a20 - Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Publizitatea

Elkarrizketak

Bakartxo Ruiz

Bakartxo Ruiz

Nafarroako EH Bilduren hautagaia

2015-12-11 - 12:00

Kongresurako EH Bilduren zerrendan aurkezten da Bakartxo Ruiz. Nafarroan parlamentari da. Madrilera inposaketei aurre egitera eta Euskal Herrian hartzen diren erabakiak defendatzera joango direla erantzun du elkarrizketa digitalaren "urrezko galderan".

 Erantzundako galderak

14

G. Eskerrik asko Bakartxo elkarrizketa digitalean parte hartzeagatik eta irakurleen galderak erantzuteagatik. Eskerrik asko irakurleei ere bai galderak bidaltzeagatik eta interesagatik. BERRIA

E. Mila esker galderak egin dituzuen guztioi eta Berria-ri. Ordubete ederra izan da! Gustora, errepikatzeko modukoa.

13

G. Kaixo Bakartxo! Ze iritzi duzu hainbat inkestaren arabera estatuan 2. edo 3. indarra izan daitekeen Ciudadanos alderiari buruz? izan al du EH Bilduk hartu emanik edo nolabaiteko harremanik Albert Riveraren alderdiarekin? Xabat

E. Ciudadanos Espainiako eskuin berria dela agerikoa da, ultraeskuindar petoa. "Alderdibikotasun" hori apurtzera datorren balizko salbatzailea, oraindik ere eskubide murrizketa eta zentralismo handiagoa aldarrikatzen duena. Arriskutsua, zinez. Harremanik ez dugu izan, eta ez dakit gogor handirik izango dugun, kar, kar.

12

G. Egun on! Noizko euskararen ofizialtasuna Nafarroa Garaiako lurralde osoan? Jon

E. Egun on, Jon! Aukeran, atzoko. Errealitatean, indar handia egin beharko dugu kalean eta instituzioetan, gehiengoak artikulatzeko. Ezagun da akordio programatikoan sartzerik ez genuela lortu, bereziki Ezkerrak izandako jarrera itxia dela eta. Une honetan zail ikusten bada ere, nik badaukat esperantza gehiengo hori lortzeko aukera izan dezakegula legegintzaldiak aurrera egin ahala, giro eta aktibazio sozial indartsua baldin badago, behinik behin. Gure aldetik, behintzat, ahaleginik ez da faltako. Mila esker zure galderarengatik!

11

G. Egun on, Bakartxo. UPNk, PPk eta PSNk estrategia argi bat daukate aldaketaren gobernua eraisteko, eta estrategia horren ardatzetako bat euskara dela argi gelditu da azken asteetan: PAI programa izan, Hezkuntzako lan eskaintza publikoa izan ala Sakanako Mankomunitateak eginiko inkesta soziolinguistikoa izan, gure hizkuntzaren aldeko pauso txiki guztiak polemika bihurtzen ari dira. Horren aurrean, gobernuko indarrak defentsiban ikusi ditugu, azalpenak berandu ematen, haien arteko ika-mikan... Beti pauso bat atzera. Ez al duzu uste garaia dela konplexuak alde batera utzi eta euskararen aldeko politika irmoak egiteko? Saiatuko zarete, adibidez, Euskararen Legea atzera botatzen? Felix

E. Kaixo, Felix! Bat nator egiten duzun hausnarketarekin, eta agerian utzi dituzun gabeziekin. Edozein modutan, zure azken esaldiari buelta ematea planteatuko nizuke: gai izanen gara nafarrok Euskararen Lege berri bat egin eta martxan jartzeko? Izan ere, ardura guztiona da. Herritarron aktibazioa eta euskaltzaleon indar guztia beharko da Parlamentuan eta instituzio nagusietan gehiengoz urrats hori emateko. Eskaera eta giro soziala funtsezkoak dira, eta erregimena horretan ari da. Euskararen aldeko mugimendu sozialik gabe, nekez ikusiko dugu Ezkerra edo Podemos bezalako indarrak ausart jokatzen hizkuntza eskubideak irmoki defendatzeko. EH BIlduk garbi dauka, eta halaxe defendatu du erakundeetan ere: hizkuntza eskubideak defendatzea aldaketaren zutabeetako bat da, eta Euskararen Lege berria egiteko geure indar guztiak jarriko ditugu.

10

G. Senaturako aldaketaren formula etorkizunean errepikatzeko modukoa iruditzen zaizu? Mila esker erantzuteagatik. Mila

E. Nafarroan une berezia eta oso inportantea bizitzen ari gara, eta arestian esan bezala, EH BIldun garbi ikusten genuen erantzun berezia eman behar geniola, aldaketa sendotzeko bidean. Bai Senatuan, baita Kongresuan ere. Uste dugulako horixe dela nafarron gehiengoaren nahia eta ilusioa. Orain Senaturako lortu dugunak bidea egin behar du, eta espero dugu hurrengoetarako aldaketa sendotuta egotea. Bereziki inportantea izanen da Nafarroako hauteskundeetan aldaketaren indarra garbi islatzea.

9

G. Aurreko kanpainaren eta kanpaina honen artean nabaritu duzue aldaketarik EH Bildun? Erran nahi dut, erregimenaren aldeko hedabideetan trataera aldatu da hainbat udal nagusietan alkatetzan zaudetelako? Izar Garces Olea

E. EH Bildu beti da molestagarria eta deeserosoa erregimenarentzat, baita horren parte diren komunikabideentzat ere. Kanpainan zentsura jasan dugu, aurrekoan bezalaxe. Egunerokotasunean, geure alkateek inputazioak pairatzen ari diren bezala, intoxikazio eta manipulazioa ere pairatzen dute. Horren aurrean, geure indarra herritarrongan eta geure hautetsi guztiek egiten duten lan itzelean dago. Lanean jo eta ke jarraituko dugu, oztopo guztien gainetik.

8

G. Kaixo Bakartxo, EH BILDU prest egongo litzateke gatazkaren ondorioak konpontzeko konpromezua hartzen duen lehendakarigai bati babesa emateko Espainako Kongresuan?? Mila esker eta animo!! Mikel Jauregi

E. Gure lana Madrilen ez dugu gobernagarritasunari begira kokatzen. Beste arloetan bezalaxe, geure ustez hemen jarri behar ditugu indarrak sektore sozial eta politikoak, herritarrak, harriak mugitzeko lanean aktiba daitezen. Pozgarria litzateke Estatu mailan aukerarik ikusiko balitz gehiengo batek gatazkaren konponbidean urratsak emateko, baina tamalez aukerarik ez dugu aurrikusten. Euskal herritarron aktibazioa eta presioa izango dira ardatz. Mila esker!

7

G. Aupa Bakartxo. EAJ-GeroaBai-rekin Madrilen elkar ulertzeko aukerarik ikusten duzu? Badirudi kontzertua eta ituna ukitu nahiko dituztela... eta interesgarria litzateke bat egitea euskaldunok. Jose Mari Berrio

E. Kaixo, Jose Mari! Geroa Bairekin Gobernurako akordio bat adosteko gai izan bagara, nola ez ba beste arlo batzuetan! EAJrekin ere posible izan beharko luke, baina EAJk, antza, beste interes batzuk ditu Euskal Herriaren eraikuntzaren gainetik, Estatuari begirakoak. Adostasunak lortzeko lana hemen egin behar dugu, Euskal Herrian. Geure herriaren eta herritarren eskubideak eta bizi baldintzak hemen defendatu behar ditugu. Eta ildo horretatik, geure autogobernu tresna murritzak erasoen aurrean defendatuko ditugu denok. Baina ezberdintasuna argia da: PNV-Geroa Bairentzat helburua dena, guretzat abiapuntua da, eta hobeto bizitzeko, burujabetza osoa nahi dugu.

6

G. Kaixo Bakartxo. Ez dirudi kanpaina honek aldaketaren blokea kaltetuko duenik, biño aldaketa gertatu eta sei hilabetera nola ikusten duzu bloke hori erregimenaren erasoen aurrean? Aupa zu eta segi ongi! Ihart Ilzarbe Lana

E. Egun on, Ihart! Mila esker zure galderarengatik. Arrazoi duzu, hautsekundeak egonda ere aldaketarekiko konpromisoa eta Nafarroan daukagun ardura argia da. Horrek ez du esan nahi zailtasunik ez dagoenik, jakina. Bagenekien ez zela erraza izango, eta iritzi ezberdinatsunak badira, hainbat gaitan, hainbat erabaki hartzeko unean. Eta era berean, erregimena ez dago geldirik, aldaketaren kontra bortitz ari da. Horren aurrean, aldaketaren blokean, ezberdinatsunak ezberdintasun, daukagun erantzukizunaz jabetzen gara, eta aldaketa aurrera eramateko determinazio osoa daukagu. EH BIldun, behintzat, aldaketa ahalik eta sakonena izan dadin lan egiten ari gara burubelarri, erregimenaren presioei men egiteko beste batzuek dituzten tentazioen aurrean.

5

G. Kaixo, Bakartxo. Zure ustez, Podemosekin eta Ezkerrarekin lurraldetasunari dagokion zein gutxieneko adostu daiteke? eta euskarari dagokiona? Asier

E. Kaixo, Asier! Gutxieneko hori argia da: jendarteak erabakitzeko eskubidea izan dezan, eta erabaki hori errespetatzea. Alegia, Euskal Herriko lurraldeen arteko harremana herritarrek erabakiko dutela, subjektu politikoa baitira. Espero dugu gutxieneko hori besteek ere ontzat ematea. Hortik haratago, bakoitzak bere proiektua defendauko du, eta EH Bildurena argia da: herrialde guztiek elkarrekin Euskal Estatua eraikitzea, hori izango baita geure jendartea hobeto bizitzeko aukera bakarra. Euskararen kasuan, hizkuntza eskubideen aitortza beharko luke gutxieneko adostasun horrek, baina egia esan Nafarroan hainbat kontutan beste bi alderdiek hartu duten jarrera ikusita, bide luzea dugu aurretik. Gogoratu behar da Euskararen Lege berria egiteko adostasunik ez genuela izan, Ezkerraren jarrera dela eta. Eta ildo horretatik argudio gisa ematen zuten inposizioa, euskaldunok pairatzen duguna da, ez erdaldunek. Une honetan urruti gaude, antza, denok hori defendatzetik.

4

G. Kaixo Bakartxo: zertara doa EH Bildu kongresura? David Lasa

E. Kaixo, David! Urrezko galdera da zurea, kar, kar. Oso labur esanda, inposizioei aurre egin eta Euskal Herrian hartzen ditugun eta hartuko ditugun erabakiak irmoki defendatzera eta horiek errespeta daitezen exijitzera joanen gara. Aldebakartasunaren ikuspegitik begiratuta ere, hemengo prozesua indartzeko tresna ere bada konfrontazio demokratikorako guneak zein nahi ditugun erabakitzea. Eta Kongresua gune horietako bat da. Gainera, gu han ikusi nahi ez gaituztenek arrazoi argia dute: euskal herritar ezkertiar, abertzale, errebelde eta instumituak ez dituztela parean ikusi nahi, entzungor egin nahi dietela. Geuk ahots hori eramango dugu Madrilera ere.

3

G. Egun on Bakartxo! Nafarroako aldaketa politikoaren inguruan sortu den konfluentzia kontuan hartuta, oraingo hauteskundeetako lehia esparrua ez al da aldaketa hori osatzen dutenen artekoa? alegia, nola eragin dezake EH Bildu, Podemos, Ezkerra eta Geroa Bai lehian aritzeak? ondo izan! Xabier Oronoz

E. Egun on, Xabier!Neurri batean egia da adierazten duzun kezka. Horrexegatik, EH Bilduren planteamendua garbia eta zintzoa izan da hasieratik. Gure helburua Nafarroan aldaketaren esparrua sendotzea izanik, geure erabakiak eta ahots hori Madrilera eramatea izanik, aldaketaren bloke bateratua aurkeztea proposatu genuen. Posible izan da hori Senatuaren kasuan, zorionez, Aldaketa izena izanen duen zerrendan. Tamalez, kongresurako beste alderdiek ez dute nahi izan, alderdi eta estatu mailako interesei jarraiki. Edozein modutan, hauteskunde hauetan bakoitzak geure eskaintza eta proiektu propioa plzaratzeko aukera ere badugu, eta era berean, lau indarrok aldaketaren bidea egitearekin konpromisoa adierazteko.

2

G. Egun on Bakartxo, Aukera bat da Espainiako konstituzioa aldatu eta 4. xedapen iragankorra kentzea. Zer egin dezake EH Bilduk horren aurrean? Zein harreman mota defendatuko du Nafarroa eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren artean? mila esker eta animo. Jone Olazabal

E. Kaixo, Jone!EH Bilduk Nafarron erabakitze eskubidea defendatuko du, inongo mugarik gabe. Xedapen iragankor famatuaren "anexioaren" planteamenduarekin bat egiten ez dugun arren, berau kentzeko saiakerak nafarroi geure erabakiak har ditzagun ukatzeko beste modu bat dela argi daukagu. Geuk defendatuko dugu nafarrok badugula eskubidea gainontzeko euskal lurraldeekin nolako harremana nahi dugun erabakitzeko. Eta, jakina, EH Bilduren proiektua Euskal Herri osoarena da, Euskal Estatu independientea elkarrekin eraikitzea. Mila esker zure galderarengatik!

1

G. Eguerdi on, Bakartxo: Argi dago EH Bilduren lehentasuna Euskal Herriaren subiranotasunean aurrera pausoak ematea dela, baina alderdi sozialista eta langileen eta giza eskubideen aldeko alderdia ere izanik, Espainiako alderdi politiko estatalekin akordioetara iristeko borondatea duzue, nahiz eta adostun hauek EHn edo honen eraikuntzan eragin zuzenik ez izan? Iñaki Iñaki Agirre

E. Kaixo, Iñaki! Madrilen ere gure lanaren ardatz nagusia argia da: Euskal Herrian hartzen ditugun eta hartuko ditugun erabakiak errespeta daitezen exijitzea. Ildo horretan, adostasunak HEMEN lortu behar ditugu, Euskal Herriko herritarron artean,hemengo sektore sozial eta politikoen artean. Horixe da gure erronka.

Emaitzak

Herrialdeka

Herriz herri

Mapa interaktiboa

Emaitzen mapa interaktiboa

Emaitzen mapa interaktiboa

Gehigarri berezia

Hautagaiak Euskal Herrian

Hautagaiak Euskal Herrian

Publizitatea