Ortotipografia

 

Letra etzana

 

Zertarako

Letrak, hitzak, esaldiak edo testu zatiak nabarmentzeko erabiltzen da. Testu osoa letra etzanez idatzirik badago, aipu marka bakunez bereizten dira BERRIAn bestela etzanez idatzi beharrekoak.

 

Etzanez idaztekoak

 
Izenburuak

Liburuak, tesiak, ikerlanak eta komikiak; eleberrien atalak, ipuinak eta poemak.

Bizia lo liburua; Immigrazioaren integrazioa eta kooperatibismoa Arrasaten tesia; Ipurbeltz komikia; Maldan behera poema

Liburuetan, badago salbuespenik: erlijioen testu santuak eta kodexak, hiztegiak eta liburukiz osaturiko entziklopediak.

Biblia; Korana; Tora; San Joanen Ebanjelioa; Donemiliaga Kukulako Kodexak; San Emilianoren Kodexa; Orotariko Euskal Hiztegia; Euskaltzaindiaren Hiztegia; Britannica entziklopedia

Liburu bildumak ere, letra arruntez.

Sail Beltza eta Enigma bildumak; Zerberri; Bidegileak 

Egunkariak, aldizkariak, egunkarietako eta aldizkarietako artikuluak.

Le Monde egunkaria; Senez aldizkaria; D eredua: oraingoz beste aukerarik ez artikulua

Baina berri agentziak, letra arruntez.

AP berri agentzia; Efe agentzia

Ikus-entzunezkoak eta multimedia produktuak: antzezlanak, filmak, irratiko eta telebistako saioak, telesailen atalak, bideojokoak, podcastak.

Euskararen zazpi bekatu nagusiak antzezlana; Marius et Jeannette filma; Eta hitza jolas bihurtu zen irratsaioa; Sautrela saioa; Maiztasun hiztegia CD-ROMa; Estropadak bideojokoa

Webguneak, blogak, Twitterreko erabiltzaile izenak eta traolak, wikiak eta aldizkari eta egunkari digitalak. 

Ttap aldizkari multimedia; Sustatu ataria; @estiloliburua#liburutegia etiketa; 31 eskutik bloga

Musika lanak: abestiak, diskoak, ereserkiak, operak eta beste. 

Ne me quitte pas abestia; Hautsi da anphora diskoa; Els segadors ereserkia; Il trovatore opera

Baina ordinalarekin osaturiko izen deskribatzaileak, etzanik gabe. Ahal dela, letraz idatziko dugu ordinala:

Beethovenen bederatzigarren sinfonia; Brucknerren 9. sinfonia

Artelanak: margolanak, eskulturak, argazkiak, instalazioak eta abar, baina arkitektura lanak ez, toponimo bihurtu diren neurrian.

Azken afaria margolana; Gizona oinez eskultura; Hiru mendi instalazioa

Baina: Guggenheim museoa; Keopsen piramidea

Erakusketa, hitzaldi eta mahai inguruak.

Hutsaren umezurtzak erakusketa; Kooperatiben iragana eta geroa hitzaldia; Europaren aldeko lau proposamen eta erregu bat mahai ingurua

Biltzarren izen espezifikoak.

Orain da garaia biltzarra; Parekidetasunetik kultura eraiki topaketak

Izena deskribatzailea bada, ez da idazten etzanez.

Gazte Hizkerari Buruzko Biltzarra; Artista Gazteen Topaketak

Leloak (publizitate kanpainak, hauteskunde kanpainak, manifestazioetako deiadarrak eta pankartak...).

Bai euskarari leloa; Lan istripurik ez leloa

BERRIAren atalen izenak.

Kirolak saila; Igandea gehigarria

Liburu eta film euskaratu gabeak aipatzean jatorrizko izenburuarekin batean itzulpena ematen denean, jatorrizkoa etzanez idazten da, eta itzulia arruntez.

Komedia ederra To Be or Not To Be (Izan edo ez izan). 

1988an argitaratu zen Il pendolo di Foucault (Foucaulten pendulua).

 
Goitizenak

Izen-abizenen ondoan daudenean, letra etzanez idazten dira.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi; Jose Migel Iztueta, Lazkao Txiki

Bestela, letra arruntez idazten dira, non eta goitizena ez den arrunkeria edo gordinkeria; hala bada, beti etzanez.

Txilikuk 2004ko Euskadi saria irabazi zuen.

Baina: Santi Potros auzipetuta dago. 

Errege-erreginen, aita santuen eta santuen goitizenak, beti letra arruntez. 

Antso Jakituna; Antso Azkarra; Alexandro Handia

Ingelesez, izenaren eta abizenaren erdian jartzen dute goitizena eta txikigarria, baina euskaraz horrek ez du inolako tradiziorik.

Robustiana Mujika, Tene [Robustiana Tene Mujika*]; Zupo Ekisoain [Francisco Javier Zupo Ekisoain*]

Goitizenak eta abizenak osatzen dute hainbat artista eta kirolariren izen ezaguna. Horrelakoetan, letra arrunta erabili behar da.

Magic Johnson; Kuko Ziganda

Izen txikigarriak edo hipokoristikoak ez dira goitizenak, eta, beraz, letra arruntez idazten dira.

Lutxo Iturrino; Ritxi Mendiguren; Fran Yeste

 
Zenbait izen berezi

Mota guztietako ibilgailuei jarririko izen bereziak (itsasontziak, hegazkinak, trenak, sateliteak, espaziontziak, zundak...). 

Apolo 10; Enola Gay; Nautilus; Prestige

Baina markak eta modeloak letra arruntez idazten dira.

Boing 747; Opel Corsa

Birus informatikoen eta domeinuen izenak, eta Interneteko helbideak.

I love you birusa; BugBear; .eus; .cat; www.berria.eus; www.eizie.org; [email protected]

Baina programa informatikoak, bilatzaileak eta aplikazioak, letra arruntez: WordPerfect; Photoshop; Google.

Animalien eta landareen latinezko izen zientifikoa (generoa eta subgeneroa letra larriz, eta espeziea eta subespeziea xehez).

Panthera leo senegalensis; Macropus rufus

Baina animaliei jarritako izen bereziak, letra arruntez.

Camille hartza, Bizkor txakurra

Urakanei eta bestelako natur fenomenoei jarritako izen bereziak.

Ivan eta Mitch urakanak; El Niño eta La Niña fenomenoak

Auziak, eskandaluak eta operazio militarrak izendatzeko modu arrunta.

Otano auzia; Watergate auzia; Ostadar operazioa

Baina: Otanoren auzia

Lege, plan eta batzordeen izen laburtuak, egilearen edo sortzailearen izenaz osatuak.

Baker planaEl Khomri legeaDelors batzordea

Eskaladako bideei jarritako izen bereziak.

Honky Tonky bidea 1998an egin zuen Bereziartuk. 

Tas-Tas bidetik igotzen saiatu zen.

 
Metahizkuntza eta matematika

Metahizkuntza.

Damutu zaio herritar hitza sekula ez erabilia.

Ahalegindu esan diezun arren, saiatu idazten dute kazetari askok, eta jaramon egin esan eta kasu egin idatzi.

Mintzaldian, behin eta berriz esan zuen ingelesezko hitz bat: eye (begia).

Baina inoren izena galdetu eta ematen denean, ez da hartzen metahizkuntzatzat, eta, beraz, letra arruntez idazten da. Beste hainbeste gertatzen da modu erretorikoan X izeneko tokian eta gisakoak erabiltzen direnean.

Zein izen duen galdetu diot, eta Axun dela erantzun dit.

Uste dut ahaztu egin zaigula Irak izeneko herrialde hori.

Formula matematikoetako letra latinoak eta testu atalak izendatzen dituzten letra xeheak.

Jo dezagun x + y = z dela.

Legeak b eta c paragrafoetan dioena gogoratu du.

Baina formula kimikoetakoak, letra arruntez: H2O; CO2.

 
Beste hizkuntzetakoak

Euskarak beretu gabeko maileguak.

apartheid; saudade; cum laude

Beste hizkuntzetan idatziriko esaldiak.

Ezra Poundek «to make it new» aldarrikatu zuen.

Baina badira nazioarteko zenbait esamolde, batez ere tituluetan erabiliak, letra arruntez idatzi beharrekoak. Adibidez:

In memoriam.

 
Esanahi jokoak

Ironiaz idatziriko hitzak.

Inkisizioaren ordezkoa da hark gidatu duen ministerioa.

Hitzaren betiko esanahia aldaturik idatzitakoa.

Halako makarrak,  hobe urruti.

 

Nola deklinatu

Deklinabide atzizkia letra arruntez idatziko dugu, eta marratxoz lotuko diogu hitzari.

Herria-ko artikulua; Argia-ko kazetaria

Izenburuak deklinatzean, ahal dela hobe da ondotik hitz bat jartzea eta hura deklinatzea.

Obabakoak liburuko ipuina 

Deklinatu beharrik ez izateko, jakina, absolutiboan jartzea da onena (nor kasuan), baina ezina da beti horrela jokatzea.

Salbuespenak: bestelako adiera edo ironia adierazten duten euskal hitzak; auziak eta eskandaluak izendatzeko modu arrunta; lege, plan eta batzordeen izen laburtuak; eta zenbaki erromatarra duten goitizenak eta ontzi izenak. Horrelakoetan, deklinabide atzizkia ere etzanez idazten da.

Makarragoa ematen zuen orduan.

Otano auziak soka luzea ekarri du. 

Watergate auziaren oihartzuna ez da itzali oraindik. 

Mariano Juaristik, Atano III.ak, txapelketa asko irabazi zituen.

Neil A. Armstrong, Edwin Aldrin eta Michael Collins joan ziren Apolo 11n.  

 

Tituluak eta beste informazio elementu bereziak

Titulu, azpititulu, goititulu, tarteko titulu eta leihoetan, letra arruntez eta aipu marka bakunen artean idazten dira testu barrenean etzanez idatzi beharrekoak.

‘Kondor operazioagatik’ ez auzipetzea erabaki du epaileak

 

Puntuazio markak

Letra arruntez idazten dira, non eta ez diren izenburu baten parte.

Arantxa Iturbek Ai ama! liburua idatzi zuen 1990. urtean. 

Irakurri duzu Eta handik gutxira gaur?

David Lynchek (The Elephant Man) lan bitxiak egin ohi ditu.

 

Letra larria, xehea eta maiuskula txikia

 

Zertarako letra larriak

Letra larrietan bi mota daude, oro har: mota batekoek, testu edo esaldi hasiera markatzen dute; bestekoek, izen edo izendapen bereziak markatzen dituzte, eta, berezkoak direnez, beti jartzen dira, esaldian dauden tokian daudela.

 

Letra larria, tokiaren arabera

Testu hasieran eta puntuazio marka batzuen ondoren, letra larriz idatzi behar dira hitzak. Hala, letra larria erabiltzen da:

Testu hasieran eta paragrafo hasieran.

Puntuaren ondoren.

Galdera eta harridura marken eta hiru puntuen ondoren, puntuaren funtzioa ere betetzen dutenean.

Ederra zen, bada! Inor ez zen ausartzen ezertxo ere esaten. 

Zergatik egin nuen? Bada, barrenak eskatu zidalako.

Horrela jokatuz gero, ez dago irabazterik... Nolanahi ere, liga hasi besterik ez da egin.

Baina:Opari bikaina da... ezer gutxi behar duenarentzat. 

Arrazoi duzu, bai horixe!, eta nekez azalduko du inork hobeki. 

Denbora-pasa ederra da...: nik ez dut besterik egin azkenaldian.

Bi puntuen ondoren, sailkapen, kronologia edo taula modukoetan.

Otsailak 22: Alegazioak jartzeko epea amaitu zen. 

Maiatzak 16: Sabin Intxaurraga sailburuak behin-behineko onespena eman zion.

Uztaila: Arazorik ez bada, behin betiko onartuko da uztailean.

Bi puntuen ondoren, aipu marken barruko adierazpena badator.

Donostian kokatu du eleberria Iñurrietak, ikuspegi unibertsalista baino gehiago partikulartasuna aldarrikatu nahian: «Normalean, fikzioak antzinako edo leku mitikoetako gertaerak kontatu izan ditu. Eleberri honetan, aldiz, kontrakoa egin dut».

Baina bi puntuen atzetik gure diskurtsoan segituz gero, letra xehez.

Oso garbi du urteak bete aurretik zer egin nahi duen: marka ezarri.

 

Letra larria, izen bereziak markatzeko

Izen edo izendapen bereziak arruntetatik bereizteko, letra larria erabiltzen da. Hala, letra larriz idazten dira:

 
Pertsona izenak, egiazkoak zein alegiazkoak

Pertsona izenak eta goitizenak.

Baina abizenetako artikuluak eta preposizioak (de, del, de la, d’ ), letra xehez.

Antso Azkarra; Diaz de Zerio; Lopez de Abetxuko; Eça de Queiros; Charles de Gaulle; Vincent van Gogh; Lars von Trier; Ursula von der Leyen

Badaude salbuespen batzuk, hala nola italiar abizenetako artikuluak eta preposizioak. 

Brian De Palma; Robert De Niro; Danny DeVito; Leonardo DiCaprio; Marine Le Pen

Dena dela, aurretik izenik ez badute, preposizioa beti larriz.

De Gaulle; Van Gogh; Von Trier

Artelanak izendatzeko egilearen izena erabiltzen denean, larriz idazten da.

Etxean Picasso bat edukitzea bezain zentzugabea da kale bakoitzean Txillida bat ipintzea.

Santuen izenetan, Done, San, Santa eta Santu ere larriz. Orobat, erlijiosoen izenetan, Aita, Anaia, Frai, Ahizpa, Arreba eta beste.

San Joan; Santa Katalina; Done Jakue; Aita Donostia; Ahizpa Lurdes

Jainko-jainkosak, mitologia eta alegiazko heroi eta pertsonaiak.

Jainkoa; Ala; Atena; Herkules

Baina alegiazko pertsonaien izen kolektiboak, letra xehez.

graziak; musak; dioskuroak; zentauroak; sirenak; amazonak; nibelungoak

 
Animaliak

Animaliei jarritako izen bereziak.

Pintxo; Camelle 

Baina animalien arrazak, aldiz, xehez.

setter; chihuahua

Animalien eta landareen izen zientifikoetan, lehen hitza larriz (generoa eta subgeneroa letra larriz, eta espeziea eta subespeziea xehez).

Malaria zabaltzen du Anopheles gambiae eltxoak.

Hori guztia Homo sapiens-a sortu aurrekoa da.

 
Lekuak

Leku izenetan, letra larriz hitz guztiak, tarteko artikulu eta preposizioak salbu.

Los Angeles; Santa Eulalia del Riu; Aix-en-Provence; Ile-de-France

Generikoa letra xehez idazten da, non eta ez den izen bereziaren parte, izen + izenondo egitura batean.

Mediterraneo itsasoa; Amazonas ibaia; Alpe mendiak; Bilbo hiria; Bizkaiko golkoa, Indiako ozeanoa 

Baina:Itsaso Gorria; Ibai Urdina; Ozeano Barea

Administrazioko egitura politikoak.

Nafarroako Foru Komunitatea; Pirinio Atlantikoetako Departamendua

Errealitate historiko eta geopolitikoak.

Mendebaldea [herrialde kapitalistak; tradizio kristaua] / Ekialdea [herrialde komunistak; tradizio budista, hinduista]; Iparra [herrialde aberatsak] / Hegoa [herrialde pobreak]; Ekialde Hurbila

AEBetako eta Mendebaldeko kulturen menpeko ikusten zuen Japonia.

Leku izenetatik eratorritako aditzak, baina ez herritar izenak.

Euskal Herriratu; Frantziaratu; Espainiaratu

Baina: nafarra, frantziarra, espainiarra

Herri eta hirietako toponimoak, eraikinak, gelen izen bereziak. Generikoa letra xehez idazten da, non eta ez den izen bereziaren parte.

Petronas dorreak; Arriurdiñeta plaza; Estafeta kalea; Euskalduna jauregia; Lekaio kultur etxea; Biteri kultur etxea; San Joan Bataiatzailearen eliza; Moneda jauregia; Barakaldo antzokia; San Telmo museoa; Alkizako Kultur Etxea; Elgetako Kultur Etxea; Arte Ederren Museoa; Etxe Zuriko Gela Obala; Ondarroako Kafe Antzokia  

Baina: Dorre Bikiak; Kale Nagusia; Plaza Biribila

Itzultzen ez diren atzerriko toponimoak.

Downing Street; Times Square

 
Argizagiak

Planetak, sateliteak, izarrak, konstelazioak eta zodiakoa.

Saturno; Marte; Ilargia; Aries

Eklipse ikusgarria izan zen atzo Euskal Herrian, Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artetik igaro zelarik.

Baina: 

Jupiterren ilargi bat da Io.

Gaur eguzkiak ez du askorik joko.

 
Erakundeak eta taldeak

Erakundeak, organismoak, elkarteak, taldeak eta enpresak, eta haietako gobernu eta kudeaketa organo nagusiak.

Laborantza Ganbera; Nafarroako Gobernua, Ekonomia Ministerioa; Bizkaiko Aldundia; Oiartzungo Udala; Zuzenbide Fakultatea; Legebiltzarreko Mahaia

Baina erakundeak ofiziala ez den modu batean izendatzen direnean, letra xehez idazten dira.

Iruñeko gobernua; Sanzen gobernua

Erakundeak pluralean edo adjektibo edo erakusle batekin agertzen direnean, letra xehez.

Euskal Herriko Unibertsitatea

Baina: unibertsitate hori

Arabako Foru Aldundia 

Baina:  hiru foru aldundiak

Ekonomia Ministerioan 

Baina:  Ekonomia ministerioetan

Erresuma Batuko Gobernua 

Baina: Londresko gobernua, Tony Blairren gobernua, laboristen gobernua

Baionako Udala

Baina: udal hori, udala

Italiako Estatua 

Baina: estatu arrazoia

Lehen Auzialdiko 2. Epaitegia

Baina: epaitegi hori

Kasu berezi bat bada: Eliza erakundea aipatzean, larriz idazten da beti, nahiz eta adjektiboa erantsi.

Eliza katolikoa; Eliza anglikanoa 

Baina eraikinez ari garenean, xehez.

San Paulo katedrala; San Joan Bataiatzailearen eliza 

 
Ekitaldiak

Gizarte, kultur eta kirol ekitaldi eta egun bereziak, hitz guztiak larriz (jardunaldiak, literatura eta arte jaialdiak, kirol txapelketak...).

Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguna; Aberri Eguna; Liburuaren Eguna; Durangoko Azoka; Munduko Futbol Txapelketa; Eskuz Banakako Txapelketa

Baina: txapelketa gogorra; Roland Garros tenis lehiaketa; Euskal Bizikleta proba

Sariak. Kontuan izan sari hitza larriz idazten dela izenaren parte denean, eta xehez ez denean.

Publikoaren eta Kritikarien Saria; Letra Katalanen Ohorezko Saria

Baina: Oscar sariak; Emakunde sariak; Ricardo Arregi saria; Bakearen Nobel saria; Euskadi sariak

 
Izenburuak

Argitalpen, dokumentu eta artelanen izenak, lehen hitza larriz (liburuak, antzezlanak, telesailak, artelanak, telebista eta irratiko saioak, filmak, CD-ROMak...). 

Haur besoetakoaHitzetik hortzeraDeabruaren hiztegia

Baina egunkariak, aldizkariak eta liburukiz osaturiko hiztegi, gramatika, entziklopedia eta abar, hitz guztiak larriz. 

Orotariko Euskal Hiztegia; Euskaldunon Egunkaria; Le Monde 

Ingelesezko izenburuetan, hitz guztiak larriz, hitz gramatikalak izan ezik.

The Importance of Being Earnest; All the President’s Men

Liburu bildumak, hitz guztiak larriz.

Enigma eta Sail Beltza bildumetako lau liburu kaleratu dituzte.

Erakusketa, hitzaldi, mintegi eta mahai inguruak, lehen hitza larriz.

Lanaren aldeko lau proposamen eta erregu bat mahai ingurua; Verne, alegiazko egiak erakusketa

Biltzar eta jardunaldien izen deskribatzaileak, hitz guztiak larriz.

Gazte Hizkerari Buruzko Biltzarra; Artista Gazteen Topaketak

Baina izen espezifikoak, letra etzanez idaztekoak direnez, lehen hitza bakarrik larriz.

Orain da garaia biltzarra; Parekidetasunetik kultura eraiki topaketak

 
Agiriak

Hitzarmenak, agiriak, planak eta egitasmoak.

Kontuan izan itun, agiri, plan, egitasmo hitzak larriz idazten direla izenaren parte direnean, eta xehez ez direnean.

Kyotoko Protokoloa; Gizarte Eskubideen Agiria; Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia; Vatikanoko II. Kontzilioa  

Baina: Eramus egitasmoa; Nunca Mais agiria

Dena dela, agiri edo proiektuaren izena etzanez idatziko da esaldiaren parte batekin nahas daitekeen euskal hitzen bat bada.Herenegun programa atzera bota dute, oraingoz

Legeen izen ofizialak.

Dena dela, legeen atalak letra xehez idazten dira.

Zigor Kodea; Gizarte Eskubideen Agiriaren Legea (10/2000 Legea, abenduaren 27koa, Gizarte Eskubideen Agiriarena); Ingurumena Babesteko Lege proiektua

Baina: Europako Konstituzioko VII. tituluan ageri dira lankidetza indartuari buruzko xedapenak.

 
Historia

Aro, aldi eta gertakari historikoak; mundu gerrak.

Hitz guztiak larriz idazten dira.

Erromatar Inperioa; Erdi Aroa; Frantziako Iraultza; Errusiako Iraultza; Bigarren Mundu Gerra; Pragako Udaberria; 68ko Maiatza

Baina: 36ko gerra; Persiar golkoko gerra; Afganistango gerra

Erlijioari loturiko aldi eta egunak.

Pazkoan; Mendekoste; Aste Santua; Ostegun Santua; Gabonak, Eguberriak; Ramadana

Baina: Eguberri eguna; Gabon eguna; Gabon gaua; Gabon zaharra; Urteberri eguna; Urtezahar gaua; Pazko bigarrena; Pazko astelehena

 
Ikasgai, ikastaro eta ikasketak

Ikus-entzunezko Komunikazioa izango da ikasketa berria.

Informazioaren Segurtasuna ez da master erraza.

 
Markak eta modeloak

Autoak, motoak, hegazkinak, espaziontziak eta ibilgailuak oro har, eta bestelako marka komertzialak.

Ford Scort bat; Boing 707 hegazkina

Baina marka generiko bihurtu bada, xehez.

Bazkaldu aurretik coca-cola bat hartu dut.

Atzo aspirina bat ekarri nizun.

 
Objektuen izen bereziak

Objektuei jarririko izen bereziak, hala nola kanoiei, ezpatei, ezkilei, harriei eta diamanteei emanikoak.

Rosita kanoia; Albizuri Handia harria; Igeldoko Harria; Excelsior diamantea

 

Letra xehea

Hona hemen zalantza sortzen duten zenbait kasu, denak ere letra xehez idaztekoak:

Herritar izenak.

europar; donibandar; iruindar

Puntu kardinalak.

Kenyako ipar-ekialdea; Malaysiako hegoaldean; Lapurdiko iparraldea; Asiako hegoaldea

Baina toponimo baten edo errealitate historiko edo geopolitiko baten zati direnean, larriz.

Hego Amerika; Ekialde Hurbila; Ekialde Urruna

Karguak.

aita santua; dalai-lama; erregea; erregina; lehen ministroa; Ekonomia ministroa; lehendakaria; Hezkuntza sailburua; Justizia sailburua; alkatea

Noblezia tituluak.

Scheleswig-Holsteingo dukea; Merteuileko markesa; Urbiaingo markesa

Familia, leinu eta dinastien izenak.

agaramontarrak; agirretarrak; borboiak

Baina: Ming dinastia; Agirre familia, Felipe Borboikoa

Herrietako festak.

sanferminak; sanjoanak; sanpedroak

Baina: San Fermin jaiak; San Joan festak

Otoitzak.

aitagurea; kredoa

Arte, ideologia eta kultur mugimenduak.

fauvismoa; minimalismoa; marxismoa

Baina orokorragoak izanik aldi historikoa ere adierazten dutenak, larriz.

Erreforma; Errenazimentua; Erromantizismoa; Ilustrazioa

Musikako notak.

do; re; mi; fa; sol; la; si

Zientzia arloak eta diziplina akademikoak, oro har, baina ez katedra, fakultate edo institutu jakinak.

Aditua da zuzenbide zibilean.

Liburu bat argitaratu du informatikari buruz.

Hezkuntza zikloen izen generikoa.

batxilergoa; lehen maila

Baina izen berezia denean, larriz.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

Mahats eta sagar motak.

cabernet sauvignon; hondarribi zuria; chardonnay; pedro ximenez mahatsa; urtebi handiak; txalakak

Koktelak eta antzeko edariak.

Ezer esan aurretik, manhattan bat edan zuen.

Hiriei-eta ematen zaizkien izendapenak, generiko deskribatzaileak direnean.

hiri betierekoa [Erroma]; argiaren hiria [Paris]; 

kontinente zaharra [Europa] 

Baina: Sagar Handia [New York]

 

Maiuskula txikia

Maiuskula txikia BERRIA kazetaren izena idazteko erabiltzen da. Izan ere, egunkari eta aldizkariek beren burua izendatzeko baliatzen dute maiuskula txikia. Dena dela, tituluetan, letra larri arruntez idazten da BERRIAren izena.

 

Zenbakiak

 

Zenbakiak nola deklinatu

Hona hemen zenbakiak deklinaturik:

1a, 1ean, 1etik; 2a, 2an, 2tik; 3a, 3an, 3tik; 4a, 4an, 4tik; 

5a, 5ean, 5etik; 6a, 6an, 6tik; 7a, 7an, 7tik; 8a, 8an, 8tik; 

9a, 9an, 9tik; 10a, 10ean, 10etik; 11, 11n, 11tik

 

Egunak, urteak, hamarkadak, mendeak, kronologiak

 
Egunak

Zifraz idazten dira, baita jai edo historiako gertakari baten izena badira ere.  

Martxoaren 8a; maiatzaren 28a

Salbuespen bakarra dago: Maiatzaren Lehena

 
Urteak

Milako punturik gabe idazten dira.

2005ean [2.005ean*]

Atzetik urte hitza badute, idatzi beharra dago -garren adierazten duen puntua.

2005. urtean; K.a. 45. urtea

Urteak osorik idazten dira.

1978ko udaberria [78ko udaberria*]

Baina: Kilometroak 05; 36ko gerra

2005a, 2005. urtea

Baina: Orain dela 70.000 urte.

 
Data, osorik

BERRIAn, urtea zifraz idazten da beti; hila, beti letraz; eta eguna, beti zifraz.

2004ko otsailaren 18a [2004-II-18*]

 
Ikasturteak, kiroletako denboraldiak eta beste

Bi urteak osorik idazten dira.

2006-2007ko ikasturtea; 2002-2003ko denboraldia

 
Hamarkadak

Zifraz idazten dira beti, -ko loturarekin.

1980ko hamarkada edo hamarraldia; 80ko urteak

[1980. hamarkada*; 80. hamarkada*]

 
Mendeak

Erromatarrez idazten dira, ordinala adierazteko puntuarekin.

 
Kronologiak

Honela jokatuko dugu:

1912ko abuztuaren 25a: Kuomitang sortu zuten.

1921eko martxoa: Txinako Alderdi Komunista sortu zuten.

1927ko apirilaren 12a: Ehunka komunista hil zituzten Shanghain.

 

Orduak

Osorik zifraz idatzi behar dira, edo osorik letraz.

Zifraz adierazten ditugunean, bi puntuekin idatzi behar dira, lau digitorekin, eta goizekogaueko eta gisakorik gabe.

Letraz idazten ditugunean, egunaren zatia zehaztu behar da, testuinguruak argitzen ez badu: goizeko, eguerdiko, arratsaldeko, ilunabarreko, arratseko, gaueko...

10:00etan; goizeko hamarretan [goizeko 10:00etan*]

01:00ean; gaueko ordu batean [01:00etan*; gaueko 01:00ean*]

13:00etan; eguerdiko ordu batean [eguerdiko 13:00etan*]

20:15ean; arratseko zortzi eta laurdenetan [arratseko 20:15ean*]

22:30ean; gaueko hamar eta erdietan [gaueko 22:30ean*]

Atzetik inguruan, aldean edo irian idatziz gero, deklinatu gabe utziko dugu ordua.

16:00 aldean; 16:15 inguruan; 16:20 irian

Ekitaldietako ordutegiak, honela:

09:00etan: Txistulariak.

10:30ean: Meza.

11:00etan: Hamaiketakoa.
 

09:00-10:00: Mus txapelketa.

10:30-11:30: Meza nagusia eta prozesioa

13:00: Kalejira buruhandiekin.
 

09:00etatik 10:00etara: Mus txapelketa

10:30etik 11:30era: Meza nagusia eta prozesioa

13:00etan: Kalejira buruhandiekin.

 

Kiroletako emaitzak, denborak eta markak

Kiroletako emaitzak zifraz adierazten dira beti, marratxoz loturik.

Osasunak 5-0 irabazi zuen. [Honela irakurri: bost eta huts irabazi zuen Osasunak.]

Belokik eta Eugik 22-19 galdu zuten.

Denborak eta markak zifraz idazten dira beti. BERRIAn, puntuz bereizten dira orduak, minutuak eta segundoak. Segundoen hamarrenak komaz markatzen dira.

Iban Mayok 7.25.34,6 egin zuen. [7 h 25 min 34,6 s]

Fizek marka berria ezarri zuen: 2.02.04. [2 h 2 min 4 s]

Unitatea eta hamarrenak komaz bereizten dira.

Jonhsonek 9,75 segundoko marka jarri du.

 

Ehunekoak eta milakoak

Aurrena sinboloa idazten da (%, ‰), eta gero zifra, loturik, tartean zuriunerik gabe. Negatiboa bada, minus zeinua sinboloaren aurrean jartzen da (–%, –‰).

Mugagabean deklinatzen dira.

Herritarren %24 ados daude, eta %76 ez.

Baina aurretik gainerako edo beste badute, artikulua hartzen dute.

Herritarren %24 ados daude, baina gainerako %76ak ez.

Erreferentea plurala denean, pluralean egiten da aditzaren komunztadura; singularra bada, singularrean.

Ikasleen %75ek gainditu dute azterketa.

Aurrekontuaren %15 ez du gastatu oraindik.

Beste modu batzuk ere badaude ehunekoak adierazteko. Gainera, adierazkorragoak dira:

Hamarretik / Hamarretarik bederatzi ados daude.

 

Zifraz idaztekoak

Hogeita batetik gorako zenbakiak, hitz bakar batean idazten ez badira.

Hamarrenak dituztenak.

Komarekin idazten dira, koma behean dutela.

Iaztik 5,5 milioi euro galdu ditu. [5,50 milioi*]

Tauletan zerrendatzen diren zenbakiak.

Adina.

Errepideetan 7 urteko bi haur hil dira, eta 5 hilabeteko bat zauritu.

Baina:  Alabak urtebete du, eta lehengusuak, hilabete.

Helbideak.

Ataria, solairua eta posta kodea, denak zifraz idazten dira. Kale izena data bat bada, zifraz ematen da, lehena eta ordinalak izan ezik.

Abuztuaren 31 kalea, 23, 4. ezk.; Maiatzaren Lehenaren plaza; Bosgarren Etorbidea

Posta kodea, punturik gabe.

Bidali helbide honetara: Martin Ugalde kultur parkea, z/g, 20140 Andoain.

Errepide zenbakiak.

634 errepidea; 627 errepide nagusia; A-8 autobidea; 

GI-627 errepidea

Ibilgailuen zilindroak.

50 cc-ko motoen lasterketa irabazi du.

Errezetetako kopuruak.

Osagaiak: 120 g azukre, 20 ml oliba olio, 250 g irin.

Magnitudeak, hala nola abiadura, tenperatura, lurrikaren eskala, haizearen indarra, armen kalibrea, latitudea eta longitudea.

10 km/h; Richter eskalan 7,6 graduko indarra

Serieak osatzen dituzten zenbakiak, hala nola hoteletako gelak, zinema aretoetako aulkiak eta liburuetako orrialdeak. Milakoa markatzeko punturik ez dute.

45 gela; 14. ilara; 1222. orrialdea

Baina: Liburu horrek 1.599 orrialde ditu.

Telefonoak eta faxak.

Aurrezenbakia marratxoz lotzen da. Gainerako digituak binaka idazten dira, tartea utziz.

943-58 99 75; 0559-49 98 03 

(0034) 948-98 78 65; (0033) 559-76 56 49

Digituen kopurua bakoitia bada, aurrena hiru zifra idazten dira, eta besteak binaka.

94-589 97 57; 678 99 39 87

Izen berezietako zenbakiak eta ibilgailuen matrikulak: auto modeluak, irratiak, telebistak, autoak, hegazkinak, itsasontziak, espaziontziak , misilak eta abar.

Citroen C5 autoa; 0014-JML matrikula; Apolo 10.aTitanic II.a; Antenne2 

Legeen izenak eta atalak; epaitegien zenbakiak eta salak.

2000ko ekainaren 17ko 4/84 Legea; 1220/1996 Dekretua; 

13. araua; 5. artikulua; 7/65 ebazpena; 3. Instrukzio Epaitegia; Epaitegiko 4. sala

 

Letraz idaztekoak

Hitz bakar batean idazten direnak: batetik hogeira (hogeia barne), mila, ehun, milioi eta abar.

Hamabi aldiz izan da Alemanian, eta bostetan bakarrik joan da hegazkinez.

Mila euro eman, eta seiehun itzuli zizkion.  

Dena dela, tituluetan zilegi da hogeitik beherako zenbakiak zifraz ematea.

Milioi, miliar, bilioi, trilioi eta abar, zenbaki baten parte direnean, baina ez mila.

76 milioi [76.000.000*]; 555.000 [555 mila*]; 45.000 milioi [45 mila milioi*]

Esapideetakoak.

Niri bost axola.

Hamaika aldiz esan zidan: Agirrek uste zuen hamalau zela.

Zatikiak.

Zigorraren hiru laurdenak [zigorraren 3/4*]; ikasleen erdiak; bi ordu laurden

 Kiroletako mailak.

Lehen Maila; Bigarren Maila

Baina: Bihar arte atzeratu dute 1 Formulako lasterketa. 

Heldu den larunbatean jokatuko du Top 16ko finalerdia.

 

Zifrak nola eman (arabiarrak)

Ehunenak beheko komaz markatzen dira, bukaeran zerorik gabe.

7,36 euro [7’36*; 7.36*]; 5,5 milioi [5,50 milioi*]

Milakoak, milioikoak eta hortik gorakoak adierazteko, puntua erabiltzen da, sailak osatzen dituzten zenbakietan izan ezik —horregatik ez zaie punturik jartzen urteei eta posta kodeei, esaterako—.

Margolana 7.032 euro kostatu zaio.

Liburu eder horrek 5.000 orrialde ditu.

Baina: 2005. urtea; 1020. orrialdea

Balio tarteak edo gutxi gorabeherakoak.

Bi kopururen arteko balioa adierazteko, osorik idazten dira bi zenbakiak. Nahikoa da marratxoz lotzea.

Ekitaldira 30.000-35.000 lagun bildu ziren. [30-35.000*]

Urtero, 200-300 milioi tona karbono dioxido sortzen dira. [Urtero, 200 eta 300 milioi tona artean karbono dioxido sortzen ditu*]

 
Lerro bukaeran ezin dira bereizi:

Zifra bakarra osatzen dutenak.

50.000 [50.//000*]; 655 20 95 [655//20 95*]

Zifra eta dagokion sinboloa.

%18 [%//18*]; 120 cc [120//cc*]

Izena eta dagokion ordinala.

Benedikto XVI.a [Benedikto/XVI.a*]; Dantzarien V. Biltzarra [Dantzarien V./Biltzarra*]

Marratxoz loturiko zenbaki multzoak.

2002-06 [2002-//06*]; 22-18 irabazi du [22-//18 irabazi du*]

Konponbideak: gehienetan, ordena aldatzea nahikoa da, baina zentzuz egin behar da, esaldia bihurritu gabe.

 

Erromatarrak

• Zenbaki erromatarrez hauek idazten dira:

Mendeak eta milurtekoak.

Errege-erreginen, aita santuen, enperadoreen eta kirolarien izenak.

Jaialdiak, biltzarrak, olinpiar jokoak, txapelketak, sariketak, kontzilioak eta antzekoak.

Horrelakoetan, hogeita batgarren arte erabiltzen dira; hortik gora, arabiarrak.

Abokatuen Elkargoaren X. Biltzarra; Donostiako 50. Zinemaldia

Itsasontzi eta beste ibilgailu batzuen izenak.

Titanic II.a; Nautilus X.a

 

Tituluak eta esaldi hasierak

Ahal dela, ez da komeni zifrarik idaztea esaldi hasieran, eta are gutxiago tituluen eta paragrafoen hasieran. Nolanahi ere, hobe da esaldia zifra batekin hastea, esaldiaren antolamendua bihurritzea baino. Gainera, badira hasieran idatz daitezkeen zenbaki batzuk: urtea adierazten dutenak.

Tituluetan, zilegi da hogeitik beherako zenbakiak zifraz ematea.

 

Dirua eta balioa

Euroaz beste dibisetan adierazitakoa zenbat euro den zehaztu behar da: aurrena, beste dibisako kantitatea, eta gero, parentesi artean, eurotan zenbat den.

Dibisa jakin bat testuan behin baino gehiagotan agertuz gero, nahikoa da lehenbizikoan zehaztea zenbat den eurotan.  

1997. urteko uztak emandako irabazien zati bat eskatzen zien Monsantok nekazariei: 20.000 dolar (16.700 euro).

 

Itzultzeko orduan kontuan hartzekoak

Beste hizkuntzetan adierazitako kopuruak itzultzeko, kontuan izan baliokideak zein diren:

Billion (ingelesa, AEB), milliard (frantsesa), milliarde (alemana), millardo (gaztelania), miliardo (italiera): 10(mila milioi).

Trillion (ingelesa, AEB), billion (ingelesa, Erresuma Batua eta Australia), billion (frantsesa, alemana), billón (gaztelania), bilione (italiera): 1012 (bilioi).

Kontuz: Erresuma Batuan eta Australian gero eta gehiago zabaltzen ari da, AEBetako ingelesaren eraginez, billion hitza 10adierazteko. Esaterako, BBCk berak balio horrekin erabiltzen du gaur egun. Beraz, ingelesetik itzultzean, oso tentuz jokatu beharra dago, zenbaki okerrik ez zabaltzeko.

 

Erdia, erdiak

Erreferentea singularra bada, singularrean egiten da komunztadura.

Gazta erdia jan genuen.

Erreferentea plurala bada, pluralean egiten da komunztadura.

Ikasleen erdiek gainditu dute azterketa.

 

Ordinalak

Puntuarekin idazten dira. Enumerazioetan, zilegi da azkenari bakarrik jartzea.

Arkitektoen Elkargoen 50. Biltzarra; XIX, XX eta XXI. mendeetan

Erromatarrez idazten dira beti: mendeak, milurtekoak, Egiptoko faraoien dinastiak; liburukiz osaturiko obra batzuen izenak; itsasontzi eta beste ibilgailu batzuen izenak; eta errege-erreginen, aita santuen, enperadoreen eta kirolarien izenak.

Jaialdiak, biltzarrak, olinpiar jokoak, txapelketak, sariketak eta historiako gertakariak, erromatarrez hogeigarreneraino (hogeigarrena barne); hortik gora, arabiarrez.

Vatikanoko II. Kontzilioa; XV. Maitaldia

Baina: 45. Zinemaldia

Gainerako kasuetan, hogeigarreneraino letraz idazten dira, eta hortik aurrera zifraz.

Bosgarren egin du.

Bortzgarren aldia da.

Zenbatgarren biltzarra da?

Tauletan eta grafikoetan, beti zifraz.

Ordinala eta dagokion hitza ezin dira bereizi bi lerrotan. Edo biak pasatu hurrengo lerrora, edo hitza zatitu.

Antso V.a [Antso//V.a*]

 

Banatzaileak

‘Bana’.

Singularrean jokatu behar da bana-ri dagokion aditza.

Etxe bana erosi dute Arkaitzek eta Maialenek. [Etxe bana erosi dituzte Arkaitzek eta Maialenek*]

Ez dira zuzenak honelakoak:

Disko eta liburu bana erosi du Arkaitzek* [e. Disko bat eta liburu bat erosi ditu Arkaitzek]

Hona hemen banatzaileak osatzeko era:

mila bana [milana*]; hiruna mila [hiru milana*]; hiru mila eta hamarna; milioi bana; bosna milioi

Milioi bana egokitu zaie loterian.

Bosna mila euroko bermea ordainduta irten ziren kalera.

 

Kopuru zehaztugabeak

Gutxi gorabeherako kopurua emateko bat erabiltzen dugunean, kontuz mila tartean baldin bada:

Zazpi bat sagar jango zituen.

Hiru bat ordu laurden iraun du partidak. 

Baina: Hiru bat mila lagun etorri dira. [3.000 bat mila lagun*]

Jaira 22 bat mila lagun bildu ziren. [22.000 bat lagun*]

 

Izen bereziak nola deklinatu

 

Pertsona eta leku izenak

Tituluetan, marratxorik gabe deklinatzen dira BERRIAn.

Testu barrenean, marratxorik jarri gabe deklinatzen dira, non eta ez diren oso izen arrotzak. Hala bada, lehen aipamenean deklinatu behar izanez gero, marratxoz idazten dira, eta hortik aurrera marratxorik gabe.

 

Taldeen izenak

Absolutiboan dauden izenak.

Neurri batean, behinik behin, deskribatzailetzat jo daitezke hainbat talderen izenak. Horrelakoak, izen arruntak bezala deklinatzen dira, eta, beraz, -a(k) artikulutzat hartzen da.

Eusko Alderdi Jeltzaleko; Eusko Alkartasunetik; Ezker Batutik; Ibilaldira; Ikasle Abertzaleek; Kilometroetara; Osasunbideko; Senideetako

Deskribatzailetzat nekez jo daitezkeenetan, aldiz, -a(k) berezkotzat hartzen da.

Osasunako; Osasunara; Osasunatik; Hertzainak-ek; Negu Gorriak-ekin

Bestelakoak.

Absolutiboaz besteko kasuetan bukatuak diren izenak marratxoz idazten dira deklinatzen direnean.

Bide Ertzean-eko; Elkarri-k; Nafarroa Oinez-era

Talde izena aditz partizipio bat denean, ez da marratxorik erabiltzen:

EH Bilduko alkatea; Kolpaturen kontzertua; Sortuko kidea

Aditz jokatu bat denean, aldiz, bai.

Etzakit-eko bateria jotzailea; Ahal Dugu-ko idazkaria; Gure Esku Dago-ren alde; Egia Esateko-ren egitasmoa

 

Letra etzanez idaztekoak (izenburuak, goitizenak...)

BERRIAn, marratxoz lotzen zaie deklinabide atzizkia. Dena dela, izenburuak deklinatzean, ahal dela hobe da atzetik hitz bat jartzea eta hura deklinatzea.

Obabakoak liburuko ipuina

 

Beste hizkuntzetakoak

Beste hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko, kontuan hartuko dugu nola idazten diren, ez nola ahoskatzen diren.

Shakespeareren [Shakespearen*]; Voltaireren [Voltairen*]; Googleren [Googleen*]; Greenpeaceren [Greenpeaceen*]

Bukaerako i grekoa bokala edo erdibokala izan daiteke, baina BERRIAn, deklinatzeko orduan, bokaltzat hartzen dugu beti. Orobat jokatzen dugu bukaerako -w letrarekin:

Derryn [Derryen*]; Kentuckyn [Kentuckyen*]; Midwayn [Midwayen*]; New Jerseyn [New Jerseyen*]; Glasgown [Glasgowen*]; Saint Andrewko [Saint Andreweko*]; Wroclawn [Wroclawen*]

Bukaerako -h letrarekin, ez balego bezala jokatzen da; hau da, kontuan hartzen da azken letra bokala edo kontsonantea litzatekeen h-a kenduz gero:

Acehko gatazka; Plymoutheko portua; Al-Fatahren burua; Sarahk; Ramallahko erietxea

Deklinatzean, bukaerako r letra bikoiztu egiten da:

Twitterrek; kandaharren; Peterrek

Izenak bukaeran bi kontsonante baditu, e letra tartekatuz deklinatzen da. Salbuespena dira sh-z bukaturiko izenak:

Cambrilseko; Auschwitzeko; Bangladeshko

 

Lerroak

 

Lerro bukaerak

Tituluetan, azpitituluetan, sumarioetan, tartekietan eta leihoetan, hitzak ezin dira moztu, eta hitz elkartuetako marratxoa ezin da utzi lerro bukaeran.

[ez]

Bihar amaituko da
Aizarnazabalgo
demetarako izen-
emate epea, eguerdian

[bai]

Bihar amaituko da
Aizarnazabalgo
demetan izena
emateko epea, eguerdian

Siglak ezin dira bereizi bi lerrotan.

[ez]

Horretaz deus ez du esan A-
EBetako Estatu idazkariak.

[bai]

Horretaz deus ez du esan
AEBetako Estatu idazkariak.

Baina hitz arruntak bezala irakurtzen diren sigla eta akronimoak motz daitezke lerro bukaeran. 

Horretan ados jarri dira Eco-
soceko kideak eta sindikatuak.

Magnitudeak eta dagokien sinboloa ezin dira bereizi bi lerrotan.

50 g urdaiazpiko [50//g urdaiazpiko*]

Zenbakia eta dagokion hitza lerro berean idazten dira.

878 milioi [878//milioi*], 988 euro [988//euro*], Joan Paulo II.a [Joan Paulo//II.a*], XII. Mintegia [XII.//Mintegia*].

Paragrafoko azken lerroa ezin da izan zutabeko lehenbizikoa.

 

Tituluetako lerro banaketa

Tituluetako hitzak zentzuz banatu behar dira lerroetan, lerro bakoitzak nolabaiteko osotasuna izan dezan.

[ez]

Walter Fuller ‘Rossetta’
jazz tronpetista hil da, 93
urte zituela

[bai]

Walter Fuller ‘Rossetta’
jazz tronpetista hil da,
93 urte zituela

[ez]

Aldundiak daukan guztia eman
du akordioa egiteko

[bai

Aldundiak daukan guztia
eman du akordioa egiteko

 

Enumerazioetako ordena

Enumerazio eta zerrendetan, alfabetoaren arabera ordenatzen dira elementuak, non ez duen agintzen beste irizpideren batek (dela geografikoa, dela kuantitatiboa...). Kontuz ibili beharra dago informazioaren iturriak erdarazkoak direnean; izan ere, haiei segituz gero, alfabetoaren arabera ordenatuko ditugu elementuak... baina erdaraz.

[ez] Arazoak izan dituzte Alabama, Arkansas, Columbia, Georgia, Kentucky, Louisiana, Mississippi, New York, Ipar Carolina, Rhode Island, Tennessee eta Mendebaldeko Virginia estatuetan eta Washington hiriburuan.

[bai]  Arazoak izan dituzte Alabama, Arkansas, Columbia, Georgia, Ipar Carolina, Kentucky, Louisiana, Mendebaldeko Virginia, Mississippi, New York, Rhode Island, Tennessee estatuetan eta Washington hiriburuan.

[ez] Zinema Eraikitzen egitasmoaren zortzigarren deialdia da, eta Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Espainia, Mexiko, Peru, Uruguai eta Venezuelako 80 proiektu aurkeztu dira.

[bai]  Zinema Eraikitzen egitasmoaren zortzigarren deialdia da, eta Argentina, Bolivia, Brasil, Ekuador, Espainia, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Peru, Txile, Uruguai eta Venezuelako 80 proiektu aurkeztu dira.

 

Laburtzapenak

 

Laburdurak

Laburdurak ez dira kazetaritzarako. Fitxetako datuetan erabili ohi dira, baina testu barrenean hobe da forma osoak idaztea.

Tartean dira Baztango Udala, Leitzakoa, Aresokoa, Lekunberrikoa eta abar. [Tartean dira Baztango Udala, Leitzakoa, Aresokoa, Lekunberrikoa etab.*]

Pertsona izenetan eta abizenetan, ez erabili erdarazko laburdurarik: M.ª*, Fco.*, Mtnez.*... Izen-abizenak osorik idazten dira. Dena dela, lekurik izan ez eta aurkezpen zintetan laburtu behar izanez gero, lehen letra erabili.

Juan M. de Irujo [Juan Mtnez. de Irujo*]; M. Aurrekoetxea [Mª Aurrekoetxea*] 

Salbuespenak: arrazoi deontologikoengatik norbaiten anonimotasuna errespetatu behar denean, inizialak erabiltzen dira, eta beste hainbeste egiten da inizialak emanda izendatzen diren pertsonak aipatu behar direnean. Segidan idazten dira inizialak, zuriunerik gabe. D.H. Lawrence, J.D. Salinger

Santu eta santen izendapenak ere osorik ematen dira, laburtu gabe.

Santa Ana [Sta. Ana*]; San Joan [S. Joan*] 

Laburdurak puntuarekin idazten dira.

Zuz.: Sergio Leone. Akt.: Claudia Cardinale, Henry Fonda, Charles Bronson. 159 min.

Baina vs (versus) eta tartean zehar marra dutenak, punturik gabe.

Lerroa vs kolorea; Ibarrola pasealekua, z.g. 

Laburdurak ezin dira deklinatu.

K.a. 742. urtean [K.a.-ko 742. urtean*] 

Hona hemen BERRIAn maizenik erabiltzen diren laburdurak.

laburdura esanahia
akt. aktore
esk. eskuin
etorb. etorbide
ezk. ezker
ind. industrialde
j.b. jatorrizko bertsio
j.b.a. jatorrizko bertsioa azpidatziekin
k. kale
K.a. Kristo aurreko
K.o. Kristo ondorengo
K.O. knockout
or. orrialde
p. puntu
P.D. post data
pas. pasealeku
pl. plaza
tel. telefono
z.g. zenbakirik gabe
zehb. zeharbide
zum. zumardi
zuz. zuzendari

 

 

 

 

 

Siglak eta akronimoak

 
Zer diren

Siglak ordezko laburtuak dira, ordezkatzen dituzten hitzen lehen letrez osatuak: AEK (Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea); NUP (Nafarroako Unibertsitate Publikoa).

Akronimoak ere ordezko laburtuak dira, baina hitz arruntak bezala irakurtzen dira, ez letraz letra, eta bi hitz edo gehiagoren elementuz osatuak dira; gehienetan, silabaz. Adibidez: Eudel (Euskal Udalen Elkartea); Europol (Europako Polizia); modem (moduladore-demoduladore).

 
Nola idatzi

Siglak letra larriz idazten dira, osorik. Dena dela, badaude salbuespen batzuk:

Bost letra edo gehiago badituzte, lehen letra bakarrik idatzi ohi da larriz akronimoetan, hau da, hitz arrunten moduan irakurtzen diren sigletan.

Irale; Unicef; Unesco; Cebek; Osalan

Merkataritza izenak, azalpen beharrik ez dutenak, xehez idazten dira, lehen letra izan ezik.

Petronor; Agfa; Seat

Hitz arrunt bihurturiko sigla eta akronimoak letra xehez idazten dira.

hies gaitza; modema 

 
Nola deklinatu

Sigla eta akronimo batzuk izen berezien ordezkoak izan ohi dira, eta haiek bezala deklinatzen dira.

UPNk atzo aurkeztu zuen lege zuzenketa.

NBEren erabakiak ika-mika piztu du. 

Beste batzuk izen arrunten ordezkoak dira, eta haiek bezala deklinatzen dira; beraz, artikulua hartzen dute.

GKEak laguntzeko prest daude.

Sekulakoa da BEZaren inguruko iruzurra.

Deklinatzean, ez erabili marratxorik.

Salbuespenak:

—Testua letra larriz idaztekoa denean —zintetan, esaterako—.  

UEU-KO KIDEA

—Siglaren azken letra eta atzizkiaren lehena bera direnean.

BBK-k erosi du

—Sigla ahoskatzen denean bukaerako -r letra gogortzen bada.

Iheslariak babesteko eskatu du CEAR-ek.

 
Nola irakurri

Sigla zerrendan, zehar marren artean ageri da nola irakurtzen diren.

Batzuk letraz letra irakurtzen dira.

BBC /be-be-ze/ 

Beste batzuk hitz arruntak bezala irakurtzen dira.

Unicef /unizef/

 
Zer esan nahi duten

Siglak ordezkatzen duen izena osorik idatzi behar da testu barreneko lehen agerraldian, oso ezaguna denean izan ezik. Bi eratan egin daiteke:

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) aitzindaria da gure arloan.

EHU Euskal Herriko Unibertsitatea aitzindaria da gure arloan.

Lehen agerralditik aurrera, aski da sigla erabiltzea. Testu nagusian ez ezik beste informazio elementu batean ere sigla bera agertuz gero, aski da testu nagusian argitzea.

Hitz gramatikalak (aldeko, kontrako, buruzko, gaineko...) beste hitzak bezala idazten dira siglak laburtzen duen izenean.  

Frantziako Demokraziaren Aldeko Batasuna (UDF); Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna (NPT); balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ); gobernuz kanpoko erakundea (GKE)

 
Letra arruntez beti

Siglak eta akronimoak beti idatziko dira letra arruntez, nahiz eta ordezkatzen duten izena letra etzanez idaztekoa izan.  

EGLU (Euskal Gramatika. Lehen Urratsak); RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos-Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria)

 
Lerro bukaeran nola eman

Letra larriz idazten diren siglak ezin dira zatitu lerro bukaeran.

[ez] Horretaz deus ez du esan A-
EBetako Estatu idazkariak.

[bai] Horretaz deus ez du esan
AEBetako Estatu idazkariak.

Letra xehez idatzi eta hitz arruntak bezala irakurtzen diren sigla eta akronimoak bana daitezke bi lerrotan.  

Horretan ados jarri dira Eco-
coseko kideak eta sindikatuak.

 
Zenbakia, loturik

Sigla batzuek zenbakia dute bukaeran. Hego Euskal Herriko errepideen izenak eta data laburtuak marratxoz idazten dira; Ipar Euskal Herriko errepideen izenak eta gainerako sigla alfanumerikoak, berriz, loturik.

HGI-352; A-15 autobidea; I-11; M-15 mugimendua

A63 autobidea; A2 (Antenne2); G8; C5

 
Letraz erantsirikoa, loturik eta xehez

Siglari beste letraren bat gehituz gero, letra xehez idatzi erantsirikoa.   

PCEr-ko zuzendaritza; ETApm-ren agiria

 
Tituluetan, neurriz

Oso kontuz erabili behar dira siglak tituluetan: ezagunak bakarrik, eta neurriz beti. Hala jokatu ezean, titulua ezin ulertuzkoa izango da.

 
Noiz itzuli

Oro har, siglak ez dira itzultzen, batez ere herrialde jakin batekoak direnean, baina bai haiek ordezkatzen dituzten izenak.  

PCF, Frantziako Alderdi Komunista; PSC, Kataluniako Sozialisten Alderdia 

Nazioarteko erakundeen siglak, aldiz, euskaratu ohi dira, batez ere oso erakunde ezagunak direnean.

NBE, Nazio Batuen Erakundea; EBZ, Europako Banku Zentrala 

Dena dela, batzuek oso forma ezaguna dute nazioartean; horrelakoetan, nazioartekoa erabiltzen da.

Unicef; NATO

Normalean, forma ezaguna ingelesezkoa izaten da, baina frantsesezkoa eta gaztelaniazkoa bat izanik nazioartean oso ezaguna denean, huraxe erabiltzen da.

FAO; OIT

 

Sinboloak

 
Zer diren

Jakintza alorretako laburdurak edo zeinu grafikoak dira, nazioartean finkatuak, eta gehienetan neurriak edo magnitudeak adierazten dituzte.

4 h 40 min 15 s

 
Nola idatzi

Punturik gabe idazten dira.

Zifraz idatzitako zenbakia daramate aurretik.

Tartea utzi behar da zenbakiaren eta sinboloaren artean.

 
Noiz erabili

Testu barrenean, ez erabili sinbolorik: osorik idatzi neurriaren edo unitatearen izena.  

Goizean 112 kilometro egin zituzten. [Goizean 112 km egin zituzten.*]

Bidaia 550 euro kostatu zaigu. [Bidaia 550 € kostatu zaigu.*]

Atzotik hona bost graduren aldea dago. [Atzotik hona 5º-ren aldea dago.*]

Salbuespena: automobilismoari buruzko testuetan, sinboloa idazten da zilindroak adierazteko. Deklinatzen denean, marratxoa erabiltzen da.

Randy de Puniet azkarrago ibili zen 250 cc-ko motoarekin. 

Tauletan, sailkapenetan eta fitxetan sinboloak erabiltzen dira.

Ezin dira bereizi bi lerrotan zenbakia eta sinboloa.

Denborako minutu eta segundoak eta geometriakoak —angeluen neurriak— ez dira berdin adierazten.

Denbora: 3 h 30 min 15 s

Angeluak: 3º 30’ 15’’ 

Dena dela, kiroletako denborak eta markak honela idatziko ditugu:  

Pantanik 7.25.34 egin zuen.

Fizek marka berria jarri zuen: 2.01.04.

 
Gehien erabiltzen diren sinboloak
unitatea magnitudea sinboloa
amperea, -a korronte elektrikoa A
becquerela, -a erradioaktibitatea Bq
bira minutuko
(bai diskoetan eta bai autoetan)
abiadura angeluarra r/min 
bytea, -a   B
coulomba, -a elektrizitate kantitatea C
dezibela, -a potentzia akustikoa dB
dezilitroa, -a bolumena dl
dezimetroa, -a luzera dm
gramoa, -a masa g
hektarea, -a azalera ha
hektolitroa, -a bolumena hl
hektometroa, -a azalera hm
hertza, -a uhin maiztasuna Hz
joulea, -a energia, lana, beroa J
kaloria energia, lana, beroa cal
kandela argi intentsitatea cd
kelvina, -a tenperatura termodinamikoa K
kilogramoa, -a masa kg
kilogramoa metro kubikoko dentsitatea kg/m3
kilometroa, -a luzera km
kilowatta, -a potentzia kW
kilowatt-ordua energia, lana, beroa kWh
litroa, -a bolumena l
megabytea, -a   MB
megahertza, -a uhin maiztasuna MHz
metroa, -a luzera m
metro koadroa/karratua azalera m2
metro koadroa/karratua azalera m2
metro kuboa/kubikoa bolumena m3
metro kuboa/kubikoa bolumena m3
metroa segundo karratuko azelerazioa m/s2
metroa segundoko abiadura m/s
miligramoa masa mg
mililitroa bolumena ml
milimetroa luzera mm
minutua denbora min
mola, -a materia kantitatea mol
newtona, -a indarra N
ohma, -a erresistentzia elektrikoa Ω
ordua, -a denbora h
pascala, -a presioa Pa
segundoa, -a denbora s
tona masa t
volta, -a potentzial elektrikoa, potentzial diferentzia, tentsio elektrikoa, indar elektroeragilea V
watta, -a potentzia W
zaldi potentzia potentzia ZP
zentilitroa, -a bolumena cl
zentimetro kubikoa, -a
(automobilismoa)
zilindroak cc
zentimetroa, -a luzera cm
 
Hamarraren multiploak
aurrizkia sinboloa balioa
deka- da 101
hekto- h 102
kilo- k 103
mega- M 106
giga- G 109
tera- T 1012

 

 
Hamarraren azpimultiploak
aurrizkia sinboloa balioa
dezi- d 10-1
zenti- c 10-2
mili- m 10-3
mikro- μ 10-6
nano- n 10-9
piko- p 10-12

 

 

Hiru marra mota

Batzuetan nahasten badira ere, hiru marra mota daude, eta argi bereizi behar da zertarako den bakoitza.

 

Marratxoa

Hitz elkartuetan erabiltzen da, baita zenbakien artean eta zenbait hitz deklinatzean atzizkia lotzeko ere, hala nola sigla batzuk eta letra etzanez idatzitakoa deklinatu behar direnean. Hau da hiruretan txikiena [-].

seme-alabak; 200-250; ITER-en; La traviata-n

 

Marra

Matematiketan eta, minus adierazten du [–].

–48; –%5

 

Marra luzea

Tartekiak egiteko marka da [—].

Egun, atari nagusiek —Yahook eta Gmailek, adibidez— modua ematen dute posta euskaraz erabiltzeko.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa