Hamarkadaz hamarkada, argazkiak eta mugarriak

1.1965-1970

Liburuak

Durangoko Azokako lehen urteetan poesia zen euskal literaturan genero nagusia. Gabriel Arestik 1964an argitaratu zuen Harri eta herri liburu enblematiko eta erreferentziala, Durangoko Azoka sortu baino urtebete lehenago, eta azokaren hirugarren ekitaldiaren urtean kaleratu zuen Euskal harria (1967).

Luis Mari Mujikaren Urdin eta burni (1965), Xabier Leteren Egunetik egunera orduen gurpilean (1968) eta Ibon Sarasolaren Poemagintza (1969) dira garai bereko beste poema liburu aipagarri batzuk.

Narratibaren arloan, hamarkada horretakoen artean, Txillardegiren Elsa Scheelen (1967) eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako(1969) nabarmen daitezke.

Diskoak

Nemesioz Etxaniz apaiz azkoitiarrak 1951n Kanta-kantari izeneko kantutegia argitaratzearekin batera, garai hartako euskal musikaren gabeziak azaleratu zituen hitzaurre batean. Inguruko herrialdeetan zabaltzen ari ziren doinu eta erritmoek ez zuten, artean, lekurik euskal musikan, eta kantagintza berritzeko beharra nabarmendu zuen Etxanizek. Denbora pixka bat behar izan zen horretarako, baina 1960ko hamarkadan kulturgintzaren esparru ugaritan izandako eztandarekin batera, musikara eta diskogintzara ere iritsi zen aldaketa, eta munduan gertatzen ari ziren aldaketek izan zuten isla Euskal Herrian ere.

Mixel Labegeriek 1961ean eta 1963an bi disko txiki atera zituen Goiztiri zigiluarekin (Lehen diskoa eta Bigarren diskoa), euskal kantagintza berriaren lehen aleak direnak, baina Ez Dok Amairu 1965-1966an sortzearekin batera —aurretik eta ondoren— ugaritu egin ziren argitalpenak: Mikel Laboaren Azken (1964), Urtsuako kanta (1966) eta Bertolt Brecht (1969) disko txikiak, Benito Lertxundiren lehen bi Epak (1967), Lourdes Iriondoreren disko txiki ugariak, Julen Lekuonarenak... Pantxoa eta Peiok, bere aldetik, 1969an grabatu zuten Itziarren semea jasotzen zuen lau kantuko diskoa, eta Imanolek bere lehenengo Epa Michel Etxegarairen izenarekin. Nabarmentzekoak dira, era berean, Jose Antonio Villarrek 1964an kaleratutako bi Epak, Basque Party 1 eta Basque Party 2, frantsesetik eta italieraretik euskarara moldatutako kantu arrakastatsuez osatuak.

Disko asko Herri Gogoa disketxeak kaleratu zituen 1967tik aurrera, horietako ugari hiruzpalau kantuko EPak: Artze anaien Txalaparta (1968), Antxon Valverderen lehen Epa (1969), Enarak taldearen diskoa (1969), Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren lehen lana (1969), Leteren Euskalerri nerea (1968) eta Maiteaz galdezka (1969), Mikel Laboaren Haika mutil (1969); Estitxuren diskoa (1970), Julen Lekuonaren Errege Baltaxarren balada (1968)...

Disko luzeak ere atera ziren 60ko hamarkadaren bigarren partean: Oskarbiren Abesti zahar eta berriak (1970) eta Benito Lertxundiren aurrenekoa (1969), tartean.

2.1970-1980

Liburuak

Poesia izan zen genero nagusia 1970eko hamarkadako euskal literaturan ere, eta garai hartako poesian abangoardia eta esperimentalismoa nagusitu ziren oro har, baina oso forma eta emaitza ezberdinak emanez.

Honako poema liburu hauek nabarmen daitezke hamarkada hartan kaleratutakoen artean: Gabriel Arestiren Harrizko herri hau (1970) etaAzken harria (1979); Mikel Lasa eta Amaia Lasaren Poema bilduma (1971); Amaia Lasaren Hitz nahastuak (1977) etaNere paradisuetan (1979); Joxe Azurmendiren Hitz berdeak (1971); Juan Mari Lekuonaren Muga beroak (1972) etaIlargiaren eskolan (1977); Arantxa Urretabizkaiaren San Pedro bezperaren ondokoak (1972); Joxan ArtzerenLaino guztien azpitik..., eta sasi guztien gainetik (1973) eta Bide bazterrean hi etani kantari (1979); Xabier Leteren Bigarren poema liburua (1974); Bitoriano Gandiagaren Hiru gizon bakarka (1974) eta Uda batez Madrilen (1977); Joan Mari Irigoienen Hutsetik esperantzara (1975); Joseba Zulaikaren Adanen poema amaigabea (1975), Mikel ArregirenHego haizearen konpasean (1975), Luis Mari Mujikaren Hitzak ebakitzean (1975); Koldo Izagirreren Itsaso ahantzia (1976) etaOinaze zaharrera (1977); Mikel Zarateren Higidura berdez (1977) eta Bizipenen bultzadaz (1978); Jose Angel Irigarairen Kondairaren ihauterian (1978); Jon Casenaveren Zutaz amoroski (1978); eta Bernardo Atxagaren Etiopia (1978). Azkeneko hori da arrasto sakonena utzi duena, eta gerora berragitalpen eta itzulpen gehien izan dituena.

Narratibaren arloan, derrigor aipatzekoak dira Saizarbitoriak hamarkada hartan kaleratako bi liburuak: Ehun metro (1976) eta Ene Jesus! (1976); baita Anjel Lertxundiren lehen hiru narrazio liburuak ere: Hunik arrats artean (1970), Ajea du Urturik (1971) eta Goiko kale (1973); eta Jon Miranderen Haur besoetakoa (1970) gaur egun oraindik ere polemikoak ere eman zuen zer esana. Garaiko espiritu abangoardista eta esperimentalaren ispilu da, besteak beste, Patri Urkizuren Sekulorun sekulotan (1975). Hamarkada berekoak dira honako hauek ere: Mikel Zarateren Haurgintza minetan (1973) eta Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975); Luis Haranburu AltunarenItsasoak ez du esperantzarik (1973), Ibon Sarasolaren Joan eta Ane zigarro bat erretzen (1977); Joxe Austin ArrietarenAbuztuaren 15eko bazkalondoa (1979), Txillardegiren Haizeaz bestaldetik (1979), Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox (1979).

Aldizkariek ere garrantzi handia izan zuten lan literarioen zabalkundean 70eko hamarkadan, eta erreferentzia garrantzitsuak izan ziren: Jon Mirande eta Txomin Peillenen Igela-z gain,Ustela, Oh! Euzkadi eta Pott kaleratu ziren, punta-puntako idazleen eskutik.

Diskoak

Hamarkadaren lehen urteetan Ez Dok Amairuren arrastoan sortutako lanak nabarmendu ziren. Mikel Laboak Bat-Hiru (1974) disko bikoitza atera zuen—kantariaren hiru lerroak, herri kanta, kantu esperimentala eta poeta garaikideen moldaketak aurreratu zituena—, Benito Lertxundik Oro laño mee batek (1974) eta Maita herria, üken dezadan plazera (1975), Xabier Letek Xabier Lete (1974), Lourdes Iriondoren estreinako Lpa (1974). Letek, Antton Valverdek eta Julen Lekuonak Bertso zaharrak berreskuratu zituzten (1974)...

Bestalde, Ez Dok Amairuz haratago, euskal kantagintza berriak beste izen eta disko batzuk ere utzi zituen, hala frankismoaren azken urteetan nola Franco hil ondoren: Imanolen Orain borrokarenean (1973), Herriak ez du barkatuko! (1976) eta Lau haizetara (1977); Gorka Knorren Araba kantari (1974), Nik nahi dudana (1975), Txalaparta (1976) eta Herri bat gara (1978); Gontzal Mendibil eta Xeberriren Zaurietatik dario (1976) eta Argitze garaian egunsentiari agur (1978); Pantxoa eta Peioren Peio / Pantxoa (1975), Ospital / Carrere (1975) eta Euskalduna naiz eta maite dut herria, oroz gainetik gure hizkuntza garbia (1978); UrkorenHemen gaude (1977), Sakonki maite zaitut Euskal Herria (1977) eta Gure lagunei (1978); Hibai Rekondoren Euskal Herria 1975 (1975) eta Euskal Herria 76-77: Negu luze hotzetik (1977). 1978ko ekainaren 17an Bilboko San Mamesen Bai Euskarari kanpainaren alde grabatutako diskoa ere aipatu beharrekoen artean dago.

70eko hamarkadan estreinatu zen Oskorri eta hamarkada hartan grabatu zituen bere disko ezagun batzuk, tartean Gabriel Arestiren oroimenez (1976) eta Mosen Bernat Etxepare 1545 (1977). Iñaki Eizmendik kantagintzaren eta folk-rock doinuen arteko zubiak eraiki zituen Gureak ez diren kale ixileen bi milagarren samiña (1977) diskoan. Rockaz hitz egitean, ordea, Errobiz eta Niko Etxartez hitz egin behar da. Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako taldeak atzerritik heldutako doinu berrien harmoniak bereganatu zituen, Euskal Herriaren arazo kulturalaz eta politikoaz arduratutako hitzekin lagunduta: Errobi (1975), Gure lekukotasuna (1977), Bizi-bizian zuzenekoa (1978) eta Ametsaren bidea (1979) kaleratu zituen. Etxartek, bere aldetik, Nahasteka (1979) Minxoriak sortu aurretik.

Hamarkadaren amaieran rock progresiboa eta folka uztartzen zituzten taldeak agertzen joan ziren, eta horiekin batera, baita diskoak ere. ItoizenItoiz (1978) eta Ezekiel (1980) dira, guztien artean, denborarekin gehien nabarmendu direnak, baina beste asko izan ziren: Enborren Enbor (1979) eta Katebegiak (1980); Liskerren izen berekoa (1979); Sakreren Bizitako gauak (1978); Koskaren Bihozkadak (1979); Izukaitzen Izukaitz (1978) eta Otsoa dantzan (1980)...

Txomin Artolak ere oihartzun zabaleko diskoak grabatu zituen, Olaxta (1975) eta Belar hostoak (1978), besteak beste, azken hori Walt Whitman poeta estatubatuarraren testuetatik abiatuta. Artolak parte hartu zuen, halaber, Haizearen lehen disko erreferentziazkoan (Haizea, 1977). Taldeak gero Hontz gaua (1979) kaleratu zuen. Aipatzekoa da, era berean, Beñat Axiariren Urria taldea ere estreinatu zela Argi tirrintan (1978) eta Bruma altxatzean (1979) diskoekin, eta Itziar taldeak bere disko bakarra ere atera zuela (Itziar, 1978)

3.1980-1990

Liburuak

Poesiaren aurrean ipuingintzak hartu zuen indarra, belaunaldi berri bat plazaratzearekin batera, eta nobela ere indartzen hasi zen.

Bernardo Atxagak Bi anai (1986) eta Obabakoak (1988) nobelak argitaratu zituen, besteak beste, hamarkada horretan. Obabakoak euskal literaturako liburuen artean muduan zehar zabalkunderik handiena duena izatera iritsi da, eta mugarritzat jotzen da euskal literaturaren historian. Nobela bat bada ere, funtsean ipuinez osatua dago.

Narratiba arloko uzta oso oparoa da 1980eko hamarkadan. Aipagarriak liratekeen asko alde batera utzita, honako liburu hauek nabarmen daitezke, Atxagak argitaratutakoez gain: Joan Mari Irigoienen Poliedroaren hostoak (1983) eta Babilonia (1989); Mikel Hernandez Abaituaren Panpinen erreinua (1983) eta Ispiluak (1986); Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez (1983) eta Tobacco days (1987); Koldo Izagirreren Euzkadi merezi zuten (1984) eta Mendekuak (1987); Pello Lizarralderen E pericoloso sporgersi (1984); Pako Aristiren Kcapo (1985) eta Irene (1987); Itxaro Bordaren Basilika (1984); Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983) eta Atabala eta euria (1986); Aingeru Epaltzaren Sasiak ere begiak baditik (1986) eta Garretatik erauzitakoak (1989); Xabier Mendiguren Elizegiren Sei ipuin amodizoko (1986); Joxe Austin Arrietaren Manu militari (1987); Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan (1987)...

Nolanahi ere, poesiak garrantzi handia izaten jarraitu zuen, eta arrastoa utzi duten liburu asko kaleratu ziren genero horren esparruan. Aurreko belaunaldietako poeta batzuen liburuez gain, belaunaldi berriko poeten lanak iritsi ziren, indar handiz, plazara: Tere Irastortzaren Gabeziak (1980), Hostoak. Gaia eta gau-aldaketak (1983), Derrotaren fabulak eta Osinberdeko kantoriak (1986); Jose Luis OtamendirenEgunsenti biluzia (1980), Azken undinaren kaira (1983) eta Zainetan murrailak (1987); Xabier Leteren Urrats desbideratuak (1981); Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena (1981) eta Marinel zaharrak (1987); Jokin Ansorenaren (Jokin Azkue) Poemak (1981); Jon Iñaki Lasaren Alizia eta biok (1982) eta Andaluziari ene bilduma (1984); Xabier Montoiaren Anfetamiña (1983), Likantropo (1985) eta Narraztien mintzoa (1988); Itxaro Bordaren Nola bizitza badoan (1984), Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (1986) eta Just Love (1988); Edorta Jimenenezen (Omar Nabarro) Itxastxorien bindikapena (1985), Egutegi esperimentala (1986), Gizaeuropa (1986), Gaua zulatzen duten ahausietan (1987) eta Odoleko eskifaia (1989); Felipe Juaristiren Denbora, nostalgia (1985) eta Hiriaren melankolia (1986); Iñigo AranbarriarenJonas Poisson (1986) eta Dortokak eta elurrak (1989); Joxan Artzeren Ortzia lorez, lurra izarrez (1987); Koldo Izagirreren Balizko erroten erresuma (1989)...

Saiakeraren arloan, aipagarria da Joxe Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak (1992) obra arrakastatsuak izan zuen oihartzun zabala. Obra horren ondotik, saiakerak ordura arte baino harrera hobea izaten hasi ziren oro har.

Literatur aldizkariek indar handia izan zuten 1980eko hamarkadan ere. Susa, Hegats eta Idatz & Mintz sortu eta zabaldu ziren, besteak beste, eta Egan aldizkariak ere, berrituta, literatura garaikideari tarte handia eskaintzen hasi zitzaion.

Diskoak

1980ko urteek iraultza bat ekarri zuten euskal musikara. Punkaren oihartzuna iritsi zen Euskal Herrira, eta hamarkadaren hasieratik hasi ziren sortzen amorrua eta egoera politiko-sozialarekiko ezinegona erakusten zuten taldeak. Hasieran gehienek gaztelaniaz abesten zuten, baina izan ziren euskaraz aritu ziren taldeak ere; bi nabarmenenak: Hertzainak eta Zarama. Hertzainakek Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1985) etaSalda badago (1988) kaleratu zituen besteak beste; Zaramak, berriz, Indarrez (1984), Gaua apurtu arte (1985) etaDena ongi dabil (1987). Delirium Tremens Zarraporekin partekatutako disko batekin estreinatu zen (Hemen denak berdinak dira, 1987), eta Ikusi eta ikasi kaleratu zuen gerora (1989)

Izan ziren gaztelaniaz abesten hasi eta euskarara jauzi egin zutenak ere, edo bi hizkuntzak erabili zituztenak. Horren adibide dira KortaturenKolpez kolpe (1988), Bap!!-en Bide huts eta etxe huts (1988), Danbaren Plataforman (1989) eta Baldin Badaren Lur azpian bukatuko duzue (1986).

Aro berri bat ireki zuen, bere aldetik, Ruper Ordorikak, euskal kantagintzaren tradizioa rock molde modernoagoekin eta euskal literatura garaikidearekin uztartuta Hautsi da anphora (1980) eta Ni ez naiz Noruegako errege (1983) diskoetan. Eta aurretik zapaldu gabeko bideetan aritu zen M-ak taldea. Mmmm (1983), Emeak eta arrak (1986), Zuloa (1987) eta Barkatu ama (1989) dira Kaki Arkarazo eta Xabier Montoiaren taldeak hamarkadan izandako garapenaren erakusleak.

Hamar urte haietan popak eta rock-and-rollak ere egin zuten beren bidea, eta Itoizen Alkolea (1982), Musikaz blai (1983),Espaloian (1985) eta Ambulance (1987) ordezkari nagusiak izanda ere, izan ziren bestelako lanak ere: Jotakieren Zurt (1986),Piztu nazau Jauna (1987) eta Joxemai Beltza (1989), Saz Le Boloren Xurrumurruak (1986), O.K. Korralen O.K. Korral (1986) eta Beti gogor, beti mozkor (1989)...

Beste lan nabarmen batzuk: Imanolen Iratze okre geldiak (1982) eta Oroituz (1985), Oskorriren Adio Kattalina (1982) etaHau hermosurie! (1984); Mikel Laboaren Lau-bost (1980) eta Sei (1985) eta 12 (1989); Benito Lertxundiren Altabizkar / Itzaltzuko bardoari (1981) eta Gaueko ele ixilen baladak (1985); Tapia eta Leturiaren Jo eta hautsi (1987); Txomin Artolaren Txuriko (1986); Errobiren azkena, Agur t'erdi (1985); Anje Duhalderen Erroz eta oroz (1987); Minxoriaken Ibiliz (1985); Akelarreren Gau pasa (1982) eta Ari gara (1984); Eganen Hemen gaude (1985)...

4.1990-2000

Liburuak

1990eko hamarkadan euskal literatur sorkuntza ugaritu eta dibertsifikatu egin zen, eta euskal literaturaren sistema sendotu. Generoei dagokienez, nobela ipuingintzari gaina hartzen hasi zitzaion, eta poesiak, aurreko hamarkadan bezala, haien atzean geratu zen neurri batean. Antzerkigintzak ez zuen sendotze handirtik izan, baina bai saiakeragintzak eta kazetari arloko sorkuntza lanek.

Narratiban, honako hauek nabarmen daitezke laburtu beharrez eta aipamena mereziko luketen asko baztertuta: Joseba SarrionandiarenIfar aldeko orduak (1990); Anjel Lertxundiren Kapitain Frakasa (1991), Otto Pette (1994), Azkenaz beste (1996) etaArgizariaren egunak (1998); Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993) eta Zeru horiek (1995); Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995) eta Bihotz bi. Gerrako kronikak (1996); Koldo Izagirreren Nik ere Germinal egin gura nuen aldarri (1998) eta Agirre zaharraren kartzelaldi berriak (1999); Xabier Montoiaren Non dago Stalin? (1991); Emakume biboteduna (1992),Gasteizko hondartzak (1997) eta Hezur gabeko hilak (1998); Itxaro Bordaren Bakean ützi arte (1994), Amorezko pena baño (1996) eta Bizi nizano munduan (1996); Aingeru Epaltzaren Tigre ehizan (1996). Epaltzaren lan horrek irabazi zuen Eskasi Literatura Saria 1997an, sari hori, lehiaketa izateari utzita, aurreko urteko liburu onena nabarmentzen hasi zen urtean.

Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel nobela ere 1990eko hamarkadan argitaratua da, 1994an zehazki. Euskarazko liburuen artean salduenetako bat da, nahiz eta literaturaren historia kanonikoetan ez duen ohorezko lekurik izaten. Bakana bada ere, ez da kasu bakarra. 1990eko hamarkadaz geroztik, nahiko ugariak izan dira kritikarien aldetik estimu handirik jaso gabe irakurle askoren interesa piztu duten liburuak, nobelak batez ere.

Poesian arloan ere asko dira liburu aipagarriak: Jose Luis Otamendiren Poza eta gero (1990) eta Lur bat zure minari (1995); Itxaro Bordaren Bestaldean (1991) eta Orain (1998); Xabier Leteren Biziaren ikurrak eta Zentzu antzaldatuen poemategia (1992); Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Hari hauskorrak (1993) eta Kartografia (1998); Felipe Juaristiren Laino artean zelatari (1993) eta Galderen geografia (1997); Karlos Linazasororen Apunteak eta ahanzturak (1993) eta Euriaren eskuak (1995); Tere Irastortzaren Manual devotio gabecoa edo ibilgailuaren erabiltzeco escu-liburua (1994) eta Gabeziaren kanthoreak: poema bilduma (1995); Koldo Izagirreren Non dago Basque’s Harbour? (1997); Iñigo Aranbarriren Harrien lauhazka (1998), Igor Estankonaren Anemometroa (1998)...

Literatur aldizkariek galdu egin zuten aurreko hamarkadetako erreferentzialtasuna eta haietako asko desagertu egin ziren. Prentsa idatzian, ordea –eta hedabideetan oro har– aurreko hamarkadetan baino presentzia handiagoa izan zuen euskal literaturak.

Diskoak

80koa euskal rock erradikalaren hamarkada izan zen bezala, 1990ekoan asko zabaldu zen euskal musikaren esparrua. Gerora erreferentziazkoak izango ziren metal taldeak estreinatu ziren, adibidez. Su Ta Garrek Jaiotze basatia diskoa (1991) atera zuen —gero etorriko zirenHortzak estuturik (1992) eta Sentimenak jarraituz (1996), besteak beste—, eta bidea ireki zien Latzeni (Kontzientzia ala infernua, 1996), Ehun Kilori (Euli artean, 1993), Urtzi (Ekaitzaren garrasia, 1992) eta Idi Bihotzi (Herriaren taupada, 1997). Trash-metalaren eremuan Anestesiaren Gorrotoaren ahotsa (1993) eta Erantzun (1995) aipatu beharrekoak dira, eta baita Berri Txarraken lehenengo bi diskoak ere: Berri Txarrak (1997) eta Ikasten (1999).

Euskal Herrian garai hartan izan zen talde erreferentzialena ere 1990ean estreinatu zen: Negu Gorriak. Zuzenekoa eta bertsioen diskoa alde batera utzita, lau ale utzi zituen Muguruza anaiek eta Kaki Arkarazok sortutako taldeak: Negu Gorriak (1990), Gure jarrera (1991), Borreroak baditu milaka aurpegi (1993) eta Ideia zabaldu (1997). Gerora, Fermin Muguruzak Ireki ateak (1997) grabatu zuen Dut taldearekin, eta bakarka estreinatu zen Brigadistak Sound System (1999) diskoarekin. Dut 1995ean estreinatu zen izen bereko diskoarekin eta At (1996) eta Askatu korapiloa (2000) lanek osatu zuten bere bidea.

90eko hamarkadan estreinatu ziren baita honako hauek ere, guztiak zeresana emango zuten artistak: Anari (Anari, 1997), Deabruak Teilatuetan (Itsumutugor, 1995), Sustraia (Segi segi, 1995), Lau Behi (Lau Behi, 1995), Petti (Amets bat, 1999), Sorotan Bele (Sorotan Bele, 1993), Hiru Truku (Mendebaldeko euskal baladak, 1994), Kepa Junkera bakarka (Trikitixa Zoom, 1991; Bilbao 00:00h, 1998), Morau (Morau, 1996), Balerdi Balerdi (Balerdi Balerdi, 1991; Ez gara galdu, 1994), Alaitz eta Maider (Alaitz eta Maider, 1997), Ama Say (Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen, 1993), Bide Ertzean (Zure minari, 1999), Bittor Aiape (Gaztea naiz, eta zer!, 1995), E.H. Sukarra (E.H. Sukarra, 1992); Exkixu (Exkixu, 1993), Etzakit (Etzakit, 1998), Etsaiak (Etsaien etsaiak, 1992), Gozategi (Gozategi, 1995), Hemendik At (Hemendik At, 1997), Jabier Muguruza (Boza barruan, 1994; Aise, 1997), Julio Kageta (Bihar eta berandu, 1991), Kashbad (Kashbad, 1996), Lin Ton Taun (Lin Ton Taun, 1993), Maixa eta Ixiar (Uhinez uhin, 1996), Mikel Markez (Eta etorri egin zait, 1992), Mikel Urdangarin (Badira hiru aste, 1998), Pi.L.T. (Denbora, 1998), Skunk (Lankktalo, 1997) eta Zea Mays (Zea Mays, (1998)

Beste disko aipagarri batzuk: M-ak-en Gor (1991), Ruper Ordorikaren Ez da posible (1990) eta Dabilen harria (1998), Joseba Tapiaren Apoaren edertasuna (1998) eta Quebec: hamalau kantu independentziarako (1999, Juan Carlos Perezen Atlantic River (1994) eta Hau berua (1996), Joxe Ripiauren Positive Bomb (1996), Xabier Montoiaren Beti oporretan (1995), Gariren Eguzki berritan zaude (1997)...

5.2000-2015

Liburuak

XXI. mendearen hasieran idazle berriak plazaratzen jarraitu dute, eta aurreko belaunaldietako idazleek ere jarraitu dute argitaratzen. Inoiz baino belaunaldi gehiago ari dira idazten, eta produkzioa nahiko egonkortuta dago.

Narratibaren arloan bereziki nabarmendu eta aipagai izan diren liburuen artean honako hauek daude: Soinujolearen semea (2003),Zazpi etxe Frantzian (2009) eta Nevadako egunak (2013); Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua (2001); Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean (200) eta Martutene (2012); Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill) (2006); Aingeru Epaltzaren Rock and roll (2000); Pello Lizarralderen Larrepetit (2002), Iragaitzaz -ilinbistan (2008) eta Orbanak (2014); Iban Zalduaren Etorkizuna (2005) eta Inon ez, inoiz ez (2014); Joan Mari Irigoienen Lur bat haratago (2000) eta Erresuma eta fedea trilogiako hiru nobelak (2006-2013); Unai Elorriagaren SPrako tranbia (2001), Londres kartoizkoa da (2009) eta Iazko hezurrak (2014); Jokin MuñozenBizia lo (2003) eta Antzararen bidea (2007); Anjel Lertxundiren Zorion perfektua (2002), Ihes betea (2006), Zoaz infernura, laztana (2008) eta Etxeko hautsa (2011); Karmele Jaioren Amaren eskuak (2006), Zu bezain ahul (2007) eta Ez naiz ni (2012); Kirmen Uriberen Bilbao-New-York-Bilbao (2008) eta Musche (2012); Aranbarriren Zamaontzia (2011) eta Apirila (2014); Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (2013); Ixiar Rozasen Beltzuria (2014); eta beste asko eta asko gehiago…

Idazle gazte batzuen liburuek ere oihartzun handia izan dute. Hori da, adibidez, Danele Sarriugarteren Erraiak eta Mikel Peruarena Ansaren Su zeilaiak (2014) nobelen kasua. 2014an argitaratuak dira biak.

Poesian prosan baino nabarrmenagoa da gazteen indarra. Honako hauek dira azken 15 urteoako libururik gogoratueneteko batzuk: Miren Agur MeaberenAzalaren kodea (2000) eta Bitsa eskuan (2010); Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik (2001): Castillo Suarezen Mugarri estaliak (2000), Spam poemak (2004), Bala hutsak (2006), Souvenir (2008) eta Urtebetetze festa (2012); Igor Estankonaren Tundra (2002), Ehiza eta nekea (2004) eta Iratzeen esporak (2009); Jon Gerediagaren Fitola, balba, karpuki, tui (2004); Koldo Izagirreren Rimmel (2006); Leire Bilbaoren Ezkatak (2006) eta Scanner (2011); Beñat Sarasolaren Kaxa huts bat (2007); Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak (2008); Jon Benitoren Bulkada (2010); Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Bitan esan beharra (2012); Hedoi Etxarteren Sinplistak (2012); Iñigo Astizen Baita hondakinak ere (2012); Joxan Artzeren Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (2013); Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz (2013), Jule Goikoetxearen Tractatus (2014); Itxaro Bordaren Zure hatzaren ez galtzeko (2014)...

Diskoak

Ehunka talde eta bakarlari hasi dira diskoak argitaratzen, eta aurreko hamarkadetatik datozen beste askok ere eutsi egiten diote oraindik ere musika grabatu eta kaleratzeari. Musikaren industriaren krisiak nolabaiteko paradigma aldaketa ekarri du, eta autoedizioak ugaritu egin dira. Hamabost urte hauetan ehunka disko horien artean azpimarratu daitezke honako hauek: Anari (Zebra, 2005; Zure aurrekari penalak, 2015), Anje Duhalde (Sorminetan, 2006), Benito Lertxundi (Nere ekialdean, 2002), Berri Txarrak (Jaio. Musika. Hil, 2005), Gatibu (Disko Infernu, 2005), Gose, Ken Zazpi (Atzo da bihar, 2001), Kuraia (Kuraia, 2001), Lisabö (Ezarian, 2000; Animalia lotsatuen putzua, 2011), Kerobia (Rose Escargot, 2006), Mikel Laboa (Xoriek 17, 2005), Mursego (Hiru, 2013), Oreka TX (Quercus Endorphina, 2001), Rafa Rueda (Saredun eskua, 2006), Txuma Murugarren (Nire anaiaren kotxeko argiak, 2004; B aldeko kantuak, 2010); Hesian (Herriaren oihua, 2008), Lain (Leihoak, 2011)....

50. Durangoko azoka Kaiera

Publizitatea