Alberto Barandiaran.
Sorbideak

'Haizegua'

2013ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Mamu bat dabil euskal literaturan: Martin Indaburu. Zugarramurdiko Bizkarrondokobordan jaio zen 1862an, Etxalar eta Saratik gertu, eta Beran hil zen 73 urte zituela. Apaizkume izan zen Gasteizen, eta baserriko ganbaran, artaburuak, tipulak, patatak eta sagarren artean, liburuz betetako bi kutxa omen zeuzkan gordeta. Liburu batzuk frantsesez idatzita zeuden, eta beste batzuk latinez. Lesakako apaizak eraman zituen, bera hil zenean.

Horrela kontatzen du Pio Caro Barojak, Indabururen Haizegua liburuaren aitzinsolasean.

Liburuko poemak koipez zikindutako koaderno ziztrin batean idatzita omen zeuden, uso pasa egunen eta urteetan arrantzatutako eta ehizatutako guztiaren kontaduriaren ondoan, eta egilearen seme Josetxok eman zion Itzeako nagusiari. «Zuri, erdi poeta baitzara, akaso interesatuko zaizu» esan omen zion ehizan zebiltzala euritik babesteko aterpe bila joan eta, egonean, zahatoaren bi tragoren artean, zamarraren barruko poltsikotik koadernoa atera eta luzatu zionean. «Nik ez baitut deusetarako nahi».

Haizegua liburua 1994an argitaratu zen, eta kritika on samarrak izan zituen. Ez zela punta-puntako poesia, baina ondo deskribatzen zuela ehiztarien mundua, eta zoragarriak zirela paisaiaren deskribapenak. «Irakurtzen hasi baino ez» idatzi zuen kritikari batek, «eta irakurleak poeta-sen itzela duen norbaiten lanaren aurrean dagoela igartzen du. Gero, orrialdeetan barrena aurrera egin ahala, hasierako susmo hori erabateko egia dela ohartzen da norbera».

Esaterako, liburua zabaltzen duen poema: «Arimen eta usoen / egaldacatzea da / haizien arabera / badira loriek lucitzen dittuzten / bazalaco haiziak / badira bioletac ere / urdinchcac ta moratuac / biñon haizeguarequin / doacie content / naranja coloreco haizia / arrosai ostuac equentzen daztena / Epela da ta elduda Españatic / gariyurrin ta ardogustuarequin / haize alegre ta erochca / belaguietan danzazen dena / ta enamoratuen ezpañac / idortzen dittuena».

Baina Martin Indaburu hori ez da agertzen Armiarman, ez da agertzen euskal idazleen katalogoan, ez euskal poeten zerrendan.

Liburua aurkeztu eta hilabete eskasera, Berako Itzean Pio Caro Baroja elkarrizketatzea fortunatu zitzaidan. Berako herriaz, Itzea etxeaz eta Barojatarrez luzez jardun ondoren, udako argia gero eta apalago leihoetatik, besaulki zaharretan galduta, grabagailua itzalita, liburuaz galdetu nion. Martin Indaburuz, gehienbat. Ederra zela hor agertzen zen idazmolde hori, inozentea eta beroa, eta harrigarria zela ehiztari soil batentzat. Lan gehiago ezagutzen ote zituen. Pio Carok soslaiz begiratu zidan, eta, burlaize, «Ummmm» luze bat bota zuen esan aurretik: «Dibertimentu polita izan da».

Ez baita inoiz Martin Indaburu poeta existitu. Argitaletxeak baieztatu zidan, arratsalde hartan bertan, poemak Pio Carorenak zirela, jatorriz erdaraz eginak, eta Eduardo Gil Berak euskaratu eta elebiz argitaratzea bururatu zitzaiela. Horixe, dibertimentu bat.

Bernardo Atxaga izan omen zen ohartu zen lehenetariko bat: «Ondoegi idatzita daude».

Itzulpena bera da poemok gaur egun gordetzen duten interes bakarra. Itzulpen kolorez betea baita Gil Beraren moldaketa.

Angel Errori irakurri diot, 31 eskutik blog bikain horretan, Odisea-ren itzulpen bat ere badaukala itzulita euskarara Gil Berak, aspaldixko. Nork argitaratuko zain nonbait. Ez du euskaratutako lan bakarra: Hölderlin poeta alemana ere itzulita dauka. Lana aurkeztu zuenean sutsu defenditu zuen langintza hori: «Neronek aipatu nuen nola deusek ez duen hainbat kalte egiten euskal irakurlearen arimarako nola poeta handi zenbaiten itzulpenaren ausentziak».

Pertsonaia da Gil Bera. Gai da Mesopotamia, Hernan Cortes, edo Bidasoa gaineko zubiez erudiziozko aire orotarikoaz hitz egiteko, eta aldi berean ukatzeko Baztan eta Malerreka inguru horretan euskaldunak bazirenik duela mila urte. Ezetz, akitanoak zirela zeltekin batera iritsi ziren zorritsu horiek, hemen, aspalditik, oso oso aspalditik, lusitanoak baitziren ez besterik. Eta akitano horiek ez zekitela ezta aita ere esaten, aita eta andere eta hori guztia zeltei ikasi zietela.

Hori guztia esaten du Gil Berak bere blogean, non beste bizitza batean euskaraz argitaratu zituen lan guztiak ezabatu dituen bere bibliografiatik.

Baina Gil Berak euskaraz idatzi egin zuen beste bizitza batean, eta kontzientzia eta moralari buruzko gogoetak proposatu zituen, edo denborari buruzkoak, eta ipuinak ere asmatu zituen. Patziku parranda eta horrelakoak.

Beste bizitza batean. Hori pasata dago.

Pio Carorekiko harremana bezala. Itzean bonba bat bezala erori zen Pio Barojari buruz idatzi zuen biografia gupidagabea (Baroja o el miedo). Baina hori beste istorio bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.