Katu jendea

Izenburua: La hija de todas las rabias
Zuzendaria: Laura Baumeister
Herrialdea: Nikaragua – Mexiko – Herbehereak – Alemania – Frantzia – Noruega – Espainia
Iraupena: 91 minutu

Filma ikusten hasi aurretik abisatu zuen proiekzioaren aurkezleak, igande gauean, Kursaaleko emanaldian: “Kredituetan ikusiko dituzuen sinbolo guzti horiek ez dira huskeria, erakusten dute zeinen zaila den zinema industriarik ez daukan herrialde batean zinema egitea”. Eta filma ikusten amaitu ostean ere argi geratu zen zenbat jenderen inplikazioa eskatzen duen egoera horretan pelikula bat aurrera ateratzeak, Laura Baumesteir zuzendariarekin batera hamaika lagun atera baitziren jendaurrera. “Nikaragua izan da filmaren egiazko pultsioa, hura munduaren aurrera eramatea, eta, aldi berean, Nikaragua izan da filmaren oztoporik handiena. Han filmatzeko zirrikitu txikiena bazegoen, saiatu nahi nuen, eta egin dugu, azkenean”, kontatu zuen.

La hija de todas las rabias filmarekin itzuli egin da Baumeister Zinemaldira, aurrez industriari zuzendutako jardueratan hartu baitzuen parte harekin —WIP Latam Industria saria irabazi zuen iaz eta Koprodukzio Foroko proiektu onenaren saria 2019an—. Istorio gordina ekarri du bueltan, fantasia ukituekin eta irudi onirikoekin orekatu nahi izan duena. 11 urteko Maria (Ara Alejandra Medal) eta haren ama Lilibeth (Virginia Sevilla Garcia) dira protagonistak, hondakindegi erraldoi baten ondoan bizi direnak. Arraza puruko txakurkume talde bat bandakide bati saltzekotan dira, horrekin etorkizun hobe baterako aukera irekiko zaien esperantzan, baina tratuak huts egingo du, eta birziklatze-fabrika batean utziko du Maria amak.

Haren antzezpena da, hain justu, filmaren indargune behinenetako bat —“castingean argazki-zuzendariak berehala ikusi zuen nola eutsi geniezaiokeen kamera hari”—, baita ama-alaben elkarrekiko begirada ere; kanpoko basakeriaren aurrean bakarrik daude, eta afektuentzako leku askorik gabe, zailtzea besterik ez duela ulertuko du ezarian neskatoak. Pasarte ederrenetako bat da, hala, ama lanetik bueltan datorrenean eta alaba kosmosari buruzko programa bat entzuten lokartu ostean, autodefentsa eskola inprobistu bat ematen dioenekoa, ilargiaren argi hutsean.

Istorioaren hariak ugaritzen joango dira kontakizunak aurrera egin ahala, ordea, eta ez da beti argi gelditzen norantz doazen, ez ote duten narrazioa ahultzen sendotu ordez. Katu-emakumearen metafora ere airean dabil film guztian —eraginkorrago eremuz kanpo dagoenean—, eta baliteke maiztutako tekniketara jo izanaren sentsazioa gelditzea ikusleari.

Irudimena, hori da ahalduntzerako —biziraupenerako— filmaren proposamena.

1 thought on “Katu jendea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude