Hemen gara

 

Hemen gara,

baina egon gabeko lekuetara joaten da maiz geure burua.

 

Hemen gara,

orbainekin bada ere.

Bisutsak makurtutako guardasola gara,

bere onera bueltatzea lortu,

baina ziri bat hautsita duena.

Zerbait hautsia dago gure barrenean:

min ematen digu,

desorduetan sumatzen dugu;

baina ez dugu min hori gabe bizi nahi.

Akordua delako gure mina.

Akordura etortzen zaizkigulako gurekin ez daudenak.

Eta zertarako gogora ekarri min ematen diguna.

Eta zergatik dugu atea zabalik inor etorriko ez bada.

 

Hemen gara,

eta gaur da.

Mundua ez da gaur geldituko.

Hodeiak oharkabean doaz.

Hegazkinek erdibitu egiten dituzte.

Baina norbaitek, gaur, gurekin egin du negar.

Eta, une batez, egon ez ginen lekuetara joan gara.

Baina ez gara bakarrik egon.

Ez dugu sentitu heriotzak luzatzen digula bizitza.

Handiegia dela isiltasuna.

 

Hemen gara,

eta han.

Galderen denbora ez da iragan,

baina, hala ere, ez gara atzo bezalakoak.

Atzo arte leihotik begiratzen genituen elur malutak:

elurra isila eta hotza da;

xendak eta estratak estaltzen ditu.

Elurminez gaude gaur, ordea.

Galeraren hotza eta babesaren beroa sumatzen ditugu aldi berean.

Gure mina ez da soilik gurea.

 

Hemen gara;

egon ez garen lekuetara joaten jarraituko dugu;

baina, gaur, irri murritz bat atera zaigu,

elurtearen ondoko lehen eguzki izpia bezala.

Gure mina lurmentzen ari da.

 

Castillo Suárez
Irudia: Gema Urdanitz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer