Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Zarata

Publizitatea

Iritzia

Zarata

 

2013-02-24 / Larraitz Ariznabarreta Garabieta - Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Kulturaren inguruko diskurtsoa atergabe izan da heteronomoa euskal abertzaletasun tradizionalaren barruan. Hots, gure kulturaren defentsa, autonomoa eta beregaina baino gehiago, indar arrotz poliedrikoen oldarrarekiko erreakziozkoa eta erresistentea izan da, baina harekiko subordinatua. Bestalde, jasotako oldarraren tamainako erresistentzia aldiro egin behar horrexek zehazten du gure diskurtsoaren bigarren ezaugarria: hiperbolea. Egunkaria-ren bortxazko itxiera eta haren ondoren kultur eragile askok egindako adierazpenak, garrantzitsuak eta esanguratsuak izanagatik ere, mendeetako gure historia ilunean azken-bigarren sinekdokea dira.

Etengabeko defentsa jarrera sutsua —heteronomia eta hiperbolea—, ordea, nekagarriak dira, eta nekeak ahitze ontologikora eta tristurara bideratzen ditu gizaki edo herririk adoretsuenak ere. Gainetik, inposatutako historiaren hondar zinez higikorretan euskal abertzaletasunaren jardun diskurtsiboari probokazioei erantzuteko gaitasuna —izaera defentsiboa— ukatu ezin zaion arren, zilegi da zalantzan jartzea hainbat gizon eta emakume nazioneren kultura edo politikaren inguruko diskurtsoen izaera performatibo eta eraginkorra. Nahi izatea eta ahal izatea bi auzotan bizi izan dira beti. Zinez, berbek ez bezala, errealitate gordin eta egoskorrak baino ez du erakusten badena eta ez dena. Gure sutondoan, ostera, arrotz zaigun beste norbait ikusten dugu ginenaz oroitzean. Sasiak garbitzen hasteko oinarri eskasa gurea.

Pentsamendua, komunikabideetan neutro eta objektibotzat saltzen zaigun hori, neurri handi batean behintzat, organikoa da, botere instituzionalari eta bere biolentzia epistemikoaren sareari hertsiki lotua. Botereak mekanismoak baditu bere baitan egindako erreformarako aldarriak —baita itxuraz kritika gogorrak direnak ere— iruntziratzeko. Itxuroso egiten du gainera, txukun, lohitu gabe, bedeinkazio instituzional guztien pean. Merke erosten dira menpekoaren logika eta etika ariketak, haren kontrargudioen arrazoinamendua. Ez du inork ukatuko paradero tristea dela eskaramuza guztietan —eta beti— galtzea.

Menturaz —erne dagoenarentzat bederen— engainua hain da lotsagabea ze, ez dago dekonstruzio ariketa sakonen beharrik sasi guztien artean errealitateak ozen zer dioskun entzuteko. Seinale, marka zein gure inguruko saki guztiek argi eta indar handiz diote ez dela ikusten ahal egia edo esperantzarako printzarik bizi dugun gezur handi honetan. Itsuaren, gorraren edo eroaren plantak egin, egin ditzakegu; baina fantasiaren gramatikan, performance hutsean, itxurakeriatan ——gordintasunaren harrabotsei bizkarra emanda—— bizitzeak ere zinez gogaitzen eta akitzen du.

Nago, beste leku baten faltan, etengabeko kalakan —hitz hutsetan— bizitzera ohitu garela identitate enblematizatuen arabera hitz gutxikoak ginen euskaldunok. Paradoxikoki, gure solas kolektibo hiperbolikoan ahotsak asko eta diferenteak izan arren, soinu leun edo herrikoirik ez du ateratzen gure arteko berben orkestrak. Egitura gabeko mordotik igortzen den doinua ez da kontrapuntuala, ez da harmonikoa. Gure artekoak, heldutasun gabezia nabarmena —infantilismoa— iradokitzen duten su artifizialak, exhibizionismo merke eta egolatria ariketak dira gehienetan. Inteligentzia kimutuaren orbelak. Moral nazional berri eta nahitaezko baten eraikuntzan, lagundu barik, oztopatu egiten duten zarata jasanezina sortu arterainoko norgehiagokeriak. Askori entzunda kosta egiten da asmatzen nora goazen edo nondik gatozen bueltan. Aspaldian, gure nortasun kolektiboak arrotzen ahotan dirau geure diskurtsoan baino gehiago.

Hitza bera oinaze bihurtu dugu. Izan ere, berbek elkar ulertzeko edo elkarren pentsamendua era eraginkorrean artikulatzeko eta transmititzeko baino, anabasa eta nahasmena zabaltzeko balio ohi dute batzuetan. Gure arteko handiusteko zarata horrek sehaska kanta perbertso baten erara, kulunkatu egiten gaitu, narkotizatu, amorfinatu, lozorrotu, ekintza zuhurretarako antzutu. Luzaroan sitsak janda dagoen eraikin ustela noiz eroriko zain, hari putz egiteko ere indargabetu gara. Gure ahalkea, «Mielotxinen sindromea» izendatu zuen aspaldi begi zorrotzeko lagunak. Lasto artean balizko aleak ere aurkitzen dira.

Jorge Oteizaren teoria estetikoan bada gaiaren inguruko diagnostiko zuhurrik. Hirurogeiko hamarkadan argitaratu zuen Oteizak Quosque Tandem?, eta artista handiak dekonstrukzio ariketa ausartarekin bat euskal nortasun kultural beregainaren aldarrikapen zuhur eta sujerentea proposatu zuen. Errealitateari aurrez aurre begiratzeko nagirik ez zuen izan Oteizak. Gu, aldiz, hutsean amilduko garen beldur gara muntatu diguten euforiazko zirkua utzi eta elkarri entzuten hasten bagara.

Diskurtso oro erabat barreiatuta dago garaian garaiko tradizio politiko, kultural eta intelektualen arrakasta zein porrotetan, haren emari zuzen eta isla argi da. Horregatik, euskal abertzaletasunaren diskurtsoaren analisia ideologia jakin bat estrukturatu duten ideia eta jarrerei erreparatzeko aitzakia ezin hobea bilakatzen da. Hala ere, lozorroan jarraitu nahi dutenen mesedetan, dekonstrukziorako beharrik ere ez da egongo agian. Lehenago edo beranduago berben eta zarataren gainetik errealitate gordina gailendu egiten da. Eta orduan ezin izango diogu zorneari eta kiratsari izkin egin, lo plantak eginda ere.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak