Ane Muñoz.
Maratila

Biharamuna

2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Atzokoa ez zen egun arrunta izan. Intentsua, grisa, luzea eta hunkigarria, urruneko kontu itsusiak eguneko bihurtu zitzaizkigunetik. Horixe, espainolak euren futbolak bezperan jasandako porrota madarikatzen zebiltzan bitartean, emaitzatik haratago penalti barregarri haiek ez baitira erraz ahaztekoak, gurean, ez erraz eta ez kostata, inola baizik ahaztuko ez dugun gertakaria izan zen protagonista. Gernikakoa, badakizue. Minutuz minutu, xehetasun handiz eta lekukotasun zuzenen bitartez, txio-txioka, irratian, paperean nahiz telebistan, ordukoak gogorarazi zizkiguten. Aitortzen dut duela 75 urte Gernikak bizi izandako suntsipenaren berreraikitze asmo horrek harrapatuta eduki ninduela, eta bonbardaketaren bizipenak unez une irentsi nituela, bere biktimen atsekabea neurea eginez. Arratsaldeko laurak aldera urduri nenbilen, aurretik banekien-eta bonba pila zekarten hegazkinak gertu zeudela eta edozein unetan hasiko zela infernuko bonbardaketa. Iritsi ziren eta erdiak, eta haiekin, zirrara ikaragarri baten astindua. Sirena hotsak, jende pila deus ulertu gabe hara eta hona, etxekoen nahiz lagunen bila, babeslekuetara korrika… hura nahasketa, dedio! Haiek ez bezala, ordea, neuk banekien erasoak hiru orduz iraungo zuela eta konturatu orduko herria sutan, suntsituta, hilda egongo zela. Bestalde, ezin deus egin.

Halako batean, leihotik hegazkin bat ikusi nuen, niganantz zuzen-zuzen zetorrena. Ai ama! Inertziaz edo, nahi gabe, burua makurtu nuen, eta leihotik urrundu, portziakaso-re. Ez pentsa, hamar bat segundo behar izan nituen 2012an gaudela eta aireportu alboan bizi naizela konturatzeko. Ufa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.