Irakurtzekoak

 

Zer irakurtzen den ikus-entzunezkoetan

Ikus-entzunezkoetan ere bada zer irakurri, idatziz ematen baitira tituluak, elkarrizketatuen izen-deiturak eta kargua edo lanbidea, azpidatziak, irudien iturria, kredituak...

Azpidatziak, esaterako, funtsezkoak dira bideoetako audioak euskaraz emateko. Izan ere, erdarazko ahots tarteak, adierazpenak eta elkarrizketak ez dira bikoizten BERRIAren ikusizkoetan, eta ez dira gainetik beste ahots bat jarriz euskaratzen: azpidatziak erabiltzen dira horretarako.

 

Azpidatzien konbentzio batzuk

Ahoz esandakoa kode idatzira eramaten da azpidatzietan, jatorrizkoa euskaratuz eta doituz: normalean, transkripzioaren itzulpen hutsaren ordez, laburtze lana egin behar izaten da, eta, edukia aldatu gabe, esandakoa moldatu, jatorrizkoaren erritmo berean eman behar baita toki jakin baterako egokituta, telefonoaren pantaila txikian ere eroso irakurtzeko moduan.

 

Jatorrizkoa baino laburragoa

Adierazpenen azpidatzietan, beraz, testuak sintesira joko du, baina barne kohesioa galdu gabe.

Jatorrizkoan errepikatutako hitzak, esaterako, isildu daitezke, enfasia emateko esanak ez badira behintzat, eta isiltzekoak dira, era berean, makuluak, interjekzioak, onomatopeiak eta ez mezuari ez adierazkortasunari ezer ekartzen ez dioten elementuak.

Sinonimoekin ere joka daiteke testua laburtzeko.

horretan parte hartu >> horretan aritu; alkoholemia kontrola >> alkohol proba; sarri askotan >> maiz; umea nintzenetik >> umetatik

Formulazio laburren alde egitea komeni da, oro har.

Ahal dugun azkarrena eman nahi diogu amaiera. >> Lehenbailehen amaitu nahi dugu.

 

Behean eta zentraturik

Irudiaren beheko aldean jartzen dira azpidatziak, ahal dela lerro batean, edo bitan gehienez. Lerroak zentraturik ematen dira: hartara, ikusleen arreta irudiaren erdialdera bideratzen da, eta errazagoa da irudiari eta testuari erreparatzea. Azpidatziek ez dute pantailaren %15 baino gehiago hartu behar.

 

Zer letra mota komeni den

BERRIAk beste euskarrietarako aukeraturiko tipografia bera erabiliko da bideoetan ere.

Hobe da serifik gabeko letra tipoa erabiltzea, halakoak aiseago eta bizkorrago irakurtzen baitira pantailan.

Oro har, letra estilo arrunta erabiliko da, eta etzana ere bai, hala dagokion kasuetan (izenburuak, beste hizkuntza bateko hitzak, eta abar).

Letra xehez idazten da adierazpenen testua, eta ohiko kasuetan erabiltzen da letra larria: izen berezien lehen letrak, esaldi hasierak eta abar.

Izenburuak, gaiak, medailetako izen-deiturak eta halako elementu bereziak, berriz, letra larriz idatz daitezke.

LEHORTEA

ERRIBERAKO UZTA, KINKA LARRIAN

 

ALBERTO ALFARO

Nekazaria

Onena letra zuria erabiltzea da, baina beti kontuan hartu behar da nolakoa den atzeko irudia, ez baita komeni bideoan gehien agertzen den kolore berekoak izatea letrak. Letra zuriak ez badu kontraste nahikorik egiten atzeko irudiarekin, letra beltza erabiltzen da, testua ongi irakur dadin, eta egokia izan liteke letrei itzala jartzea edo ertza beste kolore batez markatzea. Irudiaren kolorea moteltzea ere lagungarria izan liteke. Bi koloretako letrak erabili behar izanez gero, horia izango da bigarren kolorea.

 

Erritmoa

Hizketaren erritmoak agintzen du, eta azpidatziek bat etorri behar dute ahotsarekin. Beraz, ahaleginak egin behar dira mintzo denaren erritmoa errespetaturik ikusleak eroso irakur ditzan azpidatziak, lasterka ibili behar izan gabe.

Horretarako, segundoko hamabi karaktere kalkulatzea gomendatzen da. Beraz, komeni da lerro bateko azpidatzia hiru segundo inguru egotea pantailan, eta bi lerrokoa, sei segundo inguru. Hitz silababakarra duten lerroak arinago ken daitezke.

 

Nola banatu lerroak

Normalean, 36-40 karaktere izaten dira lerroko, zuriuneak ere kontatuta.

Lerro banaketan, hitzak ez dira zatitu behar, eta, gainera, lerro bukaeran puntuazio marka bat egokitzea izaten da onena. Hori ezinezkoa denean ere, esaldiaren egitura errespetatuz banatuko ditugu lerroak. Esaterako, honelako elementuak ez ditugu bereiziko elkarrengandik.

 

elkarrekin ematekoak adibideak
sintagma beraren osagaiak

[no] Larri gabiltza, hilabete mordo

bat bada-eta euririk egiten ez duela.

[yes] Larri gabiltza, hilabete mordo bat

bada-eta euririk egiten ez duela.

aditzaren parteak

[no] Ur pixka bat atera behar izaten

dute, uholderik izan ez dadin.

[yes] Ur pixka bat atera behar izaten dute,

uholderik izan ez dadin.

aditz esapideak

[no] Beldur ginen aurrerago min

egingo ote zigun etxeko guztioi.

[yes] Beldur ginen min egingo ote zigun

aurrerago etxeko guztioi.

perpaus erlatiboak

[no] Ureztatzeko ura ematen digun

uharka beteta egoten da normalean.

[yes] Ureztatzeko ura ematen digun uharka

beteta egoten da normalean.

ez + aditza

[no] Orain argiago ikusten dugu ez

dugula aski izango urte guztirako.

[yes] Orain argiago ikusten dugu

ez dugula aski izango urte guztirako.

galdegaia eta aditza

[no] Guk ez genuen zuzenean ikusi, baina berak

esan zigun zer gertatu zen.

[yes] Guk ez genuen zuzenean ikusi,

baina berak esan zigun zer gertatu zen.

 

 

Argi adierazi norenak diren hitzak

Bideoan bi pertsonaren esanak baldin badaude, azpitituluetan ondo bereizi behar dira batenak eta bestearenak. Esaterako, pantailan aldi berean bi pertsona elkarrekin solasean ari badira, lerro bereizietan jarriko dira baten eta bestearen, eta bakoitzak bere kolorea izango du.

Elkarrizketatu batek beste norbaiten esanak aipatzen baditu, aipu markaz mugatuko dira.

Hark askotan esaten zuen:

"Lagunari mesedea, etsaiari legea".

 

Zenbakiak, urteak eta orduak

Zenbakiak gainerako testuetan bezala idazten dira: hogeita batetik gorako zenbakiak, zifraz; hortik beherakoak eta hitz bakar batean idazten direnak, letraz; urteak, beti zifraz.

Ehunekoak idazteko, dagozkien sinboloa eta zifra erabiltzen da.

Orduak zifraz idazten dira normalean, baina letraz ere adieraz daitezke tokia baldin badago.

Manifestazioa larunbatean izango da,

Bilbon, 17:00etan.

 

Manifestazioa larunbatean izango da,

Bilbon, 17:00etan.

 

Puntuazioa

Azpitituluetan ere, behar diren puntuazio marka guztiak jartzen dira. Esaldia osorik kabitzen ez denean, ez dago zertan etenpuntuen bidez adierazi ez dela bukatu.

Lehortea gainetik ezin kendu iaztik,

eta ea nola moldatzen garen,

 

ez baitu bukatzeko itxurarik.

Parentesiak erabiltzen dira tartekiak egiteko, ez marra luzeak.

Horren ondorioz, bigarren uzta guztia

(azalorea, brokolia, porrua, orburua, arto gozoa...)

ezingo da jarri, gehiegi arriskatzea bailitzateke.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: estiloliburua@berria.eus
webgunearen mapa