Suteak

Suteen ondorioz, Nafarroan egoera «larria» da

Obanos, Legarda, Muruzabal, Belaskoain, Zabaltza, Ubani eta Valtierra herriak eta Sendaviva parkea hustu dituzte, baita Garesko hainbat auzo ere. Alaitz mendilerroan eta Arroitzen ere suteak daude. Gipuzkoan, halaber, Arastortz mendian piztu da sua.

Legarda inguruan sugarrak kontrolpean hartu ezinik dabiltza uneotan suhiltzileak. VILLAR LOPEZ / EFE
2022ko ekainaren 18a
16:12
Entzun

Suteek hartu dute Nafarroa erdialdea. Erreniega hegoaldetik Valtierraraino, hainbat sute piztu dira arratsaldeko lehen ordutik, eta ondorioz Nafarroako Gobernuak suteen larrialdietarako eta babes zibiletako planen 2. maila aktibatu du. «Egoera larria da», onartu du Javier Remirez presidenteordeak. Iluntzean haizeak norabidea aldatzea espero da, eta kasu batzuetan lagungarri izango bada ere, kezkagarria izan daiteke beste zonalde batzuetan. Horregatik Amparo Lopez Barne zuzendariak ohartarazi du «gau benetan zaila» espero dutela.

Egoeraren argazki orokorra azaltzeko eta herritarrei «lasaitasunerako eta erantzukizunerako» mezua helarazteko agerraldia egin dute Remirezek eta Lopezek, Iruñeko larrialdi zerbitzuen egoitzan. Suteen ondorioz, itzaltze lanetan ziharduten bi langile ospitaleratu dituzte kea irentsi dutelako, baina gainerakoan ez dago zauriturik. Kaltetutako inguruetako herritarrei etxeetan geratzeko gomendatu diete, agintariek kontrakoa esaten ez duten bitartean. Irizpidea da sua herrietara gerturatzen denean, etxeak hustea.

Suhiltzaileak gogotik ari dira lanean Nafarroan, azken orduetan piztutako suteak kontrolpean hartu nahian. Legardan piztu da sute handienetako bat, autobidearen eta gasolindegi baten inguruan, eta hainbat herritar ebakuatu behar izan dituzte. Nafarroako larrialdi zerbitzuak jakinarazi du Obanos, Legarda, Muruzabal, Belaskoain, Zabaltza, Bidaurreta, Etxarri, Ziritza eta Ubani herriak hustu dituztela. Garesko Udalak tokia egokitu du herri horietako herritarrei aterpea emateko: Legarda eta Muruzabaletik ebakuatutako herritarrak Garesko frontoira eraman dituzte aurrena, baina Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, bertan babes hartu duten bizilagunei handik ateratzeko esan diete gero, sugarrak herrira gerturatzen ari zirelako. Hain zuzen, udalerriko hiru auzo ere jendez husten ari dira. Iluntzean, ordea, Obanos eta Muruzabaleko bizilagunek etxera itzuli ahal izan dute.

Halaber, Erriberan, Arguedasen beste sute bat piztu da, Bardean, eta Sendaviva parkea hustu behar izan dute—2.500 lagun inguru zeuden parkean hustu dutenean—. Suteak aurrera egin du arratsaldean, eta ondorioz, Valtierrako etxe batzuk ere hustu dituzte. Sendavivako arduradunek ohar bidez azaldu dute bertako animaliak «salbu» daudela, «haietako batzuk tokiz mugitu ostean».

Beste bi sute ere piztu dira azken orduotan: Alaitz mendilerroaren hegoaldeko aldean bata, Unzue mendiaren iparraldean; eta Arroitz inguruan, Los Arcosetik gertu, bestea.

Nafarroako Gobernuak inguruetako bizilagunei eskatu die lasai egoteko eta etxetik ez ateratzeko, baldin eta beren herriak uzteko abisurik jaso ez badute. Iruñetik Garesko norabidean, Astraingo irteeratik A-12 errepidea moztuta dago, bi norabideetan (autobideko 9. kilometro eta 24. kilometro parean. Arronizko sutearen ondorioz, hegoalderago ere, 51, kilometroan, autobidea itxita dago.

Baliabide guztiekin

Horrez gain, larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute beren baliabide guztiak erabiltzen ari dela, eta, gainera, laguntza eskatu diotela Espainiako Gobernuari, airez suak itzaltzen lagun diezaien. Halaber, Espainiako armadaren esku hartzea ere galdegin dute. Allozko urtegia hustu dutela ere zehaztu dute, handik ura hartzeko. Hain zuzen, ur-hegazkin bat bertaratu da, eta Obanosko etxeen gainean ura botatzen aritu da.

Remirezek onartu du sute asko izateak baliabide aldetik «estres egoera» ekarri duela. Espainiako Gobernuak bere baliabideak eman arren, inguruko lurraldeetan (Errioxan eta Aragoin, kasurako) egoera antzekoa da, eta hango baliabideak ere %100ean ari dira erabiltzen itzaltze lanetan.

Horregatik. Nafarroako Gobernuak larrialdi kabinetea bildu du suteen bilakaera jarraitzeko. Helikopteroetako batek Nafarroa erdialdea zeharkatu du airetik suteen argazki orokorra izateko. Agintarien arabera, egoera «larria» da. Larrialdiko 2. plana aktibatuta, debekatu egin diete nekazariei makinekin egin beharreko uzta biltzeko lanak egitea. Aurreko egunetan, gomendio hori bera egin dute. Remirezek ez du baieztatu nahi izan, baina Arguedasko sutearen kasuan gobernuko iturriek azaldu dute uzta biltzeko makina batek eragindako txinparta batek eragin duela sutea.

Remirezek zuhur jokatu nahi izan du. Larrialdi zerbitzuek adierazi dute nekazariak lanean ari direla kaltetutako eremuetan suebakiak egiten. Amparo Lopezen arabera, suebakiak «eraginkorrak» izaten ari dira.

Halaber, Nafarroako Gobernuko basozainek bi zaintza postu ezarri dituzte Erreniegan eta Yugon, bai Legardako eta bai Arguedasko suteen bilakaera zaintzeko.

Olletan eta Tafallan ere sute bana piztuta dago. Azken herri horretan, erein gabeko soro bat hartu du suak, eta itxi egin behar izan dute Artaxoa eta Tafalla arteko errepidea.

Gipuzkoan ere sua

Gipuzkoan ere izan da sute bat: Arastortz mendian (Gipuzkoa), Ataun eta Zaldibia artean. Herritarrek eman dute abisua, 11:00 aldera, eta suhiltzaileak eta basozainak bertaratu dira, itzaltzera. Horretan ari dira orduz geroztik. Iristeko zaila den eremu malkartsu batean piztu da sua, eta itzaltze lanak zailtzen ari da hori. Hala ere, momentuz, ez da iritsi Aralarko parke naturaleko lurretara, eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, kontrolpean dute sutea. Ez dakite sua nola sortu den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.