Getxoko dozenaka bizilagunek protesta egin dute eraikin bat eraits ez dezaten

Lagun bat atxilotu du Ertzaintzak, eta zaurituak ere izan dira protestan. Udal euskaltegia eta nagusien etxea dira eraikinean; belaunaldi arteko etxebizitza zentro bat eraiki nahi dute haren ordez. Elkarretaratzera deitu dute 19:00etarako, Santa Eugenia plazan, goizean gertatutakoa salatzeko.

Itzubatzetako auzokideak, protestan. HIRUKA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko otsailaren 14a
12:43
Entzun 00:00:0000:00:00

Getxoko (Bizkaia) Itzubaltzeta auzoko dozenaka auzokide Lope de Vega kalean bildu dira gaur goizean, bertako eraikin bat eraitsi ez dezatela eskatzeko; hain zuzen, udal euskaltegia eta nagusien etxea dauden eraikina. Beharginak atzo hasi ziren lanean, eta, hori ikusirik, hainbat auzokidek protestara deitu dute. Eserialdia egin dute errepidean, langileak eraikinean sartu ez zitezen, 08:30 inguruan. Ertzaintza agertu da horren ostean, eta protesta egiten utziko zietela esan die, betiere langileek eraikinera sartzeko aukera bazuten. Sarbidea galarazten saiatu badira ere, azkenean herri harresia desegin du Ertzaintzak, eta foru aldundiak bidalitako langileak 10:00ak aldera sartu ahal izan dira eraikinean. Ertzainek kalea zigilatu dute jarraian, jende gehiago gerturatu ez zedin.

Protestan ziren auzokideak eraikina inguratzen duen hesia jotzen hasi dira, eta hainbat xafla botatzea ere lortu dute. Hala, ertzaintzak gazte bat atxilotu du, baita zenbait lagun zauritu ere. Horien artean zen Hiruka komunikazio taldeko kazetari bat, eta besoan jo dute, protesta grabatzen ari zela. 12:00ak inguruan, brigada mugikorreko beste furgoneta bat gerturatu da, foam jaurtigailuekin. Kalea itxi dute.

Arratsalderako, elkarretaratzera deitu dute bizilagunek, goizean gertatutakoa salatzeko. Santa Eugenia plazan bilduko dira, 19:00etan.

Lope de Vegako eraikina botata, belaunaldien arteko zentro bat eraikitzea da Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa —zentro horretan adin desberdinetako pertsonak biziko dira elkarrekin; gazteentzako 40 etxebizitza eta mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako ehun leku izango du—. Joan den abuztutik darama eraikinak itxita. Urtarrilaren amaieran hustu zuen Getxoko Udalak, eta duela aste bat utzi zuen aldundiaren eskuetan. Proiektuak 16 milioiko aurrekontua du, eta 20 hilabete iraungo dute obrek. 2024rako amaituta egotea aurreikusten dute.

2020an sinatu zuten Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak belaunaldien arteko zentroa eraikitzeko lankidetza hitzarmena. Udalak bere jabetzako lursaila utzi zion lagapenean aldundiari, proiektua 75 urtez garatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.