Dolu amaigabe bat

Filma: ‘Julia y el zorro’

Saila: Zuzendari Berriak

Herrialdea: Argentina

Iraupena: 105 minutu

Hotza da Ines Barrionuevo zuzendariak Zuzendari Berriak sailean aurkeztutako filma. Hotza, Argentinako Cordoba hiri kanpokaldeko etxe handi batean gertatzen baita istorioa, neguan. Hotza, Umbra Colombok antzeztutako Julia protagonistak nekez azaleratzen dituelako bere emozioak. Eta hotza, ezin urrunagoa baita Juliak berak bere alaba Emmarekin duen harremana.

Julia aktore eta dantzari ohi bat da, alargun gelditu dena. Erabakitzen du haren alaba Emmarekin landa guneko etxera joatea bizitzera. Doluaren itzala luzea zaio oraindik, eta ez du lortzen bere alabarekin harremana sendotzea. Aitzitik, arrotz sentitzen du Emma, berarekin zerikusirik izango ez balu bezala. Apenas eskaintzen dio arretarik eta goxotasunik alabari, eta batzuetan alaba bera da amaren rola egin behar duena.

Halako batean, Juliak topo egiten du Gasparrekin, aspaldiko lagun eta lankidearekin. Gaspar saiatuko da protagonista konbentzitzen aktore lanetara itzultzeko. Ordurako, ordea, Julia inoiz mito izandako aktorearen hondarra besterik ez da. Badirudi enkontru horren ondoren aldatzen direla gauzak Julia eta Emmarentzat, baina esku bakarrarekin zenbatu daitezke protagonistak alabarekiko dituen maitasun keinuak. Alaba gustora dago Gasparren konpainian, baina aktorea dagoeneko ez da dolua pasa aurretik zena, eta identitate berrien bila dabil etengabe, modu kaotikoan. Halakoa da nahastea, pelikularen amaiera ere irekita utzi baitu Barrionuevok: “Halako orden falta du Juliak, ezen ezer ixten ere ez du lortzen”.

Pelikula intimista egin du Barrionuevok, dolua inoiz pasa dutenek modu intentsoan ikusiko dutena. Gainontzekoek apenas sentituko dute enpatiarik pertsonaia nagusiarekin. Edonola ere, helburua izan du zuzendariak gogoetarako film bat egitea. Horretan ez du inor hotz utzi.

1 thought on “Dolu amaigabe bat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude