Onintza Enbeita.
Bira

Negarra

2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ez dakit andereño Pilitxuri ze enkargu ematera joan nintzen Gernikako institutura, baina akordatzen naiz kafetegirako bidean Amaia aurkitu genuela, orduan hango ikaslea baitzen. Orain gogoratu nahi ez dudan motibo bategatik, Amaiak negar egin zuen, eta nik lasaitzeko esan nion, ez egiteko negarrik. Andereño Pilitxuk, orduan ere historia baino askoz gehiago irakatsiz, agirika egin zidan: «Zergatik ez, Onintza? Negar egitea ona da!». Terapeutek ere hala diote: sentimendu mingarriak barruan gordetzea ez da ona. Horiek guztiak ateratzeko bide bat da negarra, eta pentsatu nahi dut malkoek libratzen nautela barruan korapilo handiegiak izatetik. Joan den igandean, Jose Luis Kortak kamaren aurrean negar egin zuen, eta, sare sozialetan irakurri dudanez, uste genuen baino «ahulagoa» da Korta. Ez nator bat. Negarrik ez egitearren dena gordetzen duenari egunen batean astunegi egingo zaio barruan gordetakoaren zama, eta nortasuna ozpinduko zaio, eta «honaino heldu naiz» esaten duenean ez da atzera bueltarik egongo. Negar egiten duena, berriz, mindu edo amorrarazi duten bakoitzean hustuta iritsi da dagoen lekura; une latzak latz egin zaizkiola irakatsi diote negar anpuluek, baina gainditu egin ditu. Horrek une latzagoak gainditzeko segurtasuna ematen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.