Indartsu dago Euskadi Irratia. Hala diote, behintzat, CIESen ikerketaren azkeneko datuek: euskal irrati publikoak 167.000 entzule ditu astelehenetik ostiralera Hego Euskal Herrian. CIESek orain arte Euskadi Irratiari emandako entzule kopuruetan handiena da. Gainera, aurreko neurketarekin alderatuta, %11,3 entzule gehiago ditu irrati publiko horrek, eta Gipuzkoan liderra da.
EITB taldeko irratiek, oro har, datu oso onak eskuratu dituzte. Hala, Gazteak 101.000 entzule ditu astegunetan.
Radio Euskadik 177.000 entzule ditu, Euskadi Irratiak baino hamar mila gehiago soilik. EITB Musika irratiak 33.000 entzule ditu, CIESen arabera. Radio Vitoriak, bestalde, 5.000 entzule gehiago ditu aurreko neurketan baino, 28.000 guztira.
Nafarroan, EITBko irrati guztien entzule datuak aintzat hartuz gero, talde publikoko kateek 2011tik izandako daturik onenak bildu dituzte.
Euskal Telebistako ikusleen datuek ere gorantz egin dute. CIESen ikerketaren arabera, ETBko kateek 680.000 ikus-entzule dituzte, aurreko neurketan baino 118.000 gehiago.
EITB talde osoak 1.186.000 entzule eta ikus-entzule ditu.