Etxeratze agindua 18:00etan ezarriko dute Ipar Euskal Herrian

Neurri murriztaileagoak iragarri ditu Frantziako Gobernuak, eta gutxienez bi astez mantenduko ditu. Parisek esan du momentuz ez duela beste konfimendu bat ezarriko, baina ez duela baztertzen aurrerago ezarri behar izatea.

Jean Castex Frantziako lehen ministroa gaurko agerraldian, Parisen. THOMAS COEEX / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat - Paulo Ostolaza
2021eko urtarrilaren 14a
18:47
Entzun

Esperotakoa iragarri du Jean Castex Frantziako lehen ministroak: Ipar Euskal Herrian 18:00etan izango da etxeratze agindua larunbatetik aitzina. Agerraldia egin du ostegunean, beste hainbat ministrorekin batera, eta pandemiari aurre egiteko neurri murritzaileagoak iragarri ditu. Gutxienez bi astez bete beharko dute etxeratze agindua Ipar Euskal Herriko herritarrek, eta salbuespen bakarrak orain artekoak izango dira. Hala, denda guztiak hetsi beharko dituzte 18:00etan. Pirinio Atlantikoetako departamenduan, dendak igandeetan ere irekiko dituzte, otsail erdira arte. 

Oraingoz, Frantziako Gobernuak ez du beste konfinamendu bat ezarriko, baina ez du ukatu aurrerago ezar dezakeela egoerak okerrera egiten badu. Dena den, «oraingo egoera ikusirik, ez da baitezpadakoa konfinamendu orokor bat ezartzea», Castexen arabera.

Eskolei dagokienez, Castexek esan du ahal duten guztia egingo dutela haiek ez ixteko. Hori bai, ikastetxeetako neurriak gogortuko dituzte: aurrerantzean, klaseak «hibridoak» izango dira lizeoetan —zati bat etxean egingo dute, eta bestea, ikastetxean—; jangeletako neurriak zorroztuko dituzte, ikasgela bereko ikasleek elkarrekin jateko, eta barnean egiten den kirola debekatuko dute. Horretaz gain, antigeno probak emendatuko dituzte ikastetxeetan, eta, positiboak detektatzean, «lekuan lekuko» egoeraren arabera eskolak edo klaseak hetsiko dituzte, orain arte bezala.

Unibertsitateetan, datozen asteetan lehen mailako ikasleei (eta lehen urtekoei soilik) berriz irekiko zaizkie unibertsitateak, talde erdietan eta klase jakin batzuetarako. Izan ere, Frederique Vidal Frantziako goi mailako ikasketen eta ikerketen ministroaren ustez, «orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak izan ikasleak egoki laguntzeko».

Frantziako Estatura sartzeko baldintzak ere gogortu dituzte: Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetako herritarrek PCR proba bat egin beharko dute Frantzian sartzerako, baita zazpi eguneko bakartzea ere. Salbuespena izango dira mugaz gaindiko langileak. EB barruko herrialdeekin hilaren 21ean eginen dute bilera, neurriak zehazteko. 

Neurri horren arrazoia azaltzeko, Europako egoera sanitarioaren errepasoa egin du Castexek. Frantzian 16.000 kutsatze atzematen ari dira egunean, batez beste, eta 2.711 pertsona daude suspertze zerbitzuetan: «Egoera egonkorra da, baina hauskorra», adierazi du lehen ministroak.

Txertoei buruz ere jardun du. Atzo, 57.000 pertsona txertatu zituzten Frantziako Estatuan, eta astelehenetik aitzina 75 urtetik gorako pertsonek jasotzen ahalko dute txertoa; otsailaren bukaeran hasiko dira 65 urtetik gorakoak txertatzen. Oraingoz, Frantziako Estatuan 300.000 pertsona inguru txertatu dituzte: zahar etxeetako egoiliarrak eta osasun langile zaurgarriak.

Aldaera berriak

Olivier Veran Frantziako osasun ministroak hitz egin du jarraian, eta agertu diren birusaren aldaeretan egin du azpimarra. Bi aldaera daude Frantziako Estatuan. Batetik, VOC2020 aldaera, Erresuma Batuan agertu zena. «Kutsakorragoa» da, baina ez «larriagoa», eta «ez dio txertoari eragiten», Veranen arabera. Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, koronabirusa duten 100 pertsonatik 1-1,5ek dute VOC2020 aldaera, eta hori detektatzeko testak ugaritu egin nahi ditu gobernuak.

Bigarren aldaera 501 deitzen da, eta Hegoafrikatik iritsi da. Veranek ez du zehaztu zein diren haren berezitasunak, baina esan du aldaera horren bi agerraldi daudela momentuz Frantziako Estatuan. 

Castexek azpimarratu du birusaren aldaera horiek egoera «zalantzan» jartzen dutela, eta posible dela aldaera horiek, batez ere Erresuma Batukoak, gaina hartzea.

Itxita dauden sektoreak

Ekonomiaz ere jardun du Frantziako Gobernuak gaurko agerraldian. Castexen arabera, «zaila da luzera begirako galderei erantzutea», baina segurtatu du «orain arteko laguntzak» luzatuko dituztela.

Laguntzek izango dituzten hiru aldaketa nagusiak, berriz, Bruno Lemaire Ekonomia ministroak azaldu ditu. Batetik, aurrerantzean, eramateko saltzen diren produktuei esker irabazitako dirua ez da kontuan hartuko laguntzen kopurua kalkulatzean. Bestetik, hornitzaileen diru laguntza emendatuko dute, galera %75 baino handiagoa bada; eta ez da langile kopuru mugarik izango diru laguntza eskuratzeko. Hilabetean, gehienez ere, 200.000 eurokoa izango da diru laguntza.

Azkenik, iragarri du Frantziako Estatuak bere gain hartuko dituela itxiak diren enpresen karguak (alokairua eta abar), baina bakarrik hilabetean miloi bat euro baino gehiagoko irabaziak dituztenenak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.