Iratxe Retolaza Gutierrez.
Larrepetit

Metamorfosia

2013ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Goiz batean, loaldi aztoragarriaren ostean, Alberto Samsa-Gallardón gorputz arrotz bihurturik esnatu zen. Sabel puztuaren kontra etzanik zegoen, eta, buelta ematean, sabel biribil eta astuna ikusi zuen, eta sabel gaineko bi irtenune puztu ere, lehertu beharrean. «Zer gertatu zait?». Haren gelak betiko itxura zeukan. Albertok leihorantz begiratu zuen; lainoturik zegoen, eta leiho barreneko zinkaren gainean txist eta txost ari ziren euri tantak. Euri-hotsaz beste, bazen belarrian ziztadaka ari zitzaion hotsik ere, burrunba urrun eta arin bat.

«Bai neketsua dela nik hautatu dudan lanbidea!», esan zion bere buruari. «Beti erabakiak hartu beharrean». Sabelean hazkura arin bat sentitu, eta, hazkura hori baretzeko asmoz, ohetik altxatzea erabaki zuen. Mantso eta dorpe, gorputz arrotz hura albo baterantz mugitu zuen; altxatzeko keinua egiterakoan, gau mahaiaren kontra egundoko kolpea hartu zuen hankartean. Ohiko oinazerik ez zuen sentitu, gorputz atalik minberena baitzuen hankartea. Izaera berri hartan, ordea, sabelaldea zitzaion sentibera, eta gorputz atalik ahulena. Hankartera eskua luzatu, eta heldulekurik ez zuela ohartu zen, larriturik. Eta, gainera, burrunba hura gero eta ozenagoa zen.

Une horretantxe etorri zitzaizkion ate-joka. Eskaileratan behera abiatzeko indarrik ez zuenez, leihorantz hurbildu zen, nor zen jakiteko asmoz. Atariko irudi hura ikustean, burrunba lehorraren jatorria ulertu, eta hotzikara batek hartu zuen gorputz arrotza. Jende-ilara luze bat ikusi zuen, haurrak besotan; jaioberriak pilatzen zizkioten atarian. Ume negartiz beterik zuen ataria. Negar-burrunba gero eta jasangaitzagoa zitzaion.

Plaust!, esnatu egin zen Alberto. Amesgaiztoa besterik ez, eskerrak. Eskua luzatu hankarterantz, eta ene!, zer lasaitua. Topatu zuen heldulekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.