Haritz-iratzea

 

Aspaldi ikasi genuen mina hitzetara bihurtzen. Mundua behin eta berriz asmatzen, bakardade eta babesgabetasunaren erdian. Errazak gara aurreikusten, elkar irakurri gabe dakigu zer esango duen bakoitzak. Hitzak dira gure heldulekua, hemen eta orain zer diren ez dakigunean. Iraganaren eta orainaren artean, zer ginen eta zer garen galdetzen badidazu, esanen dizut ez direla inoiz joan elkarren beharra genuen garaiak. Baina ni iratzea naiz, azkena izanen naiz joaten. Lur azidoetan bizitzera ohitua nago, eta karea eman arte hemen izanen naiz. Hazirik eman gabe begiratzen diot munduari.

 

Castillo Suárez
Irudia: Elurre Iriarte

Zu gabe eta nire kontra

 

Ebaki gabeko belaze batera bidaiatzea da zurekin larrua jotzea. Izei amerikarrak alferrik zenbatzea. Azienda besterik ez entzutea. Neguan loratzen den arbola bezain desleiala izan nahi nuke, baina zure ahoaren orbainari lotuta ematen ditut egunak.

 

Ez diet joan nahi dutenei joaten uzten. Bart, ordea, zure ohera ekarri nauzu agur esatera. Goizean eraman nauzu nire autoa dagoen tokira, baina ni errezelik gabeko etxe batean geratu naiz. Biluzik. Zu gabe eta nire kontra.

 

Castillo Suárez
Irudia: Elurre Iriarte

Lanbroa

 

Lanbroak zerua apaltzen duenean

lur azaletik gertu geratzen dira

soinu txiki eta asmo handiak.

Lanbroak bigunki

elikatzen ditu goroldioa, belarra.

Eta ez dago harago ia ezer ere,

ezpada lanbroa, lanbroa, zuk hain

emeki gordetzen duzu nire arnasa…

 

Jon Gerediaga
Irudia: Elurre Iriarte

Belar latza

 

Belar latza,

arrunta, goibela,

ez duzu lorerik nahi,

ez duzu maite

begien edo erleen arreta;

zeru handia duzu begira

eta zuk, harrotasunik gabe,

isilean gordetzen duzu

biziaren ametsa.

 

Jon Gerdiaga
Irudia: Elizabeth Lies

 

Hizkuntza politika 1

 

Hizkuntza politika eraginkor bat

Bideratzen dinat mihia

Hire zulo beltz guztietara

Lehia arazten dudanean:

Izendegiak biluz isurtzen zaizkidan

Eta aditzak busti.

Puntu kakotx.

Lehenik gorputzen oinarrizko lexikoa

Bihikatzen dinat

Eta eskua, eme eta ezti, sekretuak

Heze dauden deklinabide arauetan hara

Galtzen uzten dudanean

Hasperen barnakorraz

Aldarrikatzen haiz,

Menperatzen haiz,

Harilkatzen haiz

Ene beso artean.

Lepo gibelean perlatzen zainan

Aditz-erdi gazia milikatzen denat gero,

Hire hats hartze kolpekatuak

Hondartza ilunetan dauden elezaharren

Amorrua laburbiltzen duelarik.

Hortz oldarkoiaz

Diti punta ausikitzen diadan unean

Hizkuntza politika eraginkor bat

Bideratzen dinat

Bi hitzetan

Higan gozatuz:

Puntu kakotx.

Puntu marra.

 

Itxaro Borda
Irudia: Kirill Vetrov

Punpaka

 

Erditik aurrera irakurtzen hasitako

liburu bat bezala ezagutu nahi zintuzket

lehen erdiko orriak bilatu

edo zeuk azaldu

basa artean edo sasitzan aurkitu

eta falta diren pasarteak asmatu

edo beste aldaera batean esan

 

Jose Luis Otamendi
Irudia: Montse Monmo

Siamdarrak

 

Badakit zenbat kanta dauden

nire ohetik zureraino.

Zure logelan geratzen zaidan denbora

besterik ez naiz.

Siamdarrak gara lo hartzen dugunean.

Elkarri azala urratuko diogu egunen batean,

baina,

bitartean,

beldur berberak arnasten ditugu.

 

Castillo Suárez
Irudia: Elurre Iriarte