Talaia galduak 2

 

Maite zaitudala badiot min eman nahi dizut

Iritsi garela dirudi hilkintza laster amaituko da

Arrotz egingo zaigu etxea eta maite dudanaz idatziko dut orduan

Kale honen beste aldean zer dago

Zuk eta nik ez dugu berdin sufritzen

Nigandik urrun lehertu dira zure zainak zugandik urrun maiztu nire adiskidantzak

Tartean basamortuak dagoz demokraziak dagoz herri kisuztatuak

Ibaiko erdokatan itoek besoaz seinalatzen dizkidate

Harrotutako hiri-sarrerak zubi altxagarriak

Ez daukat armarik sehaskan ezkutatzeko

Askatasun itsustu bat besterik ez bantustan atzendu bat besterik ez

Zein banderarenpean bataiatuko dugu maitasuna bigarrenez

Zein uretan zein haitzarriren bila

Proklama eder bat kopiatuko dut zure ireki guztietan irakurribako txatalak ageri dira

Gagozanak gagoz

Gurean ez da soldadu ezezagunik handizkako askatasunik

Erraz dira desartikulatzen nire sentimentuak

Min eman nahi dizut poema bateko trintxera estalgarritik

Ezpaldutako arbolen etorbideak dauzkat, zeru bat

Gauez ureztatzen den futbol zelai bat bezalakoa eta uzteko karguak

Gaizki egiten ditut zubiak gaizki idazten dizut gaizki maite zaitut bakealdi egoskabe honetan

Zamaketariak okinak koldarrak gagoz

Gagozanak

Ibaia garbitzeko heldu den idortearen zain

Ikasiko dut magalean zure soina nola batu, bizkarrera nola ekarri

Isiltzen banaiz iduriko du minik ez dela hemen

Zorionaren piketeak jabetu direla lantoki guztiez muino guztiez kaleez

Eta nik min eman nahi dizut maite zaitudanean

 

Jose Luis Otamendi
Irudia: Monika Etxebarria

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer