Ongi etorri Kazetaritza ardatz buletinaren 16. zenbakira. Aste honetan, besteak beste, bi ikerketa soziologiko aipatuko ditut. Batetik, Pew Research Center-ek AEBetan egindakoa albistearen
kontzeptuaren inguruan, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindakoa, hedabide eta sare sozialen kontsumo eta konfiantzari buruzkoa. Desinformazioarekin eta
adimen artifizialarekin lotutako gaiak ere aurkituko dituzu. Hauxe da gai zerrenda:
1. Zer da albiste eta zer ez? 2. Irratiak eta prentsa idatziak ematen dute konfiantza handiena 3. Adimen artifizialaren erredakzioan integratzea: JournalismAi-ren saioa 4.
Irudi faltsuen kontrako kanpaina bat abiatu du Columbia Journalism Review-k
Zer da albiste eta zer ez?
Zer jotzen dute albistetzat estatubatuarrek, eta zer ez? Galdera horri erantzuteko, ikerketa soziologiko bat egin berri du Pew Research Center-ek
Amerikako Estatu Batuetan. Sare digitalen eta sozialen gorakada gertatu baino lehen, ikertzaileek kazetarien ikuspegitik aztertzen zuten zer den albiste eta zer ez. Orduan, hedabide batek ekoiztu eta paketatutako informazioa
hartzen zen albistetzat.
Aro digitalean, ordea, ikertzaileek gero eta gehiago aztertzen dute albistearen kontzeptua audientziaren ikuspegitik. Begirada berri horren arabera, albisteak ez du zertan lotuta egon kazetaritza profesionalarekin; publikoak,
eta ez kazetariek, zehazten dute zer den albiste. Hori izan du abiapuntu Pew Research Center-ek azken ikerketa honetan. Emaitzek argi erakusten dute herritarren ikuspegia funtsezkoa dela albisteen definizioan.
Hona hemen ikerketaren zertzelada batzuk:
Albisteak definitzea esperientzia pertsonala eta pertsonalizatua da. Ez dago erantzun bakarra albistea zer den zehazteko. Faktore askok dute eragina: gaiak, iturriak, hartzailearen nortasunak eta jarrerak, besteak
beste.
Informazio objektiboa, eguneratua eta gizartearentzat garrantzitsua behar du izan albisteak. Ikerketako parte hartzaile gehienak ados daude baldintza horiekin. Hala ere, garrantzi pertsonala ere nabarmendu dute
faktore gisa.
Albisteak ez dira beti atseginak, baina beharrezkoak direla sentitzen dute. Parte hartzaile askok emozio negatiboak aipatu dituzte, baina, hala ere, informatuta egoteko eta eguneratuta jarraitzeko «behar» hori
sentitzen dute.
Ikerketa osatzeko, ikertzaileek online foro kualitatibo bat erabili dute (57 parte hartzailerekin), inkesta adierazgarri bat (9.482 lagunekin), eta 13 kazetari eta editorerekin egindako elkarrizketak.
Irratiak eta prentsa idatziak ematen dute konfiantza handiena
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako ikerketaren grafiko bat: konfiantza, hedabide motaren arabera.
Albisteak kontsumitzeko gehien erabiltzen den hedabide mota telebista da, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratu berri duen Hedabideen, eduki digitalen eta sare sozialen kontsumoa eta konfiantza izenburuko ikerketaren arabera (txostena, pdf formatuan).
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen artean egindako inkestaren arabera, albisteak jasotzeko, herritarren %55ek telebista erabiltzen dute egunero edo ia egunero; %43k, irratia; %39k, Interneteko egunkariak; %23k,
sare sozialak; %17k, papereko egunkariak; %17k, Google News eta halako bilatzaileak; %16k, WhatsApp eta halako mezularitza zerbitzuak; eta %5ek, podcast informatiboak.
Atzera begiratuz gero, joera ezberdinak ikusten dira kontsumoan hedabide motaren arabera. Telebistak indarra galdu du azken urteotan (adibidez, 2014tik 2025era %76tik %55era pasatu da). Irratiak berdin jarraitu du, Interneteko
egunkariek bezala. Papereko egunkariek behera egin dute (2014tik 2025era %34tik %17ra pasatu dira), nahiz eta 2023tik 2025era puntu bat igo.
Baina erabilera ez dator bat konfiantzarekin. Oro har, hedabideen konfiantza maila ez da handia. 2025ean 10 puntutik 5,7 eskuratu dituzte. Konfiantza maila ez da asko aldatu azken hamarkadan: 2014an, puntuazioa 5,4 izan
zen; 2018an, 5,7; eta 2023an, 5,3. Hedabide motaren arabera begiratuta, irratiak lortu du konfiantza handiena (6,3), eta ondoren prentsa idatziak (5,8). Telebista, berriz, gehien erabiltzen dena izan arren, hirugarren
tokian gelditu da (5,5), eta Interneteko egunkariak, laugarrenean (5,2).
Informatzeko beste bideek, ordea, konfiantza gutxi ematen diete herritarrei. Whatsapp eta antzeko mezularitza zerbitzuek 4,0 puntu eskuratu dituzte; Google News edo antzeko bilatzaileek, 3,9; eta sare sozialek, 3,7.
Esan bezala, sare sozialak gutxi erabiltzen dira albisteak jasotzeko (%23), baina, konfiantza gutxi eman arren, beste gauza batzuetarako asko erabiltzen dira, Eusko Jaurlaritzaren inkestako datuen arabera. Herritarren %80k
egunero edo ia egunero erabiltzen dituzte sare sozialak. Datua oso handia da, Europako Batasuneko herrialdeetako daturik handiena (EBko batezbestekoa %49 da). Erabilera datu handi horien atzean Whatsapp dago: galdekatutakoen
%94k erabiltzen dute egunero edo ia egunero. Beste sare sozialak askoz gutxiago erabiltzen dira: Instagram %37k erabiltzen dute egunero edo ia egunero; Youtube, %32k; Facebook, %28k; Tiktok, %15ek; eta Twitter, %9k.
JournalismAikazetariak adimen artifizialaren erabilera arduratsuan ahalduntzeko egitasmo bat da. Londresko Ekonomia
eta Zientzia Politikoen Eskolak bultzatzen du, eta Google News Iniciative programaren babesa du.
Kazetaritza ardatz buletinaren 8. zenbakian esan nuen bezala, JournalismAIk Discovery online ikastaroa antolatu du ingelesez, portugesez eta gaztelaniaz, sei modulutan adimen artifiziala kazetaritzan erabiltzeko
oinarriak azaltzeko asmoz. Ikastaroari jarraipena eman diote saio praktiko batekin, Adimen artifizialaren eta kazetaritzaren hiru erronkak: kontakizuna, integrazioa eta autorregulazioa izenburupean.
Saio horretan, akademiaren eta erredakzioaren ikuspuntuak uztartu nahi izan dituzte. Alde batetik, Pilar Sanchez-Garcia Valladolideko Unibertsitateko irakasleak adimen artifizialaren erabilera arduratsuari buruz hitz egin
zuen, eta, bestetik, Rocio Barquin Argentinako ADNSur hedabideko produktu arduradunak erabilera praktiko batzuen berri eman zuen.
Sanchez-Garciaren ustez, hedabideetan adimen artifiziala erabiltzeari buruz hitz egiten denean, kantitatea da nagusi, eta kalitatea falta da. Narratiba eztabaida korapilatzen ari da, neurriz gainekoa eta antropomorfikoa
izaten da eta. Sanchez-Garciak dio adimen artifiziala aliatu bat izan daitekeela kazetarientzat krisi garaietan. Ikerketa kazetaritza egiteko aukera ematen du: sareetan diskurtso misoginoak aztertzeko, gorroto diskurtsoak
bilatzeko, datu masiboak aztertzeko, politikarien gezurrak atzemateko… Horrez gain, adimen artifiziala integratuta daukan CMS bat erakutsi zuen, zenbait lan errazteko aukerak erakusteko.
Rocio Barquinek, berriz, ADNSur hedabideko erredakzioan izandako esperientzia azaldu zuen. Adimen artifizialaren garapenari heldu baino lehen, bi behar identifikatu zituzten: audio edo bideo formatuko elkarrizketa asko
transkribatzea, eta eguneroko audio buletin informatibo bat sortzea. Tresnak aukeratu eta erabiltzeko, oinarri bat ezarri zuten: adimen artifiziala laguntzaile izango zen, eta inoiz ez egile. Baztertu egin zuten testuak
edo ohar informatiboak sortzeko erabiltzea. Azkenean, lan batzuk automatizatu dituzte doako tresna batzuk erabiliz: Polizia txostenak prozesatzeko, ChatGPT erabiltzen dute; audioak eta bideoak transkribatzeko, Pinpoint
eta Chequeado; eta iturri askotako azterketak egiteko, NotebookLM. JournalismAi-ren saioaren bideoa lotura honetan ikus daiteke.
Irudi faltsuen kontrako kanpaina bat abiatu du ‘Columbia Journalism Review’-k
The PSAi kanpainaren bideoaren irudi bat. 'COLUMBIA JOURNALISM REVIEW'
Desinformazioari aurre egiteko asmoz, adimen artifizialaren laguntzaz sortutako irudi faltsuak antzemateko gaitasuna sustatzeko kanpaina bat abiatu du Columbia Journalism Review (CJR) aldizkariak. The PSAi deitu diote kanpainari, eta arreta pizteko sustapen bideo ikusgarri bat sortu dute.
«Zabaldu duzun irudi hori? Baliteke ez izatea benetakoa». Kanpainaren helburua da ohartaraztea birala den irudi bat faltsua izan daitekeela, adimen artifizialaren bidez sortua delako. Aldi berean, jendeari lagundu nahi
dio antzematen irudi bat noiz izan daitekeen adimen artifizialaren bidez sortua. TBWA\Chiat\Da publizitate agentziaren laguntzaz, webgune bat sortu dute, adibideak erakusteko eta aholkuak emateko.
Zenbait argazki faltsu oinarri hartuta, adimen artifizialaren arrastoa antzemateko hamar aholku bildu ditu Columbia Journalism Review-k:
Esku eta hatzen kokapena egiaztatu: adimen artifizialak maiz arazoak ditu eskuak eta hatzak ongi irudikatzeko.
Aurpegiaren ezaugarriak begiratu: egiaztatu asimetriarik dagoen, begien kokapena arraroa den, azalaren itxura naturala den edo espresioa egoerarekin bat datorren.
Atzealdea eskaneatu: bilatu atzean elementu lausoak edo pixelatuak, eszenarekin bat ez datozen objektuak edo kolore degradatu arraroak.
Akats kontestualak: adi egon irudiaren barruan zentzurik ez duen xehetasunik ba ote dagoen, hala nola irakurgarria ez den testuren bat edo objektu bitxiak.
Logotipo edo testu distortsionatuak bilatu: lekuz kanpo egon daitezkeen xehetasun txikiak bilatu.
Argiztapenari eta itzalei erreparatu: behatu ea itzalen norabideak logikarik duen edo argiztapena koherentea den irudi osoan.
Ehundurak eta patroiak egiaztatu: Arropan, ilean edo beste toki batzuetan, aztertu ea patroietan errepikapen ez-naturalik ote dagoen.
Ba al dago tramankulu digitalik? Pixelaziorik, kolore bitxirik edo ustekabeko lekuetan parte lausorik badago, litekeena da irudia adimen artifizialaren bidez manipulatua egotea.
Irudien alderantziko bilaketa egin: erabili bilatzaile bat irudia sarean beste nonbait agertzen den ikusteko eta iturri edo inkoherentziak egiaztatzeko.
Egiaztatu iturria: Kontuz ibili adimen artifizialak sortutako edukia sortzen edo zabaltzen duten webguneetako irudiekin.
Aholku horiek lagungarri izan daitezke adimen artifizialak sortutako irudiak antzemateko. Baina irudien sorkuntzan asko aurreratzen ari dira adimen artifiziala garatzen ari diren enpresa teknologikoak, Google I/O 2025 konferentzian argi gelditu denez
(ikusi, adibidez Veo 3ren emaitzak). Nire irudipena da gero eta zailagoa izango dela bereiztea noiz sortu den irudi bat edo bideo bat adimen artifiziala erabiliz eta noiz ez.
Azkenik, The PSAi gune berezian, aipatutako hamar aholkuez gain, adimen artifizialari eta kazetaritzari buruzko sei artikulu interesgarri
bildu Columbia Journalism Review-k:
Datu Pertsonalen Babesa Datu
Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresaren tratamendu-sistemetan sartuta daudela BERRIA Taldearen zerbitzuak emateko,
zurekin harremanetan jartzeko, zure interesekoa izan daitekeen informazioa bidaltzeko eta enpresaren administrazio lanak aurrera eramateko. Eskatutako zerbitzua gauzatzeko beharrezkoa izan daiteke
zure datuak BERRIA Taldea osatzen duten enpresei, BERRIA Hedabideak fundazioari eta bestelako kolaboratzaileei uztea. Zure datu pertsonalen inguruko eskubideak edonoiz erabili ditzakezu. Era berean,
edonoiz egin dezakezu gai honi buruzko bestelako edozein eskari. Hala egin nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: BERRIA Taldea, Martin Ugalde kultur parkea; Gudarien etorbidea, z/g, 20140 Andoain
(Telefonoa: 943-30 43 45) edo helbide elektroniko honetara: [email protected].
Informazio zehatzagoa eskuratu nahiko bazenu, gure webgunean aurkituko duzun "Pribatutasun Politika" irakur dezakezu.