Denbora eraikuntza bat da

Zuzendaria: Cyril Schaublin. Herrialdea: Suitza. Iraupena: 93 minutu. Saila: Zabaltegi.

Anarkistak Suitzan. Anarkistak Suitzan, XIX. mendean. Anarkistak Suitzan, XIX. mendean, eta erlojuak egiteko teknologia.

Berezia da oso Cyril Shcaublin Suitzako zinemagilearen Unrueh filma. Pertsonaien arteko solasaldiak urrunetik daude grabatuak, ikus-entzuleak urrunetik ikusten ditu kasu askotan. Esate baterako, lehen sekuentzian anarkismoaz hizketan ari diren emakumeak. Erlojuen bihotza nola eraikitzen den teknologikoki ere azaleratzen du pelikulak: XIX mendean, horretan aritzen ziren emakumeek soldata bat ala bestea jasotzen zuten, erlojuaren tripetan lortutako zehaztasun eta trebetasunaren arabera.

Proiekzioaren osteko solasaldian, Schaublin zinemangileak (bere bigarren film luzea da Unrueh) kontatu zuen grabaketan korrika aritzen zela, batera eta bestera, kameratik urrun zeudelako pertsonaiak. Kalifrafia berri eta berezi bat antzeman daiteke formalki Suitzako lan horretan.

Eta solasaldiak eman zuen gehiagorako. Ikus-entzule batzuk zur eta lur gelditu ziren jakitean pelikulako aktore protagonista ez dela aktorea, arkitektoa baizik: Clara Gostynskit. Zinemagileari, bestalde, galdetu zioten ea zer den berarentzat denbora (kontuan hartu behar da Schaubilinen zenbait arbaso erlojuen fabrikatzaileak izan zirela). “Denbora ere eraikuntza bat da”, esan zuen zuzendariak.

Aretotik irteterakoan, beste galdera bat, ikusle batzuen artean: Suitzan hainbeste erreferendum eta galdeketa herritarrei egiteak lotura izango al du XIX. mendean herrialde horretan anarkistek zuten indarrarekin? Anarkismoa ulertzeko modu propio bat ikusten da Unrueh filmean. Euskal Herrian ulertua izan den anarkismotik nahiko desberdina. Gauzak horrela, Suitzako anarkismoaz apur bat ikertzeko gogoa sartu zaio ikusle despistatuari. Xehetasunak, hurrengo baterako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude