Bigarren olatua: astez aste, handiagoa

 
Milaka PCR proba egin dituzte udan zehar, COVID-19 kasuak atzemateko.
Milaka PCR proba egin dituzte udan zehar, COVID-19 kasuak atzemateko. Jagoba Manterola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Pello Urzelai -

2020ko irailak 7 00:21

Normaltasun berria ekainaren 19an hasi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 21ean Nafarroan. Ordurako, izurriaren zabalkundea mugatzea lortu zen, aldagai nagusiek erakusten zuten moduan, eta egoerari eusteko neurrietan jarri zen konfiantza. Aste horretan, ekainaren 15etik 21era, 130 kasu atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. Hurrengo bi asteetan kopuru hori pixka bat murriztu egin zen: 111 kasu ekainaren 22tik 28ra, eta 90 ekainaren 29tik uztailaren 5era.

Baina hortik aurrera, egoera okertu, eta astez aste kasu kopuruak gora egin du, etengabe, joan den astean, 5.621 kasu atzematera iritsi arte. Zer gertatu da azken bi hilabeteotan? Nola pasatu gara agerraldietatik olatura? Lurralde guztietan bilakaera antzekoa izan da edo ezberdina? Nolakoa da bigarren olatu honen neurria edo larritasuna?

Egungo egoera aztertzeko eta aipatutako galderak erantzuten saiatzeko, adierazle ezberdinen datuak bildu eta aztertu dira, argazki orokor baten bila: PCR bidez diagnostikatutako kasuak, ospitaleratze berriak, ZIUetan ospitaleratuak eta hildakoak. Lehenik, begirada udan gertatutakoaz zentratuko dugu, eta, ondoren ikuspegi orokorrago bat lortzen saiatuko gara.

PCR positiboak: astez aste, gehiago

PCR positiboen datuak egunez egun begiratuz gero gorabeherak ikusiko ditugu, baina, uztailaren erdialdetik aurrera, goranzko joera nabarmena ere. Halaber, eguneko positibo kopuruaren marraren punturik gorenak (markak) gero eta gertuago ikusten dira, erraztasun handiagorekin hausten baitira. Hortaz, denbora gutxian, sei asteren buruan, egun bakar batean 256 positibotik 1.000ko langa gainditzera pasatu da.

Astez asteko datuek argiago islatzen dute goranzko joera. Hego Euskal Herriko udako datuetan, uztailaren hasieratik aurrera, argi ikusten da astez aste PCR positiboak etengabe hazi egin direla, erritmo ezberdinean bada ere. Hasieran, hazkunde handiekin, bi aste jarraian %200 inguruko hazkundearekin. Hurrengo astean, uztailaren 20tik 26ra, 1.471 kasu izan ziren (%63,8ko hazkundea), eta hurrengoan 1.656 kasu (%12,5eko igoera). Hazkundea geldiarazteko saioek ez zuten espero zen emaitzarik eman, eta hurrengo bi asteetan berriro kasuek gora egin zuten indartsu: abuztuaren 3tik 9ra 2.885 kasu (%74,2ko hazkundea) eta abuztuaren 10etik 16ra 3.892 kasu (%34,9ko igoera). Hurrengo astean, hazkundea berriro apaldu zen (%13,6), baina abuztuaren azkeneko astean berriro handitu da (%27,1 ), 5.621 kasura iritsi arte.

Astez asteko PCR positiboak lurraldeka aztertuz gero, egoera eta bilakaera ezberdinak ageri dira. Araban, uztailaren 6ko astetik aurrera astez aste kasuen kopuruak hazkundea izan du abuztuaren azken astera arte. Uztailaren lehen hiru asteetan %50 inguruko hazkundea, eta azkenekoan, %176koa. Abuztuko lehen bi asteetan hazkunde garrantzitsuak izan dira Araban (%75 eta %90ekoak). Hirugarren astean, berriz, apalagoa (%13), eta azkenekoan, aurrekoan baino kasu gutxiago (-%5,6).

Bizkaian pilatzen ditra kasurik gehienak, eta, horregatik, hango datuek markatzen dute Hego Euskal Herriko joera orokorra. Bizkaian, uztailaren hasieratik, astez aste kasuen kopuruak gora egin du, etengabe. Hazkunde tasarik handienak hasierako asteetan izan ziren. Abuztuaren azken bi asteetan, berriz, hazkundea mantsotu da (%11,2 eta %10,1).

Gipuzkoak uztailaren hasieran izan zituen hazkunde handiak aste batetik bestera, Ordiziako, Zarauzko eta Eibarko agerraldiekin. Uztailaren 6tik 12rako astean, %344ko hazkundea, aurreko astearekin alderatuta, eta hurrengo astean, %200ekoa. Baina hurrengo astean, positiboen kopuruak behera egin zuen (-%30). Gutxi iraun zuen beheranzko joerak. Hurrengo astean, uztailaren 27tik abuztuaren 2rakoan, kasu kopuruak berriro egin zuen gora (%7,6), hurrengo hiru asteetan gehiago (%40 inguru), eta abuztuaren azkenekoan, are gehiago (%80,7).

Nafarroan ere gorabeheratsua izan da bilakaera. Hasieran, igoera handiak, uztaileko agerraldiekin (Malerreka, Sanferminak, Tuterako ezkontza), eta, gero, erritmo motelagoan, eta jaitsiera txiki batekin abuztuaren azken-aurreko astean. Baina abuztuaren azken astean, hazkundea bizkortu egin da (%58,1).

Ipar Euskal Herriari dagokionez, datuen gabezia da nagusi. Hala ere, abuztuan birusaren zabalkundea hazi egin dela pentsatzeko zantzuak daude. Akitania Berriko Osasun Agentziak test positiboen berri ematen ditu, baina departamendu mailan bakarrik. Pirinio Atlantikoen departamenduan, abuztuan, 463 test positibo inguru zenbatu dituzte, eta kopuruak goraka joan dira, astez aste. Horrez gain, zenbait agerraldiren berri eman du: Ziburun bat (14 lagun), Baigorrin bi (9 eta 10 lagunekin), Donibane Lohizunen hiru (4, 3, eta 4 lagunekin). Horrez gain, Lapurdiko kostaldean egindako borondatezko behaketan 1.200 proba inguru egin zituzten eta %3,9k positibo eman zuen.

Ospitaleratze berriak: gorantz

Kasuak ugaltzearen atzetik, ospitaleratzeen hazkundea etorri da. PCR probetan positibo emandakoen igoeraren hasiera uztailaren 6tik 12ra arteko astean nabaritzen hasi bazen ere, ospitaleratzeena hurrengo astean gertatu zen: 10 ospitaleratzetik 27ra pasatu zen (%170eko hazkundea). Hortik aurrera, astez aste ospitaleratze gehiago zenbatu dira. Igoerarik handiena abuztuko bigarren astean izan da, %106,1eko hazkundearekin.

Grafikoak beste ikuspegi bat erakusten du: Nafarroan, ospitaleratze berrien hazkundea beste lurraldeetan baino astebete geroago hasten da, eta, oro har, apalagoa da. Eragin handiagoa sumatu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleratzeetan, Nafarroakoetan baino. Asteko ospitaleratze berrien kopurua Osasunbideko ospitaleetan sei aldiz handiagoa da abuztuko azken astean, uztailaren 13tik 19ra bitarteko astean baino, eta hamar aldiz handiagoa Osakidetzako ospitaleetan.

Aldi berean, ospitaleratze berrien igoerarekin batera, ospitaleetako betetze maila ere igo da, bai solairuetan bai zaintza intentsiboetako unitateetan ere. Ospitaleratuta dauden pertsonen datuekin arazoak daude serie homogeneoak osatzeko. Batetik, udan datuen argitalpena murriztu delako. Bestetik, Osakidetzaren kasuan, egun bakoitzean solairuan ospitaleratuta dauden gaixo kopurua txosten epidemiologikoan sartzen hasten denean (abuztuaren 4an), zenbatzeko irizpidea zorroztu duelako, COVID-19arengatik ospitaleratuak bakarrik sartuz.

Edozein modutan, igoera nabarmena da. Abuztuaren 4an, 90 pertsona zeuden ospitaleratuta solairuan Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Eta abuztuaren 31n, 324 pertsona. Kopurua, beraz, hirukoiztu egin da hilabete eskasean. Epe berean, zaintza intentsiboetako unitateetan dauden pertsonen kopurua ere nabarmen hazi da. Abuztuaren 4an, zazpi pertsona zeuden ZIUetan, eta abuztuaren 31n, berriz, 43. Sei aldiz gehiago.

Hildakoak: 89 abuztuan

Heriotzak denboran geroago azaltzen ohi dira bilakaera erakusten duten grafikoetan. Bizpahiru aste geroago. Ekainean iritsi ziren hildakorik gabeko egunak, baina martxoaren hasieratik ez da izan asterik hildakorik gabe. Apirilaren hasieratik, astez aste hildakoen kopurua gutxituz joan da ia etengabe, uztailaren 20-26ko asteraino, non bi hildako baino ez ziren izan. Baina kutsatzeen eta ospitaleratzeen hazkundearen ondoren hildakoen hazkundea iritsi da, batez ere abuztuan.

Ekainean 83 hildako izan ziren, pixkanaka gero eta gutxiago, kutsatze berrien kopurua jaitsi ondoren. Uztailean 14 hildako bakarrik izan dira. Baina abuztuan heriotzak ugaritu dira. Guztira 89 hildako izan dira, ia erdia azken astean.

Neurria: lehen olatua baino txikiagoa

Bigarren olatuari neurria hartzeko eta lehenengoarekin alderatzeko, adierazle egokiak bilatu behar dira. PCR positiboen kopurua ez da oso adierazle egokia. Udako datuak ezin dira alderatu martxoko eta apirileko datuekin. Orduan askoz proba gutxiago egiten ziren, eta gehienbat diagnostikoa baieztatzeko erabiltzen ziren. PCR proben bidez, COVID-19 kasuak atzemateko gaitasuna askoz handiagoa da abuztuan, martxoan edo apirilean baino. Beraz, abuztuan egun bakar batean milatik gora kasu atzemateak ez du esan nahi orain martxoan edo apirilean baino kutsatu gehiago dagoenik.

Ospitaleratze berrien kopurua eta hildakoen kopurua adierazle hobeak dira lehen olatua eta bigarrena alderatzeko.

Ondoko grafikoan ikusten denez, bigarren olatuko ospitaleratze berriak askoz gutxiago izan dira lehendabizikoenak baino. Lehen olatuan, martxoan 5.437 ospitaleratze izan ziren, apirilean 3.897 eta maiatzean 596. Guztira, 9.930 ospitaleratze. Bigarren olatuan, berriz, ekainean 77 pertsona ospitaleratu zituzten, uztailean 133, eta abuztuan 904. Guztira, 1.114. Hau da, lehen olatuan ospitaleratzeak bederatzi aldiz gehiago izan ziren (zehazki, 8,91).

Olatuak alderatzeko beste datu interesgarria ospitaleetako betetze maila da. Lehen olatuan, ospitaleratuen gehieneko kopurua martxoaren 31an erregistratu zen, 2.818 ospitaleratuekin. Bigarren olatuan, ospitaleratuen kopururik handiena abuztuaren 31n izan da, 367 gaixorekin. Beraz, lehen olatuko gehieneko betetze maila 7,6 aldiz handiagoa izan zen oraingoa baino. Halaber, zaintza intentsiboetako unitateen gehieneko betetze maila ere askoz handiagoa izan zen lehen olatuan, bigarrenean baino. Apirilaren 2an, 327 pertsona egon ziren ospitaleratuta ZIUetan. Bigarren olatuan, gehieneko kopurua 46 izan da, abuztuaren 30ean. Beraz, lehen olatuko gehieneko kopurua 7,1 aldiz handiagoa izan zen bigarrenekoa baino.

Azkenik, hildakoen kopurua ere alderatu daiteke. Martxoan, apirilean eta maiatzean, 2.066 hildako izan dira Euskal Herrian koronabirusarekin lotuta. Ekainean, uztailean eta abuztuan 186 izan dira. Beraz, izurriaren lehen hiru hilabeteetan hildakoen kopurua 12 aldiz handiagoa izan da hurrengo hiru hilabeteetan baino.

Argi dago, beraz, bigarren olatua lehena baino askoz txikiagoa dela eta bere hazkunde erritmoa askoz mantsoagoa dela. Baina zein da alderaketaren arazoa? Lehen olatua benetako osasun hondamendia izan dela, eta geldiarazteko oso konfinamendu gogorra behar izan duena, ondorio sozioekonomiko larriekin. Bigarren olatua hondamendi batekin alderatzeak berez duen garrantzia gutxiestera eraman dezake. Eta hilabete batean, adibidez abuztuan, 89 hildako egotea ezin da inolaz ere gutxietsi. Hala edo nola eragotzi behar den tragedia baita.

Zer da kezkagarria bigarren olatuan? Hazkunde etengabea parametro guztietan. Hau da, kasuen zabalkundea, ospitaleratuen hazkundea eta hildakoen hazkundea geldiarazteko eta gutxitzeko ezintasuna. Beste era batera esanda, pandemia kontrolatzeko neurrien eraginkortasun mugatua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Bezeroak Baionako Orbe karrikako erakusleiho bati begira, atzo. ©BOB EMDE

Dendak zabalik, eta gainezka

Oihana Teyseyre Koskarat

Hilabetez hetsirik egon ondoan, dendak ireki dituzte berriz Iparraldean. Gelditurik jarraitzen duten sektoreek protesta egin dute

Birusa atzemateko antigeno testak, Zarauzko (Gipuzkoa) osasun etxean. ©Gorka Rubio / Foku

580 positibo atzeman dituzte Hegoaldean, urriaren 5etik erregistratutako gutxien

Berria

Osakidetzaren eta Osasunbidearen artean 10.637 proba egin zituzten atzo.

Teresa Errandonea, maskara jantzita entrenatzen, Donostiako belodromoan. ©JON URBE / FOKU

Entrenatu ere, maskararekin

Ainara Arratibel Gascon

Atletek maskara jantzita izan behar dute entrenatzeko. Ivan Fernandezek eta Teresa Errandoneak diote errespetatzen duten arren zaildu egiten diela beraien prestaketa.

Koronabirusa egunez egun

Koronabirusaren krisiari buruzko buletin berezi honek azken 24 orduetan gertatutakoaren gakoak eskainiko dizkizu. Arratsaldero jasoko duzu.

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informatzeak zenbat balio duen.

Izan zaitez BERRIAlaguna