Idazkuntza

 

Hizkuntza eredua

 

Euskara estandarra

Euskara batu estandarrean idazten da BERRIAn. Eredu horretan, euskalki guztiek bat egiten dute, beren aberastasun lexiko eta sintaktikoarekin, estandarizaziorako Euskaltzaindiak zehazturiko irizpideen barruan.

Hiztun guztientzako moduko tresna da estandarra, eta kazetariak egokiro zorroztu behar du lanabes hori, betiere komunikazioaren zerbitzuan.

 

Nolako testu mota, halako hizkera

Hizkuntza estandarra neutroa eta formala da, baina baditu erregistroen araberako aldaerak, eta kazetariak jakin behar du zein erabili, kontuan harturik nolako testua idatzi behar duen: haurrentzako gehigarriko berria edo literatur kritika; epaiketa bati buruzko albistea edo festa baten gaineko kronika, eta abar.

 

Barne koherentzia

Kazetari guztiek erabiltzen dituzte, beren euskalkikoak ez ezik, besteetako hitzak eta esapideak ere, baina zentzuz osatu behar dute nork bere hizkera, eta ez testu berean alde eta aldi guztietako hitzak eta egiturak nahasiz. Esapide hibridoek artifizialkeria ekartzen diete testuei.

[no] Erran gura dut

[yes] Erran nahi dut

[yes] Esan gura dut

[no] Berba oro

[yes] Hitz oro

[yes] Ele oro

[yes] Berba guztiak

 

Idazkera erakargarria

Irakurleengana iristea da BERRIAren helburu behinena. Hori lortzeko, ezinbestekoa da idazkera erakargarria lantzea: zuzen eta egoki ez ezik, bizi eta bizigarri ere idatzi behar da.

Irakurlea erakartzeko tresna zorrotzenetakoa, hain zuzen, estiloa dugu.

 

Estiloa

 

Sarrera

Irakurleen komunikazio premiak asetzeko, ezinbestekoa da forma eta edukia ondo ezkontzea, azala eta mamia bat etortzea. Edukia ez ezik, forma ere zaindu beharra dauka kazetariak, eraginkor jokatu eta irakurlea bereganatuko badu: estiloa landu behar du, irakurleak lanik gabe irakur dezan; idazkera gozatu behar du, irakurtzea gozagarria izan dadin.

Kazetaritzako testuen estiloa berezia da, eta beste idazki mota guztietatik bereizia, baina, era berean, askotarikoa ere bada: idazlearen araberakoa, generoaren araberakoa, komunikabidearen araberakoa, euskarriaren araberakoa. Aniztasun horren barruan, baditu ezaugarri orokor batzuk, denak ere gogoan izatekoak testu erakargarriak ontzeko lantegian.

 

Argi eta zehatz

Testu argi eta zehatzak idatzi behar dira, lehen irakurraldian ulertzeko modukoak. Argitasuna eta zehaztasuna ezinbestekoak dira antolamenduan, joskeran eta hiztegian; azken batean, testuen alderdi guztietan.

Idazten hasi aurretik, kazetariak ongi antolatu behar ditu ideiak. Zer kontatu nahi duen argi baldin badu, gero argi idatzi ahal izango du, anbiguotasunik eta alferreko itzulirik gabe. Antolamendu nahasiak indarrik gabe uzten du albisterik garrantzitsuena ere, eta bihurrikeria sintaktikoek eta itzulinguruek ez dute aberasten idazkera: aitzitik, betegarri hutsak dira, eta alferrik hanpatzen dute estiloa, dotoretu beharrean.

[ez] Iaz estatubatuarren artean %76ko onarpen maila ematen bazioten Bushen politikari Iranen, aurten %57koa da portzentajea.  

[bai] Iaz estatubatuarren %76k onartzen zuten Bushek Iranen egindako politika, baina aurten %57k baino ez.

Hitz bakoitzak bere esanahi zehatza du, eta hartarakoxe erabili behar da. Esapide eta hitz ezagunak idatzi behar dira, beti irakurlea gogoan. Izan ere, txokokeriek, pedantekeriak eta arkaismoek mezua iluntzen dute.

[ez] daugin urtean

[bai] heldu den urtean; datorren urtean

 

Labur

Kazetariak labur idatzi behar du. Baina labur ez da motz: elementuak beren neurrira ekartzea da, bai paragrafoak eta esaldiak, bai hitzak. Luzamendutan ibiltzea kaltegarria da, testuak aurrera egitea eragozten duelako.

Paragrafo bakoitzean ideia nagusi bat landu ohi da, ez gehiago eta ez gutxiago, horrek argitasuna ematen baitio testuaren hariari. Ondo antolaturiko testuan, kazetariak eskutik eramango du irakurlea, paragrafo batetik bestera, informazioa eman ahala.

Esaldietan, neurrian erabili behar dira hala menpeko perpausak, batez ere erlatiboak, nola tartekiak: elementu horiek luzeak izanez gero, irakurleak haria galduko du. Horregatik, hobe da puntuz bereiziriko bi esaldi ulerterraz egitea, bat luze ulergaitza baino.

[ez] NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek Mendebaldeko Sahararako gatazkan bere erakundeak bitartekaritza lana baztertu, eta konponbidea aldeen eskuetan uzteko erabakia azaldu eta biharamunera, bere kartzeletan dituen preso politiko saharar guztiak (35 bat) eta beste zenbait preso arrunt ere, 48 guztira, askatuko dituela iragarri du Marokoko errege Mohamed VI.ak.

Hitzak ere hobeak izan ohi dira laburrak: konkretuagoak, naturalagoak eta biziari lotuagoak; azken batean, komunikaziorako egokiagoak.

[ez] antzekotasun; gobernagarritasun; problematika

[bai] antz; gobernabide; arazo

Baina erne: paragrafo, esaldi eta hitz laburrak idazteak ez du berez-berez ekarriko labur idaztea: alferrikako hamar esaldi labur idaztea luzamendutan ibiltzea da.

 

Aditz estiloa, biziagoa

 
Izen estiloa edo aditz estiloa?

Estiloaren alderdi garrantzitsu batek lotura estua du nagusiki izenak edo nagusiki aditzak erabiltzeko joerarekin, eta, alde horretatik, bi estilo mota bereizi ohi dira: izen estiloa eta aditz estiloa.

Izen estiloan, aditzak izenekin —edo izen sintagmekin— ordezkatu ohi dira. Esate baterako:

Autodeterminazio eskubidearen onarpena da gatazka konpontzeko bidea.

Presidenteen Konferentziaren prestaketa bileretan parte hartzen jarraituko du.

Aditz estiloan, berriz, gutxiago jotzen da izenetara: aditzetatik eratorririko izenak bakanago erabiltzen dira.

Autodeterminazio eskubidea onartzea da gatazka konpontzeko bidea.

Presidenteen Konferentzia prestatzeko bileretan parte hartzen jarraituko du.

Estilo bat edo bestea aukeratu, oso testu desberdinak idazten dira. Horregatik, idazleak jabetu egin behar du horrek zer ondorio izango dituen irakurlearekin komunikatzeko orduan, eta jakinaren gainean egin behar ditu bere aukera estilistikoak.

 
Kazetaritzarako, aditz estiloa

Aditz estiloa egokiagoa da kazetaritzako testuetarako, kontaketari dagokiolako bete-betean: dinamikoagoa eta adierazkorragoa da; laburrago idazteko modua ematen du; konkretuagoa da, ez izen estiloa bezain abstraktua; eta agentea edo egilea esplizitatu egiten du.

Aditz estiloa naturalagoa da, izen estiloa baino.

[ez] Onuragarria izan da lanaren antolakuntzaren egitura-aldaketa.

[bai] Onuragarria izan da lana antolatzeko egitura aldatzea.

[ez] Atletico Madrilen aurka lortutako garaipenak lasaitasuna ekarri du taldera.

[bai]Atletico Madrili irabazi izanak lasaitasuna ekarri dio taldeari.

[ez] Zazpi partida jokatu ditu: bost garaipen, berdinketa bat eta porrot bat.

[bai] Zazpi partida jokatu ditu: bost irabazi, bat berdindu eta bat galdu.

Egiazko agentea edo egilea agerian uzten du aditz estiloak, eta, ondorioz, esaldiak indar handiagoa du. Izen estiloak, aldiz, ezkutatu egiten ditu agenteak edo egileak.

[ez] Herritar batek zigorra jaso du epaiketa batean itzultzailea ez onartzeagatik.

[bai] Herritar bat zigortu (egin) du auzitegiak, epaiketa batean itzultzailea ez onartzeagatik.

Izen estiloan, aditza izen bihurtzen da, eta horrek ordezko aditzaren premia dakar.

murriztu (aditza) > murrizketa (izena) > murrizketa jasan (ordezko aditza)

Ondorioz, hasierako aditz zehatzaren ordez (murriztu), beste aditz bat idazten da, askotan guztiz desegokia esanahi aldetik, erdarazko esapidea kalkatuz sortua delako, eta ez euskaratik beretik. Horren erakusgarri argiak dira, esaterako, jasan aditzarekin azken urteotan osatu ohi diren esamolde badaezpadakoak: autoak kalteak jasan ditu*; langabeziak igoera jasan du*; tenperaturak beherakada jasango du*...  

Aditz estiloan, aldiz, hitz zehatza erabiltzen da, itzulingururik gabe.

[ez] Aurrekontuak murrizketa jasango du aurten.

[bai] Aurrekontua murriztu egingo dute aurten.

[ez] Bakterioaren azterketa burutzen ari dira.

[bai] Bakterioa aztertzen ari dira.

Aditz estiloa aberatsagoa da hiztegi aldetik: gauza bakoitzari bere izena ematen zaio, edo, hobeto esanda, ekintza bakoitzari bere aditza.

Izenetan oinarritzeak, aldiz, hitz pobrezia dakarkio testu osoari, neurri gabe ugaritzen baitira zernahitarako aditzak: egon, izan, jaso...

lehertu (aditza) > leherketa (izena) > leherketa izan (zernahitarako aditza)

[ez]Lehergailu batek eztanda egin zuen atzo Bilboko Galarza etxe agentzian. Leherketa arratsaldeko bostak aldera izan zen, eta, Ertzaintzak jakinarazi duenez, ez zen zauriturik egon.

[bai] Lehergailu batek eztanda egin zuen atzo Bilboko Galarza etxe agentzian. Arratsaldeko bostak aldera zartatu zen, eta, Ertzaintzak jakinarazi duenez, ez zen inor zauritu.

[ez] Castrok erorikoa izan du.

[bai] Castro erori (egin) da.

[ezPorrotik jaso gabeko sei jardunaldi.

[baiGaldu gabeko sei jardunaldi.

Aditz estiloan, errazago josten dira esaldiak, eta nekez uzten dira osagaiak ondo lotu gabe.

[ez] UDBk ukatu egin du abertzaleen partaidetza prefet musulmanaren aurkako erasoan.

[bai] UDBk ukatu egin du abertzaleek prefet musulmanaren aurkako erasoan esku hartu izana.

[ez] Estrategikotzat jo du euskararen erabilpena astialdian.

[bai] Estrategikotzat jo du astialdian euskara erabiltzea.

[ez] Bushek agindu zituen tortura metodoak galdeketetan.

[bai] Bushek agindu zuen galdeketetan nola torturatu.

Deklinabide soilagoa eskatzen du aditz estiloak. Izen estiloan, aldiz, gehiago —eta gehiegi— erabiltzen dira -ren eta -ko atzizkiak, eta horrek hainbat arazo sortzen ditu. Esaterako, segida luzeetan, kakofonikoa da; errazago galtzen da esaldiaren haria; dudak sortzen zaizkio kazetariari: zer idatzi, -ren edo –ko?, zer da egokiena, haren, bere edo beraren?...

[ez] Izar talde publikoaren pribatizazioaren asmoaren kontrako jarrera agertu dute, enpleguen galera eta lan baldintzen okertzea ekarriko duelakoan.

[bai] Izar talde publikoa pribatizatzearen kontra daude, enpleguak galtzea eta lan baldintzak okertzea ekarriko duelakoan.

[ez] Txostenaren berehalako eta baldintzarik gabeko onarpena nahi dute.

[bai] Txostena berehala eta baldintzarik gabe onartzea nahi dute.

 

Aktiboa, pasiboa baino hobea

Kazetaritzan, ekintzak, gertaerak eta esanak izaten dira berrien oinarriak; azken batean, norbaiten eginak. Berriak kontatzean, esaldiek argi erakutsi behar dute nork zer egin duen, eta, horretarako, egitura aktiboak lagungarriak zaizkio kazetariari, adierazkorragoak eta biziagoak baitira. Aktiboa erabiliz gero, albisteak indar handiagoa izango du.

Pasiboak, aldiz, moteldu egiten du idazkera; eta testua indargabea bada, albistea ere hala gertatuko da. Geldoagoak izateaz gain, egitura pasiboek ezkutatu egiten dute agentea edo egilea, eta hori ez zaio komeni kazetariari: zer ez ezik, nor(k) ere adierazi behar du, argi eta garbi. Gainera, izan aditzez betetzen da testua egitura pasiboak erabiliz gero.

[ez] Hamar lagun atxilotuak izan ziren Elgoibarren.

[bai] Guardia Zibilak hamar lagun atxilotu zituen Elgoibarren.

 

Orainaldia, lehenaldia baino hurbilagoa

Lehenaldiaz abusatuz gero, badirudi kontu zaharrak berritzen ari dela kazetaria, baina, egiaz, berriak zahartzen ari da. Orainaldia hobea da kazetaritzarako, biziagoa baita, hurbilagoa.

Testu barrenean baino are garrantzitsuagoa da titulu elementuetan modua aurkitzea orainaldia erabiltzeko, eta ez da batere zaila izaten gehienetan: erabili nahi izate hutsa nahikoa da, non eta ez garen aspaldiko kontu batez ari, eta bai, ohi den bezala, egunean bertan edo bezperan gertatutako batez.

Titulua: Europa «krisi sakonean» erori dela esan du Junckerrek

Azpititulua: Bruselako goi bileraren porrota «iraganean bizi diren herrialdeei» egotzi die Strawk

Era berean, kronika biziagoak ontzeko baliabideetako bat da kontakizuna orainaldian egitea.

Hego haizea dabil, baina Oñatik Iparraldeko arnasa du egunotan. Egun-pasa etorri dira Ipar Euskal Herriko saltzaileak, musikariak eta dantzariak, euren kultura erakustera, eta Oñatikoa ezagutzera. Elkar hartu eta euskal sokaren muturrak korapilatzea komeni delako noizean behin. Larunbata da, eta eguerdiko 12:00ak jo aurretxoan iritsi da autobusa, dantzariekin, fanfarrearekin, joaldunekin, antzezleekin. Maddi Oihenart abeslaria, Asisko Urmeneta komikilaria. Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariak autoz etorri dira, gero beste bertso saio batera joan behar baitute. Jaki dastatzea lehentxeago hasi da, plazan. Iparraldeko gazta, ardoa, ahatekiak, txerrikiak; Oñatiko taloak eta sagardoa. Jende mordoxka dago, hau jan eta hori erosi, hitz eta pitz. Batzuek dagoeneko ondo beteta daukate poltsa. «Gazta erosi dut, eta saltxitxoia, eta pateak ere bai. Xentimorik gabe geratu naiz!», esan du neska gazte batek, irribarrez. «Biharko bazkarirako» erosi ditu jakiok, egun berezia da eta: Gorputz Eguna.

Baina kontuz: euskaraz ez dago orainaldi historikorik. Beraz, kronologietan lehenaldia erabiltzen da, eta beste hizkuntzetako orainaldi historikoa, euskaratzeko orduan, lehenaldian eman behar da.

[ez

1912ko abuztuaren 25a: Kuomitang eratzen dute.

1921eko martxoa: Txinako Alderdi Komunista sortzen dute.

1927ko apirilaren 12a: Ehunka komunista hiltzen dituzte Shanghain.

[bai

1912ko abuztuaren 25a: Kuomitang eratu zuten.

1921eko martxoa: Txinako Alderdi Komunista sortu zuten.

1927ko apirilaren 12a: Ehunka komunista hil zituzten Shanghain.

 

Denak denen osagarri

Albisteari emaniko espazio guztiari erreparatu behar dio kazetariak. Papererako ari bada eta orri oso bat badu, orri osoari erreparatu beharko dio, eta bi orri baditu, bi orriei. Eta orriko elementu guztiak, independenteak izanik ere, elkarrekin harremanetan daude, bata bestearen testuingurua osatuz; bai diseinua eta mota guztietako irudiak (argazkiak, infografiak, marrazkiak...) eta bai testuak (tituluak, leihoak, argazki oinak...). Beste hainbeste gertatzen da kazetaria Interneterako ari bada; izan ere, ez dago elementu solterik: batera daudela hartzen dute beren zentzu osoa, denak denen osagarri baitira. 

Oker larria da, esaterako, informazio bera errepikatzea tituluan eta leihoan, edo mezu bertsua ematea tituluan eta azpitituluan.

Titulua: Gidari bat larri, estolda baten tapa gainera erorita

[ez] Azpititulua: Autoan zihoala estolda bat erori zitzaion 29 urteko gizon bati, Iruñean 

[bai] Azpititulua:Norbaitek bota zion, 12 metrotik, eta Iruñeko udaltzainak haren bila dabiltza

 

Testu hasiera, irakurlearentzako amua

Titulu elementuekin batean, testu hasiera da irakurlea erakartzeko amua, eta, horregatik, oso kontu handiz zaindu behar da: ulerterraza ez ezik, erakargarria ere izan behar du, izan dadin albiste bateko paragrafo informatibo huts-hutsa, izan dadin erreportaje bateko sarrera literarioagoa.

 
Albisteetan

Kazeta bateko albisteetan, papererako nahiz sarerako idatzi, pobreziaren seinale da berri agentzien estiloa erabiltzea; sarrerak landu eta aberastu beharra dago. Irakurlearen jakin-mina pizteko, amuak jarri behar dira testuan, hasiera-hasieratik: esaldi labur indartsu bat, ideia harrigarri bat, paradoxa bat... Baliabide asko eta asko daude hori lortzeko, eta kazetariak sormena erabili behar du egokiena aurkitzeko.

PSE-EEk ez du nahi Arnaldo Otegi espetxeratzerik. Edo ez duela nahi adierazi du, behintzat. Batasuneko bozeramailea kartzelara joango zela zirudien, baina Otegiren eginkizunaren garrantzia nabarmentzeko garaia dela erabaki dute PSE-EEko presidenteak eta idazkari nagusiak, Jesus Egigurenek eta Patxi Lopezek.

Ez ziren «bi zitroin doratü» Atharratze jauregian bizi zirenak, «bi zitroin loratü» baizik. Hala erakusten du Agosti Chahoren kantutegia-k, egileak inprimategirako prest utzi zituenetik 162 urte pasatu ostean egunotan plazara iritsi den liburuak. Patri Urkizuk atondu du liburuaren edizioa, eta Susak argitaratu du.

Baliabide guztiak neurrian erabili behar dira, jakina; bestela, indarra galtzen dute. Eta kontuz ibili behar da topikoekin: esaera eta atsotitzak, adibidez, bere hartan utzirik, orokorregiak gerta daitezke, eta originaltasunik gabeak, testu baten hasierako amua izateko.

Albistea hasteko beste baliabide bat protagonistaren aipu biribil labur bat idaztea da, baina tentu handiz ibili behar da. Izan ere, ezinbestekoa da irakurleak garbi izatea noren hitzak irakurtzen ari den; beraz, protagonista bakarreko testuetan bakarrik erabiltzen da, betiere titulu elementuetan —eta argazkian— argi adierazi bada nor den.

 
Erreportajeetan

Erreportajeetan, idazkera literarioagoa da, eta sarrera ere hala izan ohi da. Gainera, albisteetan ez bezala, sarreran ez dago informazioaren muina eman beharrik, eta bestelako heldulekuak ondu ohi dira, testua abiatzeko. Mota askotakoak izaten dira helduleku horiek; hona hemen batzuk:

Anekdota bat, betiere testuaren hariari ondo doakiona.

Deskribapen fisikoa: pertsona, keinuak, egoera, tokia, koloreak, itxurak...

Adierazpen biribil bat, esandakoen funtsa laburrean biltzen duena.

Metafora bat, errealitatearen ispilu adierazkorra izango dena.

Sarrera humanoa, pertsona baten kasua aipatuz gaiari gertuagotik heltzeko abiaburua emateko modukoa.

Ezusteaz baliatuz harridura sortzen duen esaldi erakargarri bat.

Eta kazetariak, sormena eta sena lagun, aukera ditzakeen beste hainbat baliabide.

 

Zaindu erritmoa

Oker larria da testuan barrena behin eta berriz antzeko egiturak errepikatzea. Kazetaritzan, atsegingarri izan nahi duten testu guztietan bezala, komeni da esaldien eta paragrafoen egitura eta luzera aldatuz joatea, erritmoa monotonoa izan ez dadin. Hala egin ezean, testua aspergarria gertatuko da.

Esaterako, inoren adierazpenak biltzen dituzten testuetan, arrisku handia dago beti egitura bertsuak erabiltzeko:

Halakok esan duenez, [...]. Halakok adierazi duenez, [...]. Halakok jakinarazi duenez, [...].

Horrela idatziriko testuak nekez erakarriko du irakurlea, eta, beraz, ez du lortuko bere helburua.

 

Bukaeran, biribildu

Gaur egungo edizio sistemei esker, kazetariak badaki zehatz-mehatz zer toki duen idazteko: ez da azken lerroak edo azken paragrafoa mozteko premiarik izaten. Horrek modua ematen dio testu bukaera ere zaintzeko eta, beraz, kontakizunari errematea emateko.

Hala ere, oker aski zabaldua da testua itxi gabe bukatutzat ematea. Testua bere osoan zaindu behar da, ordea, eta bukaera biziki zaindu beharrekoa da, horren oihartzuna geratuko baitzaio irakurleari gogoan.

Erreportajeetan, adibidez, garrantzitsua da bukaera biribiltzea. Esaterako, oso baliabide eraginkorra da amaiera tituluarekin eta hasierarekin lotzea; hartara, testuaren haria ondo josia geratzen da, hasi eta buka.

 

Kazetaria ez da protagonista

Kazetariak ez du agertu behar albistean. BERRIAko kazetariek, beraz, ez dute lehen pertsona erabiliko —ez singularrekoa (ni), ez pluralekoa (gu)—. Saihestekoak dira honelako formulak:

[ez] Halakok esan digu [...].

BERRIAk egiten dizkie galderak elkarrizketatuei. Kazetaritzaren lanbideak berekin dakar informazio bila iturrietara jotzea. Bestela esanda: iturriren batetik edandako albisteak dira beti kazeta batekoak. Hala ez badira, ez dute albiste izatea merezi; zurrumurruak edo beste zerbait izango dira. Hortaz, honelako esapideak idatzi beharrik ez dago:

[ez] Halakok adierazi dio BERRIAri [...].

Berez ulertzen da hori: BERRIAn idazten ari gara, eta, jakina, BERRIAri esan diote. Bestela, nori esan dioten jakinaraztea ezinbestekoa du kazetariak: beti aipatu behar ditu iturriak.

Are gutxiago erabili behar da gisa horretako esapiderik gehigarri baten izenean. Esaterako:

[ez] Kataluniako eragileei galdezka ibili da Igandea, egoeraren nondik norakoak jakin nahian.

Normalean, beraz, aipatu ditugun formula horiek edo antzekoak erabiltzeko premiarik ez dago. Inoiz edo behin gerta liteke, halere. Esate baterako, erreportaje bat egiteko asmotan, BERRIAko kazetariak ezinbestekotzat zuen lekukotza bat jasotzea; iturriengana jo zuen, baina ez zuten erantzun nahi izan. Honela eman zuen kazetariak, egoki eman ere:

[bai] BERRIA Jon Zubiarteren senideekin harremanetan jarri da, baina ez dute hitz egin nahi izan:  «Esan beharreko guztia esana dugu».

Era berean, lehen pertsona erabil daiteke zenbait erreportaje berezitan, batez ere bidaietan oinarriturikoetan. Hala egin zuen, esaterako, BERRIAko beste kazetari batek Mendebaldeko Saharan eginiko bidaiari buruzko erreportaje sortan. Hona hemen lehen zatiaren hasierako paragrafoa.

[bai] Gizona aurretik atzera joan da, autobusaren barrura begira. Zamarra beltza eta txandal prakak ditu jantziak. Ibilgailuaren erdialdera heldu denean, begira geratu da kristalaz beste aldetik, zigarroa ezpainetan. Burua ezkerrera jiratu du orduan, atzerantz, baina segundo batzuk besterik ez. Ondoren, begiak barrura zuzendu ditu berriro, lehenengo lekurantz. Nireganantz.

 

Inpertsonaltasuna

Esaldi inpertsonalek indarra kentzen diote testuari, eta ezkutatu egiten dute agentea edo egilea. Azken buruan, berriari ere indarra kentzen diote, albistea nork edo zerk eragin duen lausotzen baitute.

Nolabait, kazetaritzaren egiteko nagusiarekin kontraesanean dago estilo inpertsonala: gertakari bat albiste bihurtu badugu, norbaitek zerbait egin edo esan duen seinale izango da; bada, esaldi inpertsonaletan, ez du inork ezer egiten, eta gauzak berez-edo gertatzen direla dirudi:

[ez] Atzo aurkeztu zen emaitzak biltzen dituen txostena. Bertan, sektorearen diagnostikotik abiatuta, hainbat aholku eta proposamen egin dira aurrera begira.

[baiGizarte eragileek atzo aurkeztu zuten emaitzak biltzen dituen txostena. Bertan, sektorearen diagnostikotik abiatuta, hainbat aholku eta proposamen egin dituzte aurrera begira.

 

Aurpegia jarri informazioari

Informazioa humanizatuz gero, irakurleak gertuago sentitzen du. Ideia abstraktuei bizitasuna eman behar zaie, hezur-haragizko pertsonen aurpegia jarriz: bizipenak, egoera konkretuak, gertaera pertsonalak... Edozein informazio interesgarriagoa gertatzen da datu orokor hotza laguntzeko pertsonen bizipenak kontatzen badira.

 

Azaldu eta zehaztu

Oker larria da jakintzat ematea irakurleak ez dakiena. Aipaturiko pertsonen kargua, lanbidea edo egitekoak azaldu egin behar dira, eta orobat argitu behar dira bestelako datuak ere: geografikoak, politikoak, ekonomikoak...

[ez] Egun batzuk geroago, Frantziako Le Figaro egunkariak argitaratu zuen gutuna Matignonera iritsi zela. 

[bai] Egun batzuk geroago, Frantziako Le Figaro egunkariak argitaratu zuen gutuna Matignonera iritsi zela, hau da, lehen ministroaren egoitzara.

 

Erredundantziarik ez

Kazetaritzako testuetan maiz agertzen dira gisa honetako erredundantziak, denak ere alferrikakoak eta saihestekoak:

[ez] Elkarte berri bat sortu dute.

[bai] Elkarte bat sortu dute.
 

[ez] Fito Rodriguez izendatu dute EIEko presidente berria.

[bai] Fito Rodriguez izendatu dute EIEko presidente.

 

Eufemismoak, inoren esanetan bakarrik

Hona hemen zenbait eufemismo, inoren esanetan bakarrik erabiltzekoak:

eufemismoa ordaina
albo ondorioak biktima zibilak
baketze operazioa operazio militarra
beltzarana beltza
desfaboratuenak pobreak, txiroak
hazkunde negatiboa (ekonomia) krisia, krisialdia, atzeraldia
helduentzako filma, helduentzako aldizkaria... film pornografikoa, aldizkari pornografikoa...
hirugarren adina zahartzaroa
Hirugarren Mundua herrialde pobretuak
koloreko gizona, emakumea gizon, emakume beltza
langile taldea doitu langile taldea murriztu
zehar kalteak biktima zibilak

 

 

Klixerik ez

Kazetaritzako hizkeran klixe batzuk sortu dira azkenaldian, eta irakurlea gogatzeraino zabaldu. Esapide maiztuak dira, neurriz gain erabiltzearen poderioz indar guztiaz gabetuak, eta baliabide pobrezia erakusten dute.

[ez] Halako izango da protagonista.

[ez] Erakusketak bihar irekiko ditu bere ateak.

[ez] Athleticen jarraitzaileek hitzordu bat dute gaur San Mamesen.

[ezEtxeko txikienentzat jolasak izango dira.

[ezAurpegi ezagun asko bildu ziren ekitaldira.

[ez] Txillidaren erakusketa antologiko bat izango da ikusgai Berlinen.

[ezAzpimarratu behar da...

[ezGogorarazi beharra dago...

[ezNabarmentzekoa da...

 

Siglak, neurrian

Siglak oso lagungarriak zaizkio kazetariari, baina ezin dira izan irakurlearentzako traba. Titulu elementuetan, oso kontuz erabili behar dira: ezagunak bakarrik, eta neurrian beti. Hala jokatu ezean, titulua ezin ulertuzkoa izango da, eta irakurleak ez du jakingo albistea zein den ere.

 

Arrunkeriak, inoren esanetan bakarrik

Hitz gordinek eta arrunkeriek ez dute lekurik kazetaritzan. Inoren esanetan bakarrik agertuko dira BERRIAn, baldin eta interes informatiboa badute.

[ez] Kristoren balantza egin zion harriak 55. jasoaldian.  

[bai] Sekulako balantza egin zion harriak 55. jasoaldian.

 

Hizkera espezializatuak ez dira kazetaritzarako

Desegokia da teknizismo ulergaitzak idaztea. Kazetariak saiatu behar du kontzeptuak hitz ezagun zehatzekin azaltzen, ahalik eta irakurle gehienek uler ditzaten, egunkariak ez baitira adituentzat bakarrik. Eta oso termino teknikoak edo espezializatuak erabili behar izanez gero, beti azaldu behar da zer esan nahi duten.

 

Hitzen errepikapen gehiegizkorik ez

Hitz bera edo bertsua behin eta berriz errepikatzeak pobrezia erakusten du, non eta ez den baliabide erretoriko moduan erabiltzen. Baina kontuz: konponbide ez baizik okerbide da sinonimo bila hasi eta inor gutxik ulertuko duen hitza erabiltzea.

[ez

Zinta: Munduko errefuxiatuen gaineko txostena

Titulua: NBEk dio huts egin dutela errefuxiatuak babesteko neurriek

Azpititulua: Gobernuek errefuxiatuei jartzen dizkieten traba burokratiko eta politikoez ohartarazi dute txostenean 

Testu hasiera: Errefuxiatuen kopuruak behera egin duela dio NBEk, gobernuek asiloa ukatu eta kriminalizatu egiten dituztelako.

 

Alferrikako lokailurik ez

Lokailuak esaldien arteko lotura logiko eta semantikoak adierazten dituzten hitzak edo esapideak dira. Hona hemen zenbait lokailu:

gainera, bestalde / bertzalde, era berean, halaber, orobat, berebat, behintzat, bederen, bederik, behinik behin, bestela / bertzenaz, osterantzean, gainerakoan, ordea, berriz, aldiz, ostera, aitzitik, alta, alabaina, dena dela, dena den, hala ere, hala eta guztiz ere, haatik, beraz, bada, hortaz, horrenbeste, halatan, hala, izan ere, hau da, alegia, azken batean, azken finean, hain zuzen ere...

Tresna bikainak dira diskurtsoa antolatzeko, baina gogaikarriak zaizkio irakurleari betegarri huts direnean, eta are gogaikarriagoak, kazetaritzan berriki asmaturiko klixeak badira:

[ez] zentzu honetan, ildo beretik, ildo berean...

[ez] Jose Angel Agirrebengoa NBBko presidenteak esan du komeni dela alderdien mahaia eratzea Nafarroan normalizazio politikoa lortzeko. Halaber, nafarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu du. Ildo horretan, UPNk eta CDNk Nafarroako Parlamentuan onartutako idatzia salatu du, eta Nafarroaren erakundetze eredua nafarrek erabaki behar dutela azaldu.

[bai] Jose Angel Agirrebengoa NBBko presidenteak esan du komeni dela alderdien mahaia eratzea Nafarroan normalizazio politikoa lortzeko. Haren ustez, nafarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute. UPNk eta CDNk Nafarroako Parlamentuan onartutako idatzia salatu du, eta Nafarroaren erakundetze eredua nafarrek erabaki behar dutela azaldu.

 

Enumerazio eta zerrendetan, egitura bera

Komeni da zerrendaturiko elementuek egitura bera izatea, hau da, denak izenak izatea, edo denak aditzak, eta abar.

[ez] Erakundeak zehaztu berriak ditu helburuak: beste taldeekiko elkarlana; gizarteari gero eta zerbitzu hobea ematea; teknologia arlo berrion zabalkundea; eta profesional gazteak trebatzea. 

[bai] Erakundeak zehaztu berriak ditu helburuak: beste taldeekin elkarlanean aritzea; gizarteari gero eta zerbitzu hobea ematea; teknologia arlo berriok zabaltzea; eta profesional gazteak trebatzea.

 

Orraztu ondo testua

Kazetariak ondo orraztu behar du testua. Arretaz txukundu arte, testua ez dago bukaturik.

 

Testuaren egitura: paragrafoa

 

Testua antolatu eta egituratu beharra

Idaztea, neurri handi batean, ideiak antolatzea da, eta antolamendu horri egitura egokia ematea. Osotasunaren barruan, testuaren zati eta azpizati bakoitza eduki unitatea da, forma aldetik ere markatua.

Prentsan, informazio elementu deiturikoak dira eduki unitaterik berezienak: titulua, zinta, goititulua, azpititulua, leihoa, tarteko titulua, argazki oina, testu barrena... Horiek dira, bada, orria osatzen duten zatiak.

Era berean, testu barrena ere egituratu eta zatitu egin behar da, eta horretarako baliabide nagusiak, hain zuzen, paragrafoak dira: testuaren edukia antolatzen dute, eta antolaketari forma eman. Horregatik, berebiziko garrantzia du paragrafoak taxuz osatzeak: ideia bakoitza bere tokian jartzen laguntzen du; ordena logikoa ematen dio diskurtsoari; saihestu egiten ditu alferrikako errepikapenak; testuaren egitura erakusten dio irakurleari, gehien interesatzen zaiona erraz aurki dezan... Azken batean, biziki laguntzen du komunikazioan.

 

Paragrafoa, baliabide grafikoa

Paragrafoak ongi multzokaturik egon ezean, itxuragatik soilik, irakurlea uxatzeko arriskua dago, leitzen hasi aurretik ere begietatik sartzen baita testua: paragrafo gutxi eta oso luzeak badira, itxura trinkoegia izango du, eta irakurlerik saiatuenari ere kostako zaio hastea; paragrafo asko eta oso laburrak badira, badirudi ideia solteak zerrendatu ditugula, batere landu gabe; askotariko paragrafoz osatzen badugu testua —orain luze-luze bat, orain bat ezin laburragoa, orain erdibideko bat...—, anabasa itxura hartuko du.

Argi dago, beraz, kazetariak zaindu egin behar dituela paragrafoen kopurua eta paragrafo bakoitzaren neurria. Ez dago, ordea, paragrafo kopuru jakin bat, beti eta zeinahi testutarako balioko duena, eta ez dago neurri bakar eta estandarrik paragrafo guztietarako. Kazetariak aldiro erabaki egin behar du: berriari zer leku dagokion ikusi eta esateko duena nola esan nahi duen pentsatu ondoren, hori guztia paragrafotan nola multzokatu aukeratu beharko du.

 

Edukia, paragrafoka antolaturik

Kazetariak eduki batzuk biltzen ditu, eta horiekin diskurtso bat eratzen du eta paperean edo pantailan ematen. Orri edo pantaila osoaren egitura edo antolamendua, oro har, aurrez erabakia egoten da, eta diseinu horrek eskaintzen dion elementu hierarkiara moldatu behar du diskurtsoa, zatitu eta informazio elementu guztietan banatu: zer titulurako, zer azpititulurako, zer zatidurarako, zer argazkirako... eta zer testu barrenerako. Testu barrena ere, jakina, antolatu egin behar du kazetariak, besteak beste paragrafoak erabiliz.

 
Paragrafo bat, ideia bat

Hutsegite aski hedatua da paragrafoak askorik pentsatu gabe hasi eta bukatzea. Paragrafo bakoitzak zer bildu behar duen ez dakien kazetariak nekez lortuko du diskurtsoa egoki antolatzea.

Paragrafoak ideia nagusi bat eduki behar du; ideia horrek gidatzen ditu paragrafoa osatzen duten gainerako esaldiak, eta ideia horrek ematen die zentzua. Testu idatzi batean, beraz, esanahia ez dago soilik esaldietan; paragrafoak ere esanahidunak dira, eta horrek elementu beregain bihurtzen ditu, beren baitako logikari erantzuten dioten diskurtsoaren zati bereziak.

Paragrafo bateko esaldi kateak logika bat behar duen bezala, ideia baten testuinguruan biltzeko adinakoa, testu bateko paragrafo kateak ere behar du jarraitutasun logiko bat, diskurtsoaren zati batetik bestera galdu gabe joateko adinakoa. Eta hor egin behar du ahalegina kazetariak: irakurlea eraman egin behar du, eta sentiarazi behar dio, irakurri ahala, diskurtsoari zentzua ematen ari zaiola.

 
Paragrafoa eta alferreko lokailuak

Paragrafo bateko esaldiak ez lirateke egongo elkarren ondoan helburu bat eta bera ez balute, informazioa eta argudioak bide berean eramango ez balituzte. Paragrafo berean egoteak aski lotura logiko ematen die, eta, batzuetan, guztiz alferrekoa izaten da lotura hori hizkuntzazko elementuekin adierazi nahi izatea. Ustez paragrafo barruko loturak egiteko erabiltzen diren lokailu asko behar handirik gabe jartzen dira.

Berdin gertatzen da paragrafotik paragraforako loturekin ere. Diskurtsoa ongi antolatu duen kazetariak ez du premiarik izango paragrafotik paragraforako bidea etengabe lokailuak eta testu antolatzaileak erabiliz egiteko.

 
Paragrafoa eta tarteko titulua

Tarteko tituluak funtzio argia du testuan: kazetariak ordu arte landu duen ideia utzi eta beste bat proposatzea. Tarteko tituluari jarraitzen dion paragrafoa gaiaren beste alderdi bati ekiteko baliatzen da, eta ez aurreko paragrafoari segida emateko. Tarteko tituluak ez dakarkio etenik diskurtsoaren bilakaerari, baina bai paragrafoen arteko loturari.

 

Esaldiaren antolamendua

 

Ordena

 
Informazio nagusia, aurrean

Informazio nagusia esaldiaren hasieran eman behar da, eta bestelako xehetasunak gero. Esaldia luzea baldin bada, hobe da elementu batzuk aditzaren atzera pasatzea, mamia aurreratu ahal izateko.

[ezJoan den asteazkenean Gasteiz-Eibar errepideko Larreategiko zubibidearen laugarren zutabean zintzilik geratu ziren hiru piezek GI-627 bidean eragin dituzten arazoak konpontzeko lanak Gipuzkoako Diputazioko Garraio eta Errepide Departamentuak espero moduan ari dira egiten, bertako iturriek atzo jakinarazi zutenez.

[baiGI-627 bideko arazoak konpontzeko lanak espero moduan ari dira egiten, Gipuzkoako Diputazioko Garraio eta Errepide Departamentuak atzo jakinarazi zuenez. Joan den asteazkenean zintzilik geratu ziren hiru pieza Gasteiz-Eibar errepideko Larreategiko zubibidearen laugarren zutabean, eta horrek arazoak sortu ditu.

 
Aditza, lehenbailehen

Esaldi ulerterrazak idazteko, komeni da aditza lehenbailehen ematea. Galdegaia aditzaren aurrean joateak ez du esan nahi aditza atze-atzean jarri behar denik, ordena aski librea baita euskaraz: aditzaren ezker-eskuin banatu ohi dira esaldiaren osagaiak.

Aditza aurreratuz gero, askoz ere esaldi arinagoak osatzen dira. Horrek erraztu egiten du mezua ulertzea.

[ez] Desobedientziaren bidean barneratu zirenetik, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritar, hautetsi eta elkarte ugari salaketatik eraikuntzarako urratsa egiten ari dira.

[bai] Desobedientziaren bidean barneratu zirenetik, salaketatik eraikuntzarako urratsa egiten ari dira Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritar, hautetsi eta elkarte ugari.

Ulergaitzak dira izenez, karguz eta bestelako xehetasunez zamaturiko esaldi hasierak. Horrelako aurkezpenak egin behar izanez gero, hobe da atzera pasatzea, esaldiari —eta irakurleari— arnasa emateko.

[ezUMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko Tahoeraa Huiraatira alderdiko Gaston Flosse Lurralde Asanbleako presidente izendatu zuten atzo.

[bai] Lurralde Asanbleako presidente izendatu zuten atzo Gaston Flosse, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko Tahoeraa Huiraatira alderdikoa.

Hona hemen aditza aurreratzeko bide batzuk:

—Esaldiaren osagaiak aditzaren ezker-eskuin banatzea, betiere hasiera zamatu gabe.

[ez] Euskal Herriko normalizazio prozesuaz eta PSOE-PP Estatu Hitzarmenaren etorkizunaz Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuan eman ditzakeen azalpenek ikusmin handia piztu dute azken egunotan.

[bai] Azken egunotan ikusmin handia piztu da Espainiako Gobernuko presidenteak zer esango ote duen Euskal Herriko normalizazio prozesuaz eta PSOE-PP Estatu Hitzarmenaren etorkizunaz.

[ez] Adinekoak edo gaixoak zaintzeko langileren bat kontratatu behar izaten duten familiei emango zaizkien laguntzak ez dira helduko arazoa duten etxe guztietara.

[bai] Laguntzak ez zaizkie helduko adinekoak edo gaixoak zaintzeko langileren bat kontratatu behar izaten duten familia guztiei.

Atributua + izan esapideak hasieran jartzea, hori baitute ohiko tokia: jakina da, bistan da, egia da, ezinbestekoa da, kontua da, aski da, nahikoa da...

[ez] Zuzendaritza taldeko lau kide bakarrik aurkeztearen aldeko ahotsak badirela jakina da.

[baiJakina da zuzendaritza taldeko lau kide bakarrik aurkeztearen aldeko ahotsak badirela.  

[baiJakina da ahotsak badirela zuzendaritza taldeko lau kide bakarrik aurkeztearen alde.

Izena + aditza esapideak erabiltzea: ados jarri, dei egin, gonbit egin, parte hartu, agur egin, proba egin, amore eman, kontu eman... 

[ez] Gure elkarteak proiektuan parte hartuko duten guztiekin adostu nahi du.

[bai]  Gure elkarteak ados jarri nahi du proiektuan parte hartuko duten guztiekin.

—Enumerazio luzeei nolabaiteko sarrera ematea, bi puntuak erabiliz edo galdegai faltsuak sortuz.

[ez] Lapurtarrek nahitaez landu behar dute defentsa, azken lau partidetan hamalau gol hartu baitituzte. Bedard, Duda, Filippin, Hitze, Saint-Onge, Sedlak eta Wiart dira gibeleko jokalariak.

[bai] Lapurtarrek nahitaez landu behar dute defentsa, azken lau partidetan hamalau gol hartu baitituzte. Jokalari hauek ditu Miarritzek gibeleko lerroan: Bedard, Duda, Filippin, Hitze, Saint-Onge, Sedlak eta Wiart.

—Menpekoetan ere aditza aurreratzea, ahal dela.

[ez] Generalitateak eskatu du bideoklipak, pornografia, Interneteko solasguneak edo sekta erlijiosoen edukiak zabaltzen dituzten kateak lehiaketatik kanpo geldi daitezela.

[bai] Generalitateak eskatu du lehiaketatik kanpo geldi daitezela bideoklipak, pornografia, Interneteko solasguneak edo sekta erlijiosoen edukiak zabaltzen dituzten kateak.

—Esatezko aditzak esaldi hasieran jartzea: esan, adierazi, jakinarazi, galdetu, uste izan...

[ez] Zanzibarko Gobernuak homosexualei bizi osorako kartzela zigorra ezarriko diela adierazi du.  

[bai] Zanzibarko Gobernuak adierazi du homosexualei bizi osorako kartzela zigorra ezarriko diela.

[bai] Zanzibarko Gobernuak adierazi du bizi osorako kartzela zigorra ezarriko diela homosexualei.

Hona hemen beste aukera bat:

Zanzibarko Gobernuak adierazi duenez, bizi osorako kartzela zigorra ezarriko die homosexualei.

 
Subjektua eta aditza, elkarrengandik ahalik hurbilena

Subjektua eta aditza elkarren segidan edo ahalik eta hurbilena eman behar dira, haria ez galtzeko. Gainera, beti subjektuarekin hasi beharrik ez dago, kategoria gramatikalak baino gehiago enfasi jokoak gobernatzen baitu osagaien ordena.

[ezNazioarteko adituek duela 55 milioi urte bizi izan ziren landare eta animalien fosilak jaso dituzte Ozeano Artikoan.  

[bai] Duela 55 milioi urte bizi izan ziren landare eta animalien fosilak jaso dituzte nazioarteko adituek Ozeano Artikoan.

 
Kontuz subjektu segidekin

Nahasgarria da bi perpausetako subjektuak segidan pilatzea. Esaldiaren haria ez galtzeko, komeni da perpaus batekoak eta bestekoak ondo bereiztea.

[ezRosa Miren Pagolak eta Jose Velez de Mendizabalek Juan San Martin euskaltzain eta idazleak Eusko Ikaskuntzaren eskutik jasoko duen sariaz hitz egingo dute.

[bai]  Juan San Martin euskaltzain eta idazleak Eusko Ikaskuntzaren eskutik jasoko duen sariaz hitz egingo dute Rosa Miren Pagolak eta Jose Velez de Mendizabalek.

 
Ezezkoen ordena

Ez da komeni aditz nagusia eta laguntzailea urruntzea, ezta bataren eta bestearen artean elementuak pilatzea ere —tarteko elementua bereziki markatu nahi ez bada, behintzat—.

[ez] Auzitegiak ez du Fujimori presidente ohia behin-behinean aske uztea onartu.

[bai] Auzitegiak ez du onartu Fujimori presidente ohia behin-behinean aske uztea.

 

Aposizioak

 
Aposizioak egiteko hiru modu

Komaduna.

Askotan, bi komako aposizioarekin egiten da esaldia hobekienik; beste batzuetan —ingurua nolakoa den—, komarik gabe. Gehienetan, bi komako egitura lagungarri izaten da, esaldi zatiak mugatzen dituenez gero.

[ez] Haserre agertu zen atzo Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidentea Biktimen Lantaldearen egitekoaren inguruan PPk eta PSE-EEk sortutako polemikagatik.

[bai] Haserre agertu zen atzo Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidentea, Biktimen Lantaldearen egitekoaren inguruan PPk eta PSE-EEk sortutako polemikagatik.

—Koma tarteko aposizioetan, berdin deklinatzen dira bi osagaiak.

Dick Cheneyk, AEBetako presidenteordeak, ez du deus esan.

Dick Cheney, AEBetako presidenteordea, ez dago ados batzordeko buruekin.

—Horrelako aposizioetan ere jarri behar izanez gero, aurreneko elementuaren ondotik idazten da.

[ez] Zuzenduko duen orkestra ez ezik, emango duten obra, Fidelio ere, ondo ezagutzen du Gomez Martinezek.

[bai] Zuzenduko duen orkestra ez ezik, emango duten obra ere, Fidelio, ondo ezagutzen du Gomez Martinezek.

Komarik gabea.

—Aposizioa komarik gabe idatziz gero, azken osagaia bakarrik deklinatzen da.

Dick Cheney AEBetako presidenteordeak ez du deus esan.

Dick Cheney AEBetako presidenteordea ez dago ados batzordeko buruekin.

—Bi izen berezi segidan doazenean, ez da komeni komarik gabeko aposizioa erabiltzea:

[ezJackson Bushen aholkulariak argi eta garbi hitz egin du.

[baiJacksonek, Bushen aholkulariak, argi eta garbi hitz egin du.

[baiBushen aholkulari Jacksonek argi eta garbi hitz egin du.

Molde klasikoa:

—Horrelakoetan, azken osagaia bakarrik deklinatzen da, eta ez da komarik jartzen.

AEBetako presidenteorde Dick Cheneyk ez du deus esan.

AEBetako presidenteorde Dick Cheney ez dago ados batzordeko buruekin.

 
Aposizio komaduna, batzuetan traban

Aposizio komadunak traba egiten du galdegaiaren eta aditzaren artean dagoenean. Beraz, horrelakoetan hobe da ordena aldatzea.

[ez] Alemanian, Lutherren sorterrian, egin dute batzar nagusia.

[bai] Alemanian egin dute batzar nagusia, Lutherren sorterrian.

[bai] Lutherren sorterrian egin dute batzar nagusia, Alemanian.

Menpeko perpaus baten barrenean, hobe da komarik gabeko formak erabiltzea.

[ezDick Cheneyk, AEBetako presidenteordeak, esan duenez, ez dago ados batzordeko buruekin.

[baiDick Cheney AEBetako presidenteordeak esan duenez, ez dago ados batzordeko buruekin.

[baiAEBetako presidenteorde Dick Cheneyk esan duenez, ez dago ados batzordeko buruekin.

Beste aukera bat ere badago: menpekoa esaldi nagusi bihurtzea.

Dick Cheneyk, AEBetako presidenteordeak, esan du ez dagoela ados batzordeko buruekin.

Noren eta nongo kasuekin, komeni da komarik gabeko formak erabiltzea, eten handiegia sortzen baitu koma tarteak:

[ez] Asko gustatu zaio Steven Cohenen, Bill Clintonen kolaboratzailearen, ideia.

[bai] Asko gustatu zaio Bill Clintonen kolaboratzaile Steven Cohenen ideia.

[bai] Asko gustatu zaio Steven Cohenen ideia. Bill Clintonen kolaboratzaile da Cohen.

Aposizioak esaldia zamatzen badu, hobe da aditzaren ondora eramatea.

[ez] Juventuseko entrenatzaileak, gainera, Roberto Padini, taldeko jokalaririk zaharrena, beste postu batean jarri zuen.  

[bai] Juventuseko entrenatzaileak, gainera, beste postu batean jarri zuen Roberto Padini, taldeko jokalaririk zaharrena.

 
Aposizio itxurako tartekiak

Zenbaitetan, tarteki moduko batzuk egoten dira aposizioaren tokian, egiaz aposizio izan gabe. Dagokien sintagma absolutiboan (nor kasuan) egonez gero, ez dago arazorik:

Sei mila atleta, 35 eta 95 urte artekoak [denak/guztiak...], Donostiara etorri dira egunotan.

Gainerako kasuetan, ordea, komeni da marra luzeen artean jartzea, tokiz aldatzea edo beste esaldi bat egitea.

[ez] Europako atletek, 35 eta 95 urte artekoak, proba guztietan hartuko dute parte Beteranoen Munduko Txapelketan.

[bai] Europako atletek —35 eta 95 urte artekoak [denak/guztiak...]— proba guztietan hartuko dute parte Beteranoen Munduko Txapelketan.

[bai] Europako atletek proba guztietan hartuko dute parte Beteranoen Munduko Txapelketan. Guztiak 35 eta 95 urte artekoak dira.

 

Adierazpenak

Inork esanikoaren berri jakinarazten denean, zehatz eta garbi eman behar da, bai zer esan duen eta bai nork esan duen. Kazetariak egoki landu behar ditu adierazpenak: testuingurutik atera gabe, eta desitxuratu gabe.

Horrek ez du esan nahi adierazpenak bere hartantxe utzi behar direnik: ahozko hizkeran ohikoak dira anakolutoak eta huts gramatikalak, eta kazetariaren lana da haiek konpontzea eta zuzen eta egoki ematea, betiere esanahia eta tonua guztiz errespetatuz.

Adierazpenak berria idazteko abiapuntu direnean ere, kazetariak sintesi lana egin behar du, adierazpenik esanguratsuenak hautatu eta, jakina, testua landu: irakurlearentzat ez da batere erakargarria besterik gabe kateaturiko adierazpen segida hutsa. Horregatik, oso garrantzitsua da aipuak ondo aukeratzea: indartsuak, erakargarriak, esanguratsuak izan behar dute. Era berean, ez da komeni oso aipu luzeak egitea.

Aipu marken barrukoak neurrian erabili behar dira, gehiegikeriak agerian uzten baitu testua landu gabea dela eta kazetaria ez dela gai izan adierazpenak aztertu eta lastoa eta garia bereizteko.

 
Adierazpenak emateko moduak

Estilo zuzena.

Estilo zuzenean, esaldi osoak ematen dira aipu marken barruan.

Raoult: «Etxeratze deiak harridura sortu du, baina biziak salbatuko ditu».

Raoult prest dago gobernuaren agindua betetzeko: «Etxeratze deiak harridura sortu du, baina biziak salbatuko ditu, bederen!».

«Etxeratze deiak harridura sortu du, baina biziak salbatuko ditu», adierazi du Raoultek.

Berdin pentsatzen du Ageda Urmenetak. Baina beste modu batera ikusten du semearen gaitza. «Ongi dagoenean, oso ongi dago. Bere adineko edozein gaztek egin dezakeena egin dezake berak ere. Familiaren negozioan ari da lanean». Gaizki dagoenean, ordea, amets gaiztoa hasten da Urmenetarentzat. «Ezin dut kontrolatu. Oldartu egiten da».

—Estilo zuzenean, bi puntuen ondoren letra larria erabiltzen da, lehen adibidean bezala.

—Bigarren adibidean eta gisakoetan, koma erabiltzen da adierazpena eta kazetariaren hitzak bereizteko, aipu markak ez ezik.

—Bukaerako puntua aipu marketatik kanpo jartzen da. Aipu marken barruan galdera edo harridura marka egonik ere, jarri egin behar da bukaerako puntua.

 Zehar estiloa.

Zehar estiloan, aipu markarik ez da erabiltzen, eta perpaus osagarri edo zehar galdera bihurtzen dira adierazpenak.

Txingudi Bizirik taldeak esan du ez diotela txostenik bidali.

Legea betearazteko irmo jokatuko duela adierazi du Chiracek.

Bitariko estiloa.

Bitariko estiloan, hitz bat, sintagma bat edo esaldi zati bat idazten da aipu marken barruan, baina ez esaldi osoak.

Etorkinen kanporaketak «banan-banan» aztertuko dituztela ziurtatu dute.

Errepidea «gogoetarako tresna» da Zubeldiaren azken liburuan.

—Bitariko estiloa hautatuz gero, kontuz ibili behar da aipu markaz zer mugatzen den, gehiegikeriarik egin gabe.

 Interpretatiboa.

Estilo interpretatiboan, kazetariak deskribatu egiten du mintzatu denaren asmoa, aditzaren bitartez gehienetan: aitortu, egotzi, gaitzetsi, iradoki, iragarri, kritikatu, leporatu, salatu...

SIPek gaitzetsi egin du Time aldizkariko kazetariari jarritako zigorra.

Adierazpen askatasunaren kontra egitea egotzi dio Amnesty Internationalek Txinari.

EAEko laguntzak Kataluniakoak baino zazpi aldiz txikiagoak direla salatu du Ibaiak.

 
Ez nahasi estilo zuzena eta zehar estiloa

Estilo zuzena eta zehar estiloa ezin dira nahastu. Izan ere, nahas-mahas erabiliz gero, zaila zaio irakurleari kazetariaren diskurtsoa eta albisteko protagonistaren hitzak bereiztea. Gainera, joskera arazoak ere sortzen dira, perpaus osagarriak aipu marken barruan sartzeko tentazioa izaten duelako kazetariak.

[ez] EAk zehaztu du «beti oinarrizko eskubide horren alde aritu dela eta horretan segituko duela».

[bai] EAk zehaztu du beti «oinarrizko eskubide horren alde» aritu dela eta horretan segituko duela. [Bitariko estiloa]

[bai] EAk hau zehaztu du: «Beti oinarrizko eskubide horren alde aritu gara eta horretan segituko dugu». [Estilo zuzena]

[ez] Txostena «kontuan hartuko duela» adierazi zuen.

[bai] Txostena kontuan hartuko duela adierazi zuen. [Zehar estiloa]

Aditz laguntzailea aipu marketatik ateratzeak ez du konpontzen arazoa. Aditz nagusia eta laguntzailea batera joatekoak dira: edo biak aipu marken barruan, edo biak aipu marketatik kanpo.

[ez] «Umorea eta gogoeta uztartzen» dituela azpimarratu zuen Mujika Iraolak.

[bai] «Umorea eta gogoeta» uztartzen dituela azpimarratu zuen Mujika Iraolak. [Bitariko estiloa]

 
Hirugarren pertsona eta lehenbizikoa, ongi bereizirik

Bitariko estiloan, kontu handiz ibili behar da lehen pertsona eta hirugarrena ez nahasteko. Bestela, arrisku handia dago koherentziarik gabeko esaldiak osatzeko.

[ez] Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak [Hirugarren pertsona] babes osoa eskaini zion Zapaterori, «bakea lortzeko egingo dituen urratsetan Euskadik laguntzea nahi bainuke». [Lehen pertsona]

[bai] Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak babes osoa eskaini zion Zapaterori: «Bakea lortzeko egingo dituen urratsetan Euskadik laguntzea nahi nuke».

 
Aipu marken barrukoak nolabaiteko osotasuna behar du

Aipu marken barrukoak osotasuna izan behar du, testuan ondo egokitzeko. Esaterako, komeni da sintagma bereko osagaiak batera egotea.

[ez«Tesi maltzur» hori ez du gehiago entzun nahi.

[bai«Tesi maltzur hori» ez du gehiago entzun nahi.

Era berean, garbi utzi behar da lokailua noren diskurtsokoa den.

[ezBaina «hori argitzeak ez du esan nahi Ibarretxeren planarekin ados ez daudenik», azaldu du.

[bai] «Baina hori argitzeak ez du esan nahi Ibarretxeren planarekin ados ez daudenik», azaldu du. [Aipu barrukoa]

[baiBaina azaldu duenez, «hori argitzeak ez du esan nahi Ibarretxeren planarekin ados ez daudenik». [Kazetariaren diskurtsokoa] 

 
Adierazpenak, neurrian eta neurrikoak

Neurrian erabili behar dira aipu marken barruko adierazpenak, bai estilo zuzenekoak eta bai bitarikoak: oso ondo aukeratu behar dira, indarrik gal ez dezaten. Izan ere, esaldi eta hitz esanguratsuak bakarrik mugatu behar dira aipu marken bidez. Horrela jokaturik, hitzez hitzeko adierazpenei behar duten indarra ematen zaie; bestela, gerta liteke testua aipu bilduma huts bihurtzea, inolako irizpiderik gabe bata bestearen atzetik kateaturik, era monotonoan.

Gainera, estilo zuzenean edo bitarikoan emaniko adierazpenak bezain sinesgarriak dira zehar estiloan emanikoak.

[ez] Lesioaz ari zela, azpimarratu zuen «hobeto» dagoela «baina oraindik min handia» duela.

[bai] Lesioaz ari zela, azpimarratu zuen hobeto dagoela baina oraindik min handia duela.

 
Nork esan duen adierazi: garbi bai, betegarri ez

Irakurleari argi adierazi behar zaio noren hitzak jaso diren testuan, baina pisu gertatu gabe. Hala, testuan pertsona bakar baten aipuak baldin badaude, ez da beharrezkoa aldi oro noren hitzak diren adieraztea. Izan ere, kazetariak saiatu behar du testuak etengabe aurrera egin dezan, betelanik gabe.

[ez] Ekonomia ministroak adierazi du Europako araudia zorrotz bete dutela beti. «Ez dugu Europak zigortuko gaituen inolako beldurrik», gehitu du ministroak.

[bai] Ekonomia ministroak adierazi du Europako araudia zorrotz bete dutela orain arte: «Ez dugu Europak zigortuko gaituen inolako beldurrik».

Pertsona gehiagoren adierazpenak biltzen direnean, ordea, oso kontuz ibili behar da, irakurleak hasieratik jakin behar baitu noren esanak leitzen ari den.

 
Adierazpenei sarrera emanez gero, ez errepikatu informazioa

Aspergarria da esana dagoena berriz esatea. Egokia da, jakina, hitzez hitzeko aipuei sarreratxoa egitea, baina haiek parafraseatzea estilo pobrearen seinalea da: errepikakorra da, eta testuak ez du aurrera egiten.

[ez] Lesioaz ari zela, azpimarratu zuen «hobeto» dagoela, «baina oraindik mina» duela: «Hobeto nago, baina min dut oraindik».

[bai] Lesioaz ere mintzatu zen: «Hobeto nago, baina min dut oraindik».

 
Azken paragrafoan, zaindu bukaerako aipua

Paragrafoen hasiera eta bukaera oso toki garrantzitsuak dira, biziki zaintzekoak, eta are gehiago azken paragrafoaren bukaera, testuaren errematea baita. Horregatik, azken esaldian aipu bat badago, ez da komeni noren hitzak diren bukaera-bukaeran adieraztea, horrek moteldu egiten baitu esaldiaren indarra.

[ez] Gustura bizi da Nafarroan. Izan ere, Agirrek argi dauka bizkaitarrak eta nafarrak oso ondo moldatzen direla elkarrekin. «Herri honetan, bi bikote gazte daude, eta biak bizkaitar-nafarrak!», dio.

[bai] Gustura bizi da Nafarroan. Izan ere, Agirrek argi dauka bizkaitarrak eta nafarrak oso ondo moldatzen direla elkarrekin. «Herri honetan, bi bikote gazte gaude, eta biak bizkaitar-nafarrak!».

 
Kazetariak gehituriko argibideak, parentesi karratuen artean

Estilo zuzenean, inoren adierazpenen barrenean kazetariak zerbait gehitu behar izanez gero, parentesi karratuak ([...]) erabiltzen dira, ez marra luzeak [—...—]. Marrak erabiliko bagenitu, aipuaren parte dela ulertu beharko genuke.

[ez] «Gaur —atzo— ez dugu batere ondo jokatu».

[bai] «Gaur [atzo] ez dugu batere ondo jokatu».

[ez] «Iaz Santanderren hain gaizki ibili eta gero —luzaroan ez zuten kobratu—, orain bestela ikusten ditut gauzak».

[bai] «Iaz Santanderren hain gaizki ibili eta gero [luzaroan ez zuten kobratu], orain bestela ikusten ditut gauzak».

 
Aipuetarako bi marka mota

Hitzez hitzeko adierazpenetarako, aipu markak erabiltzen dira BERRIAn: [«»].

Hitzak, esaldi zatiak nahiz esaldi osoak mugatzen dituzte aipu markek, betiere nolabaiteko osotasuna izanik.

Adierazpenen barruan beste norbaiten hitzen aipua txertatzeko baliabidea aipu marka bakunak dira: [‘’].

Aierbek gogoan ditu amonaren hitzak: «Gure amona zenak egunero kontatzen zidan ipuinen bat, eta beti esaten zidan: ‘Hik ere izango dituk seme-alabak, eta gogoan hartu ipuinok, haiei kontatzeko’».

 

Perpaus erlatiboak

Oro har, perpaus erlatiboak ez dira egokiak azalpenak emateko, atzeratu egiten baitute informazio garrantzitsuena. Gainera, gehiegikeriaz erabiliz gero, esaldi guztiz artifizialak eta ulergaitzak osatzen dira: irakurleak ezin ulertu du esaldia harik eta bukaeraraino iritsi, dena gaizki ulertu duela jabetu eta bigarren aldiz —gutxienez— irakurri arte.

[ez1967an Sud Aviation eta Rolls Royce kinka larritik ateratzeko asmoz sortu zen partzuergo europarra, irailaren 11 ondorengo lainoak iragan ostean, orain arte merkatuaren errege izan den Boeingen gainetik ari da hegan.

[bai] Europako partzuergoa, irailaren 11 ondorengo lainoak iragan ostean, Boeingen gainetik ari da hegan. 1967an sortu zen, Sud Aviation eta Rolls Royce kinka larritik ateratzeko, eta orain merkatuaren erregeari gailendu zaio.

[bai] Europako partzuergoa Boeingen gainetik ari da hegan, irailaren 11 ondorengo lainoak iragan ostean. 1967an sortu zen, Sud Aviation eta Rolls Royce kinka larritik ateratzeko, eta orain merkatuaren erregeari gailendu zaio.

[ez] Bi bakarrik falta ziren Zubietan: Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin eta Turkiako selekzioarekin dauden Nihat eta Riesgo.

[bai] Bi bakarrik falta ziren Zubietan: Nihat, Turkiako selekzioarekin dagoelako, eta Riesgo, Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin ari delako.

Kazetariak zuzenean eman behar du informazioa, eta ez itzulinguruka. Horregatik, oso kontuz ibili behar da perpaus erlatiboekin: informazioa zuzenean eman beharrean, kiribilka banatzen da testuan, irakurlearen nahasgarri.

Titulua: Ertzaintzak gizon bat atxilotu du ustez hiru autotan lapurtzeagatik

[ez] Azpititulua: Donostian atxilotu duten gizonak ustez hiru autotako leihatilak hautsi ditu 

[bai] Azpititulua: Donostian harrapatu dute, eta ustez hiru autotako leihatilak hautsi ditu

[ezHabanan, Kubako hiriburuan, egiten ari diren Lehorte eta Basamortutzearen inguruko Nazio Batuen VI. Batzarrean 40 herrialdetako ordezkariak bildu ziren atzo.

[bai] Habanan, Kubako hiriburuan, 40 herrialdetako ordezkariak bildu ziren atzo, Lehorte eta Basamortutzearen inguruko Nazio Batuen VI. Batzarrean.

Perpaus erlatiboak neurririk gabe erabili dira azken urteotako prentsan, klixe moduko batzuk sortzeraino. Horietako bat da norbaiten kargua eta izen-abizenak adierazteko molde artifizial hau: 

[ezNekazarien Nazioarteko Batzordeko burua den Jack Wilkinsonen esanetan, milioika lagun geratu dira urik gabe lehorteen eraginez.

Molde horren premiarik ez dago, ordea, ez duelako inolako abantailarik ekartzen beste egitura hauen aldean.

[bai] Nekazarien Nazioarteko Batzordeko buru Jack Wilkinsonen esanetan, milioika lagun geratu dira urik gabe lehorteen eraginez.

[bai] Jack Wilkinson Nekazarien Nazioarteko Batzordeko buruaren esanetan, milioika lagun geratu dira urik gabe lehorteen eraginez.

 

Tartekiak: parentesiak eta marra luzeak

Tartekiek ahalik eta gutxien eten behar dute esaldia. Beraz, trabarik egiten ez duten tokian erabili behar dira bai parentesiak eta bai marra luzeak.

[ezMoenchengladbach (Alemania) hiriko Stephan Kessel 36 urteko garraiolariak ikusgarri argitzen du etxea Eguberrietan.

[baiMoenchengladbach hirian (Alemania), Stephan Kessel 36 urteko garraiolariak ikusgarri argitzen du etxea Eguberrietan.

[ez] Juan Jose Campanellaren Vientos de agua telesailean parte hartu du Marta Etura (Donostia, 1978) aktoreak

[bai] Juan Jose Campanellaren Vientos de agua telesailean parte hartu du Marta Etura aktoreak (Donostia, 1978).

[ezAzken urteetan zeliakia duten —glutena duen elikagaiek kalte egiten diete pertsona horiei— gaixoekin egin du lan.

[baiAzken urteetan zeliakia duten gaixoekin egin du lan. Zeliakoei kalte egiten die glutenak.

Askotan, errazagoa da esaldia parentesirik gabe moldatzea, parentesiari leku erosoa aurkitzea baino.

[ez] Himachal Pradesh mendigunea Zanskar eta Kaxmirrekin mugan (India iparraldea) dago.

[bai] Himachal Pradesh mendigunea India iparraldean dago, Zanskar eta Kaxmirrekin mugan.

 

 

Puntuazioa

 

Zertarako erabiltzen den

Testua egituratzeko tresna garrantzitsuenetako bat da puntuazioa: testua osatzen duten informazio unitateak markatzen ditu, diskurtsoa ulertzen laguntzeko. Baina diskurtsoaren egitura ez ezik, esanahia ere definitzen da puntuazioaren bitartez. Azken batean, irakurlearen interpretazioa egokia dela segurtatzea da puntuazioaren egiteko nagusia; izan ere, puntuazio markek irakurlea gidatu behar dute, testua uler dezan.

 
Puntuazioa eta joskera

Joskerari estu lotua dago, eta, horregatik, diskurtsoaren joskerak eta antolamenduak agintzen dute zein puntuazio marka erabili, eta ez intonazioak. Puntuazioa aberasteak joskera aberasteko modua ematen du.

 
Puntuazioa eta estiloa

Beti-beti joskera eta puntuazio eskema bera erabiliz gero, testuak oso monotonoak gertatzen dira. Izan ere, egitura ez ezik, erritmoa eta musika ere ematen die puntuazioak testuei. Puntuazioa aberastuz, testu landuagoa idatziko dugu.

Oro har, kazetaritzako testuetan puntuazio markatugabea erabiltzen da, barrokismorik gabea. Baina, testu mota zein den, zilegi da, jakina, puntuazio modu erretorikoagoak erabiltzea.

Puntuazioaren oinarri-oinarrizko konbentzioak betetzeak ez du galarazten norberaren estiloa; aitzitik, modua ematen du, irakurleari interpretazio arazorik sortu gabe, estilo bat edo bestea erabiltzeko. Esaterako, estilo enfatiko edo hanpatua sortuko dugu puntua erabiliz testua ohi baino gehiago eteten badugu, batez ere koma erabili ohi den kasuetan.

Eguneko soldataren truke aritzen zen lanean. 31 urte zituen. Lanean ari zela joan ziren haren bila. Sorora. Etxekoek ez zuten berriz ikusi. Inoiz ez.

Sutea gertatu da. Suaren ostean, erre usaina. Errautsa. Kea. Suntsipena. Ezereza. Bizi oro hiltzen eta estaltzen duen geruza besterik ez.

 
Puntuazioa eta prentsako testuak

Puntuazioaren alor batzuk ez ditugu aztertuko, prentsakoak ez direnez gero; esaterako, literatur lanetako elkarrizketetan marra luzeak nola erabiltzen diren.

Puntuazio marka hauek izango ditugu aztergai: puntua, puntu eta koma, bi puntuak, koma, etenpuntuak, parentesiak, marra luzeak, parentesi karratuak, galdera marka, harridura marka, zehar marra, aipu markak eta aipu marka bakunak.

 

Tituluak, oro har

Jakina denez, tituluak ezin dira inola ere korapilatsuak izan, eta hobe da puntuazioz ere sinpleak izatea. Alde horretatik, puntuazio markarik behar ez duten tituluak hobeak dira, oro har; baina markak behar badituzte, jarri egin behar dira.

 

Puntua

 
Ezaugarri orokorrak

Esaldia, paragrafoa edo testua bukatua dela adierazten du puntuak. Beraz, funtsezkoa da testua egituratzeko.

Esaldiaren bukaeran harridura marka, galdera marka edo etenpuntuak daudenean, ez da punturik jarri behar.

Tituluetan, azpitituluetan, goitituluetan eta leihoetan, ez da punturik jartzen esaldi bukaeran.

Adierazpenetan, puntua kanpoan idazten da, ez aipu marken barruan.

Iñaxio Perurena pozik zegoen: «Gustura bota dut izerdia erakustaldian, giro paregabea egon da eta».

Puntuaren ondotik, zuriunea uzten da beti.

 
Noiz erabiltzen den

Esaldi bukaera markatzeko erabiltzen da puntua nagusiki.

Dena dela, koma ordezkatzen du batzuetan, arrazoi estilistikoengatik, enfasia emateko. Neurriz erabiltzeko baliabidea da, jakina.

Idazleak beste bost poema argitaratu zituen. Nahiz eta jakin espetxera eramango zutela. Traba guztien gainetik.

Ordinalek ere puntua dute.

Benedikto XVI.a luze mintzatu zitzaien.

Zifretan milakoak, milioikoak eta abar adierazteko, puntua erabiltzen da.

Dena dela, zenbakia sail batekoa bada, ez da punturik jartzen (urteak, posta kodeak eta abar).

Laburdurek puntua izan ohi dute.

Zehar marra duten laburdurak, ordea, punturik gabe idazten dira. Sigletan eta sinboloetan, ez da jartzen punturik.

 

Puntu eta koma

 
Ezaugarri orokorrak

Puntu eta komak eten txikiagoa adierazten du puntuak baino. Hala, puntu eta komaz markaturiko esaldien artean lotura semantiko handiagoa dago, puntuz bereizirikoen artean baino. Beraz, egokiro erabiliz gero, aberastu egiten du testuaren egitura eta informazioa, ñabardurak adierazten baititu.

Puntu eta komaren ondotik, zuriunea uzten da beti.

 
Noiz erabiltzen den

Esaldien artean esanahi lotura estua dagoela adierazten du puntu eta komak.

Horrelakoetan, puntu eta koma erabiltzen da esaldiak bereizteko, eta ez puntua. Beraz, testuetan puntua ez ezik puntu eta koma ere erabiliz gero, sotilago adieraz daitezke esaldien arteko lotura semantikoak.

Gasteizko gizonik aberatsena zen; lurrak, etxeak eta errotak zituen.

Lotura logikoa esplizitatu nahi izanez gero —kausa, ondorioa, aurkaritza...—, lokailuak eta bestelako testu antolatzaileak erabiliko ditugu.

Aimarrek Peñagarikano izango du lagun; Asierrek, berriz, Ruben Beloki.

Batez ere, eleberriak eta ipuinak irakurtzen ditut; zuk, aldiz, sekula ez duzu nobelarik irakurri.

Nik uste dut oparitarako erosketa asko egiten dela hemen; hori ikusi dut nik, behintzat.

Enumerazioetan, normalean komaz bereizten diren elementuak puntu eta komaz bereizten dira, baldin eta barrenean komak badituzte.

Bertan izan ziren Elizabeth Schuhmacher, Errauste Planten Aldeko Elkarteko burua; Andrea Floret, Ingurumen Saileko biologoa; Jesus Etxebarri, Gipuzkoako Aldundiko teknikaria; eta Asier Garmendia, Natura Babesteko Planaren egilea.

Kristautasunean bezala, hinduismoan ere trinitatearen irudia agertzen da: Vixnu, munduaren ordenaren bermatzailea; Xiva, suntsitzaile beldurgarria; eta Brahma, unibertsoaren sortzailea.

Laburpen moduko batzuetan ere puntu eta koma baliatzen da. Argibide gisakoak izan ohi dira, esaldi bukaeran idatziak.

Bizipen horiek sentimendu bat sortzen dute, eta sentimendu hori hitz bilakatzen da; kantu, azken batean.

 

Bi puntuak

 
Ezaugarri orokorrak

Bi puntuen bidez, diskurtsoa eten egiten da, segidan datorrenari nolabaiteko ataria emanez.

Gehienetan, bi puntuen atzetik ez da erabiltzen lokailurik. Izan ere, aurrekoaren azalpen, ondorio edo iruzkintzat hartzen da, lokailuak esplizitatu gabe ere.

Teorian, komunztadura egitea aukerakoa da, baina komunztatu gabekoak oso arrotzak gertatzen dira batzuetan: batez ere, sintagma hutsetik urrundu eta esaldira gehiago hurbiltzen garenean.

Ezusterik ezean, David Lopezek eta Enrique Corralesek beteko dituzte atzealdeko bi hegalak: Lopez eskuinean, eta Corrales ezkerrean. [?]

Ezusterik ezean, David Lopezek eta Enrique Corralesek beteko dituzte atzealdeko bi hegalak: Lopezek eskuinean, eta Corralesek ezkerrean.

Behin baino gehiagotan erabil ditzakegu bi puntuak segidan, tartean punturik izan gabe. Dena dela, oso kontuz ibili behar da, haria gehiegi korapila ez dadin.

Hauxe izan zen gakoa: Alderdi Popularrak baldintza batekin eman zizkion bere botoak CiUri: Estatutua ez aldatzea.

Ez da, jakina, aliritzira egindako hautua: liburua osatzen duten bost ipuinetan «ardatz» dira, Karmele Jaio idazle eta kazetariaren ustez, izenburua osatzen duten hiru hitzetatik bi: bihotza eta gosea.

Bi puntuen ondotik, zuriunea uzten da beti.

 
Noiz erabiltzen den

Azalpena, kausa, ondorioa edo aurrekoaren laburpen modukoa sartzeko erabiltzen dira bi puntuak.

Puntu eta komak baino ere agerianago uzten dute lotura semantikoa.

Beste bi egitasmoak ez daude oraindik onartuta, ezta guztiz erabakita ere, baina bai nahiko pentsatuak: Zorion perfektua aurten filmatzen hasteko asmoa du Amigok, eta Bihotz bi datorren urtean filmatu nahi du.

Bi sail nagusi ditu erakusketak: batean, egileak Balear uharteetan eta Parisen margotutako 22 olio pintura daude, zuriaz eta beltzaz aparteko kolore askorik gabekoak; bestean, Malin 2004ko abenduan eta 2005eko urtarrilean egindako marrazki koloretsuak eta brontzezko bost eskultura.

Enumerazioak irekitzeko edo ixteko modu bat dira.

Einsteinen teoria eta hipotesi asko egiaztatu egin dira, eta haren teorietan oinarritutako hainbat tresna ezinbestekoak dira gaur egun: kamera digitalak, laser izpiak, GPS sistema, unibertsoaren garapenaren teoria, zelula fotoelektrikoak...

Kamera digitalak, laser izpiak, GPS sistema, unibertsoaren garapenaren teoria, zelula fotoelektrikoak...: Einsteinen teoria eta hipotesi asko egiaztatu egin dira, eta haren teorietan oinarritutako hainbat tresna ezinbestekoak dira gaur egun.

Etsenplu modukoak sartzeko ere erabiltzen dira bi puntuak.

Columbia disketxeak Miles Davis jazz musikariaren hainbat disko berrargitaratuko ditu datozen hilabeteotan: Seven Steps to Heaven, besteak beste.

Aipuak eta adierazpenak txertatzeko, batez ere estilo zuzenean, askotan baliatzen dira.

Estilo zuzenean ari bagara, bi puntuen ondoko lehen hitza letra larriz idazten da.

Mankellek oso kritikagarri deritzo hedabideek Afrikarekin duten jokabideari: «Europar guztiok oso ondo dakigu Afrikan nola hiltzen diren, baina Europan inor gutxik daki Afrikan nola bizi diren».

Katafora moduren bat erabiltzen denean (erakuslea, izenordaina...), esaldiak lotzeko modu bat dira.

Oso gauza argia esango dut: gure lurraldean ez dago ia nekazaritzarik, abeltzaintzarik ere ez kasik, eta jaten dugun guztia inportatzen dugu ia-ia.

Telebistak ondorio hau ekarri du: jendeak uste du bertsotan egiten dakien bakarra bertsolaria dela.

Ordua zenbakiz idazten denean, bi puntuak jarri behar dira.

Dirudienez, 23:00etan etorriko dira.

 

Koma

 
Ezaugarri orokorrak

Esaldi koordinatuak lotzeko eta esaldi barreneko eten txikiak egiteko da koma. Puntuazio markarik konplexuena da, erabilera gehien duena.

Etenpunturik ezin da erabili komaren ondotik.

Komaren ondotik, zuriunea uzten da beti.

 
Noiz erabiltzen den

Esaldi koordinatuak lotzeko erabili ohi da.

Bi esaldi eta, baina edo edo erabiliz koordinatzen baditugu, koma jarriko dugu juntagailuaren aurretik: [, eta], [, baina], [, edo].

Oroitarria jarriko dute, eta eguerdian bertsotan ariko dira.

Denboraldi baterako joango da, baina baliteke Iruñera berriro ez itzultzea.

Konturatu ere ez naiz egiten oroitzapen horiek hor daudela, edo erdizka besterik ez naiz jabetzen, edo pasatu eta gero konturatzen naiz.

Esaldi koordinatuetako batean aditz laguntzailea isildua baldin badago ere, berdin jokatzen da. Laguntzailea agerian duen aditzarekin egiten da komunztadura.

Taldeko kideek, oroitarria jarri, eta bertsotan jardun dute eguerdian.

Taldeko kideak, oroitarria jarri, eta bertsotan aritu dira eguerdian.

Hark arkumea ekarri, eta nik prestatuko dut.

Estilo zuzeneko esaldiak mugatzeko ere erabiltzen da.

Izan ere, aipua eta kazetariaren diskurtsoa komaz bereizten dira —aipu markekin mugatzeaz gain—.

«Naval erosi gura dugu», berretsi du ontziolako presidente Joanes Labairuk.

Enumerazioetan, osagaiak komaz bereizten dira.

Etxean gordeta zeuzkan ordenagailuak, liburuak, DVDak eta bideoak. [Enumerazio itxia da: eta duena]

Ehun irudi ditu liburuak: itzulpenen azalak, liburu batzuetako ilustrazioak, hainbat artistaren argazkiak... [Enumerazio irekia da: eta-rik gabea]

Batzuetan, errepikapen efektua emateko, eta erabiltzen da sail guztian, komaren ordez.

Gasteizko gizonik aberatsena zen; denetik zuen, eta denetik franko: lurrak eta etxeak eta errotak eta zer ez.

Enumerazioen atalen barruan komak badaude, koma ez baizik puntu eta koma erabili beharko dugu atal bat eta hurrengoa bereizteko.

Gaurko bilerara sail hauek etorriko dira: Jaurlaritzako Lehendakaritza; Osasuna; Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza; eta Kultura.

Gerta liteke enumerazioaren elementu batek barnean eta izatea; halakoetan, koma batez markatzen da elementu horren bukaera, nahiz eta azken-aurrekoa izan.

Izaro, Niña Coyote eta Chico Tornado, eta Zazkel 

Esaldi zerrendetan ere erabil daiteke.

Enumerazio modu bat dira, eta bi osagai baino gehiago lotzen dituzte, gainerako enumerazioek bezala.

Azken urteotan, bertsolaritza ofizializatu egin da, nolabait: bertso eskoletan udaletako euskara sailak sartu dira, irakasleak profesionalak dira, beste babes mota batzuk ere badaude...

Bokatiboak komaz markatzen dira.

Esaldi hasieran, noski, ondotik jartzen da koma; eta esaldi bukaeran, aurretik.

Agur eta mila esker, Mosku.

Zuk, Silveira, ika-mika sortu izan duzu behin baino gehiagotan hainbat bertsorekin.

Koma kentzeko lizentzia hartzekotan, esapide bihurturikoetan bakar-bakarrik:

Bai jauna!

Tarteki txikiak ere mugatzen ditu komak, esaldiari estu loturikoak.

Jokalariak, pozez zoratu beharrean, kopa hartu zuen esku artean.

Barrez erantzun zien, pozik, galdera guztiei.

Aposizio batzuk koma tartean idazten dira.

Dmitri Pitermani, Alaveseko presidenteari, asko kostatzen zaio hitzak neurtzea.

Horrelako aposizioetan, bi osagaiak deklinatzen dira: aposizioa eta dagokion sintagma.

Koma tartean idatzi behar dira lokailuak eta testu antolatzaileak. Hona hemen batzuk:

gainera, bestalde / bertzalde, era berean, halaber, orobat, berebat, behintzat, bederen, bederik, behinik behin, bestela / bertzenaz, osterantzean, gainerakoan, ordea, berriz, aldiz, ostera, aitzitik, alta, alabaina, dena dela, dena den, hala ere, hala eta guztiz ere, haatik, beraz, bada, hortaz, horrenbeste, halatan, hala, izan ere, hau da, alegia, azken batean, azken finean, hain zuzen ere, horregatik, batetik, bestetik, azkenik, lehenik, bigarrenik, hirugarrenik...

Esaldi hasieran edo bukaeran egokitzen badira, aurretik edo atzetik puntua edo puntu eta koma izango dute, noski.

Bada salbuespen bat: hala nola lokailuak aurretik bakarrik izan ohi du koma, eta ondotik ez.

Pasarte batean, gainera, Bukowski irakurtzen agertzen da Kat.

Nobela aspaldidanik ari da, ordea, beste genero batzuekin nahasten.

Dena den, bakoitzak bere iritziaren arabera bozkatuko du.

Hori dela eta, enpresa berria nola finantzatu aztertuko dugu.

Bada besterik, beraz.

Ez dago batere ados, hala ere.

Salbuespena: hala nola.

Atzerrian bizi diren kurdu siriarrek protestak egin zituzten Europako zenbait hiritan, hala nola Bruselan, Genevan eta Berlinen.

Kontuan izan testu antolatzaile batzuk galdegai izan daitezkeela; esaterako, horregatik eta hori dela eta. Galdegai direnean, ezin da komarik jarri haien eta aditzaren artean.

Bertsolaria, hain justu, hori da, edozein girotara egokitzeko gai dena. Horregatik bereizten dira bertsolaria eta bertsotan egiten dakiena.

Hori dela eta galdegaia denean, marratxoz idatziko dugu:

Hori dela-eta etorri gara.

› Beste galdegai bat gehitzen denean, komaz bereizten da.

1860. urtean jaio zen Txirrita, Hernanin. [Noiz jaio zen? Non jaio zen?]

Sariak ostiralean banatuko dituzte, Zarauzko Zinema pilotalekuan. [Noiz banatuko dituzte? Non banatuko dituzte?]

Aurreneko kanporaketa igandean jokatuko da, Lekunberrin. [Noiz jokatuko da? Non jokatuko da?]

Mintzagaia markatzeko ere koma erabiltzen da, batez ere mintzagai hanpatua markatzeko.

Mintzagaia esaldiaren hasieran egon ohi da; lehendik dakigun informazioa errepikatu ohi dugu mintzagaian, edo, bestela, gure diskurtsoaren unibertsoa mugatu.

Mintzagaia izaten dira, esaterako: -ri dagokionez, -ri doakionez, horri buruz, -ren ustez, -ren iritziz, -ren irudiko. Horrelakoak beti komarekin idazten dira, non eta ez diren mendeko baten parte.

Batzuetan, zilegi da koma kentzeko lizentzia hartzea, baina inola ere ez honelako kasuetan:

a) Anbiguotasuna sortzen denean.

[ez] Lehen herriaren ondorearen artisautza egiten nuen, orain neure obrarena. [lehenbiziko herria?]

[bai] Lehen, herriaren ondorearen artisautza egiten nuen; orain, neure obrarena.

b) Esanahia aldatzen denean.

Koma jarri edo ez, esanahia aldatu egiten da askotan. Esaldi honetan, esaterako:

Agurrean «eginiko lagunak» goraipatu eta Eibar mailaz igoko dela ziurtatu du Karmonak.

Dagoen-dagoenean, hau ulertu beharko genuke: Karmonak lagun batzuk egin ditu agurrean; gainera, goraipatu egin ditu, eta Eibar igoko dela ziurtatu.

Logikak salatzen du ez dela horrela izan, agurrean ziurtatu duela, eta ez agurrean lagunak egin. Horrelakoetan, koma jarri egin behar da, ez baitago lizentzia hartzerik:

Agurrean, «eginiko lagunak» goraipatu, eta Eibar mailaz igoko dela ziurtatu du.

Hona hemen beste adibide batzuk:

80ko hamarkadaren hasieran hiesa denon arazoa zela gogoratu zuen. [ = 80 hamarkadaren hasieran izan zen hiesa denen arazoa]

80ko hamarkadaren hasieran, hiesa denon arazoa zela gogoratu zuen. [ = 80 hamarkadaren hasieran gogoratu zuen]

Modu sotilean, emakume askok euren buruari egiten dizkioten galderak egiten dituzte aktoreek taularen gainean. [ = Modu sotilean egiten dituzte aktoreek galderak]

Modu sotilean emakume askok euren buruari egiten dizkioten galderak egiten dituzte aktoreek taularen gainean. [ = Modu sotilean egiten dituzte emakume askok galderak]

Mendeko perpaus batzuk markatzeko ere koma erabiltzen da.

Hain da pisua, non hamar lagunek ere ezin jaso baitute.

Gezurra esango balu, segituan igarriko nioke.

Ama etorri zenean, isildu egin zen.

Lanean aritu zen, harik eta eguna argitu zuen arte.

Artziniegako museoa kalera aterako dute, lihoarekin egiten zen lana erakusteko.

Txapelketa hankamotz geratu da, bi zerrendaburuk ez baitute jokatzerik izango.

Hiria bete-betean harrapatu ez duenez, uste baino kalte txikiagoak egin ditu.

Gustura biziko nintzateke Patagonian, nahiz eta hemendik oso urrun egon.

Berandu iritsi bazen ere, osorik ikusi zuen filma.

Liburu batean oinarriturik, dantza ikuskizun ederra prestatu du.

Menpeko perpausa esaldiaren erdian badago, koma pareak mugatzen ditu hasiera eta bukaera.

[ez] Beste batzuk hemengoak badira ere, ez dakite euskaraz.

[bai] Beste batzuek, hemengoak badira ere, ez dakite euskaraz.

Mendeko perpausa galdegaia bada, ez da jartzen komarik.

Gezurra esan zidalako haserretu nintzen. [Zergatik haserretu nintzen]

Ama etorri zenean isildu zen. [Noiz isildu zen]

Adierazpen perpaus osagarri edo konpletiboak ez dira bereizten halako komarekin esaldi nagusitik (-ela, -enik, zehar galderetako –en, -enetz).

[ez] Arazoa oso larria dela, esan zuen.

[bai] Arazoa oso larria dela esan zuen.

[ez] Ez dakigu, etorriko den.

[bai] Ez dakigu etorriko den.

[ez] Ez dugu uste, etorriko denik. 

[bai] Ez dugu uste etorriko denik.

Aditza isildua dagoenean, koma baliatzen dugu elipsia markatzeko.

Añanako gatzagak, barrutik ezagutzeko moduko altxorra.

Janowskyk orkestra zuzenduko du, eta Sainz Alfarok, abesbatza.

Urkulluk adierazi du nabarmentzeko «joko hutsa» dela, eta Madrazok, «nahasmendua» ekarriko lukeela. [Alegia: Urkulluk adierazi du nabarmentzeko «joko hutsa» dela, eta Madrazok adierazi du «nahasmendua» ekarriko lukeela]

Azken esaldian, aditz isilduari dagokion koma —eta koordinazioari dagokiona— janez gero, beste esanahi bat hartuko luke esaldiak.

Urkulluk adierazi du nabarmentzeko «joko hutsa» dela eta Madrazok «nahasmendua» ekarriko lukeela. [Alegia: Urkulluk adierazi du Madrazok «nahasmendua» ekarriko lukeela]

Mintzagai-galdegai jokoa ere kontuan hartu behar da. Hala, galdegaiaren atzean ez da komarik jartzen, nahiz eta aditza isildua egon.

Marek Janowsky poloniarrak zuzenduko du orkestra, eta Sainz Alfarok abesbatza. [Alegia: Sainz Alfarok zuzenduko du abesbatza]

Irabaztea helburu. [Alegia: Irabaztea dute helburu]

Helbideetan, kalearen eta zenbakiaren artean koma jartzen da, bai eta zenbakiaren eta solairuaren artean ere.

Plaza Barria, 17, 2. ezk.

Gaztelu plaza, 6, behea.

Hamarrenak komaz markatzen dira.

CAC 40 indizeak %1,71 irabazi du aste honetan.

 
Noiz ez den erabiltzen

Menpeko perpausen barreneko komak, gehienetan, kendu egin behar dira.

Azkenaldian, gai beraren inguruan eztabaidatzen ari gara.

Azkenaldian gai beraren inguruan eztabaidatzen ari garela ezin dugu ahaztu.

Oroitarria jarri dute, eta eguerdian bertsotan jardun dute.

Ez dakigu oroitarria jarri duten eta eguerdian bertsotan jardun duten.

Hitz hori erabiltzen dugu, baina ez zaigu egokia iruditzen.

Argi esan nion hitz hori erabiltzen dugula baina ez zaigula egokia iruditzen.

Galdegaiaren eta aditzaren artean, hobe komarik ez jartzea.

[ez] Alemanian, Bautzen hirian, egin du MIDASek laugarren batzar nagusia.

[bai] Alemanian egin du MIDASek laugarren batzar nagusia, Bautzen hirian.

[bai] Bautzen hirian egin du MIDASek laugarren batzar nagusia, Alemanian.

Subjektuaren eta aditzaren artean ezin da koma bakarra jarri; koma pareak, berriz, bai. Salbuespen bakarra egiten da, subjektua mintzagai hanpatua denean.

[ez] Sedna, planetaren inguruan dabil.

[bai] Planetaren inguruan dabil Sedna. [Atzera ekarri dugu Sedna; hartara, inork ez du ulertuko Sedna izeneko planeta]

[bai] Sedna, hain zuzen, planetaren inguruan dabil.

[ez] Alaba, gaztearekin ikusi dute.

[bai] Gaztearekin ikusi dute alaba.

[ez] Larretxeak, finalerdietako saioan eginikoa hobetu nahi duela nabarmendu du.

[bai] Larretxeak nabarmendu du finalerdietako saioan eginikoa hobetu nahi duela.

Salbuespena: subjektua mintzagai hanpatua (kontrastekoa) denean, zilegi da koma bakarra jartzea.

Batzuek, baietz erantzun zuten; besteak, ezetz esan eta esan ari ziren.

 

Etenpuntuak

 
Ezaugarri orokorrak

Eta abar erabiliz gero, alferrik da etenpuntuak jartzea.

Harridura markarekin batera daudenean, etenpuntuak harridura markaren ondotik jartzen dira esaldia osorik bada: [!...]. Esaldia bukatu gabe badago, puntuak aurretik: [...!].

Zer ez ote du egingo!... Beldurrez airean gaude.

Jakin nahiko nuke, baina...!

Ondotik beste puntuazio markak izan ditzakete, baina beste punturik ez. Aurretik, komarik, puntu eta komarik eta bi punturik ez.

Esaldi bukaeran badaude, ondotik letra larria idazten da.

Horrelako makina bat liburu zuen etxean... Ordenagailurik ez zuen, eta ezin izan zuen Interneten begiratu.

Esaldi erdian badaude, ondotik letra xehea.

Horrelako makina bat liburu zeukan etxean... harik eta lapurrek den-dena ostu zioten arte.

 
Noiz erabiltzen den

Enumerazioa ez dela bukatu adierazteko erabiltzen dira.

Komarik ez da jartzen etenpuntuen aurretik.

Teknika aldetik, izugarri aldatu da: txosnak, zirkuitua markatzeko ditugun baliabideak, mapak egiteko modua, Internet, webgunea...

Osagai bakarrekoak ezin dira enumeraziotzat hartu, eta, beraz, honelakoetan ez da egokia etenpuntuak erabiltzea:

[ez] Guztiak daude euskararen alde, baina desadostasunak sortzen dira epeak... zehaztean.

[bai] Guztiak daude euskararen alde, baina desadostasunak sortzen dira epeak-eta zehaztean.

Ez erabili galdegai denean: horrelakoetan, hobe eta beste, eta abar, -eta idaztea.

[ez] Bibliako pasarteak, egunkarietakoak, telefono konpainiak bidalitako gutunetatik ateratakoak, bidean entzundako elkarrizketak... txertatzen zituzten poemetan, eurenak balira legez.

[bai] Bibliako pasarteak, egunkarietakoak, telefono konpainiak bidalitako gutunetatik ateratakoak, bidean entzundako elkarrizketak eta beste txertatzen zituzten poemetan, eurenak balira legez.

[bai] Bibliako pasarteak, egunkarietakoak, telefono konpainiak bidalitako gutunetatik ateratakoak, bidean entzundako elkarrizketak-eta txertatzen zituzten poemetan, eurenak balira legez.

Nahita pentsamendu bat edo esaldi bat bukatu gabe utzi dela seinalatzeko ere erabiltzen dira.

Hala egin behar omen da, baina...

Badakizu zer esaten den honelakoetan: errementariaren etxean...

Harridura edo zalantza adierazten dute batzuetan.

Ez dute argitu egungo lan taldeari eutsiko dioten...

Hitzez hitzeko aipuetan zerbait falta dela adierazteko erabiltzen dira, parentesi karratuen artean jarririk.

Batzuetan, esaldia bi zatitan emana dagoela adierazten dute, eta bi aldiz ageri dira: aurrena, lehen zatiaren bukaeran; gero, bigarren zatiaren hasieran. Halaxe egiten da, esaterako, segidako orrialdeetan agertzen diren titulu pare batzuetan. Halakoetan, zuriunea uzten da bigarren tituluko etenpuntuen eta ondoko hitzaren artean.

Bada beste Iruñe bat...

... betiko 'Pamplona' astintzen

 

Parentesiak eta marra luzeak

 
Ezaugarri orokorrak

Bai parentesiek eta bai marra luzeek eten egiten dute diskurtso nagusia, eta beste unitate bat gehitu, datu osagarriak eransteko.

Neurriz erabiltzekoak dira: testua etenez betea badago, errazago da irakurleak haria galtzea.

[ez] Gaur (20:30) elkarren aurka ariko dira. 

[bai] Gaur elkarren aurka ariko dira (20:30).

[ez] Gaurko saioa Zestoako udal kiroldegian (12:30) jokatuko dute.

[bai] Gaurko saioa Zestoako udal kiroldegian jokatuko dute (12:30).

Izen sintagma barruko etenik, ahal dela, ez da egin behar.

[ez] Baltimoreko (AEB) Evening Sun egunkariak bidaiari guztiak onik atera zirela idatzi zuen.

[bai] Bidaiari guztiak onik atera zirela idatzi zuen Evening Sun egunkariak (Baltimore, AEB).

[ez] Nazioarteko Xake Federazioak dopin analisiak egingo dizkie San Luiseko (Argentina) munduko txapelketan ari diren jokalariei.

[bai] Nazioarteko Xake Federazioak dopin analisiak egingo dizkie San Luisen (Argentina) munduko txapelketan ari diren jokalariei.

[ez] Nilo Cruz (Matanzas, Kuba, 1961) antzerkigileak Pulitzer saria irabazi zuen 2003an.

[bai] Nilo Cruz antzerkigileak (Matanzas, Kuba, 1961) Pulitzer saria irabazi zuen 2003an.

 
Parentesia

Datu solte argigarriak gehitzeko erabiltzen dira parentesiak: herrialdea, kopurua, jaioteguna eta jaioterria, jatorrizko izenburua edo itzulia, enumerazioak, siglak, hitzen edo kontzeptuen esanahia...

36ko gerran fusilaturiko zazpi lagunen gorpuak aurkitu dituzte Fustiñanan (Nafarroa).

Txapelketa ostiral gauean hasiko da, Asteasun (22:30, ETB1).

Hitz barrenean ere erabil daitezke, hitz jokoak egiteko.

Txapelaren f(z)ama

Parentesi barrenean beste parentesi bat jarri behar izanez gero, marra luzeak baliaturik honela jokatuko dugu:

Andrew Niccolek –Simone (2002)– zientzia fikziozko film biribila ondu zuen.

 
Marra luzeak

Datu solteetatik haragoko tartekiak marra luzez mugatzen dira.

Nekazari beltz askok —bi milioik, kalkulu batzuen arabera— ihes egin dute.

Marra luzeak egokiak dira koma arteko tartekietan beste tarteki moduko bat egiteko.

EAk uste du garai politiko erabakigarria dela Nafarroaren etorkizunari begira, bai autogobernuaren eztabaidari dagokionez —EAEko eta Kataluniako estatutu proposamenek abiatutako bidetik—, bai eta bakegintzari eta normalizazioari dagokionez.

Bi puntuen baliokideak dira batzuetan. Bi puntuak esaldi amaieran egon ohi dira, eta marra luzeak, berriz, tartean.

Han, eguneroko bizimoduari loturiko objektuak bildu dituzte, batetik –besteak beste, mahai zapi bat, zilarrezko tabako ontzi bat eta Garcia Lorcari idatziriko gutun bat—, eta Euzkadi kazetarekin zerikusia dutenak, bestetik.

 

Parentesi karratuak

Adierazpenetan, parentesi karratuetan idazten dira kazetariak argigarri gehiturikoak.

«Gaur [atzo] ez dugu ondo jokatu».

Hemeroteketan-eta, parentesi karratuak eta etenpuntuak erabiltzen dira testuaren zati bat falta dela adierazteko.

Edonork gogoratuko ditu orduantxe, Europan behintzat, guztiz nagusiak ziren bi sentipenak [...]: harridura eta errezeloa.

 

Galdera marka eta harridura marka

Marka hauek berekin dakarte etenaldia, eta, beraz, ondotik ez da punturik edo komarik erabili behar.

Salbuespena: marka arteko aipu bat edo letra etzanez idatziriko izenburu bat galdera edo harridura markaz bukatzen bada, bukaeran puntua jartzen da.

Garbi mintzatu zen: «Prest gaude lanean hasteko. Bai horixe!».

Horretarako antolatu dute Plazara!.

Markok eta aurretik duten hitza elkarren segidan idazten dira, tartean zuriunerik utzi gabe.

Bi galdera marka edo bi harridura marka segidan egokituz gero, bakarra idazten da.

Irakurri duzu Non dago Stalin?

Parentesi artean idatziz gero, harridura, duda edo ironia adierazten dute.

 

Zehar marra

Poema eta bertsoetako lerro banaketa adierazteko erabiltzen da. Horrelakoetan, atzetik zuriunea utzi behar da, baina aurretik ez.

Begiratzen dut gogoan,/ bizitza nola badoan,/ nere herrikoen soa/ perla sortu izerdia/ ardoan galdu basoa/ eta erran hitzerdia.

Legeen izenetan ere jartzen da.

17/1985 legea

Zenbait laburdura eta sinbolo elkartzen ditu.

z/g (zenbakirik gabea); km/h (kilometro orduko)

Binakako pilota partiden berri emateko ere erabiltzen da infografietan, koadroetan eta telebistako programazioan.

Ariznabarreta-Gorriti / Antxia-Armendariz

 

Aipu markak

Hitzez hitzeko adierazpenak eta aipuak txertatzeko balio dute: bai hitzak, bai esaldi zatiak eta bai esaldi osoak.

Hizketan hasi bezain laster, «gezurti zikina» deitu zion.

Rabatek esan du Marokoko poliziek tiro egin behar izan zutela «etorkinen indarkeriari aurre egiteko».

«Lehenik, kopia bat aurkeztu behar da Parisen», azaldu du Lizeagak.

Dokumentuen pasarteak ematean, bi paragrafo edo gehiago izanez gero, marka jartzen da paragrafo hasieretan. Ixteko marka, hain zuzen: [»].

Itzultzaileei behar duten laguntza guztia eskaintzeaz gain, trilogiaren euskal itzulpenerako hitzaurrea ere idatzi du Celatik, espresuki Igelako liburuetarako. Hona hemen bi pasarte:

«Parlamenti buffi izenburuaren pean bildutako hiru liburu hauek 1971tik 1977ra bitartean idatzi nituen. Gaur egun nire iritziz Italian inork ere ez luke onartuko argitaratzea, politikan eta ohituretan sumatzen ditugun aldaketa berberak jasan baititu literaturak. Eta pentsatzen dudana esaterik baldin badut, ia-ia Europako argitalpen-lan osoa esterilizazio jarduera da orain, etekinen amets gaiztoak gidatua. [...]

»Bukatzeko, adierazi nahi dut ustekabea izan dela Parlamenti buffi euskarara itzulia ikustea. [...]

»Niri dagokidanez, esker ona adierazi nahi dut nirekin izan duzuen adeitasunagatik».

Adierazpen horien barruan beste inoren hitzak mugatzeko, berriz, aipu marka bakunak erabiltzen dira.

 

Aipu marka bakunak

Adierazpenen barruan beste inoren hitzak markatzeko, aipu marka bakunak erabiltzen dira.

Garbi mintzatu zen Agirre: «Oso haserre nago jokalariekin, ‘joan hadi hemendik’ oihukatu baitzidaten entrenamenduan».

Orobat jokatzen da inork bere artean esanikoa aipu batean txertatzeko.  

Kezka handia sentitzen du, bere herria dela eta: «Nire herriaz pentsatzen dut, haren natur aberastasun guztietan. ‘Zer aberastasun?’, galdetzen diot neure buruari».

Tituluetan, goitituluetan, azpitituluetan eta leihoetan, aipu marka bakunez bereizten dira BERRIAn testu barrenean letra etzanez idazten direnak.

Testu osoa letra etzanez idatzirik badago, aipu marka bakunez bereizten dira BERRIAn bestela etzanez idatzi beharrekoak.

 

Aditzik gabeko tituluak

 
Beti komaz?

Arau orokor —orokorregi— baten arabera, esan ohi da aditzik gabeko tituluetan koma erabili behar dela aditzaren ordez, baina bistan da ez dela horrela jokatzen beti: horra hor Gorrotoa lege eta Gizona bere bakardadean, esaterako. 

Beraz, aditzik gabeko titulu batzuetan ez da komarik jarri behar. Hain zuzen, gogoan izan behar dugu titulu edo izenburu guztiak ez direla esaldi baten laburpena: batzuk, besterik gabe, izen sintagma hutsak dira; horrelakoetan ez dago isildutako aditzik eta, beraz, komaz ordezkatzeko aditzik ere ez; halaxe gertatzen da, esaterako, Emakumea Indian izenburuan. 
Beraz, hori da abiapuntua koma jarri behar dugun ala ez erabakitzeko: izenburuaren atzean esaldirik ez badago, hau da, izen sintagma hutsa baldin bada, ez da jarri behar komarik; izenburuak esaldi oso bat ordezkatzen badu, berriz, orduan elementuen ordena eta mintzagai-galdegai jokoa aztertu beharko ditugu, eta horren arabera erabaki koma behar duen.
 
Esaldien ordezko direnak

Aditza isildua duten izenburuetan, galdegai-mintzagai jokoa hartu behar da kontuan koma jarri edo ez jarri erabakitzeko orduan. 

 
Galdegaia hasieran
Izenburuak zer esaldi klase ordezkatzen duen jakiteko, esaldia osatzea da onena; hala, argiago ikusten da zer den galdegaia eta zer hizpidea.
Athletic txapeldun [Athletic da aurtengo txapelduna]
Indurain irabazle [Indurain izan da etapako irabazle]
Joskera lantegi [Joskera izango dugu lantegi liburu honetan]
Euskal Herria helburu [Euskal Herria dugu helburu]
Gorrotoa lege [Gorrotoa da lege hemen]
AHTa hizpide [AHTa izango dute hizpide mahai inguruan]
Gospel tradizionala Bermeon [Gospel tradizionala izango da Bermeon]
Musika sinfonikoa Zarautzen [Musika sinfonikoa izango dute Zarautzen]
Mafia eta samuraiak Gasteizen [Mafia eta samuraiak izango dira Gasteizen]
Karmele Jaio idazlearen bisita Goenkale-n [Karmele Jaio idazlearen bisita izango dute Goenkale-n]
Badaiotz eta Abadiño irabazle Arrigorriagan [Badaiotz eta Abadiño izan dira irabazle Arrigorriagan]
Errusiarentzat berriz ere Munduko Txapelketa [Errusiarentzat izan da berriz ere Munduko Txapelketa]

 

Horrelako tituluetan, ez da jartzen komarik. Izan ere, galdegaiaren ondotik komarik ezin da jarri. Koma jarri ahal izateko, komaren aurreko elementuak mintzagai izan behar du, ez galdegai. 

Dena dela, Gorrotoa lege-ren gisako tituluetan elementu gehiago baldin badaude, orduan koma erabiltzen da. Esaterako, honelakoetan:
Joskera, guztion lantegi ['Joskera guztion lantegi' anbiguoa litzateke]
Nobela, ereduen eredu ['Nobela ereduen eredu' anbiguoa litzateke]
Herriko etxeak, euskararen bermatzaile
 
Mintzagaia hasieran
Hona hemen bestelako adibide batzuk. Esaldia osatuz gero, erraz ohartuko gara aurrena mintzagaia ageri dela, eta gero galdegaia. 
San Miguel liga eta Kontxa urte berean irabaztea, oso zaila [San Miguel liga eta Kontxa urte berean irabaztea oso zaila izango da]
Aurreneko greba, zabala [Aurreneko greba zabala izan da]
 
Goiko adibidean, oso ondo ikusten da zein premiazkoa den koma jartzea; bestela, Aurreneko greba zabala ulertuko bailitzateke. 
Bizilagunak, ernegatuta [Bizilagunak ernegatuta daude] 
Bizkaiko Foru Aldundia, lasaiago [Bizkaiko Foru Aldundia lasaiago dago]
Hezitzaileak, bakean [Hezitzaileak bakean daude]
SOS Arrazakeria, erne [SOS Arrazakeria erne dabil]
Berri Txarrak, South by Southwest jaialdian [Berri Txarrak taldeak South by Southwest jaialdian joko du]
Aldarrikapenak eta jaia, bat eginik [Aldarrikapenak eta jaia bat eginik egongo dira]
 
Ikusten denez, aurrena mintzagaia dagoenean eta gero galdegaia, koma jartzen da.
 
Izen sintagma hutsak direnak

Arestian esan bezala, izen sintagma hutsak diren izenburuek ez dute esaldirik ordezkatzen, eta, beraz, ez dago aditz isildurik. Horrek esan nahi du koma jarri beharrik ez dagoela. Horrelakoak bi motatakoak izaten dira: sintagma lotuak eta lotu gabeak.

 
Sintagma lotuak

Deklinabide atzizkien bitartez loturiko sintagma soilek ez dute inolako zalantzarik sortzen.

Angela Merkelen nagusitasun ahula

Durangoko Azokaren 52 urteko ibilbidea

Heriotzari loturiko bizitza baten kronikak

 
Lotu gabeak

Berrien tituluetan ez ezik, zintetan, infografietan eta grafikoetan ere maiz agertzen dira lotu gabeko halako sintagmak.

Euskara Trebiñun

Emakumeak Indian

Estropadak iruditan

Langabezia zenbakitan

 Mota berekoak dira adibide ospetsu hauek ere:

Gizona bere bakardadean

Jenerala bere labirintoan

 

Gramatika

 

Deklinabide arazoak

 
-a itsatsia duten hitzak

Ohiko hutsa da bidai bat* idaztea bidaia bat idatzi ordez. Bigarrena da zuzena, -a hori berea baitu, eta ez artikulua. Kontrakoa ere gertatzen da zenbaitetan: adibidez, garrantzia handia* idaztea garrantzi handia idatzi ordez.

Partitiboa eranstean ere kontuan hartu behar da hitzaren bukaerakoa a itsatsia den ala ez; horregatik, lotsarik idatzi behar da, eta lotsik*.

Hona hemen zenbait hitz arazotsu:

a itsatsia duten hitzak (eta atzizkiak) a itsatsirik ez dutenak
animalia antz
arnasa garrantzi
bidaia gizadi
emaitza ikurrin
esperientzia kai
gizateria legedi
hezkuntza sen
hizkuntza txapel
legeria txatar
lotsa txistor
ordena -di
pertsona  
polizia  
probintzia  
-eria  
-keria  

 

 
Mugagabeak

Oso garbi bereizi behar dira mugatu plurala eta mugagabea, zehaztasuna baitago jokoan. Esaterako, bi pertsonen lana idaztean, jakina da nori buruz ari garen, pertsonen mugatu plurala baita; bi pertsonaren lana sintagman, berriz, ez dakigu nor diren bi pertsona horiek.

jakina da zein diren: plurala lehendik ez dira aipatu: mugagabea
bi artisten erakusketak bi artistaren erakusketak
bi pertsonentzako afaria bi pertsonarentzako afaria
bi arrazoiengatik bi arrazoirengatik

 Edozein, zernahihainbat eta zenbait hitzekin doana mugagabean deklinatzen da, nahitaez.

oker zuzen
hainbat lagunei hainbat laguni
hainbat pertsonei hainbat pertsonari
edozein alorreko edozein alorretako
edozein herriko edozein herritako

 

 
Amaiera -au eta -ai duten hitzak nola deklinatu

Edozein bokalez amaitutakoak bezala deklinatzen dira, salbu gau hitza eta -ai amaierako silababakarrak (gai, jai, dei, lei...).

lege orokorra: arau salbuespena: gau (kasu hauetan bakarrik)
arauz gauez
arauko gaueko
arauan gauean
arautik gauetik
araura gauera

 

lege orokorra: garai salbuespenak: gai, dei, jai, lei... (instrumentaleko mugagabean bakarrik)
garaiz gaiez, deiez, jaiez, leiez

 

 
'Hiru' eta 'lau' zenbatzaileen deklinabidea

Deklinabide berezia dute hiru eta lau zenbatzaileek. Mugatuan, kasu guztietan -r- daramate biek ala biek (hirurak etorri dira...), beste zenbatzaileek ez bezala (biak etorri dira...).

mugatua mugagabea
hirurak/laurak etorri dira [alegia, etortzekoak ziren hirurak/laurak...] hiru/lau etorri dira
hirurek/laurek egin dute hiruk/lauk egin dute
hirurei/laureri eman diete hiruri/lauri eman diete
hirurentzat/laurentzat hirurentzat/laurentzat
hirurez/laurez mintzatu da hiruz/lauz mintzatu da
hiruretan/lauretan asmatu du hirutan/lautan asmatu du

Orduak ematean, adibidez, hirurak dira eta laurak dira esaten da (baina seiak dira, zazpiak dira…).

Hemen azaldutako erabilerez gain, izen balioa ere badute hiru eta lau zenbatzaileek (beste edozeinek bezala), eta orduan honela jokatzen dira: hirua [hiru zenbakiko jokalaria] ongi aritu da, laua zenbaki magikoa da niretzat...

 
Instrumentaleko atzizkiak: -z, -az, -ez

Nortaz, zertaz, zerez deklinabide kasuko atzizkia ez da -etaz euskara batuan. Pluralean -ez da, eta mugagabean, berriz, -z edo -ez, hitza bokalez edo kontsonantez amaitzen den.

ez  bai
jokalaritaz jokalariz [mugagabea]
jokalarietaz jokalariez [plurala]
bi artistataz bi artistaz [mugagabea]
bi artistetaz bi artistez [plurala]
bi lagunetaz bi lagunez [mugagabea]
bi lagunetaz bi lagunez [mugatu plurala]
 
'Non' eta 'norengan', 'nondik' eta 'norengandik'

Oro har, gizakien eta animalien izenekin erabiltzen da -rengan atzizkia, eta gainerakoen izenekin -n.

[bai] Ez dut konfiantzarik politikariengan.

[bai] Ez dut konfiantzarik politikan.

Hona zenbait erabilera oker:

oker zuzen
Jarrera militarrengandik ihes egin zuen. Jarrera militarretatik ihes egin zuen.
Konfiantza handia du ikerlanaren emaitzengan. Konfiantza handia du ikerlanaren emaitzetan.
Bi istoriorengan oinarritu zuen eleberria. Bi istoriotan oinarritu zuen eleberria.

 Eskema orokor hori, ordea, osatu beharra dago, bi formak zilegi baitira hainbat izenekin, zer esan nahi den. Hain zuzen, -rengan erabiliz gero, norbaiten baitan, norbaiten barrenean zer gertatzen den adierazten da, eta, era berean, taldeak eta erakundeak pertsonifikatzeko modu bat da; -n atzizkiak, berriz, taldea edo espeziea adierazten du, eta noiz, non, nondik, nora galderei erantzuten. 

-rengan -n
Gizakiengan konfiantza izatea ez da hain erraza. [Gizakien baitan. Haien barrenaz ari gara, banako diren aldetik] Gizakietan bakanak dira halako portaerak, baina aski ohikoak goriletan. [Gizakien artean, gorilen artean, talde, espezie edo kolektibotzat harturik]
Horrek ez du batere zirrararik sortzen emakumeengan. [Emakumeen baitan, haien barrenean] Emakumeetan, Somarriba izan da euskal txirrindularirik gogoangarriena. [Emakumeen artean, talde edo kolektibotzat harturik]
Mojengana joan zen. [Norabidea adierazteko] Mojetan ikasi zuen aurrena, eta jesuitetan gero. [Non ikasi, non ibili] 
Zaldiarengana hurbildu zen. [Norabidea adierazteko] Zaldira igo, eta zalditik erori. [Nora igo eta nondik erori] 
Ez dugu konfiantzarik Gobernuarengan. [Taldeen eta erakundeen pertsonifikazioa] Lau emakume daude gobernuan. [Non] 
Izuak ereiten du herra gazteengan. [Gazteen baitan, haien barrenean] Gaztetan maizago joaten ginen mendira. [Noiz] 
  Berdeletan ibili ginen, baina atunetan ez. [Zertan] 
  Neskatan eta mutiletan ibiltzen da, bietan berdin-berdin. [Zertan] 
Euskalkiak elkarrengandik bereiztea. [Hegoaldean]  Euskalkiak elkarretarik bereiztea. [Iparraldean] 
 
Izenlagunak: noiz '-ren' eta noiz '-ko'

Zenbaitetan garbi badago ere (jabetza zentzuan -ren eta lekuzko zentzuan -ko), hainbat eta hainbatetan zalantza sortzen da loturarekin. Nekez bil daiteke kasuistika guztia, baina hona hemen kasu ohikoenak.

noiz '-ren' adibideak
jabetza ETBren egoitza 
kontserba etxearen jabea
Iraken etorkizuna
herriaren izena
liburuaren izenburua
Atarrabiaren Eguna
Euskal Herriaren sinboloa
Frantziaren irudia
Israelen enbaxada [Israelek duen enbaxada]
Israelen Egiptoko enbaxada [Israelek Egipton duen enbaxada]
egilea-eginikoa Sinn Feinen batzar nagusia
EAJren eta EH Bilduren bilera
eginikoa-egilea Aste Nagusiaren sortzaileak
Zinemaldiaren babesle ofiziala
Zinebiren antolatzaileak
filmaren zuzendaria
proiektuaren zuzendaria
liburuaren idazlea
egunkariaren irakurlea
elkartearen sustatzailea
deialdiaren arduradunak
objektua-ekintza delituaren salaketa
aldizkariaren harpidetza (eta aldizkariaren harpideduna)
partidaren amaiera
irailaren hasiera
Nafarroako Parlamentuaren eraketa
objektua-ezaugarria izatearen garrantzia
gereziaren gorria
osoa-partea liburuaren lehen zatia
Europaren bihotzean
filmaren parte bat
alde sei tantoren aldea
bi golen aldea
zale musika klasikoaren zalea
kolore bizien zalea
Realaren zalea [realzalea]
alderdia-hura nagusi den erakundea EAJren udala
PPren gobernua
  Arte Ederren Museoa
Zuzenbide Historikoaren Institutua
zerbaiten balioa, guztira hogei euroren gasolina [hogei euroren truke ematen dutena]
bi euroren intxaurrak [bi euroren truke ematen dituztenak]
txakur txiki baten karameluak [txakur txiki baten truke ematen zituztenak]

 

noiz '-ko' adibideak
tokia gelako armairua 
etxeko ataria
hango berri
taldeko kidea
Nafarroako Gobernuko presidentea
EAEko lehendakaria
Alaveseko jokalaria
BERRIAko itzultzailea
NBEko idazkaria
EAJko alkatea
denbora gaurko egunkaria
heriotzako ordua
azken judizioko eguna
arloa, esparrua  Erizaintzako Unibertsitate Eskola [erizaintzaren arlokoa]
kimika organikoko irakaslea [kimika organikoaren arlokoa]
nolakotasuna bihotz oneko jendea
lau hankako mahaia
garrantzi handiko erabakia
prezioa 1,90 euroko gasolina [litroa 1,90 kosta da]
lau euroko intxaurrak [kiloa lau euro kosta da]
besterik Euskal Herriko mapa

Badira kasu batzuk bi atzizkiak onartzen dituztenak, ikuspegia zein den edo zer esan nahi den. Hona hemen halako batzuk:

-ko -ren
Osasunako entrenatzailea [Osasunan duten entrenatzailea] Osasunaren entrenatzailea [Osasuna entrenatzen duena]
BERRIAko zuzendaria [BERRIAn duten zuzendaria] BERRIAren zuzendaria [BERRIA zuzentzen duena]
Alfako akzioak [norbaitek Alfan dituen akzioak] Alfaren akzioak [Alfak dituen akzioak]
Italiako Gobernuko bozeramailea [gobernuan duten bozeramailea] Italiako Gobernuaren bozeramailea [gobernuak duen bozeramailea]
Hezkuntza Ministerioko ordezkaria [ministerioan duten ordezkaria] Hezkuntza Ministerioaren ordezkaria [ministerioa ordezkatzen duena]
monasterioko burua [monasterioan duten burua] monasterioaren burua [monasterioak duen burua]
armadako buruzagia [armadan duten buruzagia] armadaren buruzagia [armadak duen buruzagia]
ikastolako arduradunak [ikastolan dituzten arduradunak] ikastolaren arduradunak [ikastolaren ardura dutenak]
Nafarroako konkista [Nafarroan eginiko konkista]  Nafarroaren konkista [1. Nafarroa konkistatu zutenekoa. 2. Nafarroak eginiko konkista]
Euskal Herriko historia [Euskal Herrian izaniko historia] Euskal Herriaren historia [Euskal Herriak izaniko historia]
EAJko hautagaia [EAJkoa den hautagaia] EAJren hautagaia [EAJk aurkeztu duen hautagaia]
Greziako egoera [Grezian dagoen egoera] Greziaren egoera [Greziak duen egoera]

 

 
Lotura soila eta deklinabide mugagabea: '-ko' eta '-tako'

Euskaltzaindiak erabakia du lau solairuko etxea eta bost urteko ardoa direla euskara baturako forma egokiak. Ez dira nahasi behar, ordea, horrelakoak eta mugagabean deklinatutako hitzak:

-ko -tako
lau solairuko etxea [lau solairu dituen etxea: nolakoa] lau solairutako bizilagunak atera behar izan dituzte [solairu batekoak, bestekoak...]
bost urteko ardoa [bost urte dituen ardoa: nolakoa] bost urtetako ardoa dut sotoan [2003koa, 2004koa...]
10 urteko txapeldunak [10 urte dituzte txapeldunek: nolakoak] Hamar urtetako txapeldunak [urte batekoa, beste batekoa...]

 Bistan denez, -ko nolakotasuna zehazteko erabiltzen da, eta -tako, berriz, nongo edo noizko adierazteko.

 Beste hainbeste gertatzen da zenbat/zenbateko galdetzen dugunean:

-ko -tako
Zenbat urteko ikasleak etorri dira? [Zenbat urte dituzte etorritako ikasleek? Nolako ikasleak] Zenbat urtetako ikasleak etorri dira? [Zenbat ikasturtetan dabiltza?]
Zenbat kilometroko bidea egin duzu? [Zenbat kilometro ditu egin duzun bideak? Nolako bidea] Zenbat kilometrotako ikusleek egin diete traba txirrindulariei? [Zenbat kilometrotan jarritako ikusleek...]

 Hona hemen -ko eskatzen duten adibide batzuk:

[bai] bi kiloko tomatea [nolako tomatea]

[bai] lau hankako mahaia [nolako mahaia]  

[bai] Zenbat denborako hitzaldia egin duzu? [nolako hitzaldia]

Eta -tako erabiliz osatzen diren beste batzuk.

[bai] hamar herritako alkateak [nongoak]

[bai] bost urtetako hilketak [noizkoak]  

[bai] bi motatako altzariak: zurezkoak eta plastikozkoak [batekoak eta bestekoak]

[bai] bi neurritako iltzeak [batekoak eta bestekoak]

 
Noiz 'norekin' eta noiz 'norekiko'

Gehienetan, izen bati itsatsirik joaten da -ekiko, baina badira salbuespen banaka batzuk:

Neurekiko (zeurekiko...) = neure artean (zeure artean...)

Zurekikoak kitatu ditut = zurekin nituen zorrak

Dena dela, honelakoetan ez da egokia -ekiko erabiltzea, astundu egiten baitu:

[ez] Elkartearekiko duen etsaigoa.

[ez] Euskal presoekiko duen jarrera.

Zilegi da, jakina, aditzik gabe izenari lotzea elkartearekiko eta presoekiko, baina kontuan izan oso estilo trinkoa sortzen dela:

[bai] Elkartearekiko etsaigoa.

[bai] Euskal presoekiko jarrera.

Hobe izaten da beste joskera bat bilatzea. Esaterako, batez ere -engana eta -enganako erabili izan dira begirune, errespetu, estimu, maitasun, konfiantza eta gisa bereko hitzekin:

[bai] Elkarteari dion etsaigoa.

[bai] Euskal presoekin duen jarrera.
 

[ez] Garitanok adierazi zuen ez duela samindurarik gordetzen Athleticekiko.

[bai] Garitanok adierazi zuen ez dagoela saminduta Athleticekin.
 

[ez] Gobernua uzteko izan zituzten arrazoiekiko koherenteak izango dira.

[bai] Gobernua uzteko izan zituzten arrazoiekin koherenteak izango dira.
 

[ez] Errubloa asko jaitsi da euroarekiko eta dolarrarekiko.

[bai] Errubloa asko jaitsi da euroaren eta dolarraren aldean.
 

[ez] Errespetu handia sentitzen du harekiko.

[bai] Errespetu handia sentitzen du harengana.

[bai] Errespetu handia sentitzen du haren aldera.

[bai] Errespetu handia dio hari.

[bai] Asko errespetatzen du.

 
Egunen eta hilen deklinabidea

Asteko egunen deklinabideak ez du arazo berezirik, baina zenbait huts egin ohi da larunbat hitzarekin, bai eta -e letraz amaitzen diren biekin ere (astearte eta igande), mugagabea eta mugatu plurala ondo bereizi ezean.

oker zuzen
larunbata gauean larunbat gauean
igandetan lan egiten dugu igandeetan lan egiten dugu [mugatu plurala]
  zenbait igandetan lan egiten dugu [mugagabea]

Hilen izenetan, berriz, batzuetan -a itsatsia balute bezala jokatzea da huts tipikoena, baina bakar batek ere ez du: urtarril, otsail, martxo, apiril, maiatz, ekain, uztail, abuztu, irail, urri, azaro, abendu.

oker zuzen
uztailan uztailean
irailan irailean
otsaila aldean otsail aldean
urria hasieran urri hasieran  
 
Noiz 'hilaren 15ean' eta noiz 'hilak 15'

Esaldi egokia eta erabilia da euskaraz Otsailak 15 ditu gaur. Orobat, esan daiteke Bihar, otsailak 15, hitzaldia izango da. Baina otsailak 15 horrek ez du beste jokorik onartzen, ezin baita deklinatu; gainera, ez da egokia galdegaiaren eta aditzaren artean jartzea, traban.

oker zuzen
Otsailak 15 izango da hitzaldia Otsailaren 15ean izango da hitzaldia
Otsailak 15ean izango da hitzaldia Otsailaren 15ean izango da hitzaldia
Ostegunean, otsailak 15, izango da hitzaldia Ostegunean izango da hitzaldia, otsailaren 15ean

 

 
Enumerazioen deklinabideko arazoak: 'iraila eta urrian'*, 'gobernua eta herritarren artean'*...

Bi aukera nagusi ditugu eta-rekin lotutako izenak deklinatzeko: denak berdin-berdin deklinatu, edo azkena bakarrik, besteak mugagabean utzita (inolako atzizkirik gabe). Ez da zuzena erdizka deklinatzea, artikulua jarrita baina atzizkirik gabe:

oker zuzen
iraila eta urrian irailean eta urrian
ministroa eta sindikatuaren bilera ministroaren eta sindikatuaren bilera
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako

 Enumerazioko azkena bakarrik deklinatzea, nolanahi ere, bi izenak pluraltzat hartu behar direnean da normala:

[bai] Gay eta lesbianen aldarrikapenak

Ez da hain normala biak singularrak direnean:

[no] Homosexualitate eta lesbianismoa eztabaidagai Bilbon

[bai] Homosexualitatea eta lesbianismoa eztabaidagai Bilbon

Lotzen diren elementuetan bat singularra eta bestea plurala badira, ezinbestekoa da bakoitzari dagokion atzizkia jartzea:

oker zuzen
gobernua eta herritarren artean gobernuaren eta herritarren artean
Hirigintza Saila eta herritarren arteko elkarlana Hirigintza Sailaren eta herritarren arteko elkarlana
alkatea eta zinegotzien parte hartzea alkatearen eta zinegotzien parte hartzea

 Guztiak pluralak badira, bietara egin daiteke, baina normalena denak deklinatzea da:

[bai] alkate eta zinegotzien parte hartzea [= alkateen eta zinegotzien parte hartzea]

[bai] alkateen eta zinegotzien parte hartzea

Bi parteak behar den bezala ez deklinatzearen ondorioak larriak dira zenbaitetan.

[no] Elkarrizketa eta indarkeriarik ezaren alde agertu zen

[bai] Elkarrizketaren eta indarkeriarik ezaren alde agertu zen

 

Izenaren arazoak

 
Artikulua ala ‘bat’?

Zalantza franko sortzen du euskaraz zer BAT eta zerA aukerak. Esaldi batzuetan, argi dago -a artikulua erabiltzen dela hizkera guztietan: 

ez bai
Txapel bat zeraman buruan Txapela zeraman buruan [Interpretazio generikoa]
Telefono bat jarri dute etxean Telefonoa jarri dute etxean [Interpretazio generikoa]

Gogora ekarri behar da bat euskaraz ez dela zenbatzailea bakarrik. Izan ere, sarritan ezezagun/ezagun oposizioa adierazteko erabiltzen da bat mugatzailearen eta -a artikuluaren arteko jokoa. Horregatik, maiz gertatzen da zerbaiten berri ematean lehen agerraldian zer BAT esatea, eta handik aurrera zerA, ordurako ezaguna denez gero. Esate baterako, istripuen berriak honela hasten dira gehienetan:

Istripu larria gertatu zen atzo Altsasun, N-1 errepidean. Ford Orion bat bidetik irten zen eta horma bat jo zuen.
 
Albistearen garapenean, Ford Oriona agertuko da, eta horma ere bai, baina lehendik aipatuak direlako. Azken batean, -ak zehaztuaren eta batzuk zehaztugabearen arteko oposizio bera dago askotan -a artikuluaren eta bat-en artean.
Bi istripu larri izan ziren atzo A-8 autobidean. Lehenengoan 28 urteko sestaoar bat hil zen, eta bigarrenean Azpeitiko senar-emazte batzuk.
 
Aurretik aipatuak ez badira, sestaoar bat eta Azpeitiko senar emazte batzuk dira erabiltzekoak. Horregatik, esaldi hauek honela moldatu behar dira:
ez bai
Hiru lagun zauritu dira Txillidaren eskultura erortzean Hiru lagun zauritu dira Txillidaren eskultura bat erortzean
Txirrindulari bat hil da, autoak harrapatuta Txirrindulari bat hil da, auto batek harrapatuta
Zenbait esalditan, guztiz egokia da bat erabiltzea, baina zilegi da -a artikulua ere, hitza nolabait absolutu generiko bihurtzen delako:
 
Pentsiodunek manifestazio bat egin dute.
Pentsiodunek manifestazioa egin dute.
 
Udalek hitzarmen bat sinatu dute.
Udalek hitzarmena sinatu dute.
 
Etxe bat erosi dute.
Etxea erosi dute.
 
Dena dela, kontuan hartu behar da nahi gabeko anbiguotasuna sor daitekeela halakoetan -a artikulua erabiliz gero. Esaterako, Udalek hitzarmena sinatu dute irakurriz gero, uler daiteke lehendik aipagai izan den hitzarmen jakin batez ari garela.
Ezezkoari erreparatzea aski da ohartzeko zein den aldea:
Udalek ez dute sinatu hitzarmena. [Hitzarmen jakin batez ari gara]
Udalek ez dute hitzarmenik sinatu. [Ez dute halakorik egin]
 
Gainera, -a zein bat onartzen duten sintagmek kasu jakin batean bakarrik onartzen dute bitasun hori: absolutiboan, hots, NOR kasuan. Gainerako kasuetan, bat da erabiltzekoa:
ez bai
Mundu hobearen alde ari gara Mundu hobe baten alde ari gara
Familia burgeseko semea da Familia burges bateko semea da
Izan aditzaren osagarri baldin bada sintagma, eta nolakotasuna adierazten badu, orduan -a hartu ohi du: 
ez bai
Mago on batek aktore on bat izan behar du Mago on batek aktore ona izan behar du [Nolako aktorea?]
  Mago onak aktore ona izan behar du [Interpretazio generikoa. Nolako aktorea?]

Hona hemen eskema orokor bat, kasu batzuen argigarri:

Liburu zahar bat da [Zer da?]

Liburu zaharra da [Nolako liburua da? Liburuetatik zein da?]

Auto handi bat da [Zer da?]

Auto handia da [Nolakoa da? Autoetatik zein da?]

Zer da hori? Ura da [zenbakaitza]

Zer da hori? Mahai bat da [zenbakarria]

Gizartea hobetzeko balio duen erreminta bat da [Zer da?]

Gizartea hobetzeko balio duen erreminta da [Zer erreminta da?]

Auto zahar batean etorri dira [Nola etorri dira?]

Auto zaharrean etorri dira [Zer autotan etorri dira?]

 
Noiz ‘berri bat’ eta noiz ‘beste bat’

Ez da berri erabili behar beste esateko.

[ez] Epaiketa berria Donostian

[bai] Beste epaiketa bat Donostian

[ez] Binakako txapelketako partida berri bat jokatuko da gaur Euskal pilotalekuan

[bai] Binakako txapelketako beste partida bat jokatuko da gaur Euskal pilotalekuan

[ez] Atxikimendu berriak lortu ditu

[bai] Beste atxikimendu batzuk lortu ditu

[bai] Atxikimendu gehiago lortu du

Zenbait esalditan, nolanahi ere, berriz, berriro, ostera ere adizlagunak dira adierazpide egokienak.

[ez] Boardmanen erakustaldi berria 

[bai] Boardmanen erakustaldia, berriro

Bestelako esaldi batzuetan, erredundantea da berri hitza:

[ez] Alain Rousset sozialista hautatu dute Akitania eskualdeko lehendakari berria

[bai] Alain Rousset sozialista hautatu dute Akitania eskualdeko lehendakari

[ez] Moreau jarri da Tourreko lider berria

[bai] Moreau jarri da lider Tourrean

[bai] Moreau da orain Tourreko liderra

 

 
‘Bera’ eta ‘berdina’

Zera bat behin baino gehiagotan aipatzen denean, zera bera da, ez zera berdina.

[ez] Auzi berdinean epaitutako beste bi lagunen aurka

[bai] Auzi berean epaitutako beste bi lagunen aurka

[ez] Haiek ere bide berdinari jarraituko zioten beldur ziren 

[bai] Haiek ere bide berari jarraituko zioten beldur ziren 

[ez] Judokak ere iritzi berdinekoak ziren

[bai] Judokak ere iritzi berekoak ziren

[bai] Judokek ere iritzi bera zuten

 
 
‘Hura bera’, ’hark berak’...

Izen edo izenordain bati bera aposizio moduan eransten zaionean, biak berdin deklinatu behar dira:

ez bai
  Irazusta bera
Irazusta berak Irazustak berak
Irazusta berari Irazustari berari
Irazusta beraren Irazustaren beraren

 

 
‘Gasteizko alkatea’ eta ‘alkate gasteiztarra’ (‘-ko’ eta ‘-ar’)
Askotan bi gauzak bat etortzen badira ere, alkate eta beste karguak aipatzean nongo erabili behar da, ez nondar. Gauza bera gertatzen da erakundeekin ere.
ez bai
alkate gasteiztarra Gasteizko alkatea
alemaniar presidentea Alemaniako presidentea
espainiar Gobernua Espainiako Gobernua
frantziar Gobernua Frantziako Gobernua
 
 
‘Biztanleria’ eta ‘biztanleak’ (ez ‘biztanlegoa’)

Multzoa adierazten du -eria atzizkiak (umeteria, gazteria, langileria, ikasleria, irakasleria...), baina izena pluralean emanez ere adierazten da gauza bera; askotan, gainera, modu naturalagoan.Euskaltzaindiak, bestalde, erabakia du -go atzizkia ez dela multzoa adierazteko egokia; lanbidea, funtzioa edo kargua adierazten du: apaizgo, aprendizgo, alkatego...

ongi askotan hobeki
irakasleriaren arazoak irakasleen arazoak
entzuleriaren onespena entzuleen onespena
ikusleriaren gustuak ikusleen gustuak
langileriaren eskubideak langileen eskubideak
Ez dezagun ahaztu singularrak ere balio generikoa izan dezakeela, multzoa adieraz dezakeela alegia:
Ikusleak badaki artistaren ahalegina estimatzen

 
 
‘Gehiengoa’ bai, ‘gehienak’ ere bai

Onartua da gehiengo hitza, baina ez dugu zertan beti erabilirik: gehienak ere esan dezakegu. 

bai askotan hobeki
Ipar Euskal Herriko auzapezen gehiengoa euskal departamenduaren alde dago Ipar Euskal Herriko auzapez gehienak euskal departamenduaren alde daude
Bizilagunen gehiengoa etortzekoa da Bizilagun gehienak etortzekoak dira

Zenbaitetan, gainera, okerra ez bada muga-mugan dago ‘gehiengo’ hitza:

ez bai
Eskakizunen gehiengoa onartu dute Eskakizun gehienak onartu dituzte

 

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa