Nahi gabeko homizidioa

 

Ez naiz sekula lore edo seme-alaba zale izan,

ez dakit haiek non jarri eta hotz uzten naute.

Loreekin eta umeekin iritsi zelarik, ordea, nik nahiago

alde egin zezala etorritako bidetik,

ur-pitxerrean sartu nituen denak

eta, ez dakit zergatik, ni atxilo hartzera etorri ziren.

Zer egin nuen nik, bada?

Beldurra haurrengandik urrun eduki, ez besterik.

 

María Eloy García
Itzulpena: Monika Etxebarria
Irudia: Camila Cordeiro

Estrainekoz Altsasun

Udazkeneko gau horietako bat, ilbera eta hego ikutuarekin. Ilargiak buelta emateko gau bat, Anariren estraineko kontzerturako Altsasun. Anariren musika inguratu eta sentimendu izkutuen zirrikituetatik barnera sartzen den horietako da, harrapatu eta astindu egiten du. Emanaldi bakoitza barne bidaia bat da, edertasunak eta biziminak lagunduta.

Altsasuko emanaldiak badu berezitik. Altsasun lehen aldiz jotzeaz gain, BERRIA eta BADOK-en eskutik jo du Anarik. Sakanan euskal musika sustatzeko ahalegin bati hauspoa eman dio Anariren kontzertuak. Berrehundik gora lagun elkartu dira Iortia Kulturguneko aretoan. Batzuek hasieratik argi utzi dute Anariren jarraitzaileak direla, ez dituzte Anariren kantuak sortzen dizkien emozioak izkutatu, harekin batera kantatu dute hainbat momentutan. Beste batzuentzat, ordea, Anari zuzenean deskubritzeko aukera izan da. Anari Alberdi kantari, letra eta musikaegilea, eta bere talde osoa: Borja Iglesias (gitarrak), Xabier Olazabal ‘Drake’ (baxua), Mariano Hurtado (teklatuak), eta Mikel Txopeitia (bateria). Haiekin batera, Martxel Arkarazo (soinu mahaian).

Joan den maiatzean plazaratutako Zure aurrekari penalak diskoko kantuek osatu dute emanaldiaren ardatza. Otzanak, Oreinak, Nola galdu, Ametsen eraiste neurtua, Orfidentalak,… aletu ditu Anarik, ordena aleatorioan, baina neurtuan, aurreko diskoetako pieza ezagun batzuekin batera (Isla, Aingura Hegodunak, Iparraldeko neska,…). Ordu eta erdiko emozio eta musika astinaldia ixteko eta biribiltzeko, Armagabetzea kantua aukeratu du.

2012an, Zure ziztada kanpainaren harira sortu zen BERRIAk antolatutako udazkeneko gaualdi honen historia. Ruper Ordorikak kontzertu bat eskaini zion BERRIAri, eta Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak azpiegitura eta laguntza. Elkarlan honi esker, Garik jo zuen 2013an, eta Ttantakak Mikel Laboaren omenezko Zazpi aldiz elur ikuskizuna aurkeztu zuen 2014an. Aurten Anari izan da eta ekimenak jarraitzeko borondatea du.

[WRG id=5231]

Tenperatura bera

 

Urteen poderioz,

bikien poltsa beretik

atera garela

ematen du.

Kukuaren habia.

 

Likido amniotikoaren

tenperatura bera.

 

Elkarri enbarazu ez egiteko jarrera.

 

Eta beroa ematen duena.

 

Marta Sanz
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Scott Webb

Norberari buruzko kontzientzia txarraren gorazarre

 

Arratoi-jaleak ez dauka damutu beharrik.
Eskrupuluak arrotzak zaizkio pantera beltzari.
Pirañek ez dute zalantzarik beren ekintzen egokitasunaz.
Krotaloak konplexurik gabe onartzen du bere burua.

 

Ez dago txakal autokritikorik.
Mandeulia, otia, tenia eta kaimana
bizi diren bezala bizi dira eta pozik daude.

 

Orkaren bihotzak ehun kilo pisatzen ditu,
baina, aldi berean, arina da.

 

Eguzkiaren hirugarren planetan
ez dago kontu basatiagorik
kontzientzia garbi bat baino.

 

Wislawa Szymborska
Itzulpena: Anari Alberdi
Irudia: Cristopher Campbell

Atzizkiak

 

Atzizkiak ez dira beti doi-doi lotzen.

Gomak izan beharko lituzkete ertzetan,

azpiko izarek bezala,

bere tokian geratzeko

gorputz baten inarrosaldietan.

 

Nigan pentsatzen duzula esaten duzunean ez duzu nigan pentsatzen;

nitaz pentsatzen duzu, baina urrutitik.

 

Miriam Reyes
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Ainara Lasa

Gezurra

 

Gezurra esaten zuen ez zenean beharrezkoa.

Gezurra esaten zuen egokia ez zenean ere.

Gezurra esaten zuen bazekienean

besteek bazekitela gezurretan ari zela.

Gezurra esaten zuen gezurra esateak

bihotza erdibitzen zienean.

 

Anne Carson
Itzulpena: Xabier Mendiguren
Irudia: Camila Cordeiro

Artea

 

Galtzearen artea ez da zaila ikasten;

Hainbeste dira galdu nahian diruditen gauzak

galtzean ez dakartela inongo hondamendirik.

 

Gal ezazu zerbait egunero. Onartu ezazu

ateetako giltzak galtzeak sortutako nahasmendua, alferrik galdutako mementoak.

Galtzearen artea ez da zaila ikasten.

 

Praktika ezazu orduan, eta galdu gehiago eta azkarrago:

lekuak eta izenak, eta egin asmo zenituen bidaiak oro.

Ezerk ez du hondamendia ekarriko.

 

Amaren erlojua galdu nuen. Eta hara! ene arimako

hiru etxeetako azkena edo azken-aurrekoa desagertu egin da.

Galtzearen artea ez da zaila ikasten.

 

Bi hiri xarmagarri galdu nituen. Eta zabalagoak diren

zenbait eremu: bi ibai, kontinente bat.

Faltan ditut, baina ez zen hondamendirik izan.

 

Zu zeu galtzean ere —keinu burlatia, hainbeste maite dudana—

ez nuen gezurrik esan behar izan.

Bistan da: galtzearen artea ez da zaila ikasten

hondamendiaren traza izan dezakeen arren.

 

Elizabeth Bishop
Itzulpena: Jon Benito
Irudia: Ainara Lasa

Buru-argitasuna

 

Ulertzen dut bizitza dela bizi dugun horixe: zure nire gure bizitza hau

ulertzen dut poema bat pobrea dela bizitzarekin alderatzen bada

ulertzen dut geldialdi bat dela

une batez bere buruarengandik banatzen duena bizitza

neurtzen duena eta alde on eta txarrak aztertzen

zentzumenak desegiten ditu

desegoki

erpin gorpuzdun bat

Ulertzen dut intelektorako sarrera dela

Horrela ulertzen dut

poemak adierazten duela melodia eta zentzuaren arteko konexio eza

Ulertzen dut poema bat azken lerroekin bakarrik idazten dela

Hizkuntza hondogabetzen du

bizitza hondogabetzen du

 

Chus Pato
Itzulpena: Danele Sarriugarte
Irudia: Sara Morante