EGILEAK: Maddi Erguin, Unai Manterola, Oier Beloki, Ane Moreno, Martina Zulaika P
SURFA ZARAUTZEN – 2026-10-20

Axi Muniain taldekide batzuekin bere surf eskolan
Zarautz eta surfa eskutik emanda doaz. Kostaldeko herri honetan, itsasoa bizimodu bat da. Testuinguru horretan hazi eta garatu da Axi Muniain surflaria, olatu handien erronkari aurre egin eta bere bizitza itsasoari lotu diona.
Zarautzen surfak duen garrantzia ulertzeko, ezinbestekoa da hondartzaren ezaugarriak kontuan hartzea. Hondartza luzea izateak mota askotariko olatuak egotea ahalbidetzen du; egun lasaietan olatu txikiak egonik hasiberrientzat, aldiz, baldintza zailak daudenean, adituentzat hondartza bikaina bihurtuz. Gainera, munduko txapelketek eta nazioarteko surflarien bisitek kirola herrian zabaltzen lagundu zuten, bertakoengan ere kirol hau probatzeko jakin-mina piztuz.
Axik hamabi urterekin probatu zuen surfa, eta hamahiru urterekin buru-belarri murgildu zen mundu horretan. Hasieran, bodyboardean aritzen zen, baina lagun batek bere taularekin uretara sartzera animatu ostean, argia ikusi zuen. Urtebete igaro ostean, neopreno luze bat lortu eta neguan surfean hasi zen. “Uretara sartzen naizenean, bakean, etxean sentitzen naiz. Lehorrean betetzen doan karga emozionalaren motxila uretara sartzean desagertu egiten da; mundu paralelo batean egotea bezala da.”
Surfaren inguruko antolakuntzari buruzko kezka ere azaldu du. Dioenez, Zarautzen gero eta surf eskola gehiago egoteak hondartzaren erabilera zaildu du. Horregatik, sektorea hobeto antolatzeko beharra defendatu du, surflarien eta eskolen interesak kontuan hartuta.
Zarauzko olatuetara ohituta egoteak ez du esan nahi olatu handietara igarotzea bat-bateko erabakia denik. “Maila igotzen joan nintzen heinean, olatu handiagoetan surfeatuz, nire surfa hori zela ohartu nintzen”.
Bide horretan, Nazaréko XXL txapelketara sailkatu zen olatu handiak hartzea gustuko zuelako, eta horretarako balio zuela ikustean. Hala, surflari libre gisa ibili ostean, olatu handien munduan bere lekua bilatu zuen.

Baina modalitate hau arriskutsua da. 2017ko abenduan, Nazarén, istripu larria izan zuen olatu handi bat hartzen saiatzen ari zela. “Ez nuen lortu olatuan sartzea eta atzetik zetorren olatu handiagoak harrapatu ninduen. Kolpearen ondorioz, bizkarrezurrean lesio larriak izan nituen, tinpanoak hautsi zitzaizkidan eta ikusmena galdu nuen une batez. Gainera, liseri-aparatuko hainbat organo handitu zitzaizkidan”.
Istripuak, hala ere, ez zuen itsasotik urrundu. Ospitaletik atera ondoren, oraindik ibiltzeko zailtasunak zituela, uretara itzuli zen. Lagun baten laguntzarekin, berriro hartu zituen olatu batzuk, bere gaitasunak hor jarraitzen ote zuen egiaztatzeko. Denboraldi hartara itzuli ez bazen ere, entrenatzen jarraitu zuen, eta hurrengoan indarberrituta itzuli zen.
Muniainek ez du nahi hartu dituen olatu handiengatik soilik gogoratzea, naturarekiko eta euskararekiko izan duen konpromisoagatik baizik. Horren ondorioz, guztiz euskaraz idatzitako surfari buruzko liburu bat argitaratzear da.
Mundu osoan surfean ibili ondoren, Muniainek uste du Euskal Herriko kostaldeak eskaintzen duen ingurunea berezia dela. Australia edo Hawaii bezalako toki ezagunak miresten baditu ere, munduan zehar bidaiatzeak erakutsi dio hemen ere badagoela itsasoaz gozatzeko aukera aparta.
Gaur egun, istripuaren ondorioz, ez du olatu handietara itzultzeko asmorik. Izan ere, osasuna eta segurtasuna lehenetsi nahi ditu. Istripuak bizitza beste modu batera ikustera eraman du, eta argi utzi dio zer den benetan garrantzitsua.
Axi Muniainek olatu handien artean bizi izan ditu bere unerik zirraragarrienetako batzuk, baina baita gogorrenetakoak ere. Orain, itsasoarekin duen harremana beste modu batera bizitzeko garaia iritsi zaio. Izan ere, haren ibilbideak erakusten du surfa ez dela olatu handienak hartzea bakarrik: norberaren mugak ezagutzea da. Horregatik, hemendik aurrera, etxean geratzeko asmoa dauka balio hauek bere surf eskolan sustatzeko.
