Arraina

 

Gure platerik gogokoenak lanketa berezia eskatzen zuen.

Amonak bertikalean zabaltzen zuen arraina,

eta nire etorkizuna irakurtzen zuen bertan.

Azal zaurituan arretaz zabaltzen zuen betegarria:

heriotzaren markak ezin dira zornatu.

Bitartean, hitz egiten zidan.

Oraindik umea nintzen;

eskolatik bueltan, jateko zer zegoen galdetzean,

nire graziak milikatzen zizkidan eta esaten zidan:

arrainak, udakoak bezala.

Orduan hotz egiten zuen.

Eta bazkalondoan elkarrekin esertzen ginen,

elkarrekin ikusten genuen telebista,

elkarrekin hartzen genuen arnasa arratsaldero.

Bizitzea, bion arteko ohitura zen

eta udan ernegatu egiten nintzen ikusten nuenean nola zihoan

ur ertzean gora

ur ertzean behera:

haserretu egiten nintzen olatu batean galduko nuelakoan,

hoztuko zelakoan edo minutu batzuez bere ondoan ez egote hutsagatik.

Bueltatzean, bere hamakan esertzen nintzen,

eta oinetako hondarra kentzen laguntzen zidan,

poltsan nire argizariak bilatzen,

edo kresala eta bekarrak desitsasten.

Negua, orain, atsegina da etxe honetan.

Sartzean lasai aurkitu nahi izan zaitut,

zure istorioak errepikatzen,

garai onei irribarrez, beti lez, nire umetako ohiturei adi.

Baina orain ez zaude.

Biok ez gara bizi, eta hotzak bizkarretik heltzen dit, eta kolpatu;

hainbat gauzaz oroitzen da,

beldur naiz berriro,

eta neure begiek

labain egiten didate eskuetan

umel

neguko arrainak bezala.

 

Elena Medel
Itzulpena: Leire Bilbao
Irudia: Andy Chilton

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer