Deontologia

 

Abiaburua

 

Euskarazko Komunikazio Taldea

Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT) 2003ko apirilaren 29an sortu zen, Euskaldunon Egunkaria itxi izanak eragindako hutsunea bete eta helburu nagusi bati erantzuteko: euskarazko komunikabideak sortu eta sustatzea. Bere lehen egitekoa euskarazko egunkari nazional bat berreskuratzea izan zen, eta, milaka euskaldunen laguntza eta ekarpen ekonomikoei esker, helburua lortu zuen: BERRIA sortu zen 2003ko ekainaren 21ean.

Guztira 151 lagun izan ziren EKTren sortzaileak. Kapital handitzea onartu, eta nahi zuten herritar guztiei partaide izateko aukera eman zitzaien. Gaur egun, 24.000tik gora dira EKT enpresako akziodunak, era guztietakoak: gizabanakoak, elkarteak, enpresak, udalak... Gehienak Euskal Herrikoak dira, baina kanpoko hainbat akziodun ere badira, gehienbat Herrialde Katalanetakoak.

2010ean, izena aldatu eta BERRIA Taldea bihurtu zen EKT.

BERRIAz gain, orain arteko jarduerak beste hainbat emaitza ekarri ditu:

Hitzak. Euskarazko eskualde egunkariak, tokiko informazioa zabaltzen dutenak. Bertako Hedabideak enpresak euskara elkarte eta herri mugimenduekin elkarlanean sortuak dira.

Mantangorri. Haurrentzako astekaria.

Matraka. Gazteek gazteentzat eginiko astekaria, gaur egun desagertua.

Berria.info. Euskarazko komunikabideak euskarri guztietara zabaltzeko ahaleginean, prentsa digitalerako pausoa eman zuen EKTk. Gaur egun, Berria.eus da.

Aurrerantzean, bide horretan jarraitzea eta beste esparru batzuetan ere jardutea da BERRIA Taldearen nahia.

 

BERRIA

BERRIA egunkari zabala eta independentea izateko sortu zen, euskal komunitateko sentsibilitate guztiak kontuan hartzekotan sortu ere. Ezaugarri horiek bermatu eta pluraltasunaren alde egiteko konpromisoarekin kaleratzen du BERRIA Taldeko Euskal Editorea enpresak.

Gizarteari zerbitzu bat eskaintzen dio BERRIAk, bai paperean eta bai Interneten: euskal hiztun guztiek osatutako komunitatean, euskaraz argitaratzen den egunkari orokor bakarra da, eta komunitate horrek osatutako irakurleria dauka erreferentziatzat. Hizkuntzaren bitartez euskaldunen komunitatearen indar kohesionatzaile eta integratzaile gisa ari den kultur baliabide modernoa da, eta tresna sozial bateratzailea.

 

Jarraibideak

 

Ikuspegi aniztasuna

BERRIAn, aniztasunaren alde egingo da. Kolaboratzaile, zutabegile, blogari eta, oro har, BERRIAn idazten duten guztien iritziak bere hartan errespetatuko dira. Euskal irakurleen artean dagoen iritzien zabala kontuan hartuko da. Informazioa emateko, alde guztien ikuspuntuak bilduko dira, eta albistearen alde guztietako protagonistei ahotsa emateko ahalegina egingo da beti.

 

Bereizkeriarik gabeko tratamendua

BERRIAk gizartearen ikuspegi integratzailea du, eta giza eskubideen aldeko konpromisoa. Alde horretatik, zorrotz eta erantzukizunez jokatzen du informazioetan bereizkeria eragozteko, eta ez du onartzen diskriminazioa bultzatzen duen jokaerarik, edozein motatakoa dela ere: sexuan oinarritua, etnian, erlijioan, kulturan, sexu aukeran edo bestelako gorabeheretan.

Komunikabideek errealitateari begiratu behar diote, eta horren berri zintzoa eman. Lantegi horretan, traba dira topikoak eta aurrejuzguak: errealitatea interesgarriagoa da estereotipoak baino.

 
Sexismoa

Gizonei eta emakumeei tratu simetrikoa ematen ahaleginduko da BERRIA.

