m24 - Udal eta foru hauteskundeak

Publizitatea

Albisteak

Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa. Markel Olano. EAJren Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Egungo egoeran zilegi da bigarrenak agintea hartzea»

Ez du aukerarik ikusten abertzaleen arteko elkarlanerako. Olanok ezker abertzaleari leporatzen dio «zubi guztiak botatzea» eta jeltzaleen aurkako «gorrotoa» zabaltzea.

2015-05-23 / Jokin Sagarzazu

Kanpainako azken egunetan sartua da Markel Olano (Beasain, 1965), baina hasi, urrian hasi zuela aitortu du. Indartsu ikusten du bere burua. Lasai mintzo da, baina irmo.

Gobernua utzi zenuenetik, zertan aldatu da Gipuzkoa?

Atzerapausoa izan da. EH Bilduk kudeaketa dogmatikoa egin du, bere planteamenduak aurrera atera nahi izan ditu kontuan hartu gabe erakunde eta herrietako gehiengoak.

Baina bitan adostu dituzue aurrekontuak.

Bai, baina horrek ez du esan nahi eredu talkarik ez denik egon, baizik eta horren barruan ez dugula nahi izan herritarrek ordaintzea alderdien arteko liskarrak.

Elkarlanerako baldintzarik ez dagoela diozu: zergatik?

Ezker abertzalearen barruan sustatu egiten da EAJren kontrako gorrotoa. Eta hori egiten duen arduradun politiko bat gero etortzen bazait elkarlan bila, esango diot hipokrita bat dela.

Nola heldu zara ondorio horretara?

Ezker abertzaleak zilegitasun politiko bat bilatu nahi izan dio ia 50 urteko estrategiari, eta prozesu horretan, euren etsai politiko garrantzitsuena bihurtu dute EAJ. Gu desagertzea nahi dute Gipuzkoan, suntsitu nahi gaituzte.

Baina lehia politikoaren barruan zilegi da hori, edo ez?

Ezker abertzalea ez da hori egiten ari lehia politikoaren barruan. Ez gara arerioak, etsaiak gara. Dituen tresna guztiak ari da erabiltzen, eta politikan egon daitezkeen zenbait marra gorri pasatu ditu. Horrek ondorio politikoak izango ditu ondorengo urteetan.

Zein?

Zubi guztiak ari dira botatzen, eta horiek berreraikitzeak denbora asko beharko du, tamalez.

Eta zein dira marra gorri horiek?

Azkenaldian martxan jarri dituzten erasoak, EAJ ustelkeriarekin lotzeko saioak, bereziki. Nahita ari dira, ez da kasualitatea, jakin badakizkitelako ondorioak.

Baina susmoak baldin badaude, erakunde publikoen lana ere bada horiek ezagutaraztea. Ezkutatzea hobe da ala?

Zilegi da zalantzak argitzea. Baina salaketa faltsuak dira. Jar ditzatela epaileen esku; ikusiko dugu. Larriena da epaiketa politikoa egiten ari direla aurrez, gau eta egun, eta duten guztiarekin.

Ahaldun nagusi izan zinenean agindu al zenion Ogasunari zenbait enpresa ez ikertzeko?

Ez daukat horren konstantziarik. Xabier Olanok testuinguru zabalago batean esan zuen hori. Egia da enpresak laguntzeko salbuespeneko erabaki batzuk hartu genituela, baina testuinguru jakin batean. Eta erabaki horiei esker, besteak beste, bizirik iraun du gure sare industrialak.

Europarentzat legez kanpokoak dira salbuespen horiek.

Gu beti legearen barruan aritu ginen; beste gauza bat da zein interpretazio egin duen Europako Batzordeak. Interpretazioak daude jokoan, eta gureak beti egin dute legearekin bat. Ezberdina litzateke tribunal batek esatea hori ez dela horrela. Hori ez da gertatu.

Garai zailagoetan, Lizarra-Garazikoetan, adibidez, zubigintzan aritu zinen.

Bai, baina garai hartan bazegoen errespetua, eta hori funtsezkoa da; Katalunia da adibidea. Baina ezker abertzaleak errotik aldatu du estrategia; gu gara haien etsaiak.

Eta haiek zuenak?

Lidergoaren kontu horrek ez dauka zentzurik. Guk gure espazioa daukagu, eta haiek, haiena.

Gobernua hartzeko borondatea duzue. Baita galduta ere?

Egungo egoeran, bigarrenak ere zilegitasun osoa dauka saiatzeko. Ez al zuen egin ezker abertzaleak duela bi urte Laura Mintegirekin?

Zenbat du egiatik PSE-EErekin akordioa egina duzuela?

Gezurra da hitz egin dugunik ere.

Gutxiengoan gobernatzen ikusten duzu zeure burua?

Gehiengo sendoak behar dira Gipuzkoako erronkei aurre egiteko. Jakin behar da malgu jokatzen. Gobernuak abilidadea erakutsi behar du gehiengoak lortzeko.

Gai izango zarela uste duzu?

Kontrastatua dago jarrera malgua dugula negoziazioetan, eta ados jartzen garela.

Urkulluri kosta egin zitzaion; bi urte behar izan zituen PSE-EErekin akordiorik egiteko. Horrek behartzen al zaitu zerbait egitera?

Emaitzen arabera. Alderdi guztiekin eseriko naiz, eta saiatuko naiz ados jartzen. Foru gobernuan izan ginen lau urteetan [2007-2011] ez genuen lortu lehentasunezko harremanik.

Denis Itxasok esan du ez dela zuetaz fio. Eta zuek sozialistez?

Gipuzkoak hutsune bat badu: erronka inportanteenetan ez garela gai ados jartzeko. Eta hori gertatzen da politika tripekin egiten dugulako, ez buruarekin. Nik, hemendik aurrera, buruarekin egingo dut.

Ez duzu egin?

Euskal politikak asko dauka posetik. Politika erabiltzen da norbere posizioa zuritzeko.

Hondakinak biltzeko ereduari buruzko galdeketak babestu dituzu. Errauste plantarena babestuko zenuke?

Gai hori hain egon da debatearen erdi-erdian, hauteskunde hauek emango baitute jendearen iritziaren irudi argia.

Baina egingo zenuke?

Errefusari irtenbide bat eman nahi diogu, eta hori egin nahi dugu proiektu moderno batekin. Uste dugu irtenbide egokiena dela errauste planta bat, egokitua Gipuzkoako beharrei. Horri buruzko azterketa egiteko, prest gaude denekin hitz egiteko.

Eta proiektu berria kontsultara eramateko?

Errauste plantaren erabaki politikoa orain dela urteak erabaki zen.

Baina ezker abertzalea erakundeetatik kanporatuta zegoen.

Orain, bi proiektuen arteko aukera egin daiteke.

Zer egingo duzue errauste plantak sorturiko hondakinekin?

Horiek erabili daitezke hainbat gauzatan; errepideetarako material moduan, adibidez.

Ez duzue zehaztua, beraz.

Errauste planta modernoek ingurumen ikuspegitik dauzkaten ondorioak oso eskasak dira, hutsalak. Nik argi daukat kudeaketa hori egingo dugula, Europako herrialde aurreratuenek egiten duten moduan.

Informazio osagarria

Publizitatea