Oraintxe bertan

 

Oraintxe bertan, hartu jostorratz hau,

sartu esan nahi ez dudan helburuaren haria

eta adabatzen hasten naiz. Taumaturgo ospetsuek

iragarritako mirarietako bakar bat

ez da bete, eta urteak azkar doaz.

Deusezetik gutxira, eta beti haize kontra

bai luzea isiltasun eta larritasunezko bide hau.

Gauden tokian gaude; hobe dugu jakitea eta esatea

eta, oinak lurrean, aldarrikatu

uko eta zalantzazko garai baten oinordeko garela,

negarrek hitzak itotzen dituztena

eta ispilu ugariek bizitza mozorrotzen.

Alferrik dira oroimina eta kexua,

edo malenkonia axolagabezko ukitua,

kalera irtetean jertse edo gorbatatzat

jantzi ohi duguna. Ozta daukagu daukaguna

eta horrekin aski: egokitu zaigun

historia-zatitxoa eta lur-puska koxkor bat

berori bizitzeko. Jar gaitezen

berriro zutik eta entzun dadila

guztion ahotsa, argi eta ozen.

Esan dezagun nor garen eta orok adi dezala,

eta, amaitzean, jantzi dadila bakoitza

gogoak ematen dion bezala, eta kalera,

dena baita eginkizun eta dena egingarri.

 

Miquel Martí i Pol
Itzulpena: Xabier Mendiguren
Irudia: Greg Raines

Post navigation

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer