Onomastika

 

Izen bereziak idazteko irizpideak

 

Pertsona izenak

 
Izen-abizenak

Euskal herritarren euskal abizenak euskal grafiaz idazten dira BERRIAn, norberaren ohitura gorabehera. Ponte izenak, berriz, norberak darabilen forman.

Antonio Zabala (Antonio Zavala*); Isabel Zelaa (Isabel Celaa*); Karlos Argiñano (Carlos Arguiñano*); Arancha Gonzalez Laia (Arantxa Gonzalez Laya*)

Abizenak osorik ematen dira, laburtu gabe.

Goikoetxea (Goiko*); Urrutikoetxea (Urruti*); Aldamiz-Etxebarria (Aldamiz*) 

Aurkezpen zintetan eta argazki oinetan, ordea, onartzen dira honelakoak:

F. de Aranoa (Fernandez de Aranoa); R. Zapatero (Rodriguez Zapatero)

Euskal herritarren euskal abizenak de, y, d'- eta gisakorik gabe idazten dira.  

Jean Iriart (Jean D’Iriart*); Iñaki Mujika (Iñaki de Mujika*); Joan Sebastian Elkano (Juan Sebastián de Elkano*)

Salbuespena egiten da, ordea, tradizioz de eta guztiko forma izan duten euskal abizenekin, Euskaltzaindiak deituren izendegian azaldu duenez.

Diaz de Zerio (Diaz Zerioko); Sarria de Etxebarri (Sarria Etxebarriko); Martinez de Irujo (Martinez Irujoko)

Euskal Herritik kanpoko herritarren euskal abizenak haiek idatzi bezala idazten dira, euskal grafiara ekarri gabe.

Esperanza Aguirre (Esperanza Agirre*); Juan Echeverria jeneral txiletarra (Juan Etxeberria*); Che Guevara (Che Gebara*)

Alfabeto latinoan idatziriko izenak, oro har, bere hartan uzten dira.  

Jules Verne (Julio Verne*); Alexandre Dumas (Alejandro Dumas*); Maria Callas (Miren Callas*)

Marka diakritikoak, hala nola azentuak eta dieresiak, ezabatu egiten dira, baina juntagailu kopulatiboak berdin utzi. Erabiltzen den diakritiko bakarra zubererako ü da. Alemanezko a, o eta u letren gaineko dieresia [¨] ordezkatzeko, digrafoa erabiltzen da pertsona izenetan.

Miquel Marti i Pol (Miquel Martí i Pol*); Menendez y Pelayo (Menéndez y Pelayo*); Haendel (Händel*); Schoeder (Schöder*); Mueller (Müller)

Beste alfabetoetan idatziriko izenekin transkripzioa edo transliterazioa egin behar da. Hala egiten da alfabeto zirilikozko, arabiarrezko eta grekozko izenekin. Izen horiek egokitzeko, ikus transkripzio taulak. Txinerazko izenak idazteko, pinyinezko formak hobesten dira BERRIAn. 

 
Goitizenak

Oro har, goitizenak itzuli egiten dira.

Jack Tripa-urratzailea; Katalina II.a Handia; Rikardo I.a Lehoi-bihotza

Baina: Enrique Villareal El Drogas; Bruce Springsteen, The Boss

 
Pertsona historikoak, garaikideak eta fikziokoak

Oro har, hizkuntza bakoitzak bere erara idazten ditu honako hauen izenak: errege-erreginak eta printze-printzesak, eta haien ondorengo zuzenak; enperadoreak; Bibliako eta historiako pertsonaia klasikoak, Erdi Arokoak eta Errenazimentukoak; santuak, aita santuak, patriarka eklesiastikoak eta pertsonaia mitologikoak. Horrelakoak idazteko, kontuan izan atal honen bukaeran ageri den taula.

Henrike IV.a; Katalina II.a; Filipe IV.a; Julio Zesar; Zizeron; Ezekiel profeta; Joana Arc-ekoa; Nikolas Makiavelo; Kristobal Kolon; San Joan; Benedikto XV.a; Zirilo I.a; Zeus; Artur erregea; Gilen Tell  

Baina: Michelangelo; Leonardo da Vinci; Giovanni Gabrieli

Bigarren Mundu Gerra amaituz geroztiko errege-erreginen eta printze-printzesen izenak, berriz, bere hartan idazten dira.

Elizabeth II.a; Charles printzea; Juan Carlos I.a; Gustaf VI.a

Greziako izenak egokiturik ematen dira, beste alfabeto batekoak direnez gero.

Konstantino Greziakoa; Paulo I.a

 
Maizenik erabiltzen diren izenak
euskaraz gaztelaniaz frantsesez
Adam Adán Adam
Adolfo Adolfo Adolphe
Agata Águeda Agathe
Agustin Agustín Augustin
Agustina Agustina Augustine
Aines / Ines Inés Agnès
Aingeru Angel(a) Angèle
Alberto Alberto Albert
Alexandra Alejandra Alexandra
Alexandro Alejandro Alexandre
Alfontso Alfonso Alphonse
Alizia Alicia Alice
Ana Ana Anne
Andres Andrés André
Antolin Antolín Antonin
Anton (abadea) Anton / Antonio (abad) Antoine
Antonia Antonia Antoinette
Antonio (Paduakoa) Antonio (de Padua) Antoine
Artur Arturo Arthur
Baltasar Baltasar Balthazar
Bartolome Bartolomé Barthélemy
Bartolomea Bartolomea Bartholomé
Benedikto Benedicto / Benito Benoîte
Bernart / Bernardo Bernardo Bernard
Bizenta Vicenta Vincente / Vincenette
Bizente Vicente Vincent
David David David
Dionisio Dionisio Denis
Domingo Domingo Dominique
Eduardo Eduardo Edouard
Elisabet Isabel Elisabeth
Eusebio Eusebio Eusèbe
Eva Eva Eve
Fernando Fernando Ferdinand
Filipa Felipa Philippa
Filipe Felipe Philippe
Frantziska Francisca Françoise / Francine
Frantzisko/ Frantses Francisco François
Frederiko Federico Frédéric
Gabriel Gabriel Gabriel
Gabriela Gabriela Gabrielle
Garazi Engracia Engrace
Gaspar Gaspar Gaspard
Genoveva Genoveva Geneviève
Gilen Guillermo Guillaume
Gregorio Gregorio Grégoire
Gustavo Gustavo Gustave
Helena Elena Hélène
Henrike Enrique Henri
Hiazinta Jacinta  
Hiazinto Jacinto Hyacinthe
Ignazio Ignacio Ignace
Ildefontso Ildefonso Ildefonse
Inozentzio Inocencio Innocent
Isidoro (Sibiliakoa) Isidoro (de Sevilla) Isidore (de Seville)
Isidro (Nekazaria) Isidro (Labrador) Isidore (le Laboureur)
Jakob Jacob Jacob
Jakue Jaime / Santiago Jacques
Jesus / Jesu Kristo Jesús Jésus / Jésus Christ
Joakim Joaquín Joachim
Joana Juana Jeanne / Jeannette
Joanes / Joan Juan Jean
Josef José Joseph
Juda Judas Jude
Julia Julia Julie / Juliette
Julian Julián Julien
Juliana Juliana Julienne
Julio Julio Jules
Jurgi Jorge Georges
Kalisto Calisto Calixte
Karlos Carlos Charles
Katalina Catalina Catherine
Klaudio Claudio Claude
Kristina Cristina Christine
Laurendi Lorenzo Laurent
Luis Luis Louis
Luisa Luisa Louise
Lukas Lucas Luc
Luzia Lucía Lucie
Magdalena Magdalena Madeleine
Marko Marcos Marc
Martzelo Marcelo Marcel
Martzial Marcial Martial
Meltxor Melchor Melchior
Nikolas Nicolás Nicolas
Patrizia Patricia Patricia
Patrizio Patricio Patrick / Patrice
Paulo Pablo Paul
Petri Pedro Pierre
Rikardo Ricardo Richard
Severo Severo Sever
Silvestre Silvestre Sylvestre
Teodora Teodora Théodora
Valentin Valentín Valentin
Viktoria Victoria Victoire
Zesar César César
Zezilia Cecilia Cécile

 

 

Erakundeak, bankuak, elkarteak, fundazioak, alderdi politikoak, sindikatuak eta gobernuz kanpoko erakundeak

Itzuli egiten dira, salbu euskaraz baliokide argirik ez dutenak.

