada muga bat igaro dugu Zarautzen”. Haren ustez, masifikazioa eskuetatik ihes egiten ari zaigu, eta une arriskutsu batean gaude: “Hondartza arriskutsu baldin badago fondoengatik-edo, ezbehar asko gertatu daitezke”. Beraz, Zarauzko surfa aurrera eraman nahi badugu, kirola sustatzeaz gain, garbi dago arauak eta babesa behar ditugula: ingurunea eta segurtasuna zaintzea ezinbestekoa da.
