Ez naiz ezeren jabe

 

Ez naiz ezeren jabe,

are gutxiago, inoren jabe.

Ez zinateke ikaratu behar

zure sexua itotzen dudanean:

ez dizut emango, ez seme-alabarik, ez eraztunik, ez promesarik.

 

Daukadan lur guztia zapatetan daramat.

Nire etxea gorputz hau da, emakume bat dirudiena;

ez dut pareta gehiagorik behar, eta barrenean toki asko daukat:

horrenbeste ikaratzen zaituen basamortu beltz hori.

 

Miriam Reyes
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Evita Weed

Eskua

 

Hogeita zazpi hezur,
hogeita hamazazpi gihar,
bi mila bat neurona
hatz bakoitzeko hatz-punta bakoitzean.
Nahikoa
Mein Kampf idazteko
edo Winnie the Pooh.

 

Wislawa Szymborska
Itzulpena: Antonio Casado da Rocha
Irudia: Ainara Lasa

Laudorioa nire ahizpari

 

Nire ahizpak ez du poemarik idazten.

Eta ez dut uste bat-batean poemak idazten hasiko denik.

Bere amaren gisakoa da, ez baitzuen poemarik idazten,

eta aitaren gisakoa ere bai, horrek ere ez baitzuen poemarik idazten.

Nire ahizparen sabaiaren pean seguru sentitzen naiz:

bere senarrak nekez idatziko lituzke poemak.

Eta nahiz eta hau errepikakorra izaten hasten ari den,

egia da nire senitartekoetatik inork ez duela poemarik idazten.

 

Nire ahizparen idazmahaiaren tiraderetan ez dago poema zaharrik,

eta bere poltsan ez dago poema berririk.

Nire ahizpak bazkaltzera gonbidatzen nauenean,

badakit ez didala bere poemak irakurri nahi.

Bere zopa gozoa da bestelako arrazoi ezkuturik gabe.

Bere kafea ez da eskuizkribuetara isurtzen.

 

Familia askotan ez du inork poemarik idazten,

Baina batek egiten badu, ez da bakarra izaten.

Poesiak belaunaldiak kateatzen ditu goitik behera,

eta zirimola handiak sortzen dira senitartekoek elkarrekiko dituzten sentimenduekin.

 

Nire ahizpak ahozko hizkuntza bikaina dauka.

Bere lan idatzia oporretatik bidalitako postalek

osatzen dute.

Gauza bera idazten du urtero:

bueltan etortzen denerako

dena,

dena

daukala kontatzeko.

 

Wislawa Szymborska
Itzulpena: Castillo Suárez
Irudia: Belen Lucas

Barne jarioak

 

nire azalaz txertoak egin ditzakezu sagarrondoetan.

 

batzuek han dituzte luzatuta oraindino

laban muturrez idatzi nituen izenak

arratsaldero eskolatik etxera bidean.

 

jaiotzean hankak ikusten zaizkion txahalari bezala

poema bati tiraka ohituta

hazteko sasoian ez gaudenean

zahartze orok du zaintiratuen beharra

orduan doaz nire bularrean barrena

inora ez doazen ahuntz saldoak

ikusten zaitudaneko hormetara igoarazten naute

bazoazela erauzten dute bazka mihiaz.

 

zure biolinak ukitzeak etengabeko negarra eragiten dit

eta ia ezin dut eraman zure eskuek ni laztantzea

amak ume nintzela egiten zizkidan jertseek bezala.

 

baina nire azalaz

nire azalaz sagarrondoak txerta ditzakezu.

 

Olga Novo
Itzulpena: Iñigo Aranbarri
Irudia: Ainara Lasa