Frantziako Ekonomia Ministerioa; Nazioarteko Diru Funtsa; Espainiako Bankua; Santander bankua; Ilargi Gorria; Miro Fundazioa; Espainiako Hizkuntzaren Akademia; Alderdi Demokratiko Unionista; Alderdi Demokratiko Liberala; Fronte Nazionala; Mugarik Gabeko Medikuak

Baina: Bundesbank; Banca del Lavoro; King’s College; Scotland Yard; Convergencia i Unio; Sinn Fein; Greenpeace; National Geographic

 

Enpresak

Oro har, enpresen izenak ez dira itzultzen.

Gas Natural; Gaz de France; Mittal Steel; British Telecom

Dena dela, enpresaren izenaren parte euskal toponimo bat denean, honela jokatzen da BERRIAn:

Hernaniko Electroquimica (Electroquímica de Hernani*); Bidasoko Porcelanas (Porcelanas del Bidasoa*); Azpeitiko Corrugados (Corrugados Azpeitia*)

 

Talde artistikoak

Izen espezifikoak ez dira itzultzen.

Rolling Stones; Red Hot Chili Peppers; Theatre des Chimeres; Els Joglars

Izen deskriptiboak, normalean, itzuli egiten dira.

Vienako Orkestra Sinfonikoa; Nizako Operako Balleta; Txinako Ganbera Orkestra Gaztea

 

Siglak eta akronimoak

Oro har, siglak ez dira itzultzen, batez ere herrialde jakin batekoak direnean, baina bai haiek ordezkatzen dituzten izenak.

PCF, Frantziako Alderdi Komunista; PSC, Kataluniako Sozialisten Alderdia  

Nazioarteko erakundeen siglak, aldiz, euskaratu ohi dira, batez ere oso erakunde ezagunak direnean.

NBE, Nazio Batuen Erakundea; EBZ, Europako Banku Zentrala

Dena dela, batzuek oso forma ezaguna dute nazioartean; horrelakoetan, nazioartekoa erabiltzen da.

Unicef; NATO

Normalean, forma ezaguna ingelesezkoa izaten da, baina frantsesezkoa eta gaztelaniazkoa bat izanik nazioartean oso ezaguna denean, huraxe erabiltzen da.

FAO; OIT

 

Mahai inguruak eta hitzaldiak

Agenda sailean, mahai inguru eta hitzaldien izenburuak bere hartan ematen dira, itzuli gabe; hartara, irakurleak badaki zer hizkuntzatan mintzatuko diren ekitaldian. Beste sailetan, berriz, euskaraz ematen dira izenburuak.

Agendan

DONOSTIA. Cruces de miradas sobre el islam. Bihar, Donostian, Lugaritz kultur etxean, 19:00etan.

IRUÑEA. Feminismos y prácticas artísticas en nuestro entorno. Descalzos aretoan, 20:00.

Beste sailetan

Catherine Roberts biologo kanadarrak bioaniztasunaren bestelako ikuspuntua eman zuen atzo Bilbon, Biziaren gogoa izeneko hitzaldian.

Aldatuz doan mundu bat hitzaldian, Saramago argi eta garbi mintzatu zen, ohi duen moduan.

 

Kirol probak

Itzuli egiten dira, salbu jatorrizko izena nazioartean oso hedatua dutenak.

Olinpiar Jokoak; Paris-Dakar rallya; Europako Futbol Kopa; Tirreno-Adriatiko itzulia; Normandiako Itzulia; Monte-Carloko Sari Nagusia

Baina: Grand Slam; Super Bowl; Volvo Ocean Race, Grand National

 

Zientzia, teknika, literatura eta zinema lanak

Euskaraturiko lanei buruz aritzen garenean, euskarazko izenburua da erreferentzia nagusia. Egoki iritziz gero, jatorrizkoa ere aipa daiteke behin, parentesi artean eta letra etzanez.

«Gizonei buruzko liburu bat da» Gatsby handia (The Great Gatsby); Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean eleberriarekin konparatzen dute.  

Euskaratu gabeko lanak aipatzen direnean, aurrena jatorrizko izenburua ematen da, letra etzanez, eta, ondoan, egoki iritziz gero, BERRIAk eginiko itzulpena, parentesi artean eta letra arruntez.

Il pendolo du Foucault (Foucaulten pendulua); La novela vasca al borde de la realidad (Euskal eleberria errealitatearen ertzean); Why Write (Zergatik idatzi) 

1955ean, Pulitzer saria irabazi zuen bigarren aldiz, Cat on a Hot Tin Roof liburuagatik.

All About Eve filmean, lan zoragarria egin zuen Bette Davisek.

Jatorrizko izena oso arrotza gertatzen denean edo obra klasiko bat denean, berriz, euskaraz eman ohi da.

Krimena eta zigorra; Gerra eta bakea; Kapitala; Potemkin korazatua; Lau soseko opera

Dena dela, egitarauen berri jakinarazten denean, emanaldiko hizkuntzan idazten da izenburua, irakurleak jakin dezan zer hizkuntzatan ikusiko duen filma edo antzezlana. Hala egiten da, esaterako, telebistako programazioan eta zinema aretoetako filmen zerrendan. 

 

Musika lanak

Musika klasikoko lanen izenburuak, oro har, itzuli egiten dira.

Alaitasunaren oda; Harmoniaren eta asmakizunaren arteko saioa; Intxaur-hauskailua; Mundu Berriko sinfonia

Baina: Cosi fan tutte; Madama Butterfly; L’elisir d’amore; Trois gymnopédiest

Musika modernoko lanen izenburuak bere hartan idazten dira.

Sings of the Times; La vie en rose; Dreams of Freedom; Redemption Song

 

Arte plastikoetako lanak eta erakusketak

Oro har, itzuli egiten dira.

Calaisko burgesak eskultura; Tahitiko emakumeak hondartzan margolana; Atseginen baratzea pintura

 

Sariak

Sariaren izena deskribatzailea bada, itzuli egiten da.

Urrezko Palma; Asturiasko Printzea saria; Urrezko Hartza; Urrezko Lehoia

Baina: Oscar sariak (Oskar*)

 

Produktuen izenak

Jatorri izenak itzuli egiten dira, baina markak eta modeloak ez.

Normandiako Camembert sor-marka; Opel Corsa autoa; Chrysler Voyager modeloa

 

Hiri eta herrietako toponimia

Bide publiko, auzo, monumentu eta eraikin berezien izenak idazteko, ez dago irizpide orokorrik ematerik. Gehienetan, generikoak itzuli egiten dira.

Eixample auzoa; Retiroko parkea; Montmartre auzoa; Eiffel dorrea; Pisako dorrea

Izen deskribatzaileak, oro har, itzuli egiten dira.

Plaza Gorria; Eliseoko Zelaiak; Bosgarren Etorbidea; Alexandro III.aren zubia

Baina: Wall Street; Central Park; Fontana di Trevi; Downing Street; Alexanderplatz; Ponte Vecchio; Pont Neuf

 

Kirol taldeak

Kirol taldeen izenetako toponimoak egokitu egiten dira.

Akize (Dax*); Real Madril (Real Madrid*); Monako (Monaco*); Valentzia (Valencia*)  

Kirol taldeen izenak, oro har, ez dira itzultzen.

Estudiantes; Los Angeles Lakers; Manchester United

Salbuespen bakarra dago:  

Izar Gorria (Belgradekoa)

 

Alfabeto arabiarra eta perso-arabiarra

 

Non erabiltzen den

Alfabeto arabiarra herrialde hauetan erabiltzen dute: Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak, Bahrain, Egipto, Irak, Jordania, Kuwait, Libano, Libia, Maroko, Mauritania, Oman, Palestina, Qatar, Saudi Arabia, Siria, Sudan, Tunisia eta Yemen.

Alfabeto perso-arabiarra, berriz, herrialde hauetan: Afganistan, Iran eta Pakistan.  

Hango izenak euskaraz idazteko, hemen ageri den taula erabiltzen da. Dena dela, Pakistango izenak ingelesezko eran zabaldu dira nazioartean, Indiakoak bezala, eta ingelesez bezala idazten dira BERRIAn ere.

 

Taula

Taula hau erabiltzen da alfabeto horietan idatziriko izenak euskaratzeko.

 

ingelesez frantsesez gaztelaniaz euskaraz
ch tch ch tx (esaterako, Txad)
dh, gh dh, gh d, g dh, gh (esaterako, Abu Ghraib)
iyah, -iya -iyah, -iya -iyah, -iya -iya (hitz amaieran; esaterako, Nasiriya)
j j, dj y j (esaterako, Najab)
k k k k (esaterako, Karbala, Kuwait)
kh kh j kh (esaterako, Khartum, Khomeini)
q q q q (esaterako, Al-Qaeda, Qatar)
-n -ne -n -n (hitz amaieran; esaterako, Jenin)
sh ch sh x (esaterako, Raxid)
s ss s s (esaterako, Mosul, Aswan)
th th z th (esaterako, Baath)
u ou u u (esaterako, Mubarak)
w ou, w w w (bokal artean edo bokal aurrean; esaterako, Kuwait, Aswan), u
y i, y y, i y (bokal artean edo bokal aurrean; esaterako, Diwaniya), i (esaterako, Hudaida)

Oharrak

Izen bat bokala + h letraz amaitzen denean, -h hori ezabatu egingo da mutua denean, eta bere hartan utzi ahoskatzen bada.

Al-Fatah; Diwaniya; Nasiriya; Al-Arabiya

Baina: Ala

 Kontsonante bikoitzak bere hartan utzi.

Falluja; Hezbollah; Amman; Hussein

Baina Osama idatzi, hala delako arabieraz.

 Artikulua letra larriz hasieran, eta xehez tartean. Marratxoz loturik idazten da.

Al-Jaafari; Al-Fatah; Deir ez-Zor

H-z bukaturiko hitzak letra hori ez balego bezala deklinatuko dira.

Al-Fatahk; Al-Fatahren; Al-Fatahko

 

Alfabeto grekoa

 

Non erabiltzen den

Alfabeto grekoa Grezian eta Zipren erabiltzen da, greziera idazteko. Gehienetan, era ingelesean, frantsesean edo gaztelaniazkoan transkribatuta heltzen dira grekozko izenak, Greziakoak izan nahiz Ziprekoak izan. Izenok idazteko, kontuan izan grekozko kappa letra dela euskaraz, eta ez c. Beraz, batzuetan egokitu egin beharko dira grekozko izenak. Adibidez:

ingelesez frantsesez gaztelaniaz euskaraz
Anacreon Anacréon Anacreonte Anakreonte
Constantine Costantin Constantino Konstantinos
Cavafis Cavafis Cavafis Kavafis
Constantine Costantin Constantino Konstantinos
Caramanlis Caramanlis Caramanlis Karamanlis

 

 

Taula

Grekozko izenak euskaraz idazteko, taula hau erabiltzen da BERRIAn.

ingelesez frantsesez gaztelaniaz euskaraz
i u u, y, i i
k k c, qu, k k
kh, ch kh j kh
ou [Papoulias] ou [Papoulias] ou [Papoulias] u [Papulias]
ph ph f f
r, rh r r, rr r
th th c, z th [Kallithea]
u, y u, y u, y y [Syriza]
z z s z

 

 

Alfabeto zirilikoa

 

Non erabiltzen den

Alfabeto zirilikoa herrialde hauetan erabiltzen da: Bielorrusia, Bulgaria, Errusia, Georgia, Kazakhstan (2017an, alfabeto latinoarekin ordezkatzeko bideari ekitea erabaki zuten, eta 2025ean bukatzekoa dute trantsizioa), Kirgizistan, Mongolia, Serbia, Tadjikistan eta Ukraina (Azerbaijanen ere zirilikoa erabili zen Sobietar Batasunaren parte izan zen bitartean, baina latinerako bidea hasi zuen 1991n, eta 2001ean eman zuten bukatutzat).

 

Taula

Zirilikozko izenak euskaraz idazteko, taula hau erabiltzen da BERRIAn.

ingelesez frantsesez gaztelaniaz euskaraz
ch tch ch tx [Txaikovski]
e e o o [Gorbatxov]
ge, gi gue, gui gue, gui [Serguei] ge, gi [Sergei]
kh kh j kh [Maskhadov, Sakharov]
ks ks x ks [Aleksander]
sh ch sh x [Puxkin]
shch chtch sch stx [Khrustxov]
s ss, s s s [Kosigin]
u, oo ou u u [Kurnikova, Luzhkov]
x x x ks [Maksim]
y i, y y i [Valeri, Soiuz]
zh j zh zh [Zhirinovski, Zhivago, Zhukov, Solzhenitsin]

• Oharrak

Hitz hasieran i eta bokal bat egokitzen badira, bihurtu.

Yuri -> Iuri -> Juri

Bi i elkarren ondoan geratzen badira, i bakarra idatzi.

Kaspiysk -> Kaspisk; Ilyitx -> Ilitx

Frantsesezko -ine eta -ne bukaerak -in bihurtu.

Pouchkine -> Puxkin

Borodine -> Borodin

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: estiloliburua@berria.eus
webgunearen mapa