Keinua

 

Badakizu sobera hunkitzen naizela jendetza kantuan entzutean estadioetan, manifetan; maite ditudala uso zuria eta uso gorria suaren gainean dantzan, eta bai, eta bai.

 

Badakizu hizkuntzaren musua oroitzean datozkidala ipurtargi bat (zomorro xarmanta hizkuntza) eta elurretan utzitako oinatzak (bidaiari ikusgaitzaren patua hizkuntzak).

 

Badakizu goizero leihoa zabaltzean zenbatekoak ditudan ahotsean nekea eta gorputzaren astuna; hiriari begira, hiltzear diren baleak ikusten ditudala egunsentiko hodeietan, eta larrosa gorri irekiak.

 

Badakizu oraindik ez gaituela etsiak jo, hizkuntza dugula keinua.

 

Tori landare hau bihotzean landatzeko, zelai arrotzetatik salbu.

 

Miren Agur Meabe
Irudia: Ahmed Zayan