Emakumeek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago. Bai elkarrizketatuei eginiko galderetan, bai albisteari emaniko tratamenduan, kazetariak baztertu egingo ditu hala genero rolei loturiko galdera topikoak nola estereotipoak sendotzen dituzten klixeak.

emakumeak gizonak
menpekotasuna independentzia
familia loturak profesionalak
etxekoandreak plazagizonak
edertasuna, arropa kirolariak eta kirolzaleak
emozionala arrazionala

[no] Kubaz mintzatzean, musika, paisaia eta neska ederrak datozkigu burura.

Informazio iturriak orekatzen saiatuko da BERRIA, gaia zeinahi dela. Emakumeek, albisteko protagonista ez ezik, informazio iturri ere izan behar dute. Emakumeen presentzia handitzeko eginahalak egingo ditu BERRIAk, eta, alde horretatik, oreka zainduko du aditu eta iritzi emaileengana jotzeko orduan ere.

Informazioaren alderdi grafikoa ere zaindu behar da, ideien artean nahi gabeko lotura inplizituak sortzea eragozteko.

Indarkeria matxista.

a. Giza eskubideen urratzea da, pertsonen askatasunaren eta duintasunaren kontrakoa, eta hala tratatuko da BERRIAn. Gizarte egiturak sorturiko arazoa izanik, ezin aurkeztuko da maitasun gehiegiaren edo erotasunaren ondorio gisa.

b. Horrelako gertaerak deskribatzeko orduan, pertsonen duintasuna errespetatuko da, eta sentsazionalismoa baztertuko.

c. Biktimen intimitate eskubidea zorrotz errespetatuko da, eta beti aintzat hartuko da beren izen-abizenak jakinaraztea nahi duten edo ez.

Hizkera sexistarik ez da onartuko.

a. Gizon hitza gizonezko adierazteko erabiliko da. Bi sexuetako pertsonak izendatzeko, pertsona, jende edo gizaki idatziko da.

Oro har mintzatzeko, -lari eta -ri atzizkiak erabiliko  dira, eta ez -gizon: esaterako, legelari, eta ez legegizon. Orobat jokatuko da genero marka duten beste atzizkiekin: gizon-emakumeez aritzeko, iruindar erabiliko da, eta ez iruinseme.

b. Tradiziorik gabeko hitzetan, -sa atzizkia ez da erabiliko: esaterako, aktore idatziko da, eta ez aktoresa*; dantzari, eta ez dantzarisa*.

c. Beste hizkuntzetatik itzultzeko orduan, kazetariak saiatu behar du egoki euskaratzeko informazioa biltzen. Esaterako, jakin behar du children, enfants edo hijos zer diren zehazki: seme-alabak, semeak edo alabak. Informazio hori biltzea ezinezkoa bazaio, seme-alabak idatziko du, eta txikiak badira, haur eta ume ere erabil ditzake. Modu berean jokatuko du euskaraz hitz elkartuak erabiltzen diren beste kasuetan ere: neska-mutikoak, errege-erreginak, maisu-maistrak, jaun-andreak, andre-gizonak, neba-arrebak...

d. BERRIAn ez da erabiliko estereotipo sexistei loturiko adjektiborik.

[no] Angels Barcelo kazetari beltzarana

e. Familia loturen aipamen alferrikakorik ez da egingo. Albisteari estu loturiko datua baldin bada bakarrik aipatuko da ahaidetasuna edo harreman pertsonala. Dena dela, betiere izen-abizenak idatziz identifikatuko dira pertsonak, eta sekula ez familia lotura hutsekin.

[no] Putin eta bere emaztea atzo iritsi ziren Parisera.

f. Albisteetako protagonistak aipatzeko, irizpide berak erabiliko dira beti, aipatua gizona izan zein emakumea izan. Hala, lehen aldian izen-abizenak idatziko dira, eta hortik aurrera, abizena bakarrik.

[no] Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Maialenen eta Maiaren lana izan zen biribilena.
    [yes] Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Lujanbioren eta Maiaren lana izan zen biribilena.

[no] Guztira 13,5 milioi lagunek ikusi zuten Barbara Walters kazetariak Hillaryri eginiko elkarrizketa.
    [yes] Guztira 13,5 milioi lagunek ikusi zuten Barbara Walters kazetariak Hillary Rodhman Clintoni eginiko elkarrizketa.

Emakumeez mintzatzean, ez dago zertan genero aldetik markatua den hitzik erabili, gizonei buruz ari garela pareko hitzik erabiltzen ez bada. Hala, gogoan izan gazte bat mutil bat nahiz neska bat izan daitekeela, eta abar.

[no] Aitor Perez motz aritu zen, baina Alize Mendiburu andereak osatu zuen.

[yes] Aitor Perez motz aritu zen, baina Alize Mendiburuk osatu zuen.

 
Askatasun sexuala

Sexualitatearen eta maitasun harremanen aniztasuna islatuko da BERRIAn, ikuspegi heterosexistarik gabe.

Gay, lesbiana, transexual eta bisexualek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago.

Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen ikusezintasunari buru egiten saiatuko da BERRIA, baita sexualitateaz bestelako gaietan ere.

Hizkera homofoborik, lesbofoborik, transfoborik eta bifoborik ez da onartuko.

Oro har aritzeko, gay eta lesbianak idatziko da, eta ez homosexualak. Izan ere, homosexual hitza bakarrik erabiltzeak ikusezin bihurtzen ditu lesbianak. LGTBI sigla ere erabiliko da (lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualak).

[ez] Homosexualen Nazioarteko Eguna

[bai] Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguna; LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna

 
Migrazioa eta gutxiengo etnikoak

Protagonisten etnia, erlijioa, jatorria eta kultura ez dira aipatuko informazioetan, non eta ez den ezinbestekoa albistea ulertzeko.

Migratzaileek ez dute talde homogeneorik osatzen. Beraz, estereotipoak eta topikoak saihestu beharra dago. Hala, esaterako, ezin da identifikatu jatorri, etnia edo erlijio jakin bat jarrera fundamentalistekin, delituarekin edo gizarte arazoekin.

Migrazio gaietan ere ezinbestekoa da informazio iturrien aniztasuna bermatzea. Migratzaileek, albisteko protagonista ez ezik, informazio iturri ere izan behar dute.

Informazioaren alderdi grafikoa ere zaindu behar da, ideien artean nahi gabeko lotura inplizituak sortzea eragozteko.

Oro har mintzatzeko, migrazio, migratzaile eta migratu hitzak erabiliko dira, ikuspuntuaren neutraltasunaren mesedetan.

Migratzaile batzuk iheslari edo errefuxiatu dira: gerratik, etengabeko egoera bortitz batetik, giza eskubideen urraketetatik edo giza hondamen batetik ihesi doazenak eta, orobat, jazarriak izateko arriskuan egonik beren herrialdetik alde eginiko guztiak, etnia, erlijioa, nazionalitatea, gizarte talde bateko kidetasuna, sexua, sexualitatea edo ideia politikoak direla kausa.

Hizkera xenofoborik ez da onartuko.

[ezIjitokerian ere maisu da Vaitkus.

 

Kazetarien jardunbidea

Informazio bat albiste bihurtuko den erabakitzeko, haren egiatasuna ziurtatu eta iturriak fidagarriak direla egiaztatu beharko du kazetariak, ezer baino lehen. Gizartean hedatutako zurrumurruak ez dira albiste iturritzat hartuko BERRIAn.

Kazetariak zintzotasunez erantzun behar dio lanbideari:

a. Informazioa era zilegian biltzen ahalegindu behar du,

b. albistea egiatasunez ematen saiatu,

c. giza eskubideak errespetatu edukietan, eta

d. hizkuntza ere zuzen eta egoki baliatu.

 
Informazioa biltzeko bideak

Kazetaritzaren jardunean, informazioa bilatu eta eskuratzea da lehenengo zeregina. Ez da edozelan egin behar: kazetariak zilegizkoak diren bideak erabiliko ditu argazkiak, adierazpenak eta dokumentuak lortzeko. Kazetariak ez du ahaztu behar, irakurleek duten informazio eskubidea gorabehera, pertsonek ez dutela zertan erantzun kazetariak egindako galderei, ezta hark eskatutako frogarik zertan eman ere.

Informazioa bide zilegietatik lortzeko ahaleginari lotuta, sekretu profesionala da kazetariaren betekizun nagusietakoa: iturriari zor dion isilpekotasuna. Kazetariak informazio iturriaren izena inori ez emateko betekizuna du, iturriak hala eskatzen dionean.

 
Egiatasuna

Herritar guztiei dagokie informazio zuzen eta egiazkoa eskuratzeko eskubidea, eta kazetariaren beste egiteko nagusietako bat da hori bermatzea. Horretarako, jarrera prestua erakutsi behar du: errealitateari objektiboki begiratuko dio, eta talaia horretatik saiatuko da informazioa atontzen, betiere eskura dituen datuak zein dokumentazioa behar bezala egiaztatuta eta gertaerak dagokien testuinguruan kokatuta (espazio-denboretan, aurreko gertakariekin lotuta, nondik norakoak eta zergatiak azalduta…).

Gertaeren gaineko zurrumurru, uste, iritzi-miritzi eta esamesek ez dute lekurik informazioan. Gertaerak beren testuinguruan azaldu behar dira; haiek ulertzeko eta interpretatzeko behar beste datu eman behar dizkio kazetariak irakurleari. Gainera, zerikusia izan duten aldeen edo ondorioak jasan dituztenen bertsioa jasotzea ezinbestekoa da albistearen osotasunari erreparatzeko. Zehatz eta inpartzialki idatzi behar da: gertaeren deskripzio objektibotik aldendu gabe. Eskura duen informazio garrantzitsurik ez du ezkutatu edo isilduko, albistearen protagonistetako baten alde egitearren.

Kazetariak bere esku dauden neurri guztiak hartu arren inoiz albisteren bat akats eta guzti argitaratzen bada, zuzendu egingo da lehenbailehen, argitaratu eta biharamunean ahal dela: akatsa eta datu zuzena, biak argi adieraziz, eta ondo ikusteko tokian eta moduan. Zuzenketaren ardura albistea argitaratu den sailari dagokio.

 
Giza eskubideak

Edozein herritarrek bezala, banakoen oinarrizko eskubideei errespetua zor die kazetariak. Hasteko, pertsonen ohore, intimitate eta irudi eskubideei kalterik egin gabe jokatu behar du. Norbaiten aurkako gezurrak eta irainak esatea ohorearen aurka jotzea da, eta haren izen ona zikintzen du. Banakoei dagozkien gertaera, datu eta sekretuak zabaltzea intimitatearen aurkako erasotzat jotzen da, baldin eta ezagun eta publikoak ez badira, are protagonistak baimenik eman ez badu. Inoren izenari kalte larria egiten dion irudirik ez du argitaratuko BERRIAk, ez informazio ataletan, ez publizitatekoetan.

Informazioaren protagonisten ohorea eta duintasuna babesteko, ez da jakinaraziko istripuetan hildakoen edo larri zauritutakoen, eta hondamendien eta indarkeriaren biktima izan diren adingabeen izenik.

Era berean, elkarrizketa bat publikatu aurretik elkarrizketatua larri zauritu, gaixotu edo hiltzen bada, BERRIAk ez du publikatuko, non eta ez duen haren edo familiaren baimena.

Bere buruaz beste egin duten pertsonen izen osoa ere ez da jakinaraziko: nahikoa izango da inizialak ematea. Pertsona publikoekin bakarrik egin liteke salbuespena.

Errugabetasun presuntzioa oinarrizko eskubidea dute herritar guztiek: kazetariak ez du inor epaituko, ez informazio sailetako albisteetan, ez iritzi saileko artikuluetan; are gutxiago, atxilotuta baina epaitu gabe dauden pertsonak.

 
Hizkuntza

Hedabideen zereginetako bat da hizkuntzaren erabilera egokia sustatzea, esamoldeak eta ereduak zabaltzeko bideak jartzen dituztelako. BERRIAk ardura handiz heltzen dio lantegi horri.

Hizkuntzaren, edo are komunikazioaren arloan, gramatika eta pragmatika aldetik guztiz egokiak diren testuak idatzi behar ditu kazetariak. Zuzentasun sintaktikoa du oinarrizko maila: errealitatearen deskripzioan, faltsutasunik eta anbiguotasunik ez sortzeko, gaizki ulertzeko modurik ez emateko, nahasketarik ez eragiteko.

Baina hizkuntzaren zuzentasunaz gain, zeinu hutsetik harago doan errealitate baten esanahia dute hitzek, eta zerbaiten erreferentzia dira; horiek egiazkoak zein faltsuak izan litezke. Kazetariak egiaz betetako esanahiak eman behar ditu, gauzak diren bezala adierazi. Zuzentasun semantikoari ezin dio ihes egin.

Gainera, kazetariak ondo jabetu behar du bere hitzek duten oihartzunaz. Bere mezuek irakurleengan dituzten ondorioen erantzule baita.

Inoiz ez da gaitzespen esapiderik erabiliko protagonistei buruz, ez aurreiritzirik edo arbuiozko konnotaziorik sor lezakeen hitzik.

 

Informazioa eta iritzia

Objektibotasuna aipatu ohi da informazioaren ezaugarri nagusitzat. Kazetariari ahaleginean eta jarreran eskatzen zaion zintzotasun intelektuala izango da bere produktuaren objektibotasuna neurtzeko adierazlea. Eta hori gertaeren egiazkotasunarekin lotuta dago, batetik, eta inpartzialtasunarekin, bestetik. Horren ezaugarri nagusiak zorroztasuna eta zehaztasuna dira. Eta ondoz ondo: iturrien balioa aztertzea eta egiaztatzea, informazio elementuen arteko barne kohesioa gordetzea, elementu garrantzitsurik ez isiltzea… Horrek esan nahi du gertaeren berri emateko, zintzotasunaz gain, albiste izaera emateko hautatu diren irizpideak berak ere objektiboak direla. Hala, beraz, behar besteko distantzia hartuko du gaiari buruzko informazioa ematean, inongo aldetara lerratu gabe.

Informazio generoetan ez zaio iritzi pertsonalik onartuko kazetariari, eta gertaeretan eta datuetan oinarrituta baino ez du landuko albistea. Informazio eta iritzi generoen artean, interpretaziozkoak daude.

Informazio generoetako albisteak eta iritzizkoak ez dira edonola nahastuta emango orri berean. Iritzi saileko artikuluak eta idatziak berariazko orrialdeetan kokatu ohi dira BERRIAn.

Edozein herritarrek bezala, kazetariak ere eskubidea du bere iritziak plazaratzeko, baina, sinatzen dituen testuen autore izanik, haietatik sor litezkeen liskar eta auzien erantzule izango da, norbaiten ohore eta intimitatearen aurka eginez gero bere artikuluetan.

 

Informazio iturriak

Argi eta garbi adieraziko da kazetariak zein iturri erabili duen informazioa lantzeko.

Informazio iturriak behar bezala identifikatu behar dira. Iturria zehatz aipatu ezin bada, ez da erabiliko iturri fidagarrien arabera eta antzeko formulaziorik. Izan ere, fidagarria izan ezean, kazetariak ez du aintzat hartuko.

Batzuetan, iturri batek informazioa ematen du bere izena isilean gordetzeko esanda: off the record lortutako informazioa dela esaten da. Horretarako benetako arrazoiren bat dagoenean bakarrik onartuko da off the record izatea, eta ez iturriaren kapritxo bati —edo maltzurkeriaren bati— men eginda.

Off the record eskuratutako informazioa ez da bere hartan argitaratuko, salbu beste alde batetik baieztatua denean.

Iturri anonimoek ez dute lekurik BERRIAn. Jendeak dioenez, Politika adituen esanetan eta antzeko formulazioek ez diote sinesgarritasunik ematen albisteari; alderantziz, kazetariaren iritzia estaltzeko bidea dira. Tentazio hori saihestu egin behar da beti. Jendea, auzokideak, adituak eta beste nor diren ere ongi identifikatuko da.

Informazio iturria beste hedabide bat bada, lehenbailehen aipatu behar da.

 

Argazkiak

Argazkiak informazio elementuak dira.

Argazkiak teknikoki tratatzen dira BERRIAn hartarako programa informatikoekin, baina ez dira manipulatuko ez irudia bera eta ez testuingurua. BERRIAk ahalegin berezia egingo du argazkilariek landuriko konposizioak bere hartan gordetzeko, aldatu edo desitxuratu gabe.

Informatzeko helbururik ez duen argazkirik ez da onartuko BERRIAn. Istripu, atentatu eta hondamendiak ilustratzeko, ez da lehen-lehen planoko argazkirik argitaratuko: ez da beharrezkoa odola eta sufrimendua gertutik ikustea, tragediaren neurriaz jabetzeko.

Inoren intimitate eta ohorearentzat kaltegarri gerta daitekeen irudirik ez da argitaratuko.

Adingabeen eta mehatxaturik senti daitezkeen pertsonen argazkiak haiek ez ezagutzeko moduan argitaratzeko ahalegina egingo da.

Argazkiak dataturik eta sinaturik argitaratuko dira: ahal dela, argazkilariaren izen-abizenak idatzirik. Artxiboko argazkiak erabiliz gero, testuinguruaren berri eman behar da.

 

Publizitatea

Iragarkiak publizitaterako berariaz atondutako tokian argitaratzen dira BERRIAn, bai paperean eta bai Interneten.

Informazioarekin ez nahasteko moduko tipografia eta diseinua erabili ohi da iragarkietan.

Inor iraintzen duen iragarkirik ez da onartuko.

Iragarkietako hizkuntzari dagokionez, zuzentasunaren eta egokitasunaren aldeko proposamenak egingo ditu BERRIAk, baina azken erantzulea bezeroa bera da.

 

Lurraldea eta komunitatea

 
BERRIAko kazetarien hitzetan
 
Lurraldea

Euskal Herria da BERRIAren nazioaren izena, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (edo Nafarroa Garaia), Nafarroa Beherea eta Zuberoa dira Euskal Herriko herrialdeak.

BERRIAk ez du erabiltzen Euskadi, salbu erakundeen edo taldeen izenean agertzen bada, hala nola Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (ez nahasi Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluarekin), Euskadiko Filmategia, Euskadi Irratia.

EAE edo Euskal Autonomia Erkidegoa administrazio jakin hori adierazteko erabiltzen da, baina ez erreferentzia geografiko gisa. Esaterako, Euskal Estatistika Erakundea (Eustat) EAEko estatistika institutua da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomiaduna baita. Administrazioarekin zerikusirik ez duten testuinguruetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa idazten da. Orobat egiten da lurralde historiko horietako erakunde berezkoei buruz aritzean: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak.

[ez] EAEn galtzeko arriskuan diren espezieak
[bai] Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galtzeko arriskuan diren espezieak

[ez] Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehendakaria
[bai] Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria, EAEko lehendakaria

 
Erakundeen, elkarteen eta aldizkari ofizialen izenak

Euskarazko izena bere hartan uzten da, BERRIAren irizpideekin bat etorri zein ez. Adibidez, Euskal Herriko Unibertsitatea erabiltzen da, nahiz eta EAEkoa izan; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (erdaraz, Colegio Oficial de Arquitectos Vasco-Navarro), eta abar.

Dena dela, batzuetan oso normala da ofiziala ez den modu batez aipatzea delako erakundea edo taldea, non aritzen den zehazteko. Hala, Herri Kontuen Euskal Epaitegia da izen ofiziala, baina EAEko Kontu Auzitegia ere esaten zaio; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria da ofiziala, baina EAEko aldizkari ofiziala ere erabiltzen da, eta abar.

Aipatu beharreko erakunde edo elkarteak euskarazko izenik ez badu, zilegi da gure irizpideen arabera ematea izena, betiere nahasgarri gertatzen ez bada: RACVNk, esaterako, ez du euskarazko izenik (Real Automóvil Club Vasco-Navarro da erdaraz), eta Hego Euskal Herriko Automobil Kluba erabiliko dugu.

 
Bestelako izen bereziak

Sarien, ekitaldien, jaialdien eta abarren euskarazko izena bere hartan uzten da, gure irizpideekin bat ez badator ere. Euskarazko izenik ez badute, BERRIAren irizpideak betez itzultzen dira. Esaterako, Hego Euskal Herriko Rallya erabiltzen da Rally Vasco-Navarro itzultzeko.

 
Herritarrak

Euskaldun:

1. Euskaraz mintzo dena.

2. Zentzu historikoan eta etnikoan, Euskal Herrikoa.

[no] Duela 8.000 urte ere, euskal herritarrek arrantzan egiten zuten.

[yes] Duela 8.000 urte ere, euskaldunek arrantzan egiten zuten.

[yes] Julio Caro Barojaren Los vascos (Euskaldunak) eta Los vascos y la historia a través de Garibay (Euskaldunak eta historia Garibairen arabera).

Euskal herritar.

Euskal herritarra, berriz, Euskal Herrian jaioa edo Euskal Herriko herritarra da, euskalduna nahiz erdalduna.

[yes] Bi euskal herritar zauritu ziren herenegun Hondurasko istripuan.

Euskal + izena.

Askotan, artifiziala gertatzen da herritartasuna aipatzen ibiltzea; horrelakoetan, hobe izaten da euskal + izena erabiltzea.

[no] Saskibaloi talde horretan bi euskal herritarrek jokatzen dute.

[yes] Saskibaloi talde horretan bi euskal jokalari aritzen dira.

 
Nola erabili 'euskal'

Bi adiera ditu:

1. Euskal Herrikoa; Euskal Herriari dagokiona.

2. Euskarazkoa.

[yes] euskal itsasbazterra = Euskal Herriko itsasbazterra; euskal sukaldaritza = Euskal Herriko sukaldaritza; euskal arrantzaleak = Euskal Herriko arrantzaleak; Euskal preludioak (Aita Donostiaren obra). 

[yes] euskal antzerkia = euskarazko antzerkia; euskal literatura = euskarazko literatura; euskal kantak = euskarazko kantak; euskal idazlea = euskaraz idazten duena.

Esaterako, Espido Freide ez da euskal idazlea, baina idazle bilbotarra bai.

 
Itzuli beharrekoetan
 
Zuzeneko estiloa eta izenburuak

Hona hemen nola itzultzen diren besteren hitzak zuzeneko estiloan ari garenean, hala nola elkarrizketetan.

erdaraz euskaraz
País Vasco, Pays Basque, Basque Country

Euskal Herria

País Vasco-Francés Frantziako Euskal Herria; Euskal Herri frantsesa
Pays Basque-Espagnol Espainiako Euskal Herria; Euskal Herri espainola
Vascongadas Baskongadak
Euskadi Euskadi
vasco euskal (herritar); euskaldun
vasco-navarro euskal nafar; nafar euskaldun
vasco-español; basque-espagnol euskal espainol; euskal espainiar; espainol euskaldun
sociedad vasca euskal gizartea
partidos vascos euskal alderdiak
vascongado euskal (literatura, kantak...)
vascongado (gaur egungo politikan) baskongado
Vasconia Euskal Herria; Baskonia
pueblo vasco euskal herria; euskal populua

 

 
Zeharkako estiloa

Zeharkako estiloan ari izanez gero, askotan interpretatu egin beharko dira besteren esanak. Horretarako, kontuan izan taula hau.

erdaraz euskaraz
País Vasco, Pays Basque, Basque Country

Euskal Herria; Hego Euskal Herria; Ipar Euskal Herria; EAE; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

País Vasco-Francés Ipar Euskal Herria
Pays Basque-Espagnol Hego Euskal Herria
Vascongadas EAE; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa
Euskadi EAE; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa
vasco euskal (herritar); euskaldun
vasco-navarro Hego Euskal Herriko; Araba(ko), Bizkai(ko), Gipuzkoa(ko) eta Nafarroako
vasco-español; basque espagnol Hego Euskal Herriko
vasco-francés; basque français Ipar Euskal Herriko
sociedad vasca euskal gizartea; Euskal Herriko gizartea; EAEko gizartea; Araba(ko), Bizkaiko(ko) eta Gipuzkoako gizartea
partidos vascos euskal alderdiak; Euskal Herriko alderdiak; EAEko alderdiak; Araba(ko), Bizkaiko(ko) eta Gipuzkoako alderdia
vascongado euskal (literatura, kantak...)
Vasconia Euskal Herria; Baskonia
pueblo vasco euskal herria; euskal populua

 

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: estiloliburua@berria.eus
webgunearen mapa