2025eko otsailaren 2a

Ireki web nabigatzailean

Berria
KAZETARITZA
ARDATZ
Pello Urzelai

Pello Urzelai

BERRIAko IKT arduraduna

Ongi etorri, , 'Kazetaritza ardatz' buletinaren lehen zenbakira. Kazetaritzaz aritzeko espazio bat da buletin hau, astero informazioaren munduarekin lotutako kontuak aipatzeko asmoz sortua. Besteak beste, kazetaritza, kazetariak, hedabideak, informazio eta komunikazioaren teknologiak eta adimen artifiziala izango ditut hizpide. Informazioaren munduan murgildu nahi duen edonorentzat lagungarri izateko itxaropenarekin hasi dut abentura berri hau. Baina espero dut ez aritzea bakarrik. Harpidedunen laguntza izatea itxaro dut: bidali beldurrik gabe zuen iruzkin, galdera eta ekarpenak kazetaritza@berria.eus posta helbidera. Ongi etorri eta bidaia on. Eskerrik asko zure posta kutxaren atea zabaltzegatik.

Aste honetako gaiak:

1. Zer ekarriko du urte berriak?
​​​​​​​2. Zer euskarazko hedabideen eremuan?
3. Argia Sariak
​​​​​​​4. Fedibertsoaren alternatiba

K-buletina-Kazetaritza


​​​​​​​

Zer ekarriko du urte berriak?

Urtea amaitzear denean, ohikoak dira hurrengo urteari begirako aurreikuspenak. Zer ekarriko ote du 2025. urteak? Zer ekarriko dio kazetaritzari eta hedabideeen munduari? Zein izango dira joera nagusiak informazioaren alorrean? Gogoeta eta ekarpen sorta luzea aurki daiteke batez ere aldizkari, blog eta buletin espezializatuetan. Sorta horretatik ideiaren bat edo beste ekarriko dut hona, labur bada ere.

  • Erreportaritzaren balioak gora
    ​​​​​​​Azken urteetan bezala, oraingoan ere aipatua izan da joera hau adituen artean. Adimen artifizialaren, algoritmoen eta desinformazioaren garaian, kazetaritza landua, ikerketa kazetaritza, ondo kontatutako historiak, edota narratiba gizatiarra are baliozkoagoak izango dira herritarrekin konektatzeko. Hedabideen iraupenerako gakoetako bat izango da, zaindu beharreko altxorra.
  • Komunitatea eta konfiantza, funtsezko
    ​​​​​​​Irakurleak, entzuleak, ikusleak zaindu gabe ez da posible epe luzeko proiektu bideragarririk eraikitzea hedabideen munduan. Horregatik, hartzaileekin komunitateak osatzea eta haien konfiantza irabaztea giltzarri izango dira. Oro har, kazetaritzak eta hedabide nagusiek konfiantza krisi bat bizi dute. Hortik ateratzeko audientziaren eta kazetari/hedabideen elkar arteko konfiantza berreskuratzea da bidea, harreman sendoak eraikiz. Iritzi bilduma honetan​​​​​​​ aurkituko dituzu gogoeta interesgarriak. Adibidez, Mili Semlaniren esaldi iradokitzaile hau: "Audientziaren parte hartzea hilda dago, audientziarekiko konexioa da etorkizuna".​​​​
  • ​​​​​​​Desinformazioaren kontrako borroka, are garrantzitsuagoa
    Desinformazioa ez da kontu berria, gezurra bezain zaharra baita. Hala ere, desinformazioaren eraginaren inguruko kezka areagotzen ari da azkenaldian. Trumpen itzulera, ultraeskuinaren gorakada, sare sozial handienen norabidea eta adimen artifizialaren zabalkundea kontuan hartuz, desinformazioaren aurkako borroka bizkortu beharko dela ondorioztatu daiteke. Hedabideok, batetik, egiaztapen mekanismoak zorroztu beharko ditugu, eta, bestetik, herritarren alfabetatze mediatikoan gure alea jarri beharko dugu.​​​​​​​
  • Adimen artifizialaren olatupean
    Adimen artifizialaren garapena bizkortu egin da azken bi urteotan eta sektore guztiak blaitzen ari da. Teknologia disruptibo bat den heinean, erronka zail bat da kazetaritza eta hedabideontzat. Zer espero daiteke? Adimen artifizialaren erabilera osagai estrategiko bihurtzea hedabideentzat, aplikazioak azkar ugaltzea, hedabideen artean arrakalak areagotzea, eta arazo etiko eta deontologikoak biderkatu eta larritzea.

​​​​​​​​​​​​​​Egia esan, aurreikuspen ugari argitaratu dira iazko amaieran eta aurtengo urtarrilean. Beraz, interesa izanez gero, zer irakurri badago. Ikuspegi orokor bat izateko, aurreikuspen ezberdinen laburpen hau gomendatzen dizut:

  • Miquel Pellicer: Tendencias 2025: creatividad, autenticidad y humanidad en la era IA

Gaian sakondu nahi izanez gero, hona hemen erreferentzia interesgarri batzuk:

  • Reuters Institute: Journalism, media, and technology trends and predictions 2025
  • Nieman Lab: ​​​​​​​​Predictions for Journalism, 2025
  • Journalism: Predictions for journalism 2025: generative AI deals, workflows and cybersecurity risks
  • Digital Content Next: The big 5 for 2025: forces impacting media and tech
  • Stimuleringfonds voor de Journalistiek: The journalistic landscape in 2025​​​​​​
  • Financial Times: Our 2025 predictions for News, Publishing and beyond ​​​​​​​​​​​​

Zer euskarazko hedabideen eremuan?

Joera global nagusiek, lehenago edo beranduago, eragina izaten dute euskarazko hedabideen ekosisteman. Gurean, erreportaritza ona are estimatuagoa izango dela esan daiteke. Eskaria egon egongo da, eta espero dut hedabideen ahaleginak emaitza interesgarriak ekartzea.

Komunitateak osatzen jarraitzea eta irakurle/entzule/ikusleekiko konfiantza sendotzea garrantzitsua izango da, eta horretarako kazetaritza zorrotzaz gain, harremanak estutzeko formulak, aurrez aurreko ekitaldiak eta gardentasuna landuko direla aurreikus daiteke.

Adimen artifizialari dagokionez, transkipzioan, ahots sintetikoen sorkuntzan eta zenbait barne prozesutan hasitako erabilerak eta probek jarraitzearekin batera, aurreikus daiteke proiektu berriei ekitea euskarazko hedabideek, eta, adibidez, edukiak bilatzeko chatboten garapenean pausoak ematea. Aldi berean, kazetaritza babestu nahi bada, eztabaida etiko eta deontologikoa indartzea ezinbestekoa izango da.

Euskarazko hedabide publikoei dagokienez, EITBk plataforma digitalekin hasitako bidean aurrerapauso berriak espero daitezke, batetik, Primeran eta Makusi sendotuz, eta, bestetik, Guau  - Gure Audioa "euskal audio-edukien plataforma" kaleratuz. Izan ere, Guau - Gure Audioa plataforma datorren ostegunean, otsailak 6, aurkeztuko du EITBk Bilbon.

Herri ekimeneko hedabideei dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza sistema berrituko da 2025ean, eta aurrekontuetan jasotako hobekuntzak eta adimistrazioaren eta Hekimenen artean landutakoa kontuan hartuta, espero da datozen urteetarako bultzada garrantzitsu bat gauzatzea.
​​​​​
​​​​​​​
K Buletina Informazioa



Kultura nabarmen Argia sarietan

Argia sariak: irabazleen talde argazkia. / BERRIA
Argia sarien irabazleen talde argazkia. BERRIA


Euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak banatu dituzte, ohi bezala, Usurbilgo Atxega Jauregian, ostiralean egindako ekitaldian. Sei sarietatik hiru kulturarekin lotuta daude. Hauek izan dira aurtengo saridunak:

  • Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura (euskal kulturgileen lana bistaratzen duen telebista saioa)
  • Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta (Durangoko Azokan kulturaz egindako podcasta)
  • Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa burua (seme-alabek mugikorra gutxiago erabil dezaten abiatu duten borrokagatik)
  • Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza  (eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik)
  • Interneteko Argia Saria: Oroibidea (Nafarroako oroimen historikoa berreskuratzeko bilatzailea)
  • Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak (gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik)

Beste saridunei merezimendurik kendu gabe, aitortu behar dut bereziki poztu nauela BaDA!bil podcastaren aitortzak, oso gustura entzun baititut aurtengo eta iazko saioak. Kultur sorkuntzari buruzko gogoeta eskaintzen du, oso modu eraginkor eta atseginean, sortzaile beraien ahotsetik. Amets Arangurenek oso ongi gidatzen du gonbidatuen arteko elkarrizketa, eta, une batzuetan, naturaltasun osoz, sortzailearen ahotsa berreskuratzen du. Saioak entzun nahi izanez gero, EITB podkastak atalean edo Spotify plataforman aurkitu ahal dituzu. Ikusi ere nahi badituzu, Youtube plataforman, EITBren kanalean.

Sari banaketaren ekitaldian, Argiakoek jakinarazi dute X eta Facebook sare sozialetan edukiak argitaratzeari utzi diotela. “Agur Musk, adio Zuckerberg. Kaixo teknologia burujabetza! Kaixo fedibertsoa, eta eutsi Mastodon!”, aldarrikatu dute Onintza Irureta Azkunek Argiako lantaldearen izenean egindako hitzartzean.



Fedibertsoaren alternatiba

Fedibertsoa eraikitze prozesuan dago, software librearekin eta zerbitzari federatuekin. Burujabetza teknologikoan oinarrituta, multinazionalen alternatiba gisa garatzen ari da. Sare sozialen eremuan, Mastodon da aurpegi ezagunena. Modu sinbolikoan, Donald Trumpek AEBetako lehendari kargua hartu zuen egunean, Goazen lagunok kanpaina jarri zuten martxan hainbat elkarte eta ekintzailek, multinazionalen sare sozialak utzi eta Mastodon sare sozialera batzeko deia eginez.

Kanpainari buruzko albisteak:

  • Berria: «Sare sozial toxikoak» utzi eta fedibertsoarekin bat egitera deitu dute
  • Argia: ‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa
  • Tokikom: Goazen, lagunok!​​​​​​​
  • Berriketan podcasta: Goazen, lagunok, sare sozial sanoen bila

Bistan da, Mastodonen instantziak aukera interesgarriak dira euskaldunontzat. Burujabetza teknologiko oinarri, eremu ez-toxikoak edo euskara nagusi den espazioak sortzeko aukera ematen du Mastodonek. Parte hartzea handitzen den heinean erabilgarriagoa izango da.  

Azken egunotan, beste egunkari garrantzitsu batek, Le Mondek, erabaki du X sare sozialean edukiak partekatzeari uztea. Jérôme Fenoglio zuzendariaren editorial baten bidez jakinarazi du erabakia, kritika gogorrekin, bai X sarearen kontra, bai Donald Trump AEBetako lehendakariarentzat, bai multinazional teknologikoetako buruzagientzat. “Jokoan dagoena beste zerbait da. Iritzi-askatasuna baino askoz ere haratago, berriro ere gertaerak dira erasotzen direnak, eta aldi berean gertaerak eztabaida publikoaren erdigunean jartzeko aukera ematen duten metodoak ere. Gertakari horiek gabe ezin da eztabaidarik egin, ezin da iritzirik oinarritu”.

  • Le Monderen editoriala: Se battre sur le terrain des faits​​​​​​​




Beste irakurgai batzuk

BERRIAren Komunikazioa atalean beste irkurgai hauek topatuko dituzu:

  • 'Irutxuloko Hitza'-ri eman diote prentsaren Argia saria, «eskuin muturraren gorakadari egin dion jarraipenagatik»

  • Clan kateko edukiak euskaraz emateko lanean hasi da RTVE
  • ​​​​​​​Tokikomeko zenbait hedabide katalanera eta galegora automatikoki itzul daitezke gaurtik​​​​​​​

Ilustrazioak: Pagoa Urzelai Etxebarria

Oraindik ez bazara harpidetu eta kazetaritza, kazetari, hedabide, informazio, desinformazioaedo adimen artifizialaren berri izan nahi baduzu harpidetu orain 'Kazetaritza ardatz' buletinera.

Harpidetu
Babestu BERRIA 1062x486 16014


Horrelako mezu gehiagorik jaso nahi ez baduzu, egin klik hemen

Datu Pertsonalen Babesa
Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresaren tratamendu-sistemetan sartuta daudela BERRIA Taldearen zerbitzuak emateko, zurekin harremanetan jartzeko, zure interesekoa izan daitekeen informazioa bidaltzeko eta enpresaren administrazio lanak aurrera eramateko. Eskatutako zerbitzua gauzatzeko beharrezkoa izan daiteke zure datuak BERRIA Taldea osatzen duten enpresei, BERRIA Hedabideak fundazioari eta bestelako kolaboratzaileei uztea. Zure datu pertsonalen inguruko eskubideak edonoiz erabili ditzakezu. Era berean, edonoiz egin dezakezu gai honi buruzko bestelako edozein eskari. Hala egin nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: BERRIA Taldea, Martin Ugalde kultur parkea; Gudarien etorbidea, z/g, 20140 Andoain (Telefonoa: 943-30 43 45) edo helbide elektroniko honetara:  datuenbabesa@berriataldea.eus. Informazio zehatzagoa eskuratu nahiko bazenu, gure webgunean aurkituko duzun "Pribatutasun Politika" irakur dezakezu.