Zinema

onomastika >> Izen bereziak idazteko irizpideak >> Zientzia, teknika, literatura eta zinema lanak

Euskaraturiko lanei buruz aritzen garenean, euskarazko izenburua da erreferentzia nagusia. Egoki iritziz gero, jatorrizkoa ere aipa daiteke behin, parentesi artean eta letra etzanez.

«Gizonei buruzko liburu bat da» Gatsby handia (The Great Gatsby); Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean eleberriarekin konparatzen dute.  

Euskaratu gabeko lanak aipatzen direnean, aurrena jatorrizko izenburua ematen da, letra etzanez, eta, ondoan, egoki iritziz gero, BERRIAk eginiko itzulpena, parentesi artean eta letra arruntez.

Il pendolo du Foucault (Foucaulten pendulua); La novela vasca al borde de la realidad (Euskal eleberria errealitatearen ertzean); Why Write (Zergatik idatzi) 

1955ean, Pulitzen saria irabazi zuen bigarren aldiz, Cat on a Hot Tin Roof liburuagatik.

All About Eve filmean, lan zoragarria egin zuen Bette Davisek.

Jatorrizko izena oso arrotza gertatzen denean edo obra klasiko bat denean, berriz, euskaraz eman ohi da.

Krimena eta zigorra; Gerra eta bakea; Kapitala; Potemkin korazatua; Lau soseko opera

Dena dela, egitarauen berri jakinarazten denean, emanaldiko hizkuntzan idazten da izenburua, irakurleak jakin dezan zer hizkuntzatan ikusiko duen filma edo antzezlana. Hala egiten da, esaterako, telebistako programazioan eta zinema aretoetako filmen zerrendan. 

[sigla] 3D. /hiru de/ Hiru dimentsio. Izen propioak bezala deklinatzen da. Ez dut 3Dko filmik ikusi. Euskaraz 3Dn egin duten aurreneko filma da. 3D inprimagailua.

[sigla] EICTV. /e-i-ze-te-uve/ Nazioarteko Zinema eta Telebista Eskola, Kubakoa.

[sigla] Fipresci. /fipreszi/ Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioa.

[sigla] ICAA. /ika/ Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua.

[sigla] NEFF. /nef/ New European Film Festival, Europako Zuzendari Berrientzako Jaialdia.

[sigla] Zinebi. /zinebi/ Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldia.

argumentu 2* e. istorio. Antzezlanetan, zineman... Argumentua harreman nahasiz josita dago*[e.] Istorioa harreman nahasiz josita dago.

aurrestreinaldi 1. Zineman.

bertsio 1. Jatorrizko bertsioan ikusi dugu filma.

biopic. Norbaiten biografian oinarrituriko filma.

cameo (kameo*). Pertsona ospetsu batek film edo telesail batean eginiko agerraldi laburra.

casting. Aktoreak, modeloak eta abar aukeratzeko proba. Ez ahaztu 'hautaproba' ere erabil daitekeela. Batzuetan, hobe da 'aktore talde', 'hautaketa'... Film honetan dena dago oso zaindua, batez ere castinga*[e.] Film honetan dena dago oso zaindua, batez ere autoreen hautaketa. // Castinga benetan txapela kentzekoa da*[e.] Aktore taldea benetan txapela kentzekoa da. // Bost puxtarri, beraz, castingaren arduradunentzat* [e.] Bost puxtarri, beraz, aktoreak hautatu dituenarentzat.

Cesar sariak. Frantziako zinema sariak.

dokudrama. Zinema, irrati eta telebistako generoa, egiaz gertaturikoak teknika dramatikoekin kontatzen dituena.

Donostiako Zinemaldia. Hona hemen sailak: Sail Ofiziala, Zuzendari Berriak, Zabaltegi, Perlak, Horizontes Latinos, Made in Spain, Zinemira (Estreinaldiak, Panorama, Kimuak), Culinary Zinema, Big Friday, Haurrentzako Zinema, Amerikar Komedia Berria, Eraikitzeko Bidean, Zinema Eraikitzen, Zinema Mugimenduan, Savage Cinema.

Donostia saria.

edizio. Alferrik erabiltzen da askotan. Donostiako Zinemaldiaren 50. edizioa*[e.] Donostiako 50. Zinemaldia. // Arco arte azokaren aurtengo edizioa ere kontserbadorea izango da*[e.] Arco arte azoka aurten ere kontserbadorea izango da.

errealizadore, errealizazio. Zinemari eta telebistari buruz mintzatuz erabiltzen dira.

errodaje*, errodaia 2* e. filmatze, filmaketa. Gidoirik ez zegoenez, ezusteak izan zituzten errodaian*[e.] Gidoirik ez zegoenez, ezusteak izan zituzten filmatu bitartean / filmaketan.

errodatu* e. filmatu.

estra (extra*). Ordu estrak. Filmeko estrak.

estreinatu 2. Ikuskizunei buruz mintzatuz, lehen aldiz eman. Kontuz erredundantziarekin. Film berri bat estreinatuko dute bihar*[e.] Film bat estreinatuko dute bihar.

extra* e. estra. Ordu estrak. Filmeko estrak.

film. Zuri-beltzeko filma. Koloretako filma.

film, filmatu, mikrofilm, telefilm (filme*).

film beliko* e. gerra film.

film labur, film ertain, film luze (laburmetraia*, erdimetraia*, luzemetraia*).

film mutu, film soinudun, zinema mutu, zinema soinudun.

filmoteka. Mikrofilm biltegia. Ez erabili 'zinemateka' adierazteko.

flashback. Filmetan, istorioaren ordena kronologikoa hautsiz iragana erakusten duen eszena.

foku (foko*).

free cinema. Erresuma Batuko zinema mugimendua, 50eko hamarkadaren erdialdean sortua.

gore. Irudi gordinak erabiltzen dituen zinema mota.

Goya sariak. Espainiako zinema sariak.

helduentzako filma*, helduentzako aldizkaria...* e. film pornografikoa, aldizkari pornografikoa... Inoren esanetan bakarrik erabiltzen da 'helduentzako' adiera horretan.

indie. Arte mota, konpainia handietatik independentea. Indie zinemaren ordezkari nagusietako bat.

interpretazio. Antzerkian eta zineman, antzeztea. Musikan, lan bat jotzea edo kantatzea.

kamara* e. kamera.

kamera, kamerari (kamara*, cameraman*). Argazki kamera.

karteldegi* e. zinema aretoak, ikuskizunak... Karteldegian zer dagoen kontuan hartuta, hobe etxean geratzea*[e.] Zinema aretoetan zer dagoen kontuan hartuta, hobe etxean geratzea.

kredituak, amaierako kredituak. Filmetan eta telebistako saioetan, bukaeran ageri den zerrenda, partaideen berri ematen duena.

kultuko. Kultuko filma zen.

laburmetraia* e. film labur.

luzemetraia* e. film luze.

macguffin (mcguffin*). Zineman, narrazioa garatzeko erabiltzen den osagaia, egiaz istorioaren mamian garrantzirik ez duena.

muntaia 1* e. muntatu, muntatze. Filmaren muntaia txukuna egin du zuzendariak*[e.] Filma txukun muntatu du zuzendariak.

Oscar. Hollywoodeko zinema sariak. Hauek dira kategoria nagusiak: filmik onena, zuzendaririk onena, emakumezko aktorerik onena, gizonezko aktorerik onena, taldeko emakumezko aktorerik onena, taldeko gizonezko aktorerik onena, ingelesez besteko filmik onena, jatorrizko gidoirik onena, egokituriko gidoirik onena, argazki zuzendaririk onena, dokumentalik onena, animaziozko filmik onena. Beste kategoriak: jatorrizko kantarik onena, musikarik onena (soinu banda*), film laburrik onena, dokumental laburrik onena, animaziozko film laburrik onena, zuzendaritza artistikorik onena, muntatzerik onena, soinu muntatzerik onena, soinu nahasketarik onena, efektu berezirik onenak, jantzirik onenak, makillajerik onena. Bellinik irabazi zuen ingelesez besteko film onenaren Oscar saria.

paper* e. rol. Antzerkian eta zineman.

pelikula. h. film.

peplum. Zinema generoa.

plano 1 (planu*). Zineman, argazkian eta pinturan. Lehen planoa, plano amerikarra, atzeko planoa.

plato. Telebistako edo zinemako agertokia.

prekuela (precuela*). Aurreko obra baten segida den zinema edo literatura lana, lehendik kontaturikoaren aurreko gertaerak azaltzen dituena.

remake. Filmen bigarren bertsioa.

road movie. Zinema generoa.

sekuela 1 (secuela*). Aurreko obra baten segida den zinema edo literatura lana, ondorengo gertaerak kontatzen dituena.

sekuentzia. Zineman, plano multzoa.

sesio 3* e. emanaldi. Gaueko sesioan ikusi nuen filma*[e.] Gaueko emanaldian ikusi nuen filma.

set 2* e. plato. Zineman eta telebistan, filmatzeko edo grabatzeko agertokia.

snuff movie. Zinemako azpigeneroa, egiazko krimenen irudiak erabiltzen dituena.

soinu banda. h. musika. Zoragarria da filmeko soinu banda*[e.] Zoragarria da filmeko musika.

spaghetti western. Zinema generoa.

spin-off. Telesail edo film mota, aurreko batetik sortua, pertsonaiaren baten arrakastaz baliatu eta hura protagonista bihurturik.

spoiler. Ikus-entzunezkoez mintzatuz, filma edo dena delakoa ikusi gabe duenari istorioaren parte garrantzitsu bat kontatzea, nahita ala nahi gabe.

taldeko aktorerik onena (bigarren mailako aktore onena*). Bigarren mailako emakumezko aktorerik onenaren saria eman diote*[e.] Taldeko emakumezko aktorerik onenaren saria eman diote.

teknikolor (Technicolor*). Koloretako zineman, lehen sistemetako bat. Marka bat zen (Technicolor), baina hitz arrunt bihurtu da, 'zinemaskope' bezala.

telemovie* e. telefilm.

thriller. Zinema generoa.

trailer 2. Filmak iragartzekoa.

travelling. Zineman, kamera mugitzeko modu bat.

TV movie* e. telefilm.

Urrezko Globoak, -ak (Golden Globe Awards*). Zinema eta telebista sariak, atzerriko prentsaren elkarteak Hollywooden emanak.

Urrezko Hartza, -a. Berlinaleko sari nagusia.

Urrezko Lehoia, -a. Veneziako Zinemaldiko sari nagusia.

Urrezko Maskorra, -a. Donostiako Zinemaldiko sari nagusia.

Urrezko Palma. Cannesko Zinemaldiko sari nagusia.

vamp. Filmetan, emakume rol bat, 'femme fatale'-ren tankerakoa. Hollywood zaharreko 'vamp' haiek.

western. Far West edo Mendebalde Urrunean giroturiko filma.

Zinegoak. Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdi Nazioartekoa.

zinema, zinemagile, zinemagintza, zinemaratu, zinematografia, zinemazale, zinema estudio (zine*).

zinema areto, zineforum, zineklub, zinemateka.

zinema generoak. 'Biopic', drama, komedia, 'peplum', polizia film, 'road movie', spaghetti western, thriller, western, zientzia fikzio.

zinemaskope (Cinemascope*).

zoom.

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: estiloliburua@berria.eus
webgunearen mapa