Negarrarekin joko dut ura.
Pausoarekin joko dut lurra.
Arnasarekin joko dut airea.
Trapu zahar bat legez,
hartuko dut zure izena,
ertz batetik,
eta betiko astinduko dut
memoriaren hautsa.
Negarrarekin joko dut ura.
Pausoarekin joko dut lurra.
Arnasarekin joko dut airea.
Trapu zahar bat legez,
hartuko dut zure izena,
ertz batetik,
eta betiko astinduko dut
memoriaren hautsa.
Botak bustita etxera bueltan
zu ez zaren norbaitekin.
Zu ez zarela badakien norbaitekin.
Jaio nintzen: ez naiz ugalduko.
Ez dut lurrik ez aziendarik.
Ez dakizkit sarrera hitzaldiak baizik;
nahikoa jakiteko
maitemintzea beti dela aukerarik makurrena.
Arrotza zara
nire barrenetik ateratzen zarenean.
1. Puntu eta koma egoki darabilen norbait topatu.
2. Anomalia horretan serio fokuratu.
3. Bortizki maitemindu.
Hori da plana.
Hauxe da, beraz, kontua:
insomnioa goizeko hirurak eta laurdenetan,
eguzkiaren orenari jarraitu arren
hamabost minutuero ziztada elektrikoa
pairatzen duen igela nola,
halaxe erlojua bere mekanikari bultzaka.
Hitzen aferak nauka esna.
Kakao-esnea edaten dut
—amatasun beltzaran epela—.
Nahiago nuke bizimodu sinplea,
baina gau osoa daramat
kutxa handi batean poemak pilatzen.
Nire Hilezkortasun Kutxa da,
nire gordekina,
nire hilkutxa.
Iluntzen duenean
beti behar izaten dugu norbait ondoan,
bakardadea bada ere.
[Fernando] Mendiak orkatz bat du gogoan. Aurretik ikusia zuten bazter haietan, bi kumerekin. Sutearen egunean, orkatza ikusi zuten urrutian, erredura handiekin. Sutatik ihes egin beharrean, kumeen bila jarraitu zuen. Hamalau egun geroago beste norbaitek ikusi zuen, kumeen bila jarraitzen zuen. Hil egin zen, erredurengatik.
Aitortzen ez ditudan gauza guztiekin
egiten dut lo.
Iratze-sailak zeharkatu nahiko nituzke
ametsetan,
eta ni ere loratuko ez naizela esan
nire baitako gizonei.
Esporak utzi izaren artean
hatzak
nire sexuan sartzen dituzten bitartean.
Behar ditudala esan
lingua franca batean,
denek ulertzeko moduan.
Bezperako arropa jantzi.
Nagoen tokiaren
eta egon nahiko nukeenaren arteko distantzia da
bakardadea.
Arrotza egiten zait zure mundua
nirea antzeko egiten zaizu zuri.
Gutxi dira bata bestearekin
partekatzen ditugun interesak.
Eta, hala ere, bada zerbait
elkarrenagana erakartzen gaituena.
Bizitzak emandako aukeratzat zauzkat
berdintzat naukazu zuk ni.
Uste dut hori dela maitasuna.
Badira elur maluten gisakoak diren pertsonak.
Ederrak, hotzak, gu ukitutakoan desagertzen direnak.
badakit
orduak zaborretarako
biltzen dituen hori naizela
atzokoa
eta ez gaurko hori
badakit
nigandiko hoberena
ez dagoela nire baitan
bidenabarrean baizik
badakit
nire baitako txarrena
nerau naizela
baina danbatekoa joz
alde egin zenuenetik
zutaz datorkit mozorroturik ia beti.