Bizitza karratua denean

 

Bizitza karratua denean
denbora ere karratua da.
Gure begiek berehala hartzen diete neurria
etxeko paretei,
orainari.

 

Gauaz bestaldera daude
bezperako hitz berberak:
askatasunaz hitz egiten dugu,
zer den jakingo bagenu bezala.

 

Itsasora joan nahi dugu,
beldur handi batek
desagerrarazten dituelako
gure beldur txiki guztiak;
itsaso beltzari ere bai.

 

Gehien maite ditugunak
gureak ez diren oroitzapenak dituztela
ohartzen gara;
ezezagunak ditugula
haien isiluneak;
gure zeru zatia eta haiena desberdina dela.

 

Ez dakigu non hasten den etorkizuna.
Ez dakigu non dagoen bakardadea eta laguntasunaren arteko muga.

 

Bizitza agur esaten ikastea bada,
ordezko batekin moldatzea egokitu zaigu,
eta, aitortuko ez badugu ere,
jarraituko dugu maitemintzen eta maitatzeari uzten.

 

Ez gaituzte etxean aurkituko,
deserrian egonen baikara,
oinezko bakartien gisara,
auzoen begiradak sentitu nahian.

 

Eta esango dute kartzela dela gurea,
baina espetxeko ate kolpe bat entzun duenak badaki
hots hori lokietara kateatzen den bakarra dela.

 

Behin-behinean bizi garela ohartuko gara.
Albitzak hartu digula oroimena.
Dolua ezin dugula ezpainetara ekarri.

 

Baimendu gabeko eremuetan elkar maitatzera eginen dugu.
Ibili ezin gaitezkeen parajeetan elkar ukitzera.
Maitasunak beti eginen du irautera,
ez gauden etxe batean bada ere.

 

Castillo Suárez
Charles Deluvio